Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Abijoiak gure artean

Abijoiak gure artean

Asier Sarasua 2005/05/24 10:10

Aspaldi nuen zorretan mezu hau. Aspaldi, bai. Hiru aste, barrena. Santa Kurutz egunetik. Eta atzo, Txantxazelaian nenbilela, umearekin gora ta behera, gizon bati entzundakoak gogora ekarri zidan: "Han! Etorri'ttuk! Katakixak! Santakutzetan etortze'ittuk, eta Andramarixetan juan!".

Abijoia, Apus apus, Sorbeltza, VencejoKatakixak Elgoibarren eta abijoiak Eibarren; vencejo erdaraz (Apus apus). Ba bai, gure artean daude, konturatuko zinetenez.

Batzuentzat uda hondartzarekin batera hasten da; beste batzuentzat sanjuanekin. Niretzat, abijoiekin. Gaurkoa moduko egun eguzkitsu eta epela, eta abijoien txilioak entzun, eta hantxe, "udia heldu dok!".

Abijoiak enaren antzekoak dira kanpotik, baina ez dira enarak. Izan ere, ez dute enarekin inongo zerikusirik. Hegalari apartak, ia bizitza osoa hegan egiten dute: jan, eta lo, eta baita narrutan ere. Kumaldirako bakarrik lurreratzen dira, zulo txiki batean hiruzpalau arrautza jartzeko. Habiarik ere ez dute egiten; lau belar hartu, eta horixe da beraien habia. Hilabete inguru arrautzak berotzen eta txita jaioberriak hazten, eta berriro zerura.

Abijoia, Apus apus, Sorbeltza, VencejoBizitzarik gehiena Afrikan igarotzen dute. Gure artean kumatze sasoian bakarrik ikusiko ditugu. Oso denbora laburrean, gainera, hiru hilabete eskas. Santakurutz egunean etortzen dira (maiatzaren 3an), egun batzuk gora-behera baina puntual-puntual, eta abuztuko Andramari egunerako alde eginda daude denak (gehienak abuztu hasierarako).

Ilun-iluna, ia beltza (alboko argazkikoa marroixka den arren), gainetik zein azpitik; hego luze-luzeak eta hanka motz-motzak; moko txiki samarra, baina aho zabal-zabala. Bere bizimodura zoragarri moldatutako hegaztia: hegan bizi eta jateko diseinatutako txoria.

Europa guztian aurkituko dugu, ipar-iparrean izan ezik. Euskal Herrian, edonon, mendi-tontorretan izan ezik. Eta beti gizakiagandik hurrean, habiak teilatupeetan eta eraikinen zuloetan egiten dituztelako.

Badakizue, Andramari egunera arte hementxe izango dira, gure artean, udako arratsaldeak beraien txilixo eta garraxiekin alaituz.

Patxi
Patxi dio:
2005/05/24 12:41

Espektakulu politik bada, hori "enarak" hegan ikustea da. "Enarak" diot, ez baitakit -oraindik-nere herrian ze izen duten "katakixek". Laister jakingo det. Benetako enarak ikustea gehiago kostatzen da, apalagoak dira. Baina nere etxe parean biltzen dira urtero urtero. Oso polita izaten da, beren bular zuriarekin, talde haundi hori hara ta hona ikustea.

Nik ere, zuk bezela, katakixak etortzearekin ematen diot ongietorria udari.

Hala ere, Izazpi mendi tontorrean ikusi izan ditut nik sarri. Klaro, gertatzen dana da Izazpi motx geratzen zaiela. Aizkorrik ez naiz jabetzen ikusi ote ditudan, seguruenik ezetz.

Alberto
Alberto dio:
2005/06/03 11:23

Aipatu duzunaren arabera, Euskal Herrian edonon aurki daitezke, mendi-tontorretan izan ezik. Atzo Gorbeian izan nintzen (eguraldi ederrarekin) eta tontorra bete-beterik egon zen. Ez dut uste sekula ikusi dudanik hainbeste. Asko nahiko hurretik pasatzen ziren, arin-arin, hegaldiaren hotsa nabarmen entzuten zen.

asier
asier dio:
2005/06/03 18:17

Bistan da ez nuela ondo adierazi, adierazi nahi nuena. Nik esan nahi nuen, mendi-tontorretan ez direla bizi, ez dutela bertan kumatzen, eta gainera, mendi-tontor handietan (Pirinioetan, adibidez), normalean ez ditugula ikusiko.

Gure inguruko mendietan, ostera, bai, sarri ikusiko ditugu (Izazpin, edo Gorbeian, edo Oizen, edo Aian...), gehienbat eguerdi partean, ordurik beroenetan herrietatik alde egin eta mendi inguruetara joaten direlako bazkaltzera.

Baina garbi dago: ez nuen behar bezala adierazi.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz