Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"Fikzioaren izterrak", Ur Apalategi (Susa, 2010)

Asier Sarasua 2015/10/28 19:45

Orain 3-4 urte irakurri nuen (gustura), eta Eibarko irakurle-talderako berrirakurri aurtengo udaberrian (bigarrenez ere gustura). Orduan hartutako ohar azkar batzuk topatu ditut, eta hona dakartzat, larregi findu barik.

Ur Apalategiren azken sormen-lana, nahiz eta honezkero 5 urte badituen. 2011. urteko Euskadi Saria irabazi zuen.

Idazleak eta literatur mundua protagonista dituzten 7 ipuin. Ia denak 1. pertsonan idatzita, eta idazleak (edo kritikari / ikerlari literarioak) protagonista dituztenak. Guztiek literatura dute hari edo muin, baina batzuetan badirudi aitzakia/dekoratua besterik ez dela gai hori, benetan bikote-harremanak kontatzeko. Gehienetan bikote hautsiak dira, traizioak, heriotzak edo historiak banatutakoak.

Ipuinen errezeta? gertuko errealitatea, parodia, umorea, amaierako txiribueltak, metaliteratura... Tarteka, Iban Zalduaren estiloa gogoratu didate (zientzia fikziotik eta musikatik falta).

Euskal literatura munduaren tripak erakusten dizkigu Apalategik (idazleak berak ondo ezagutzen dituenak, antza): enbidiak, ezinikusiak, egoak, tira-bira eta azpijokoak... eta baita ere, zein historia literario laburra daukagun, zelako txarrak diren euskal liburu asko, zein zaila (eta garrantzitsua) den gaztelaniara itzultzea... Mundu literario jaso eta dotorea oso lurtar bihurtzen du, barregarri utzi arte, tarteka. Zirikada pertsonalak ere bat baino gehiago daudela ematen du, baina azkenengo ipuinean bakarrik aipatzen ditu izen-abizenez benetako pertsonaiak.

Zazpi ipuinak, labur-labur:

1.- "Azken fandangoa". Euskal idazle eta kritikari/ikerlariren bidaia Argentinara. Belaunaldien arteko tira-birak. Luzexko.
2.- "Gutun bi posteritateari". Gustatu zait. Fikzioaren eta errealitatearen arteko harremanaz. Idazle baten plan rokanboleskoa ospea lortzeko. Euskal literaturaren historiaren kronika azidoa egiten du bide batez.
3.- "Epaimahaia". Euskadi sarien finalean girotuta. Azpijokoak, tirabirak, ezinikusiak...
4.- "Ergatibu". Ironia handiz, euskaldunok askotan izaten ditugun sentimendu aitorrezinez trufatzen da. Muturrera eramanez, baina bidean egia batzuk utzita. Irrifarre maltzurrez irakurtzekoa.
5.- "Beste bizitza". Idazlea beti biziko baita bere lanetan, eta idazlanak beti utziko baitu nolabaiteko marka inguruan. Landuena, egituraz eta estiloz. Hau asko gustatu zait.
6.- "Urrezko Vespa". Esango nuke ez dudala guztiz ulertu, daitort (eta ez naiz bakarra izan).
7.- "Bernardo et Ramon". Hau ere gustatu zait. Izen-abizenak ipintzen dituen ipuin bakarra. Protagonista bera ere Ur dela lirudike. Gazte euskalduna sakrifikatzeko prest, euskal literaturaren eta Saizarbitoriaren izenean.

Zetazeoak ikusteko itsas-irteera

Asier Sarasua 2015/10/21 21:25
Asteburuan itsasora irten dugu, zetazeoak ikustera. Bermeotik abiatu eta 6 orduz itsasoan ibili gara. Egunik borobilena izan ez arren, esperientzia ederra izan da. Izurde mordoa ikusi dugu eta datorren urtean errepikatzeko gogoz geratu gara.

Beharbada ez da oso ezaguna izango gutako askorentzat, baina Kantauri itsasoa ez da leku txarra zetazeoak ikusteko. Ez  telebistako dokumentalak bezain beste, ados; baina gure etxe alboan bizi diren hainbat izurde eta bale klase behatzeko aukera ematen digu. Izurde arrunta (Delphinus delphis) eta izurde handia (Tursiops truncatus) ohikoak dira; kalderoi edo potzuak ere bai (Globicephala sp.); baleen artean zere arrunta ere (Balaenoptera physalus) maiz ikus daiteke; cuvier moko-bale (Ziphius cavirostris) bitxiak ere agertzen dira batzuetan. Eta, askoz bakanagoak izan arren, tarteka espezie arraroagoak ere azaltzen dira Bizkaiko Golkoan, besteak beste, xibartak, katxaloteak eta ezpalartak (Orcinus orca).

Hori aprobetxatuta, gero eta ohikoagoak dira gure kostaldeko herrietan, zetazeoak ikusteko egiten diren itsas-irteerak. Aspaldi neraman horrelakoren bat egiteko gogoz, eta asteburu honetan izan da, azkenean. Esperientzia polita; errepikatzekoa.

Bermeotik irten genuen, domeka goizean, Hegaluze Barria itsasuntzian, eta 6 orduz ibili ginen itsasoan, izurde eta bale bila. Itsasoa harrotu samar zegoen, eta espezie asko-asko ere ez genuen ikusi baina, oro har, egunpasa polita izan zen.

Bermeo (Busturialdea, Bizkaia)

Zetazeoen artean espezie bakarra ikusi ahal izan genuen, izurde handia (Tursiops truncatus). Hori bai, ordubetez itsasontzi inguruan izan genituen gira-buelta eta jauzika. Orain hurreratu, orain urrundu, orain parean agertu, orain ezkutatu.

2015-10-18_izurdetan (65) Izurde handia (Tursiops truncatus) 2015-10-18_izurdetan (41)

Gure Cousteau txikiak ere oso ondo pasatu zuen. Haserre itzuli zen, ez genuelako balerik ikusi, baina zoragarri pasatu zuen, eta zintzo-zintzo egon zen, esperientzia berriaz gozatzen.

Gure Cousteau txikixa

Hegazti aldetik ere ez zen sekulako eguna izan. Azkenaldiko antizikloi eta ekialdeko haizeak ez dira egoerarik onenak itsas-hegaztiak ikusteko. Hala ere, zanga mordoa ikusi genuen, 3 gabai espezie (handia, iluna eta mediterraneoa), marikaka bat (Stercorarius skua), eta dozenaka kaio, gutxienez 4 espezietakoak (hankahoria, iluna, burubeltzat eta antxeta mokogorria). Txori txikien pasea ere etengabea izan zen, urteko sasoi honetan bizi-bizia delako Europatik Afrikara doazen milioika paseriformeen bidaia gure zeruetan barrena. Izugarria da ikustea, 10-20 gramo eskas dituzten txori horiek itsaso garaua nola gurutzatzen duten, ehundaka kilometroko basamortu ozeanikoan zehar.

Hementxe gabai handia (Puffinus gravis), izurde artean hegan, dotore (eta zelako zaila den itsasoan zerua "zuzen" ateratzea argazkietan ;)).

Gabai edo atuntxori handia (Puffinus gravis), izurde artean hegan

Gabai edo atuntxori handia (Puffinus gravis)

Eta horrela, eguna disfrutatuta, ekin genion etxeranzko bideari. Itsasotik ederra ikusten zen kostaldea, lainopean. Gaviota plataformak ere paisaian integratuago ematen zuen.

Bermeo eta "La Gaviota" plataforma (Bizkaia)

Esandakoa: esperientzia polita eta errepikatzekoa. Izan ere, beldur pixkat ere baneukan. Umeekin joan nahi nuen, eta errespetu apur bat ematen zidan: mareatu, aspertu, beldurtu,... edo etxera esku hutsik itzultzea (ezin delako ziurtatu zetazeorik ikusiko duzunik). Baina oso gustura itzuli ginen.

Zetazeoak ikusteko ukera zabala dago, normalean ekainean hasi eta urrira bitartean, kostaldeko hainbat herritan. Ziurrenik, ezagun eta beteranoena Santurtzitik irteten den Verballenas da; Urdaibaiko Torre Madariagak ere sarri antolatzen ditu irteerak; Lekeitioko TxipliTxaplak ere bai; eta natur talde batzuek ere bai (Arkamurkak, esate baterako, edo Lurgaia Fundazioak, adibide parea ipintzearren). Guk SEOren hau aukeratu genuen, parean egokitu zitzaigulako, eta haurrekin joateko egokiena suertatu zitzaigulako, baina ikusi duzuen moduan, aukera zabala dago. Alderdi txarrena: garesti samarrak direla. 20-45 euro bitartean, aukeraren arabera.

Aurtengo denboraldia (ia-ia) amaitu da, baina datorrenerako, animatu!

.........

Oharra: tele barik joan nintzen, 55mm-ko objetibo zapal batekin. Argazki hobeak beste bi blogari hauek ateratakoak, egun eta toki berean: bat, bi, eta hiru (hegaztiak).

Eguneraketa: antolatzaileen kronika.

"Zimurrak", P. Roca (Astiberri, 2014), zahartzaroaren zimurguneak

Asier Sarasua 2015/10/09 21:10
"El núvol no desapareix, esdevé pluja" (Hodeia ez da desagertzen, euri bihurtzen da) - Buda.

Arrugues, Paco Roca

Rides, Delcourt 2007 (frantsesez orijinala)
Zimurrak, Astiberri 2014
Paco Roca

Liburu eta kontakizun gogorra, latza, tristea. Samurra eta hunkigarria, era berean. Zahartzaroa eta alzheimerra diren bezalakoak. Kilikagarria eta sarkorra, baina dramoi milika egiteko asmorik gabe, horien ordez emozioa eta irriparre goxoa bilatuz.

2007an frantsesez argitaratua, berehala lortu zituen aipamenak eta sariak. 2008ko komikirik onenarena ere jaso zuen Espainian, eta hainbat hizkuntzatara itzuli zuten. Euskaraz ere badago (Astiberri, 2014). Ez dut, hortaz, gauza berririk esango liburuaz.

Emilioren istorioa kontatzen du. 72 urterekin burua galtzen hasia, familiak egoitza batean utziko du eta bere ibilerekin erresidentziako pertsonajeak eta gora-beherak ezagutuko  ditugu, Miguelek gidatzen duen kontakizun koral batean.

Aspalditxo neukan "fitxatuta". Beharbada, zaharren egoitzetan sarri samar egon naizelako, Ahotsak-erako grabazioak egiten, nagusien ipuinak biltzen, hango giroa arnasten. Azkenean aste honetan heldu da etxera, Arrugues. Heldu bezain azkar ireki dut, eta behin irekita, ezin izan dut laga. Gogorra da, baina ederra, irriparrea eta malkoa kukuka dituzula irakurtzen dena. Eta amaieran, spoiler, hodeia euri bihurtzen da. Ez baduzu irakurri (jende aaaskok irakurri du), #dagomendat.

Pelikula ere egin zuten 2012an (hau ere kritika honak jasotakoa). Hona hemen trailerra.

 

Saretik jasota:

Tres hechos le impulsaron a desarrollar la historieta: 1) el progresivo envejecimiento de sus padres; 2) el rechazo de un cartel publicitario donde había incluido unos ancianos; y 3) el Alzheimer que padecía el padre de su mejor amigo. Su autor, en pos de la verosimilud, se documentó durante un año, leyendo sobre las patologías de la vejez, acudiendo a residencias geriátricas y recopilando anécdotas reales de enfermeros, familiares y los propios ancianos. "Me planteé hacer esta historia por mis padres. Quería hablar sobre la vejez de las personas. Este es un tema demasiado amplio así que me centré en las residencias de ancianos. Al tratar este tema era imposible no hacerlo también sobre el alzheimer. Emilio, el protagonista, está inspirado en el padre de mi buen amigo MacDiego".

Arrugues, barrukoa

Eibarko udalaren kultur eskaintza, gune bakarrean

Asier Sarasua 2015/10/07 21:45

Eibarko udalak hauxe argitaratu dau oin dala gitxi: eibar.eus/kultura.

Autobonborik eitteko asmo barik (Codesyntaxek egin dabelako eta tartian ibili naizelako), baina uste dot Eibarko Udalak asmau egin dabela erabagi honekin.

Orain arte nahiko sakabanatuta zekan informaziño guztia, gune
bakarrian bateratu dau. Hortxe topauko dogu Portaleako, Coliseoko,
Liburutegiko, Euskera saileko, Egoibarrako, Museoko, eta abarreko
informaziño guztia. Ekitaldixak, albistiak, kontakturako helbidiak...

Sare sozialetan oindiokan pixkat sakabanatuta dago Eibarko Udalan
irudixa eta jarduna (kontu asko, bai Twitterren eta bai
Facebooken; bakoitxa beran aldetik, ohittura desbardinekin,...), baina hori ez da berez txarra eta, gainera, hor be koordinatzeko asmua ei dago. Esango neuke hasi dirala, eta Eibarko Udalan Twitter kontua ondo hasi dala biharleku horretan.

Pendiente gelditzen dan kontu bat? Oier Araolazak (eta Garik) aspaldi aldarrikatzen dabena: eskualde mailako agenda bateratu bat. Elgoibarren, Soraluzen, Elgetan, Ermuan... gauza interesgarri mordua egoten da, eta gehixenetan ez gara enteratzen. Eta inguruko herrixetakuak be, gitxi Eibarkuetaz.

Baina bueno, hasieran esandakuan harira, lehenengo urrats hau gustau jatala. Ez badozue ezagutzen, hortxe dakazue:
www.eibar.eus/kultura.

Erabiltzaile eta eibartar moduan, uste dot erabilgarrixa eingo jakula guztiori.

"Dumitru" (Koldo Izagirre, 2014)

Asier Sarasua 2015/10/06 22:05

Dumitru, Koldo izagirre, 2014Gaur iluntzean hasi dugu Eibarko liburutegiko irakurle-taldearen denboraldi berria. Totem handi batekin hasi ere, Koldo Izagirre izan dugulako gure artean.

Dumitru (Erein, 2014). Koldo Izagirreren azkenaurreko idazlana, iazko udazkenean ateratako eleberri laburra, Erein argitaletxearen gazte-literatura bilduman argitaratua. 70 orrialde laburreko lana (letra haundiz), ordu betean ti-ta irakurtzeko modukoa. Ezin bere lan handiekin konparatu, baina lan interesgarria da, eta aktualitate handikoa. Irakurle-taldeko berriketarako eman du, behintzat.

Behar ez zen tokian eta unean agertuko da Dimitru, etorkin errumaniar gaztea. Azken batean, kanpotarrak beti daudelako lekuz kanpo. Hari horri tiraka, pilula txikietan, egungo gizarteari argazkia ateratzen dio Izagirrek. Gure buruari selfiea. Ttak. Inmigrazioa, krisi ekonomikoa, bakardadea, integrazioa, jazarpena,... baita alderdi soziolinguistikoa ere.

Ahots ezberdin askoren bitartez kontatuta, samurtasuna eta gordintasuna uztartuta, bi gaztetxoren begien bitartez nagusien (eta guztion) arazoei harreta ipinita.

Ikuspegi ezkorra dario lanari, oro har, neurri handian. Azken batean, arrain txikiek nekez egiten diotelako aurre uholdeari. Gauza jakina da. Eta errekatik kanpo ito egiten direlako, gainera. Baina elkartasun aldarri bat egiteko tartetxoa ere badago amaieran, batez ere gazteen aldetik, Dumitruren ikaskide guztiek (gehienek) oihukatzen dutenean, "Denok gara Dumitru".

Koldo Izagirre, Eibarko irakurle-taldean

Esan bezala, irakurle-klubari ondo eman diogu hasiera. Gabonak arteko hurrengoak, Garazi Kamio eta Orube abandonatuak (azaroan), Jabier Muguruzaren eta Hilen logika ezkutua (abenduan).

Mandubitik Murumendira (864 m.), Goierriko begiralekura

Asier Sarasua 2015/10/04 20:05
Birraitona Estanisek egindako mahaia ikustera joan gara, Murumendira (864 m.). Mendi ez altuegia, baina leku estrategikoan ipinita, 360ºko ikuspegi zoragarria daukana. Goierriko balkoia.

Beasain gainean dago Murumendi, iparraldean, Beizama eta Itsasondoko mugan. Ipar-hego norabidean dago mendi-lerroa, Oria arroa eta Urola arroa banatuz.

Ez da mendi altuegia (864 m.) baina, bere kokalekua dela-eta, aparteko bistak daude tontorretik. Panoramika ikusgarri hori aprobetxatuta, birraitona Estanis Iturriozek orientazio-mahai bat egin zuen orain dela 20 urte inguru. Huraxe ikustera joan ginen atzo.

Mandubitik ekin genion (Ordiziatik edo Beasaindik ere igo daiteke, zuzenean). Ordu t'erdiko igoera, erraza, seme-alabekin lasai egitekoa. Joan-etorria 2:30 ordu, 9 km eskas.

Mandubitik irten eta 15-20 minutura San Gregorio ermita dago. Iturria dauka ostean.

2015-10-03_mandubia (1)

Handik, gora-behera gutxirekin, Txoritegi mendixka inguratzen joango gara. Sarri asko pinu artean, baina hala ere paseada atsegina da.

2015-10-03_mandubia (9)

Azken gora-ta-behera eginda, parean agertuko zaigu Murumendi, soil, belargorri.

2015-10-03_mandubia (12)

Aparteko bista dago gainetik. Itsasotik hasi eta Pirinioetaraino, Nafarroako eta Arabako hainbat mendi ikusteko aukerarekin (eta Gipuzkoa-Bizkaiko ia guztiak). Orientatzeko, hantxe birraitonaren mahaia.

2015-10-03_mandubia (16)

Eguraldi ederra, mendikada polita,... eta itzuleran baba-jana Mandubiko bentan. Ondo ere ondo jaten da Mandubin. Gomendagarria, zeharo.

Guk ere izan genuen "ihes egin beharra"

Asier Sarasua 2015/09/08 20:15
Ahotsak proiektuan sareratutako bideo honetan ondo jasotzen da zer den etxea utzi behar izatea, gerra dela-eta norbere herrialdetik "ihes egin beharra".

Gerrateak, ihesaldiak eta etorkinak hizpide diren honetan, beharbada komeni da gogoratzea hemen ere antzekoak bizi izan genituela orain gutxi. Izan genituela gu "liberatzera" etorritakoak, izan genituela ihesaldiak, izan genituela ihes egiteko itsasontziak, izan genituela itsasoan itotako umeak,... Izan genituela, baina, era berean, han eta hemen abegitsu jaso gintuzten herritarrak, Belgikan, Frantzian, Errusian, Mexikon...

Ahotsak proiektuan jasotako lekukotasunekin, bost  bideo zirraragarri hauek sareratu dituzte, "Gerra zibileko lekukotasunak ikasleentzat" sailean. Oiloipurdia ipintzekoak. Gure ihesaldiekin, gure haurrekin, gure itotakoekin. Gaur egungoa hobeto ulertzen lagundu dezaketenak, beharbada.

Horietako lehenengoa da hau: Ihes egin beharra.

 

Hondarribiko amona, bere iloba eta bilobarekin, Hendaiako hondartzan, ihes egin ondoren.

Argazkia: Hondarribiko amona eta (bi)lobak, Hendaiako hondartzan, ihesi (cc-by-sa GureGipuzkoa.net)

Euskaldun bat Katalunian, konparatzen

Asier Sarasua 2015/08/11 16:55
Euskalduna Kataluniara doanean, ezinbesteko du konparatzen hastea. Derrigorrezko, berezko. Zertan garen berdin, zertan ezberdin. Batzuetan jakinminez, besteetan harrotasunez, askotan enbidiaz. Gaur goizean gertatu zait, adibidez, 5 ohar mental hartu ditudala jaiki eta armosatu bitartean.
Euskaldun bat Katalunian, konparatzen

Senyera, Vulpellac (Empordá, Girona)

1.- Sinboloak ez ei dira garrantzitsu. Bai zera! Eta Katalunia sinboloz beteta dago. Goiz erdirako ikusi dituzu 10 samarreta independentista eta hamaika senyera. Etxeak eta kaleak; eraikin ofizialak eta entitate pribatuak; bide-bazterrak eta biribilguneak. Dena dago senyeraz josita, lepo. Izan estelada edo izan izarbako, ez dago herri sarrerarik bere senyera barik. Gurean, azkenaldian, ez ote garen lotsatzen ikurrina ateratzeaz; folklorismo hutsa delako aitzakiaz.

2.- Banderen legea zintzo betetzen dugu euskaldunok, alajaina! Hemen, ostera, (Gironako herri txikietan, behinik behin), ez da ageri inon piperpotorik. Legeari zirkin egiten dionik bada, bai; edo intsumisioa lege bihurtzen duena.

3.- Kafetegira sartu, kafetxoa eskatu. Atzetik Afrika erdialdeko gazte bat. Sartu bezain azkar hizkuntza hegemonikoan mintzatu da. Bon dia. Un cafe amb llet. Integratu behar duenak badaki zein den integraziorako hizkuntza, zein hizkuntza hegemonikoa. Bon dia.

4.- Euskaldun honek, bien bitartean, egunkaria hartu du. Azalean gai bakarra: 27ko hauteskundeak, 11ko Diada, eta independentziarako bidezidorra. Barruan, iritzi-zutabeen artean, "Basquitis" izenekoa. Tesia, labur-labur: euskaldunak ondo konpontzen dira Espainiarekin. Ez dute nahi independentziarik, eta ezta Kataluniarena ere. Traidore hutsak dira. Garai batean begiradak Mediterraneotik Kantaurira zuzentzen zituzten; gaur egun ez da halakorik.

5.- Tabernatik irtetean, bi magrebtar ate alboko mahaian jarrita. Kafea ez, tea eskatu dute. Egunkaria dute eskuetan eta euretako bat adi-adi ari da irakurtzen azala. Tabernako egunkari guztiak katalanez daude. Hori bai hizkuntzan murgil egitea.

Eta, horrela, goiza, konparatzen. Nahiezta.

50. Euskal Jaixan aurkezpena

Asier Sarasua 2015/05/27 09:30
Aurten 50 urte beteko dittu Eibarko Euskal Jaixak. Gaur arratsaldian izango da aurkezpen-ekitaldixa Coliseuan.

Urteurren borobila izango da aurtengua: Eibarko Euskal Jaixak 50 urte beteko dittu. Ediziño berezixa hortaz, egitarau zabalekua, parte-hartze haundikua (400 dantzari eibartar Untzagan), eta historixa luze horri hainbat kiñu egingo detsazena.

Gaur (eguaztena 27) izango da aurkezpena Coliseuan, 19.00etan.

Baina ez da aurkezpen ekitaldi soil bat izango. Kartela eta egitaraua jende-aurrian aurkeztiaz gainera, 50. urteurrena ospatzeko egin dan liburua aurkeztuko da. Eta liburu horrekin batera, Euskal Jaixan 50 urteko historixia batzen daben 45 minutuko dokumentala ikusteko aukeria be eukiko dogu. Noticias de Gipuzkoak atara dau gaur bertan horren inguruko informaziñua.

  • Liburua ...eta kitto! elkarteko Jose Luis Gorostegik egin dau, eta 50 urtiotako historixia eta argazkixak batzen dittu. 
  • Dokumentalerako elkarrizketak eitten ni neu ibili naiz. Ane Sarasketak lagundu desta gidoia idazten eta berak sartu dau ahotsa. Eta Badihardugu Elkarteko Haizea Odria arduratu da ediziño eta montaje guztiaz.
  • Kartelak be historixia daka: 1965eko lehenengo Euskal Jaiko karteleko irudixa berreskuratu da, Sagalak 1965ian egindako irudixa.

Hortxe, ba, aurrerapena!

50. Eibarko euskal jaia (kartela)

Anfibioen metamorfosia: zapaburutik igelera

Asier Sarasua 2015/04/20 22:50

Eibar inguruan igel arrautzak eta zapaburuak hartu genituen, eta etxean hazi genituen igel bihurtu arte. Hauxe da 5-6 aste horiek laburbiltzen dituen bideoa.

 

Datu gehigarri batzuk:

  • Eguneraketa (2015-04-24): etxean izan ditugunak baso-igel gorriak dira, Rana temporaria.
  • Hasierako potzuan 5-6 zapaburu handi eta 30 arrautza inguru jaso genituen. Gerora, beste potzu batetik, beste 3-4 zapaburu gehitu genituen. Prozesu osoak 6 aste inguru iraun zituen. Ustez, behintzat, ez zitzaigun zapabururik hil.
  • Tarteka ura aldatzen genien, baina ez dena batera (bideoan garbi ikusten ez den arren). Tarteka, ontzia garbitzeko ere aprobetxatu genuen. Estetika kontua: ez dut uste zapaburuei ardura zitzaienik (ziurrenik, zikinxea nahiago).
  • Ontzian sortzen diren algak (ia) nahikoa dira zapaburuak elikatzeko. Dena dela, lantzean behin, arrainentzat saltzen duten jateko pixkat ere botatzen genuen. Baina oso-oso gutxi! Lasai, zapaburuak ez dira gosez hilko; aldiz, jateko larregi botata, beharbada bai.
  • Anfibioak izaki bitxi eta erakargarriak dira, euren bizimodu "bitar" horrek (erdi-uretako, erdi-lehorreko) ematen dizkien ezaugarriak direla eta. Arrautzetatik jaiotzen dira eta uretan igarotzen dituzte lehenengo asteak. Gutxinaka, aste batzuetako prozesuaren ostean (metamorfosia) bizimodu lehortarrera egokitzen joaten dira, nahiz eta ia beti ingurune heze edo urtarren inguruan bizi behar diren.
  • Metamorfosi horretan, gorputza erabat eraldatzen dute. Igelaren kasuan, esate baterako: arnas-aparatua aldatzen da (kanpo-zakatzak edo brankiak dituzte hasieran, barne-zakatzak ondoren, birikak amaieran); hankak agertzen zaikie (lehenengo atzekoak; gero aurrekoak); buztana desagertzen zaie; lokomozioa ere aldatu egiten da, buztanarekin igeri egitetik hanken bidez mugitzen hasi arte.
  • Prozesuak ez du beti denbora bera irauten. Asko aldatu daiteke espeziearen eta baita uraren arabera ere (ezaugarriak, tenperatura...).
  • Igelak askatu genituenean, guztiak ez zeuden prozesuaren une berean. Batzuk ia-ia igel ziren; beste batzuk oraindik aurreko hanken faltan; gutxi batzuk oraindik zapaburu. Izan ere, zapaburu guztiak ez dira igel bihurtzen.
  • Disclaimer: ez daukat ideia handirik anfibioen inguruan. Hala ere, gure borondate onenarekin egin dugu, eta helburu nagusi batekin: haurren artean naturarekiko zaletasuna eta errespetua sustatzea. Barkatuko digute herpetologoek eta zapaburuen senideek.

Metamorfosia mirari moduko bat da, naturak eskaintzen dizkigun mirari horietako bat, eta ikusgarria da prozesua bere osotasunean jarraitu ahal izatea. Hala ere, etxean antzeko zerbait egin aurretik, kontuan izan anfibio espezie gehienak arriskuan daudela eta legez babestuta. Zaindu natura!

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz