Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

ETAren bideoa ere gaztelaniaz

Asier Sarasua 2011/01/11 00:29
Gaur ETAk bere komunikatuaren bideoa erdaraz igorri du. Euskaraz ere bai, badakit. Baina erdaraz ere bai. Gaztelaniaz, hain zuzen ere. Eta ez da lehenengo aldia horrelakoak gertatzen direna. Ni neu, behintzat, higuinduta nago ustezko abertzale euskaltzale zenbaitzuren (gehienen?) jarrera hipokrita horrekin.

Bai. Badakit gaur analisi politikoetarako eguna dela eta txanpana (edo kriantzatxo bat) irekitzekoa. Nire ondorengo lerroak fribolotzat ere joko dituzte. Gainera, egia esateko, hurrengo lerroak orain dela 3 hilabete ere idatzi nituen, antzera, blog honetan bertan. Errepikatu egingo naiz, beraz (zer egingo diogu).

Bai, bai, euskaldunak, libreak, independenteak, gora Euskadi eta behera estatu zapaltzaileak, ... baina egun handietarako, laguna, jo dezagun erdara zaldunera! Unai Morazak ezin hobeto tuiteatu du: euskara ez da hizkuntza osoa ETArentzat. Horixe da koxka.

Ez ETAk bakarrik, jakina. Ezta euren burua euskaltzaletzat duten askorentzat ere. Izan ere, ez da lehenengo aldia, eta ezta azkena ere. Gernikako Akordioa izan zenean ere berdintsu. Euskal alderdi abertzale(en)ak elkartu ondoren, agiria gaztelaniaz eta frantsesez irakurri zuten. Hortxe duzue, GARAn, bideoa español ederrean.

ETAren kasu honetan ere batzuk aipatuko dute, ulergarritasuna, oihartzuna... Agiriaren kasuan, eta gaizki-ulertuak uxatzeko (permanente, general, incondicional..), agian ulergarria da beste hizkuntza batzuk ere erabiltzea (ingelesez ere eman dute). Dena dela, hor ere, frantsesa ez dute, bada, sartu... Española bai, jakina. Viva España!

Eta bideoa? Nondik, zergatik eta zertarako gaztelaniarekiko menpekotasun eta miresmen hori? Gainera, gaur egun, Youtube eta GoogleTranslateren garaian, edozein bideo euskara hutsean sareratuta ere, ti-ta izango duzu munduko beste 40 hizkuntzatan (hementxe, Ruperren bideo bat, nahi baduzu bulgarieraz).

Ba ez. Euskara ez da nahikoa. Administrazioan bezala. EHAA eta GAOa elebidun sareratzen diren bezalatsu. Ustezko abertzale ustel-euskaltzaleek ere, gaztelaniaren eta itzulpenen premia dute. Euskara ez da ez hizkuntza osoa. Ez ETArentzat, ez euskal alderdi abertzaleentzat... ezta ustezko hainbat euskaltzalerentzat ere (euskal tuiterlarien mundu zoragarria beste baterako utziko dugu).

Zer nahi duzue esatea. Ez dut imajinatzen ERC (edo beste edozein eragile, alderdi, sindikatu...) katalan, bere agiriak españolez ere kaleratzen. Españolez kaleratzeko premiarekin.

Ni neu, behintzat, higuinduta nago ustezko euskaltzaleen jarrera hipokrita horrekin.

Picasa, munduko argazki-kudeatzailerik onena

Asier Sarasua 2011/01/09 18:15
Picasarekin maiteminduta nago. Argazkiak antolatzeko, katalogatzeko eta editatzeko softwarea da. Sei urte bete ditu eta azkenengo bertsioak are hobeak dira. Azkenaldian, aurpegiak ezagutu eta katalogatzeko aukera magiko bat ere badu.

2004. urteko Arrate egunean ezagutu nuen Picasa aplikazioa. Mezutxo bat utzi nuen Eibartarrak zerrendan, aplikazioak itxura ona zeukala esanez. Hilabete geroago, berria Sustatun azaldu zen eta mezu sutsuagoa laga nuen erantzunetan. Ordurako maiteminduta nengoen. :-)

Picasa aplikazioa Californiako enpresa batek sortu zuen, Mac-en IPhoto aplikazioaren kopia moduan edo. Handik gutxira, 2004ko ekainean, Googlek erosi zuen eta sarean doan banatzen hasi zen. Une honetan, ziurrenik, munduan gehien erabiltzen den argazki-antolatzailea izango da Picasa. Ez nau harritzen, Googlek sortzen dituen aplikazio gehienen ezaugarriak dituelako:

  • doakoa da
  • bizkorra
  • erabilerraza eta intuitiboa
  • ahaltsua eta konfiguragarria
  • bilatzaile ikaragarri ona

Gainera, zure argazkiekin (eta bideoekin) egin beharreko lan guztiak egin ditzakezu Picasarekin:

  • argazkiak deskargatu
  • zure argazkiak antolatu, katalogatu, izendatu...
  • argazkiak editatu
  • argazkiak sareratu (Youtubera edo PicasaWeb aplikaziora)

Hitz batean: primerakoa.

Editorea mugatu samarra da (ez da Photoshop, jakina), baina aukera nahikoa eskaintzen ditu eta erraz/arin/egoki editatzen du. Eta sareko plataforma, PicasaWeb, ez dut probatu (Flickerrekin jarraitzen dut). Bestela, sekulako tresna da Picasa.

Hori bai, traba bakar bezain handia dauka: Picasa kutxa beltz bat da. Hor barruan pasatzen dena sekretu hutsa da eta Picasan kargatzen eta katalogatzen dituzun datu guztiak (datu-basea, alegia) ezingo dituzu inoiz beste plataforma batera esportatu. Picasan egiten duzun lana Picasan geratuko zaizu; lotuta geratzen zara. Pena.

Aurpegiak ezagutu eta katalogatzen ditu

Picasaren azkenengo bertsioetan (une honetan 3.8 bertsioa jaitsi daiteke), tresna magiko bat ere gehitu dute. Picasak zure argazki guztiak arakatuko dizkizu; ondoren, argazkietan azaltzen diren aurpegi guztiak detektatu eta moztu; amaitzeko, pertsonak identifikatu (zuk emandako izenarekin) eta bakoitzarekin karpeta bat sortuko dizu. Hau da, etxean ditudan milaka argazkietatik, badakit zenbatetan eta zeintzuetan azaltzen den nire alaba, edo semea, edo ama, edo koadrilako ez-dakit-zein. Hori guztiori, azkar, arin eta zehatz. Flipantea. Espioien pelikuletan gertatzen dena, etxean bertan (eta ez ahaztu Picasa Googlerena dela. Hemendik gutxira, Google-ri argazki bat eman, eta argazki horretan azaltzen direnak nortzuk diren esango dizu, eta non bizi diren, zer lanbide duten, euren lagun-taldea zein den...). Beldurgarria? ;-)

Esate baterako, hauxe da Maddiren karpetaren zati bat (Picasak automatikoki sortua):

Picasa Aurpegiak Maddi

Udatik hona, gainera, pertsona baten karpeta hartu eta bideo automatikoak ere sortzen dizkizu Picasak. Oraingoz oso konfigurazio-aukera gutxirekin, baina hori ere azkar eta erraz (botoi bat sakatuta). Argazki batzuk aukeratu, "bideoa egin" botoia sakatu eta hortxe:

 

 

Aurpegiena eta bideoena jolasa besterik ez da, baina Picasa bera tresna izugarria da.

Genetikia zer dan...

Asier Sarasua 2011/01/08 22:15
Seme-alabei begira, eta konturatzen zara zelako gogorra dan gure genetikia. Zelan bultzatzen gaittuan garana izatera, zelan zehazten daben gure izakeria... Txikikerixetatik hasitta. Idazteko darabilguzen hatzak, esate baterako.

Beti esan deste, idazteko orduan, ez dotela ondo oratzen arkatza. Berez, gure inguruko jende gehixenak lehenengo 3 atzamarrak erabiltzen dittu arkatza edo boligrafua oratzeko. Nik ez. Nik 1., 3. eta 4. atzamarrak erabiltzen dittut. Eta bigarrena erdi-aidian laga.

Eta hara nun, Maddik...

4. hatza

Tira, pentsatzen dot kontu normala izango dala ume txikixetan.

Baina genetikia be hortxe dago, e? ;-)

El pulgar del panda (S.J. Gould, 1980)

Asier Sarasua 2010/12/20 08:37
Izugarri disfrutatu dut liburu hau irakurtzen. Stephen Jay Gould zientzialari ezagunaren lana. Eboluzioa eta bizitza ditu hizpide. Erabat gomendagarria, dagoeneko 30 urte dituen arren.

El pulgar del panda (The panda's thumb, 1980)
Drakontos, 2006


Azken urteotako zientzia dibulgatzailerik onenetakoa da Stephen Jay Gould (New York, 1941-2002). Natur zientzien alderditik bai, behintzat. Paleontologoa ikasketaz eta Harvard Unibertsitateko irakaslea, eboluzioaz eta horren inguruko beste hamaika kontutaz idatzi izan du. Sakon eta arin, adibide egokiak eta pista ederrak emanda, natura eta planeta beste begi batzuekin ikusten erakutsiz.

Hauxe da, beharbada, bere libururik ezagunenetakoa. 1980. urtean kaleratuta (The Panda's Thumb), aurreko bizpahiru urteetan kaleratutako hainbat artikuluren bilduma da. Hala ere, liburua ez da artikulu-sorta hutsa. Artikuluak elkarren artean ondo josita daude eta hasieratik hasi eta amaierara bitartean, Gould-ek eboluzioaz eta naturaz hitz egingo digu. Darwinismoaz eta eboluzioaz, hautespen naturalaz, gradualismoaz, saltazionismoaz, lamarckismoaz, genetikaz, kanbrikoko eztandaz, tertziarioko suntsipenaz, gene berekoiaz, munstro itxaropentsuaz, taxonomiaz, bizitzaren sorreraz... eta bide horretan hainbat lagun izango ditu bidaide: Golschmidt, Darwin, Huxley, Haeckel, Leakey,... Cromagnonak, belakiak, monerak, bakterioak, dinosauroak, hegaztiak, moluskoak... eta panda hartza, jakina.

Tira, orain dela 20 urtetik irakurtzekotan nengoen liburu bat. Sekula ez omen da berandu. Ez naiz damu, bistan da. Liburu tekniko eta sakon samarra, tarteka, baina natur zientziak (eta, bereziki eboluzioa) gustatzen zaizkizuenontzat, erabat-erabat gomendagarria. 30 urte dituen arren (eta zenbait galdera/erantzun une honetan beste modu batean ikusten diren arren).

Urdaibain

Asier Sarasua 2010/12/19 22:07
Aspaldiko partez, pare bat ordu egin ditut Urdaibain, txoritan. Zoragarri zegoen.

Asteburu aldrebes samarra izan dugu, hainbat kontugatik. Hala ere, goizean pare bat ordu atera ditut Urdaibaira osteratxo bat egiteko. Eguna argitu orduko San Krisobalen (Busturia) nengoen eta gero Axpe auzora ere joan naiz. Goiz garbi bezain hotza, Urdaibai eder-eder zegoen. Lasai, ikusgarri, paketsu, argitsu.

Urdaibai

Txori aldetik ez da izan espeziala, baina txarra ere ez: makinatxo bat kuliska ikusi ditut, urmakinista bat (martin arrantzalea) berbertan, buztanluze-taldetxo kaskarin bat jolasean, mokozabal gazte bat lasai eta harro 20 metrora gosaltzen,... eta zingira berdantz (Emberiza schoeniclus) eme bat ere bai (ez dut larregitan ikusi).

Tira, joan-etorria besterik ez da izan, pare bat orduko kontua, baina merezi izan du Urdaibaiko koloreez berriro ere gozatzeko. Leku ederra da, benetan.

Hona hemen ikusitako hegaztiak:

  • belatz gorria
  • mokozabala
  • koartza zuriak
  • koartza hauskara
  • ubarroiak
  • kaio arruntak
  • kaio ilunak
  • antxetak
  • kurlinta bekaindunak
  • kuliska bernagorriak
  • kuliska zuriak
  • kuliska gorriak
  • urmakinista
  • buztanluzeak
  • zingira berdantza (eme bat)
  • txitxi eta buztanikarak
  • buztangorri, zozo, birigarro eta txantxangorriak
  • txepetxak
  • beleak eta mikak (ugari!)

 

Txingudiko padurak eta Plaiaundiko naturgunea

Asier Sarasua 2010/12/08 12:32
Atzo, abenduak 7, Plaiaundira joan ginen. Txingudiko paduretan dagoen naturgunea da Plaiaundikoa. Polita, ondo egokitua eta umeekin joateko aproposa. Hegaztiak behatzeko Euskal Herriko tokirik onenetarikoa; onena ez bada.

Bezperako txori-jana oraindik gogoan, atzo goizean berriro katalejoak hartuta kaleratu ginen. Gure lagunekin elkartu eta Txingudiko padurarantz abiatu ginen.

Plaiaundi (Txingudi, Irun)

Txingudiko badia Euskal Herriko padura eredurik onenetarikoa da. Bidasoa ibaiaren muturrean, eta hiru herriren arteak kokatuta (Irun, Hondarribia eta Hendaia), hezegune berezi eta baliotsua da, balio ekologiko izugarria duena. Hegazti espezie askoren migrazio-bidean kokatuta dago eta itsas hegaztientzat ere babesgune egokia da. Hori dela eta, gure herrian hegaztiak behatzeko tokirik onenetarikoa da.

Inguruneak gizakiaren presio izugarria jasan du mendeetan zehar eta jatorrizko paduraren zatitxo bat besterik ez da geratzen. Geratzen den horrek, gainera, naturgunea eta babesgunea izan arren, oraindik ere presio izugarria jasaten du (3 herri handi inguruan, aireportua, trena, kirolguneak...), eta ez dirudi agintariek aintzat hartzen dutenik. Hala ere, bere potentziala izugarria da eta azken urteotan 250 hegazti espezie baino gehiago ikusi ahal izan dira bertan, eta anfibio eta arrainentzat ere leku garrantzitsua da.

Ba, horixe: atzo goizean, katalejoak hartu eta Txingudira joan ginela; Plaiaundira, zehatz esateko. Irunen dagoen naturgunera. Horixe da Txingudiko hegaztiak behatzeko lekurik onena (edo errazena, behintzat). Bisitarientzako harreragunea ere hantxe dago eta umeekin joateko horixe da tokirik egokiena.

Oso egun polita izan zen. Azken egunetako hotzak direla eta, hezegunea topera zegoen eta dozenaka hegazti ezberdin ikusi genituen, bertatik bertara, gainera: txirriak, itsas-enarak, kuliskak, ahateak, murgilariak, koartzak, antzarak... (beherago zerrenda osoa).

Gomendatzekoa.

Plaiaundi (Txingudi, Irun)

 

Atzo ikusitako zenbait hegazti:

  • ubarroiak
  • koartza hauskarak
  • koartza txikiak
  • mokozabalak
  • antzarak
  • basahateak
  • ipar ahateak
  • ahate txistulariak
  • ahate mokozabalak
  • tarroak
  • ahatebeltza (1)
  • ahate txikiak (zertzetak)
  • uroiloak
  • kopetazuriak
  • murgil lepagorriak
  • txilinporta lepabeltzak
  • txilinporta arruntak
  • hegaberak
  • txirritxo txikiak
  • txirri arruntak
  • txirri grisak (eta urre-txirriren bat?)
  • kuliska buztanbeltzak
  • kuliska gorriak
  • kuliska txikiak
  • kuliska zuriak
  • bernagorriak
  • kurlinta handiak (eta bekaindunen bat?)
  • harri-iraulariak
  • abozetak
  • atalarra (1)
  • itsasenara beltza (1)
  • antxetak
  • kaioak
  • urmakinistak (martin arrantzaleak)
  • eta basoan: tarinak, buztanluzeak, kaskabeltzak, parandak, txantxangorriak, zozoak...

Txingudiko hegaztien inguruko informazioa, ekoetxearen blogean.

 

Milioi bat negu txonta (F. montifringilla) Gorbeialdean

Asier Sarasua 2010/12/08 00:59
Azken egunotan ez da ia beste albisterik izan euskal ornitologoen artean: milioi bat negu txonta etorri dira Europa Iparraldetik Euskal Herrira (Gorbeia ingurura) negua igarotzera, guztiz ezohikoa dena. Atzo bertan izan ginen. Naturak bakarrik eskaini dezakeen ikuskizun miragarriaz gozatzen.

Azaroaren azken egunotan eman zuten berria: milioi bat negu txonta elkartu dira Gorbeialdean negua igarotzeko asmotan. Ikuskizun berezia Euskal Herrian.

Negu txontak

Negu txonta edo paseko paranda (Fringilla montifringilla) txori ezaguna da Euskal Herrian. Fringillidoen taldekoa, Euskal Herriko txonta arruntaren ahaidea, txolarre edo hormatxoriaren neurrikoa, hazijalea, eta polita (sabelalde zuria, papar laranja, buru beltza, buztan zuri-beltza). Neguan etortzen da gure artera, Europa iparraldeko hotzetik ihesi, baina beti talde txikietan. Orain arte sekula ez da horrelako txori aldrarik ikusi Pirinioetatik hegoaldera. Talde txiki edo handixeagoak, baina inoiz ere ez aurten Gorbeialdean bildu den modukorik.

Adituak ez dute oraindik zenbaki zehatzik eman, baina milioi bat ale baino gehiago bildu omen dira (2 milioi izan daitezkeela ere irakurri dugu). Hori dela eta, ornitologo guztiak ur-bitsetan eta prentsa ere ornitologiaz berbetan (bideoa EITBn, 23. minututik aurrera).

Gu geu atzo arratsaldean joan ginen bertara. Arratsaldeko 4.30ak inguruan iritsi ginen. Txontak sakabanatuta ibiltzen dira egunean zehar, elikatzen, baina gaua igarotzeko leku bakarra aukeratzen dute guztiek; egunero berbera. Lotegia edo etzalekua esaten zaie horrelako lekuei. Iluntzen hasi orduko, gero eta talde handiagoak ikusten genituen bertaratzen. Hasieran talde txiki samarrak (100-200 ale); gero handiagoak; handik gutxira, zerua beltz, zuhaitzak zuri. Zarata ere izugarria. Erreka edo ur-jauzi handi batek egingo lukeen soinua. Baina ez da ura. Txontak dira kantuan. Milioi bat txonta elkarri "gabon" esaten. Ikusgarria.

Natura (eta hegaztiak) gustatzen zaizkion edonorentzat, ikuskizun kontaezina. Irudi eta bideoren batzuk igo ditut Flickr-era, baina ez dute garbi adierazten zer den hura. Ezta hurrik eman ere. Joan eta ikusi, hemen dauden bitartean (inork ez dakielako noiz arte egongo diren gure artean).

 

Nabigatu euskaraz

Asier Sarasua 2010/12/03 09:22
Nik be bat egin dot "Nabigatueuskaraz" kanpaina barrixakin. Euskalduna bazara, Interneten be lehenengo hitza euskeraz!

Nabigatueuskaraz.com sareko ekimen bat da. Tontokerixia dirudi, baina oso garrantzitsua da nabigazio-hizkuntzia ondo konfiguratzia eta euskeraz ipintzia. Azken baten, horrexekin esaten detsagu munduari euskaldunak garala, existitzen garala.

Interneten be, lehenengo berbia euskeraz!

(Euren webgunetik hartuta):

Zure nabigatzaileak Lehenengo hitza euskaraz egin dezan bultzatzeko kanpaina da. Zure nabigatzaileak (menuak edozein hizkuntzatan egon arren), zure hizkuntza hobespenei buruzko informazioa ere ematen du. Hau da, zuk zein hizkuntza nahiago duzun esaten du webgune batera sartzerakoan.

Sarritan entzun izan dugu lehenengo hitza euskaraz esaera. Izan ere, askotan gertatzen da bi euskaldunek elkarren artean erdaraz jardutea biak euskaldunak direla jakin gabe. Interneten zabiltzanean ere, komeni da zure nabigatzailea zuzen konfiguratzea lehenengo hitz edo byte hori euskaraz egin dezan.

Eta zertarako?

  • Euskararen pisu espezifikoa Interneten handitzeko (zure nabigatzaileak esaten baitio munduari zein den zure Interneteko ama hizkuntza). Euskara Interneteko hizkuntzarik erabilienen artean jarri behar dugu. Web garatzaileei, Robotei eta Interneteko enpresa handiei erakutsi behar diegu euskaldunok ere existitzen garela; Interneten bagaudela.
  • Webgune eleanitzetan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun.
  • Programa bat deskargatzeko orduan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun (baldin badago).

 

EibarREKO Eroski?

Asier Sarasua 2010/11/30 22:35
Azken egunotan Eroski berria (edo berritua) ireki digute Eibarren. Handiagoa, berriagoa,... eta akats txiki erraldoi batekin.

Azken egunotan azken ikutuak ematen dihardute Eibarko Eroski berriari. Saltokia handitu dute (bikoiztu, gutxienez), merkatalgune berria ere ireki dute, zenbait denda eta tabernarekin, eta aparkalekua ere askoz handiagoa da.

Baina, ai! baina. Bekatu mortala egin dute: Eibarko herriari ez diote ba "Eibarreko" esaten??

Eibarreko Udala???

EibarOrg eta Eibartarrak zerrendako gai errekurrente horietako batera itzultzen gaitu (1, 2 eta 3): Eibarko BAI; Eibarreko EZZZ.

Ez esan, gero, Eibarko herritarroi, Eibarrekoak garenik! Damutuko zaizue!

San Mamesen

Asier Sarasua 2010/11/29 00:05
Gaur arratsaldean San Mamesen egon naiz. Nire lehengusuak lagatako bazkide-txartelari esker, Athletican partida ikusten egon naiz aspaldiko partez. Zelako berezia den San Mames! Azkenengo minutuan irabaziz gero, zer esanik ez!

Umetan sarritan joaten nintzen, aitarekin edo aitxitxarekin, San Mamesera. Azken urteotan, oso tarteka besterik ez. Urtean behin, asko jota (lehengusuak karneta lagatzen didanean), eta berezia egiten zait beti. San Mames katedrala da. Ez dago dudarik. Kolorea, giroa, ukitu zaharkitu hori,... Futbol eta historia usaina dario.

San Mames Barria berriagoa izango da, baina ez hobea. Ezin. Tira, beharbada 50 urte barru. Oraingoz, horixe da futbolaren katedrala.

San Mames

Eta futbolari dagokionez? Tira, gaur gauza gutxi. Osasuna bai, ondo, txukun, gehiago merezi zuen, zalantza barik. Athletica, berriz, pattal. Ez indarrik, ez jokorik, ez sendotasunik. Erdi-lo zelairatu dira eta, lehen zatiko azken minutuetan izan ezik, txarto jokatu dute. Muniain eta Javi Martinez salbatu dira, beharbada. Iraizotz ere bai. Gurpegiren eta Tokeroren gogoa, agian. Hortik kanpo, ezer ere ez. Taldeak Llorente-dependentzia izugarria dauka; eta Llorente ez badabil fin (eta gaur ez da ibili), izugarri igartzen da. 

Hala ere, aurten ondo ikusten dut taldea. Gaizki jokatuta ere irabazi egin du; orain 15 egun 9 jokalarirekin gainditu zuen Almeria. Etxean sendo dabil eta kanpoan ere itxuroso. Caparrosek taldea osatu du. Sendoa atzean (Amorebietaren zorakeriak gora-behera); indartsua erdian; azken urteotan baino teknika gehiagorekin eta Llorenterekin. Ligako talde garrantzitsu guztien aurka jokatu du dagoeneko eta datozen 6 partidak ez dira guztiz zailak (konplikatuena, beharbada, datorren astean Realaren aurka). Gaurko garaipena garrantzitsua zen; liga bitan zatitu da, eta lehenengo 10en artean gaude. Eta gora begira.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz