"Lehengo Aztiri" (Ugarte eta Azpiazu, 2011)
Lehengo Aztiri.
Jose Luis Ugarte eta Aitor Azpiazu.
Burdinola Elkartea, 2011
Aurrekoan Arratian egindako bilketa baten berri eman nuen (Arratiako hiztegiarena) eta oraingoan Goierri aldera joko dut. Udaberri honetan aurkeztu dute Legazpin Aitor Azpiazu eta Jose Luis Ugarte ikerlarien azken lana: Lehengo Aztiri. Burdinola Elkarteak kaleratzen dituen liburu guztiak bezala, liburu ederra, mami askokoa eta diseinu erakargarri eta landua daukana.
Azpiazuren eta Ugarteren lanak 285 orrialde ditu eta Gabiria-Legazpi artean dagoen Aztiri auzoaren berri ematen digu. Auzoaren historia, bertako baserri eta biztanleen informazioa, toponimia, ohiturak... dena argazki ederrez eta diseinu zainduaz ornituta. Argazkiak Iakobe Katarainenak, Jesus Azpiazurenak eta Joseba Aldanondorenak dira; diseinua Iñigo Aranbururena.
Liburuak bi zati nagusi ditu. Historiaren atala Ugartek egin du. Auzoaren sorburuaren hipotesi bat ematen du, sorreran herrixka harresitua izan zitekeen susmoa argudiatzen duten arrazoiak emanez eta, ondoren, auzoko etxe guztien errepasoa egiten du. Guztira 26 baserri, etxe eta eraikinen historia bildu du, datu eta argazki ugarirekin. Aztiri tontorra, Aztiri barrena eta Makatzagaerreka eremuak desberdindu ditu. Bestetik, auzoaren konfigurazioa, historian zehar izan duen eremu banaketa, eta barruti bakoitzeko etxe kopuruaren aldaketa ere jorratu ditu.
Liburuaren bigarren zatian etnografia landu du Aitor Azpiazuk, orain urte batzuk Pedro Alustiza aztiriarrari egindako elkarrizketak oinarri hartuta. Eguneroko bizimodua, etxeko osagaiak, lanbide zaharrak, sinesmenak eta jaiak,… hamaika jakingarri bildu ditu ormaiztegiarrak Alustizaren ahotik.
Zorionak egileei.
Informazio gehiago Gabiriarrak blogean.