Gipuzkoako Foru Aldundia oker dabil...
Gipuzkoako Foru Aldundiak, teknologia berriekin zer egin jakin ez, eta blogen munduan muturra sartzea erabaki zuen. Nondik hasi jakin ez, eta norbaiti laguntza eske joan behar: blog komunitateetara? blogariengana? teknikariengana?... EZ JAUNA! Diario Vasco egunkariari eskatu zion aholkua, eta gainera, berakin eskua emanda blog lehiaketa bat antolatu. Aldundiaren blog lehiaketa bat, non? derrigor Diario Vasco egunkariaren orrietan. Tumatxa.
Aldundiak bide okerra hartu du, eta Diario Vasco egunkaria gezurretan hasi: "Diariovasco.com fue el primer medio digital en incorporar foros de discusion sin pre-moderacion, y ha sido tambien el primero en poner a disposicion de sus usuarios un servicio de blogs".
Gezurra, gezurra eta gezurra, eta gainera larru gogorra.
- Primero en incorporar foros sin pre-moderacion???? Zoratu egin ahal dira? Noiztik daude martxan hainbat eta hainbat foro eta posta-zerrenda Interneten?
- primero en poner un servicio de blogs. Eta Sustatu? eta EibarOrg blog-komunitate hau? Eta GoienaNet-ekoa? eta...
Baina jakina, horiek guztiak euskaraz daude, eta gainera periferiakoak dira. Hau da, ez gara ez benetako gipuzkoarrak, ez benetako blogariak.
Horretarako, erdaraz jardun beharko genuke, eta gainera kapitalaren extraradioan bizi. Beharbada andoaindarrak bagina, edo urnietarrak... baina gu urrun bizi gara, ia-ia Bizkaian.
Halaxe uste dute Gipuzkoako Aldundiak eta Diario Vasco egunkariak.
Guzti honetaz kexatzeko, eskutitz bat idatzi du Joxe Arantzabalek, eta 30 blogarik izenpetu dugu. Gipuzkoako Foru Aldundia oker dabil
Aintzat hartuko ote duten? Ez dut uste. Hemendik aurrera ere periferiako Yanomamiak izaten jarraituko dugu, Amazonaskoak baino ezezagunagoak.
Gipuzkoako Foru Aldundia oker dabil
Apirilaren hondarrean Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat egin zuen El Diario Vasco egunkariarekin, blog lehiaketa bat antolatzeko. Ez zituen aintzat hartu ordura arte Gipuzkoan bertan blogintzan egindako ahalegin oparoak, eta DV-rekin ezkondu zen.
Nork bere ezkontideak hautatzen ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskubide osoa du berea aukeratzeko. Hautuak, ordea, sortu zituen protesta batzuk, adibidez: Blog&roll lehiaketa printzipioz gaztelania hutsez izan behar zelako; edo saritzea nahi zutelako blog onena, baina horretarako ezinbestekoa zelako blog hori Diariovasco.com-en egitea; edo, oro har, aitzindarien lana kontuan hartzen ez zelako.
Okerrena, baina, orain dator: Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo ofiziala hasi da hainbat informazio banatzen, eta hor aldatu egiten da euskal blogintzaren historia, DV-ri emateko ez daukan aitzindaritza. Eta hori ez diogu onartuko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du E-gobernua eta hiritarren parte-hartzea, jardunaldi batzuk, non gonbidatu dituen Europa Press-eko ordezkari bat, eta beste bat DV-koa, teknologia berriez hitz egiteko. Eta DV-ren ordezkaria aurkezterakoan, hauxe dio: Diariovasco.com fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs.
Blogei dagokienez, hori ez da egia. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DV-k badakite Euskal Herrian lehen bloga, Sustatu, 2001ean kaleratu zela, Code&Syntax (Eibar) eta Goiena (Debagoiena) enpresek sortua. Lehen blog zerbitzua Eibar.org erakundeak sortu zuela 2004ko uztailean. Goiena.net-ek 2005eko otsailaren 22an aurkeztu zuela bere blog komunitatea Koldo Mitxelena kultura gunean, Donostian. Eta gero etorri zela DV bere blog zerbitzuekin. Baina, hor egon liteke aitortu gabeko koska Gipuzkoako Diputazioarentzat, blog horiek guztiak euskaraz daudelako. Horiek ez ezik, beste asko ere, 170 blogetik gora, euskaraz daude, eta Aurki.com albiste biltzaileak jasotzen ditu uneoro.
Bada beste bidegabekeria bat egin duena Gipuzkoako Diputazioak eta da hauxe: asko gara gaudenak izena emanda e-postazko buletin batera, Gipuzkoa.net atari ofizialean zer dagoen berri jasotzeko. Oraingo astean etorri denak, konpentsatzeko-edo, berritasunetan zekarren lotura bat: Goiena.net. Berritasuna, non eta 2003ko udazkenetik dabilenean ekimen hau sarean!. Nola hartuko gaituzte kontuan Deba ibarrean, San Vicente de la Barqueraren parean... Horientzat Gipuzkoa hasten da DV-ko orrietan eta amaitzen da Igara-Ibaeta inguruan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratzea dauka nahi dituen aliatuak, baina, mesedez, ez dezala historia faltseatu eta izan dezala errespetu apur bat punta-puntako teknologia erabiliz euskarazko ekimen berriak bultzatzen dihardutenekiko.