Aita eta amaren berbetak
Euskal Herriko Ahotsak proiektuan Badihardugu elkarteak egin duena sekulakoa da. Barkatuko ahal dit Asier Sarasuak inoiz adarra jo izana Eztihardugu elkarteaz berba egin izan dudala-eta... Euskararen doinua gordetzeko ahalegin paregabea, Internetez partekatzeko moduan gainera.
Aita Elgetakoa dut, Jose Luis Fernandez Zubimendi, Panaderokua etxean jaiotakoa. Gerra hasi zenean, 14 urterekin, hanka egin behar izan zuen herritik, eta handik gutxira Eibarren jarri zen bizitzen, baina bere hizkera eta doinuak beste elgetar honen tankerakoa da, duda barik.
Gure ama zena, Josefa Ostolaza Sarasua, Mallabiako Gerea auzoko Barrenengua baserrian jaio zen. Gereako emakume honen berbeta da hark, bideokoak bezala, ezkondutakoan Eibarrera ekarri zuena.
Eibarko berbetak, ostera, ez daude Ahotsak proiektuan. Eibartarren Ahotan proiektua antzeko gauza bat da. Jende bertsua ibili da batean eta bestean lana egiten, baina itxura baten trabak jarri ditu Eibarko Udalak gure herriko bozak Ahotsak honetan egon ez daitezen. Espero dut zuzenduko dela, ez bada bihar, etzi.