Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Tatarraz, narraska eta tarrasian

Asier Sarasua 2007/10/08 22:44

Eibartarrak zerrendako galdera tonto bat hartu, eta hortxe nabil hiztegixetan jira eta bueltaka, gustora. Egixa esan, lehendik be begiz jota neukan berba(-talde) hau.

Zelan esaten da "arrastrarse" Eibarren?

Hiztegi nagusixetan begiratu ezkero hiru forma nagusi azaltzen dira: herrestan, arrastaka eta tatarrez (B).

Eibar inguruan be hiru forma daukaguz:

  • Tatarraz: bizkaierako forma orokor samarra (sortaldekua, behintzat), Eibarren be asko erabiltzen dana.
    >Zaldixan buztanari lotuta, tatarraz eruan eben bide luzian.
  • Narraska: Toribiok jasota dauka, baina esango neuke gaur egun ez dala Eibarren larregi erabiltzen. Azkuek "Bizkaia" markia emoten detsa.
    >Narraska atara eben etxetik.
  • Tarrasian (tarrazian?): azken hori ez da agertzen Toribioren Eibarko hiztegixan, baina bai Bergarako hiztegixan, Oñatikuan eta Mallabikuan. Hiztegi orokor gehixenetan (Elhuyar, 3000, Hiztegi Batua...), ostera, ez. Azkuek Bizkaieraren hegoaldeko herrixetan jaso zeban: Arratia, Legutio eta Arrasate.
    >Tarrasian etara giñuan tabernatik.

Eibarren hiru forma daukaguz, hortaz; edo hobeto esanda, bederatzi, adberbixua sortzeko orduan hainbat aldaera sortzen diralako:

  • tatarraz, tatarrazka, tatarrazian
  • tarras, tarrastaka, tarrasian
  • narras, narraska, narrasian

Batzuk beste batzuk baino arruntaguak dira eta gehixago erabiliko dira, baina nik neuk, behintzat, danak "onartuko" neukez eibartartzat.

Hiztegi Batuan hauxe dago oraingoz:

  • tatarrez Bizk.
  • narras, narraska

Pixkat vs. Pixkatian

Asier Sarasua 2007/10/05 08:55

Gaur artikulu interesgarria dakar Erabili webguneak: EITBko Asier Larrinagaren Beranduago eta Geroago. Ez dakit zergaittik, baina nere aitxitxan beste bikote batekin gogoratu naiz: pixkat eta pixkatian.

Esate baterako, berak telefonoz deittu eta:

  • Asier, ama hor dagok?
  • Bai, itxoin pixkat.
  • Pixkat ez, pixkatian - berak hasarre telefonoz.

Tira, larregi zehaztia da, txikikerixetan sartzia; ez naiz sartuko "zuzen/oker" eztabaidetan. Ez dot horren inguruko araurik edo gomendixorik topau iñun. Gaiñera, aitxitxa Koldo zazpiki samarra be bazan :-)

Baina arrazoi apur bat be bazekan aitxitxak. Izan be, ez da bardiña leihua pixkat zabaltzia, edo pixkatian zabaltzia. Edo hartu pixkat vs. hartu pixkatian. Eta esango neuke, gaur egun, gero eta gehixago erabiltzen dala pixkat danerako, kasu guztietan: "etorri pixkat", "jarri pixkat", eta abar. Eta esango neuke "zaila" dala "pixkat" etorri edo jartzia.

Horretara, nere aitxitxak esango leukian moduan:

  • Denborazko kasuetan: pixkatian
    Itxoin pixkatian, etorri pixkatian, zaindu pixkatian...
  • Kantitatea, espazioa: pixkat
    Jan ogi pixkat, bota ur pixkat, jaso sukaldia pixkat...

Oharra: Idazkera zuzena ez da pixkat, pixka bat baizik, jakiña. Kasu honetan, baina, sasi-insumiso naiz. Hurrengo mezu baten beste insumisiño batzuk :-)

Udalbus ordutegiak, Eibar

Asier Sarasua 2007/10/04 22:40

Udalbus orduketa horario

Eibarko autobus urbanoa da Udalbusa. Bere ordutegia aurkitzea ez da erraza. Autobusaren beraren geltoki askotan ez dago orduketarik, eta Euskotrenen webgunean ere PDF bat jaitsi behar da. Hementxe jartzen dut:

Astelehenetik ostiralera

Amaña:
7.25, 7.55, 8.25, 8.55, 9.25, 9.55, 10.55, 11.25, 11.55, 12.25, 12.55, 13.25, 14.25, 16.55, 17.55, 18.55.

Azitain:
7.00, 7.30, 8.00, 8.30, 9.00, 9.30, 10.30, 11.00, 11.30, 12.00, 12.30, 13.00, 14.00, 14.30, 17.30, 18.30.

Zapatuetan

Amaña:
7.20, 8.00, 8.40, 9.20, 10.00, 11.20, 12.00, 12.40.

Azitain:
7.40, 8.20, 9.00, 9.40, 11.00, 11.40, 12.20, 13.00.

Ibilbidea: Amaña, Ipurua, Urki, Untzaga, Txonta, Urkizu, Saratsuegi, Azitain.

Informazio eguneratua: 902 543 210

Datorren igandean (urriak 7) hegaztien eguna Txingudin

Asier Sarasua 2007/10/02 21:52

Noiz: Urriaren 7an, igandea, Hegaztien Eguna.
Non: Plaiaundiko Parke Ekologikoan, Txingudi (Irun)
Ordutegia: Goizeko hamarretan hasita, goiz osoan zehar.
Jarduerak: Parkean zehar behaketa postuak, elkarteko ornitologoekin. Teleskopioak egongo dira. Doan.

Datorren igandean hegaztien eguna ospatzen da. Helburua da, hegaztien mundua eta kontserbazioa herritarren artean ezagutaraztea.

Gure inguruan, azken urteotan bezala, Itsasenara Ornitologia Elkarteak mahaiak jarriko ditu eta informazioa banatuko Plaiaundin, Txingudin (Irun). Goizeko 10etan hasita elkarteko kideak parkeko hainbat puntutan egongo dira, teleskopio eta prismatikoekin, hegaztien behaketan lagunduz eta informazioa emanez.

Egun honetan parte hartzeko ez da hegaztiei buruzko ezagupenik behar; gogoa bakarrik, eta ahal izanez gero, katalejoak.

Hegaztien Eguna udazkeneko migrazio garaian izaten da, milaka hegazti Europa iparraldetik Afrikara bidean dauden unean. Bidaia horretan hainbat atsedenleku dituzte hegaztiek, eta horien artean garrantzitsuenetarikoa Txingudiko padura da. Garai honetan Txingudin ikusi daitezkeen hegaztien artean ondorengo hauek ditugu: lertxunak eta lertxuntxoak, ubarroiak, txirriak, ahateak, txirrinak, kulixkak eta bernagorriak. Zorte pixkatekin arrano arrantzalea eta mokozabala ere ikusi ahal izango ditugu.

Animatu!

itsasenara.jpg

Aurtengo udan irakurritakoak

Asier Sarasua 2007/10/01 00:15

Azken 4 urteotan nahiko literatura gutxi irakurri dut eta hortxe dauzkat, dozenaka liburu noiz irakurriko zain. Oporrak aprobetxatzen ditut galdutako denbora berreskuratzeko eta abuztuan zeozer irakurri dut, behintzat; ahalegindu naiz telebistari eta Interneti minutu batzuk osten. Irakurritako gehien-gehiena, orain dela 3-4 urtekoa da. Aurten erosi dudana 2010 inguruan irakurtzea aurreikusten dut. :-)

Mezu hau berau ere 15 eguneko atzerapenarekin dator... baina hementxe da:

La Brecha (Toti Martinez Lezea)
Totiren beste lan batzuk irakurrita nituen lehenagotik (La calle de la judería, Las torres de Sancho…), baita gustura irakurri ere. Nobela historikoek, baina, badute arrisku bat: orain 500-1000 urteko ipuinak edo urrutiko lurretan gertatzen diren gertakizunak kontatzea "erraza" da, baina guregana gerturatu ahala… Hartara, Totik Donostian 1813an gertatutakoa kontatzen digunean, istorioan hutsuneak agertzen hasten dira, hutsune nabarmenak. Argumentua, gertaerak eta hari orokorra sineskaitzak dira, eta pertsonaia gehienak sinestezinak. Eta nola liteke horrenbeste akats tipografiko egotea liburu batean?

Kolosala izango da (Joseba Sarrionandia)
Liburu hau, ostera, erabat sinesgarria egin zitzaidan, pertsonaiak eta historia bera. Eibartarrak ikusi ditut orriotan, lagunak, senideak, ezagunak. Liburu ederra da, bere mingotsean, nobela baino, ipuin luzea. Ume baten ikuspuntua darabil liburuan, lehenengo pertsona erabiliz, eta horrek indarra eta bizitasuna ematen dio baliabideetan zein historia lotzeko orduan. Benetan merezi du.

Horas Extras (Bernardo Atxaga)
Atxagaren kontakizun laburrak, gaztelaniaz. Ti-ta irakurtzen da, pare bat orduan, eta gustura.

Armand David, pandaren aita (Kepa Altonaga)
Armand David (1826-1900) misiolari ezpeletarrak Asian egindako ibilerak kontatzen dizkigu liburuak: Txinan bizi izandako urteak… eta batez ere, panda hartza non, noiz eta nola aurkitu zuen, euskaldun hau baita Pandaren aita, Panda hartza zientziarako deskribatu zuena. Hari nagusi horren inguruan, beste makina bat kontu ere azaltzen dira: Iparraldeko egoera XIX. mendean, Txina, historia naturala, eboluzioa, ekologia, biogeografia, eta abar. Kontu interesgarriak, nahiz eta tarteka haria galtzea erraza den.

El último Catón (Matilde Asensi)
Lore asko jaso nituen liburu honen inguruan. Interneten ere erreferentzia onak besterik ez ditut aurkitu. Baina niri txarra iruditu zait. El Codigo da Vinci estiloko liburua da, eta antzeko liburuen ezaugarriak ditu: arina, erraz irakurtzekoa, erritmo bizikoa… Egia esan, ez zitzaidan kostatu irakortzea, baina liburu makala iruditu zait. Historioaren haria erraz hautsi daiteke, liburuan aipatzen diren zenbait puntu ilun sekula ez dira argitzen, Danteren "La Divina Comedia" liburuaren aipamenak luze eta nekagarri gertatu zaizkit, pertsonaiak ez dira erakargarriak… eta amaiera txarra da.

Soinujolearen semea (Bernardo Atxaga)
Opor hauetan, azkenean, ordaindu ahal izan dut zorra: hiru urtez izan dut liburu hau oheburuan zain. Atxaga. Horrekin gehiena esanda dago. Atxagaren lanik borobilenetakoa, nire ustez, euskal literaturan erreferentzia bihurtu daitekeena. Zoragarria iruditu zait. Liburu hau ezin da gainetik irakurri, ez: murgildu egin behar zara, hitzez hitz irakurri, eta gozatu. Atxagaren nobelak, gainera, ez dira bakarrik nobelak. Orrialde bakoitzean, esaldi bakoitzean, lerro bakoitzean… edonon dago sorpresaren bat, edonon dago literatura, nonahi poesia. Egitura bereziko liburua da, denboran eta pertsonaietan aurrera eta atzera egiten duena. Dozenaka ipuin eta hari, dozenaka pertsonaia, baina denak ere zoragarri harilkatuta agertzen dira liburuaren 440 orrialdeetan. Azken batean, horixe da liburuaren mezuetako bat: dena lotuta dagoela, gaurko gertakizunak lehenago ere gertatu direla. Eta baita lehenago ere. Liburu zoragarria.

Odolean neraman, Joan Mari Irigoien
Gai potolo eta neurri batean erakargarriak azaleratu nahi izan ditu liburu honetan Irigoienek: komunikabideen funsgabekeria, harremanen axalkeria, famaren lilura hutsala... eta guzti hori futbol izar baten gorabeherak kontatuz. Eta bai, gai horiek aipatzen ditu liburuan, baina erdibidean geratzen da. Liburu laua da, kamutsa, sorpresarik gabea. Nahia eta ezina. Beharbada, irakurle gazteagoentzat pentsatutako liburua da? Babiloniaren bila bazabiltzatze, hemen ez duzue aurkituko. Eta gainera, hemen ere akats ortografikoak eta tipografikoak.

likin, likiña - viscoso, pegajoso

Asier Sarasua 2007/09/30 22:08

>> LIKIN, LIKIÑA • likatsu, biskatsu, lirdingatsu. Viscoso, pegajoso.
"Jateko likiñak ez jataz gustatzen: honguak, kokotxak, eta holakuak. / Koipia jausi da lurrera eta likiñ-likiña dago dana."

Hiztegi batuak badakar, "Bizkaiera" markiakin. Izena eta izenondua izan leike (viscoso eta viscosidad).

>> LIKA • biska, txoriak-eta harrapatzeko gai itsaskorra.
Likia ipini ta hantxe, "ra!". Beste txori bat ipintzen zenduan kantuan, arbola baten kaixola baten, ta haren ondora etortzen ziran. Ta likan pegauta geratzen ziran. Baiña kantidadia egoten zan. Oin ez da egongo! Baitta, hamen, gure aittak zekazen hartuta durdurak likiaz (Eibarko hiztegi etnografikoa).

Lika hitza be erabiltzen da, likin berbian sinonimo modura (gauza likia), eta baitta likits be.

Elgetako Espaloia kafe antzokia

Asier Sarasua 2007/09/29 13:45

Atzo gauean Elgetan egon nintzen Los reyes del KO blueslarien kontzertua entzuten. Marcos Coll eta Adrian Costa, Alemanian bizi diren lagun galiziarrak, bata gitarrajolea, bestea armonijakolea. Atzokoan Javi Vacas izan zuten lagun baxuan eta Juli "el Lento" baterian. Ez dut askorik kontatuko taldearen eta kontzertuaren inguruan, han eta hemen agertu da zerbait. Bakarrik esango dut oso onak direla (edo kontzertu amaieran Jatsuk esan zidan moduan? "onak ez! superonak!!"). Hasieratik amaierara disfrutatu genuen, zoragarri pasatu genuen, irribarrea ahotik kendu ezinda ordu t'erdiz.

Baina mezu honen asmoa beste bat da: Elgetako Espaloiaz berba gutxi batzuk esatea, gehienbat, ezagutzen ez duzuenoi. Elgetako Espaloia kafe antzokia itzela da. Ikaragarria da hain herri txiki baten horrelako lokal bat izatea: dotorea, goxoa, kalitatezkoa, akustika onekoa... eta jende jatorra bertan. Espaloira joatea plazerra da beti.

Sarri joan naiz: afaltzera, bazkaltzera, kontzertuetara, bilerak egitera, zinera, wifia lapurtzera... bakarrik, taldean, umeekin, ume barik, maitalearekin... Zernahitarako balio du Espaloiak. Eta hortxe daukagu, Elgetan.

Iban, Oxel eta konpainia, bejondeizuela! Horren atzetik dagoen lana zenbatekoa den zuek bakarrik jakingo duzue, baina merezi izan du, seguru. Guretzat, behintzat, lujua da etxe ondoan horrelako antzokia izatea. Zorionak eta eskerrik asko!

Untzaga

Asier Sarasua 2007/09/25 22:34

Argazkiaren izenburua begiratu: Calle Unzaga. 1910. urtia izango da, gitxi gorabehera.

untzaga-kalea.jpg

Untzaga. Horixe zan, XIX. mendera arte, San Andres parrokixatik sartalderutz zeguan zatixa, Isasi kaleraiño, gitxi gorabehera. Ortu eta lur-sailak, gehixenbat.

Gaur egun, Eibarko erdigunia dana, sasoi baten herrigunetik kanpo zeguan. Txirixokalian amaitzen zan Eibar eta hortik sartalderutz, harresi kanpuan, Untzagako errebala zeguan.

XVIII-XIX gizaldixetan zihar, harresixa desagertu eta parrokixatik Untzagaraiño etxiak egin ziranian, "Untzaga kalia" be sortu zan.

Izen hori euki zeban, Untzaga kalia, harik eta 1916-1917 inguruan "Fermín Calbetón" izena ipini zetsen arte. Politiko ezaguna zan Calbetón, Gipuzkoako hainbat obra eta eraikuntza bultzatu zittuana. Eibarko Armerixa Eskolia eitteko emon zeban babesa eskertzeko, Eibarko udalak beran izena ipini zetsan Untzaga kaliari. Eta gaur arte.

Goiko argazkixan, Calbetón kaliaz gaiñera, Plaza Barri zati bat ikusten da, eta Birjiñapeko hasieria. Gaur egun Toribio Etxebarria kalera jaisten da hortik, baina gerra sasoira arte, eliza azpira jaisten zan, han zeguan errota baten albotik pasatu, eta Arraindegi kaletik pasatuta, erreka ingururaiño.

Bittu, bitu > Bildu, batu, jaso

Asier Sarasua 2007/09/21 08:45

Azkenaldian Zarautz eta Zumaia aldean gabiltza elkarrizketak egiten, eta aditz honekin egin dugu topo:

>> BITU, BITTU • bildu, batu. Recoger.
"Ta mahatsa heltzen danian ba, igual denboaldi txarra o zeatzen badu ustelegi o jotzen du ta, hor... apurua izaten da, ze giro dan ta, egualdi ona eukitzia hobia da. Ta bitu, bitu. Mahatsa konparaziyoa, behin bildu ezkeo nik esaten det etxea, itzalea, itzalian prexkuran mahatsa, ez zea, bitu ta euzkitan, zea kajetan."

Baserritarren artean, normalean bittu forma bustia erabiltzen da, batez ere Oikian eta Getaria inguruko baserri auzoetan. Zarauzko kalean bitu ere bai.

Urola Kostako forma dirudi, beste eskualde eta hizkera batzuetan baino, Zumaia-Getaria-Zarautz inguruan gehiago erabiltzen dena. Azkueren hiztegian ere "Zumaia" markarekin agertzen da. Beste hiztegietan azaltzen da baina, gehienbat, "bikoiztu" adierarekin.

Ez dakit zein izango ote den hitzaren jatorria, baina kuriosoa egin zait mendebaleko batu eta ekialdeko bildu hartzen dituela bere baitan. Jakina da Urola Kostako hizkeran mendebaleko hainbat ezaugarri agertzen direla...

Orotariko Hiztegia begiratu behar, baina sarean egon arte... koñazo bat da.

Eguneraketa: Urola Kostan ez ezik, Goierri osoan ere erabiltzen da, Gipuzkoa sartalde guztian, beraz. Eskerrik asko Xabi eta Xabier.

"Bergara aldeko hiztegia" online

Asier Sarasua 2007/09/20 10:36

Harañegun, martitzena, egun haundixa izan zan Bergaran: Bergara aldeko hiztegia online ipini da. Liburuan orain dala 2 urte kaleratu zeban Juan Martin Elexpuruk. Orduan aittatu zeban, 1970 inguruan kartoizko kajetan eta fitxetan batutako hiztegixa, gero makiñaz idatzi zebala, ondoren Word-era, eta azkenian liburu bihurtu dala. Urte bi beranduago, sarera be heldu da.

Abantailak:

  • danon eskura
  • kontsultak edonundik edonoiz egiteko aukeria
  • hiztegixan adierak eta berbak gehitzeko/aldatzeko aukeria (baitta zuk zeuk be)

Eibarko hiztegixa

Bergarako hiztegi barri honekin, hiztegi digital bi daukaguz gure inguruan, Eibarko hiztegixa be aspaldi dagolako sarian: Eibarko hiztegia online.

Oiñarrixan Toribio Etxeberriaren lexikoia dago, baina txukunduta (akatsak, erderazko baliokide egokixaguak...), eta aberastuta, gehixenbat Eibarko Hiztegi Etnografikoa libururako jaso genduzen berbekin. Han eta hamen jasotako beste berba eta adiera batzuk be gehittu zittuan Nerea Aretak 2002. urtian. Eta aurten bertan, Ane Sarasketak beste orrazketa bat egingo dau.

Informaziño gehixago Bergarako hiztegixaz

Iban Arantzabalek kronika politta idatzi dau bere blogian.

Goiena.net webgunian be kronikia eta bideua.

Egilea: Goiena.net


Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz