Hillabete izenak Eibarren
Zeintzuk dira Eibarko hillabete izenak? Holaxen galdetu deste.
Galdera erreza dirudi, baina erantzuna ez da hain erreza. Hil izenetan nahaste-borraste haundixa dago, Eibarren ez ezik, Euskal Herri guztian.
Hiru arrazoi ipiniko neukez:
- egutegixen bittartez hainbat eskualdetako hillabete-izenak zabaldu dira Euskal Herri osuan (gaur egun Seaska edo Kutxako egutegixak dagozen moduan, azken 100 urtiotan makiñatxo bat egon dira)
- euskera estandarrak (lehenago gipuzkeriak eta orain batuak) indar haundixa euki dabe kontu honetan. Hillabete izenak estandarizatzeko ahalegiña egon da beti (eta ondo deritzot)
- erderian eragiña izugarrixa izan da hillabete izenetan; bai, behintzat, Eibar inguruan (eta esango neuke Hegoaldeko toki askotan gertatu dala).
Ondorixua: gaur egun, euskera batuko izenak eta erderazkuak nagusittu dira eibartarren artian, bizkaierazko beste batzuen gaiñetik. Halan da be, izen batzuk oindiok bizirik dagoz. Hauxe da jende nagusixan artian jaso dotena:
- enerua; urtarrilla be oso ezaguna da, baina ez dakit barrixa edo zaharra dan (ilbeltza ez)
- febrerua (zezeilla bizkaittarra ez da ezagutzen; otsaila bez); katailla ezaguna da (katuen hilla)
- martixa / martzua (martxua ez)
- aprilla
- maietza
- juniua
- juliua
- aboztua / agostua
- agorra / setienbria (irailla ez)
- urrixa / oktubria
- zemendixa / nobienbria (azarua ez)
- abendua / dizienbria
Loraila, lotazila, garila, gabonila, garagarrila... holakorik ez dot entzun, ez Eibarren, ez inguruko herrixetan. Zer esanik ez, uztaila edo ekaina.
Umien sillatxuak erregalatzen dittut
Eguneraketa: oferta hau amaittu da.
Manex nahiko koskortuta daukagu eta ume txikixen bi silla daukaraz etxian.
Iñork nahi dittu?
Batek 4 urte dakaz (argazkikua); bestiak urtebete. Pixkat zaharrak dare, baina erabiltzeko moduan. Penia emoten desta botatzia.
Nahi badozue, eskatu!
Adrenalina
Ohituta dago. Ez da lehenengo eguna eta aspaldi ahaztu zitzaion beldurra. Gaurkoan ere hasi da begiratzen plastikozko betaurrekoetan barrena eguzki gorria. Hasi da begiratzen mendi eta basoak; gerturatzen, handitzen, ikusten dituen zuhaitz eta basoak, eten barik itxuraldatzen, kaleidoskopioan bezalatsu; hasi da gozatzen belarrietako hozkirria eta ilea lardaskatzen dion haizea, Igoneren zigarroak fraketan egin zion zulotik sartzen den haize zurrunbiloa. Baina, aspaldion, sasoi bateko zirrara garratza falta zaio; bihotza motelegi, "dagoeneko taupadak ere ez dizkiat entzuten!". Dena ederregi; dena aspergarri. "Oraindik ez" diotsa buruari "beste 10 segundu eta orduan". Eta hitz horiek bere aurreneko eguna dakarkiote gogora, orduko izua eta ezinegona, zurkaitzaren dardara, adrenalina irakiten eta arnasa estutzen. Baina ez da nahikoa, oraindik erdi-hilda, horretarako hobe etxean egon. "Beste 10". Eta hasi da arnasaren hotsa haizearen txistua ixilarazten, hasi da guanteen azpian odola nabaritzen, hasi da hazkura bizkarrezurra harrapatzen, "hasi nauk bizirik sentitzen". Lagunak aspaldi atzean. Berak aurrera. "Beste 5 eta kitto". Bost, bihotza sahiets artean sartu ezinda; lau, arnasa latzak min estarrian; hiru, "adrenalina!"; bi, urruti Igone orruka "tira! tira!"; bat, esku dardartiak uhala hartu eta "tira!"; zero; beranduegi. Lepo gainetik begira eta goian, urrun, parakaidas gorri bat eta urdin-hori bi. Ziurtasuneko bigarren uhalari tira, baina beranduegi. Behean, adrenalinak lausotzen dizkion begien aurrean, zuhaitzak eta basoak handitzen.
Gaberdiko mozolua
Estrigiformeen edo gautxorien familiako hegaztiak izendatzeko 4-5 izen erabiltzen ditugun euskaraz, gutxienez. Arrunt eta orokorrena hontza da (hontz edo huntz, euskalkiaren arabera); orain gutxira arte Euskal Herri osoan erabiltzen zen (eta, gaur egun ere, horixe da zabalduena). Bizkaia aldean gabontza ere erabiltzen da. Iparraldean kaheka eta sorgin-txori izenak ere ezagunak dira. Horiez gainera, beste izen batek ere oso hedadura zabala dauka: mozoloa. Gipuzkoa zein Bizkaian erabat errotuta dago, esangura berdin-berdina ez den arren: Gipuzkoan espezie txikienentzat erabiltzen da (Athene noctua, bereziki); Bizkaian generikoagoa, edozein espezie izendatzeko erabiltzen dena.
Eibarren ere mozolo da hitzik arruntena (hontz baino gehiago), baina aldaera txiki bat eransten diogu. Gautxoriak, Eibarren, gaberdiko mozoluak dira. Politta da; beti gustatu izan zait.
Isasi eta Azitain
Eibarko herrixa egin zanian, Isasi eta Azittain aldian ibili ei ziran herrixa jasotzen:
- Isasikuak "Ixa hasi" egin zeben
- Azittainguak, "hasi eta eiñ"
Zurda
» ZURDA (1) (Iz.) ile sendoa; cerda, pelo grueso y duro.
Era berean, zaldiaren ile-matasa, adatsa (crín) eta zaldi eta behorren ile horiekin egindako sokak "euskal soka" ere deitua.
Zurdiakin, bihorren zurdiakin eitten zittuan aittak sokak; bueno, zurdak, igual da. Buztanekuak be erabiltzen ziran. Ule gogorrak bihar; lehelengo eitten eban holan, mehia; eta gero holako tramo baten hartzen eban beste bat, eta gero beste bat, eta senduagua. Soka sendua atara artian! Geuk be ein geuntsen baten batzueri. Honek edarrak ziran, zurdiakin eindakuak (JU)
» ZURDA (2) (Iz) izotza, antzigarra; escarcha.
Mendiak, zuhaitzak eta lurrak zuritzen dituen izotza; batez ere oso gogorra izan denean.
Esa bandera Loooca!
Sitges eta Eibar elkartzeko egitasmo berritzailea?
Iñuzente egunaren azken oihartzunak?
Kaskajoren estatu kolpea?
Arriola: "La bandera loca es la que nos une a los eibarreses"
Ai amatxo! :-)
San Esteban ermita, Eibar
Beste irudi zahar bat. Orainguan, grabaua. 1846. urtian Julio Lamblak Revista pintoresca de las Provincias Bascongadas libururako egindakua.
Errebaleko zubixa eta Barrenkalia ikusten dira. Ezkerretara San Esteban ermittia.
Ermittia 1618. urtian eraiki zeban Esteban Ibarrak, Eibarko alkate eta beste hainbat kargudun gizona.
Inguru hori ziharo aldatu da eta gaur egun ez da erreza kokatzia. San Esteban ermittia dagon tokixan, gaur egun, Lizarraldeneko garajia dago (laster Forum), Julian Etxeberria kalian. Julian Etxeberria kale azpixan errekia dago, eta gaurko paso de cebra gaiñian, sasoi batian, Errebaleko zubixa (irudixan agertzen dana).
San Esteban ermittia 1898. urtian bota zan, inguru guztia barriztu zanian (merkatua eitteko eta pareko plazia). Hementxe, inguru berbera, 1920 inguruan. Ezkerretara (ez da ikusten), Ego erreka gaiñian jasotako merkatu plazia. Erdi-erdixan Zuloagatarren plazia. Eskumatara, Ariatzako parketxua; oindiok eskumarago (ez da ikusten), errekia, Indianoko palaziua eta Aldapatxo.
Grabauan jatorrixa: XIX. mendea albuma. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Untzaga plaza, Eibar
Untzagako portala eta Untzaga kalia
XVIII. gizaldira arte, gaur egungo Untzaga (edo Ulsaga) "herrittik kanpo" zeguan. Herriko kale nagusixak San Andres parrokixa inguruan zeren (Txirixokalia, Plaza barrixa, Barrenkalia, Elgetakalia...), eta Eibarko lehenengo "ensantxia" sortalderuntz egin zan, Errebal-Ibarkurutze-Urkizu ingururuntz. Untzaga bera be beste leku baten zeguan; edo, beste artikulu honetan aittatu neban moduan, Untzaga zan Parrokixatik Isasirako guztia.
Eibar sortu zanian, Untzagako portala zeguan parrokixa onduan, Bizkaittik zetorren bidian sarreria. Gaur egungo Toribio Etxebarria eta Calbetón inguruak be Untzaga ziran: errekonduak, zelaixak, ortuak... Untzagako errotia be inguru horretan zeguan, gaur egun "Ez dok" tabernia dagon inguruan.
XIX. gizaldixan asko haundittu zan Eibar eta herriko harresittik kanpo be etxiak eta kaliak ugarittu ziran. Kale barrixetako bat Untzaga kalia izan zan (1915. urte ingurutik aurrera, Fermín Calbetón).
Untzaga Plaza aldia, ostera, erdi-hutsik zeguan. Txantxazelaixan frontoizarra zeguan (Eibarko lehenengo piloteleku haundixa), Isasiko hasieran Untzagako jauregixa (edo Orbeatarren jauregixa), gaur egungo plaza erdixan San Juan ermittia (Eibarko zaindarixa), eta hortik kanpo, errekia eta zelaixak. Sasoi horretako erretratorik ez da gelditzen, Untzagako jauregixan argazki gitxi batzuk besterik ez (bata eskumatara; edo beste hau).
Untzagako jauregixa eraikin ederra zan eta Isasiko bide hasieran zeguan, gaur egun Txoko tabernia dagon tokixan. Beste argazki honetan ikusten da Isasi kalian hasieria. Isasi kalian be, etxe eta basarri solte batzuk besterik ez zeren XX. gizaldi hasierara arte. Behetik gora: Makazkua, Kiputxanekua, Hilarionekua, Kantoikua... Aldameneko irudixan ikusten dan moduan, zezenketak be bertan eitten ziran. Ignacio Zuloagak be inguru hori hartu zeban bere margolan baterako, Corrida de toros en mi pueblo.
1900: Untzaga plazia eta Cortazarren aldaketak
Untzaga plazian aldaketarik haundixena XX. mende hasieran gertau zan. Cortazar arkitektu ezaguna kontratau zeban Eibarko udalak udaletxe barrixa eta plaza barrixa eitteko, eta baitta dana aldatu be. Untzagako jauregixa eta San Juan ermittia bota zittuan (San Juanen irudixa ospittaleko kapillara eruan zan), errekia estali zeban, plaza barrixa eraiki, eta udaletxe barrixa jaso. Udaletxia eitteko lehenengo harrixa 1899. urtian ipini zan (eskumako argazkixan), Antonio Iturrioz alkate zala. Udaletxia azkar jaso zan. Bi urte besterik ez zittuen bihar izan eta Gipuzkoako eder eta haundixenetakua zan ("digno de una gran ciudad, de las mejores de Guipúzcoa" diñue kronikak). 1901eko irailaren 14an inauguratu zan.
Garai berekuak dira jauregi gaiñian egindako Txokoko etxiak (1). Plaza barrixakin batera, musika kioskua (1) be ipini zan Untzagan eta, urte batzuk geruago, 1916an, Casa del Pueblua jaso zan Isasiko igoera hasieran (2); gerra aurrian pisu bikua eta gerra ostian haundittu zan, gaur egungo itxuriakin. Dos de Mayo kale albua beranduago aldatu zan, Pabelloia (zine zaharra) erre eta Gautxorineko etxiak eraiki ziranian (gaur egun Guridi), 1930 inguruan.
(1) Txantxazelai azpiko plazia, 1915 inguruan. Erdixan musika kioskua eta aldamenian Villabellaneko taillarra. Goixan zezenplazia. Eskumatara, Isasiko hasieran, Txoko gaiñeko etxiak, jaso barri.
(2) Udaletxia 1940 inguruan. Ezkerretara Casa del Pueblua.
Musika kiosko barrixa, 1934
1934. urte inguruan gertau zan bigarren aldaketa haundixa. Txantxazelaiko partian musika kiosko haundi eta modernua eraiki zan. Bandiandako eta orfeaoiandako lokalak be bai. Gerora, eskolia eta udaletxian lokalak be egon ziran bertan. Musika kiosko zaharra Beasainera bialdu edo saldu zan. Hantxe dago oindiokan.
Aldameneko erretratuan ikusten da, eskumatara, kiosko jaso barrixa. Parian, Nocheneko kafeterixia (tolod zurixakin) eta albuan Salon Teatro, zine zaharra. Salon teatrua 1880 inguruan jaso zan eta 1955 inguruan jausi egin zan. Urte batzuetara Untzagako torria eta Untzagako zinia eraiki ziran bertan.
Txantxazelai barrixa
Untzaga plaziak euki daben azkenengo aldaketa haundixa ointsuan gertau da. XX. gizaldi amaieran, kioskua bota eta Txantxazelai guztia goittik behera aldatu da. Horrekin batera, udaletxia barriztau eta margotu egin da. Udaletxia 2003an eregi zan barriro, 5 urte obretan egon ostian.
Txantxazelaixa gaurko itxuriakin. Kioskuan tokixan zaharren etxia; banko de pruebasan tokixan Juzgaua; frontoizaharran tokixan, jardiñak eta eskillarak.
The Basque Dialect of Marquina (Rollo, 1925)
Aspaldi neukan entzunda lan hau, The Basque Dialect of Marquina, 1925. urtean W. Rollo eskoziarrak argitaratutako liburu bitxia. Ezin inon topatu (ezta erreferentziarik ere ez), baina azkenean Durangoko liburu azokan aurkitu nuen. Oraingoan, Labayru ikastegiak berrargitaratuta, 2006. urtean, Jabier Kalzakortaren hitzaurre eta oharrekin.
Herri hizkeren inguruko azterlanak ugaritu diren honetan, liburu berezia da Rollorena. Batetik, kanpotar batek egindakoa delako; bestetik, orain dela 80 urte ingurukoa delako, horrelako lanetan aitzindari, beraz.
William Rollo (Glasgow, 1892 - Hego Afrika, 1960)
Eskozian jaioa, Leideneko (Holanda) unibertsitatean hizkuntzalaritza ikasi zuen. Uhlenbeck ezagutu zuen bertan, euskalari atzerritarren artean izenik handi eta ezagunenetakoa, eta berak murgildu zuen euskal gaietan. 1923-1924 urteetako udak Markinan igaro zituen, Barinaga auzoko Zubiaurre baserrian (Eibarko mugan) euskara ikasten. Bi egonaldien artean, Markinako neska gazte bat ere eraman zuen Holandara, etxeko lanetan lagundu eta bitartean euskara ikasten eta berba egiten jarraitu ahal izateko.
Bi urte horietan, hortaz, euskara ikasi ez ezik, herriko hizkeraren azterketa egiteko indarra eta jakintza ere lortu zuen Rollok, eta 1925. urtean argitaratu zuen bere bilketaren emaitza Amsterdamgo argitaletxe batean, The Basque Dialect of Marquina. Lana argitaratu ondoren Europatik urrundu zen. Hego Afrikara joan zen lanera (Cape Townera), eta Azkuerekin tira-bira eta gaizki ulertu batzuk tartean, euskararen inguruko azterketak utzi egin zituen. Hauxe da, bada, euskarari eskaini zion liburu bakarra.
The Basque Dialect of Marquina
150 orrialde inguruko lan honek Markinako hizkeraren ezaugarri gehienak biltzen ditu: fonetika, morfologia, aditza, sintaxia eta hiztegia. Amaieran transkripzio etnografiko batzuk ere baditu. Sintaxiaren atala makala da, eta fonetikarena ere labur samarra baina, oro har, lan zehatz eta sakona da. Amaieran dituen hiztegia eta testu etnografikoak ere oso interesgarriak dira (hiztegian "gipuzkerakada" eta neologismo batzuk agertzen diren arren).
Liburu interesgarria, hartara, gutxienez 4 arrazoi hauengatik:
- Herri hizkeren azterketetan aitzindaria da (garai beretsukoa da Hugo Schuchardten Zur Kenntnis des Baskischen von Sara, Sarako euskararen azterketa).
- Lea-Artibaiko hizkerak biltzen dituen lehenengo lana da, eta bakarretakoa (Lekeition ere bada, baina Markina, Aulesti, Berriatua, Etxebarri, Munitibar, Bolibar, Amoroto... hor ez dago ezer*).
- Politak eta aipatzeko modukoak dira liburuan agertzen diren etnotestuak.
- Kanpotar batek idatzitako lana da. Euskara zaila omen, baina Rollok, bi udalditan, euskaraz ikasi (politto ikasi zuela diote markinar edadetuek) eta bertako euskararen azterketa zehatza kaleratu zuen
Eibartarroi ere primeran datorkigu lan hau. Orain gutxira arte, gure herriko berbeta ingurukoekin alderatzeko orduan, Bergarako lanak genituen erreferentzia bakarra. Ez zegoen ia besterik gure albo-herrietan (Debabarrenean, Lea-Artibain eta Durangaldean). Azken 2 urteotan, ordea, lau lan kaleratu dira: Elgoibarko euskara (Debabarrena), Zaldibar berbarik berba eta Mallabiko euskara (Durangaldea) eta Markinako hau. Hemendik aurrera, gure hizkera ingurukoen artean kokatzeko eta aztertzeko orduan, lan tresna hobeak izango ditugu esku artean. Euskararentzat aberasgarri; eibartarrontzat aberasgarri.
...........
*Artikulu hau 2007an argitaratu nuen. Harrezkero agertu da beste lanen bat, Berriatuakoa, adibidez.