Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Haur hizkera" - Jose Inazio Ansorena

"Haur hizkera" - Jose Inazio Ansorena

Asier Sarasua 2005/05/12 08:41

Ez da gaur eguneko kontua. Ezta axola txikia duen arazoa ere ez. Hizkuntza gehienek mendeetan zehar, haurrekin hitz egiteko modu berezia garatu izan dute. Haurrei hizkuntzak mundua ulertzeko moldeak eskaintzen dizkie. Dakigunez, batetik bestera ikuspuntu asko aldatzen dira eta, somatzen dugunez, hizkuntza guztietan errepikatzen diren elementuak ere badira.

Hizkuntza guztiek ezaugarri hau bera dute: oso konplexuak dira. Eta horregatik, hizkuntzarekin sendoki lotua dagoen kulturak bere bide pedagogikoak prestatu dituen modu berean, hizkuntzak ere bereak asmatu ditu, eta historia luzearen galbahetik pasa, haurrei hizkuntzaren oparotasuna piskana eta era egokian eskaintzeko.

Ez du honek zerikusirik jende ezjakin edo inozoak zoritxarrez maiz erabiltzen duen ahoskera ezzuzen eta ustez haurrentzako egokituarekin: mahituxu kotxokiak? Ni tein nai, otaba? Hau gehiago zor zaio kultura baten galera inkonszienteari beste edozeri baino.

Hizkuntza guztiek haurrei aurreko urteetan nola hitz egin behar zaien erabakitzerakoan, sakoneko abiapuntu hauetan oinarritu dira:

  • Mendeetako saiakerek erakutsi duten Hizkuntza beraren sailkapenean: ondo imitatu ahal izateko aurrenik garbiro bereizi behar duen hitungairentzat zer den zail eta zer erraz. Oso ondo probatutako eta bere doaiak ederki frogatutako pedagogian beraz.
  • Hizkuntzarekin lotuta dagoen estetika zentzuan: berezko eufonia eta kakofoniaren ezagutza konturatu gabe ematen zaio haurrari lehenengo unetik.
  • Hau ez da gainera molde gogor eta bakarrean ematen. Haurra jaio aurretik eta jaioberritan, sehaska abestietako formula ia eufonia hutsetan hasten bada ere, piskana garatuz eta aberastuz joaten da bere gorputzaren eta inguruaren ezagutza zehatz samarra eskaini arte.

Euskaraz ere, beste hizkuntza bizietan bezala, haur hizkera honen tradizio ederra dago. Baina galtzen ari da, neurri handi batean, besteak beste, etxeko giroan erabiltzen den hizkera batez ari garelako. Eta askotan etxean daudenek ezin dutelako hautxo hori txikitandik euskaldundu beraiek ere euskaldun berriak direlako... edo erdaldunak.

Hona euskaraz haur txikiekin hitz egiterakoan kontuan hartzen diren arau batzuk:

  1. Haurrari beti zuka egiten zaio. Gaur egun zenbait lekutan zabaldu diren hiketa ohiturak bestelakoak izan arren, tradizioan zazpi-zortzi urte arte (beti ere haurraren arauera) ez da erabili izan.
  2. Helduentzat pertsona gramatikalen banaketa oso kontzeptu erraza eta objektiboa iruditzen bazaigu ere, ez da horrela. Honegatik, haur txikitxoen hizkuntzan bi pertsona besterik ez da izaten: haurra bera eta beste guztia. Eta maiz haurra bera ere hirugarren pertsona gisan hartzen da. Nork egin du hau? Osabak egin du? (Eta hizketan osaba ari da) Anttonek egin du? (Eta Antton haurra da).
  3. Lexiko bildumak eginda daude eta garbi azaltzen dute haurraren inguruko munduari dagozkiola hizkuntzak horretarako sortutako hitz bereziak. Eguneroko haur normal baten jardunarekin lotzen dira hitz berezi horiek: apunbala, alolo, apatx, txitxi... Ondo egindako kontzeptu aukeraketa dago hizkera berezi honen oinarrian.
  4. Kontzeptuez gainera, hitz horien formari dagokionean zailtasun mailaketa garbia dago:
  • Gehienak bi silabakoak edo silaba bakarrekoak dira (gutxi batzuk hirukoak) eta maiz onomatopeien antzeko errepikapenak egiten dituzte (taka-taka, koko-koko…)
  • Fonemen aukeraketa modu egokian egin da. Bokalak aukeratzen dira hiruko sisteman* (a-e-o edo a-i-u-, inoiz ez batera, esaterako, a-e-i). Eta kontsonanteetan, nabarmenenak erabiltzeaz gainera (leherkariak batez ere), gehienetan silaba beraren errepikapenez osatzen da hitza (papa, pipi, pupu...).

Guzti honek zertan edo zergatik du garrantzia? Mendeetan zehar probatu, saiatu eta emaitza onak izan dituen bidea delako hizkuntza bere osotasunean irakasteko. Eta alderdi horretan aipatu nahi ditu hizkuntza bakoitzak bere eufonia/kakofonia zentzua duela, beste hizkuntzengandik bereiz dezakeena. Esaterako, euskaldunentzako oso eufonikoa da eta normala hitz baten amaieran K izatea (Alde hortik!). Eta espainiar belarriei min ematen die.

Espainolez, lizentzia poetiko normalak dira sinalefa eta dialefak. Euskaldunontzat, zenbait kasutan behintzat, oso gogor gertatzen zaizkigu: Olentzero... pipa hortzetan duela (ue hori diptongo gisan esanda). Zoritxarrez sarri entzuten da hori gure ikastoletan Gabon garaian. Eta euskarak horretarako berezko bidea du: dula. Euskarak ere lizentziak hartzen ditu silaba kontaketari komeni zaionean. Baina bere moduan.

Bustidurak ere (ttipi-ttapa...) umeetatik lantzen dira euskal tradizioan. Eta ez luzatzeagatik orain zehaztuko ez ditudan beste arlo askotxo. Uste dut esandakoarekin nahikoa garbi geratzen dela arlo hau jorratzeko interesa. Haurtzaindegiak, Maisu-Maistra Eskolak, Ikastola eta Ikastetxeak eta... Gurasoak! Beraientzat ere oso egokia izan daiteke mezu hau.

etiketak: Euskara
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz