Barren
Lokailu hau da, zalantzarik gabe, Eibarren erabiltzen ditugunen artean berezienetakoa. Izan ere, Eibar inguruko herrietan (Ermua, Soraluze, Elgoibar eta Mendaro) asko erabili arren, ingurune honetatik kanpo ez da ia ezagutzen (Bergara aldean, esate baterako).
Badirudi ba(da) arren esapidearen laburdura izan daitekeela, eta bigarren perpausaren azken muturrean
kokatzen da beti. Normalean, aldez aurretik adierazitako zerbaiti erantzunez-edo egiten diren perpausetan agertzen da. Gaztelaniazko “pero si..” esapidearen pareko da. Adibideetan ikus daitekeen moduan, zenbaitetan baina ager daiteke aurretik, perpausa indartzeko (harridurazko perpausetan, batez ere).
Pixkat jaikitze bat euki zeban Espaiñiak ekonomikamente. Eta bihargiñak be geldittu giñan, “ene, baiña lana dakagu barren, honegaz”, “ondo goiazak”.
Han juaten zanak ezer be: berrogei duro kobratzen zittuan barren!
Batzuk aberatsaguak eta bestiak pobriak izanda be, danok gizonak gara barren!
Zelan eurixa diharduala? Baiña ointxe euzkixa zeguan barren!
Aurkaritzako lokailua
Barren lokailua aurkaritzako lokailuen artean sartzen da. Izenak berak erakusten duen bezala, bi perpausen artean gerta daitekeen kontrakotasuna edo aurkaritza aditzera emateko erabiltzen dira sail honetako lokailuak. Beraz, alde horretatik baina-ren pareko dira nolabait.
Lokailuen arteko talderik handiena da berau, eta Eibarren bertan beste makinatxo bat daukagu: berriz, bixen bittartian, ostera, barren, halan be (hala ere), hala eta guzti be (hala eta guztiz ere), edozein modutan be, dana dala, horraitxio eta artian. Inguruko herri “gipuzkoarragoetan” aurki daitekeen nola(ta)nai ere ez da Eibarren erabiltzen.