Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Zetazeoak ikusteko itsas-irteera

Zetazeoak ikusteko itsas-irteera

Asier Sarasua 2015/10/21 21:25
Asteburuan itsasora irten dugu, zetazeoak ikustera. Bermeotik abiatu eta 6 orduz itsasoan ibili gara. Egunik borobilena izan ez arren, esperientzia ederra izan da. Izurde mordoa ikusi dugu eta datorren urtean errepikatzeko gogoz geratu gara.

Beharbada ez da oso ezaguna izango gutako askorentzat, baina Kantauri itsasoa ez da leku txarra zetazeoak ikusteko. Ez  telebistako dokumentalak bezain beste, ados; baina gure etxe alboan bizi diren hainbat izurde eta bale klase behatzeko aukera ematen digu. Izurde arrunta (Delphinus delphis) eta izurde handia (Tursiops truncatus) ohikoak dira; kalderoi edo potzuak ere bai (Globicephala sp.); baleen artean zere arrunta ere (Balaenoptera physalus) maiz ikus daiteke; cuvier moko-bale (Ziphius cavirostris) bitxiak ere agertzen dira batzuetan. Eta, askoz bakanagoak izan arren, tarteka espezie arraroagoak ere azaltzen dira Bizkaiko Golkoan, besteak beste, xibartak, katxaloteak eta ezpalartak (Orcinus orca).

Hori aprobetxatuta, gero eta ohikoagoak dira gure kostaldeko herrietan, zetazeoak ikusteko egiten diren itsas-irteerak. Aspaldi neraman horrelakoren bat egiteko gogoz, eta asteburu honetan izan da, azkenean. Esperientzia polita; errepikatzekoa.

Bermeotik irten genuen, domeka goizean, Hegaluze Barria itsasuntzian, eta 6 orduz ibili ginen itsasoan, izurde eta bale bila. Itsasoa harrotu samar zegoen, eta espezie asko-asko ere ez genuen ikusi baina, oro har, egunpasa polita izan zen.

Bermeo (Busturialdea, Bizkaia)

Zetazeoen artean espezie bakarra ikusi ahal izan genuen, izurde handia (Tursiops truncatus). Hori bai, ordubetez itsasontzi inguruan izan genituen gira-buelta eta jauzika. Orain hurreratu, orain urrundu, orain parean agertu, orain ezkutatu.

2015-10-18_izurdetan (65) Izurde handia (Tursiops truncatus) 2015-10-18_izurdetan (41)

Gure Cousteau txikiak ere oso ondo pasatu zuen. Haserre itzuli zen, ez genuelako balerik ikusi, baina zoragarri pasatu zuen, eta zintzo-zintzo egon zen, esperientzia berriaz gozatzen.

Gure Cousteau txikixa

Hegazti aldetik ere ez zen sekulako eguna izan. Azkenaldiko antizikloi eta ekialdeko haizeak ez dira egoerarik onenak itsas-hegaztiak ikusteko. Hala ere, zanga mordoa ikusi genuen, 3 gabai espezie (handia, iluna eta mediterraneoa), marikaka bat (Stercorarius skua), eta dozenaka kaio, gutxienez 4 espezietakoak (hankahoria, iluna, burubeltzat eta antxeta mokogorria). Txori txikien pasea ere etengabea izan zen, urteko sasoi honetan bizi-bizia delako Europatik Afrikara doazen milioika paseriformeen bidaia gure zeruetan barrena. Izugarria da ikustea, 10-20 gramo eskas dituzten txori horiek itsaso garaua nola gurutzatzen duten, ehundaka kilometroko basamortu ozeanikoan zehar.

Hementxe gabai handia (Puffinus gravis), izurde artean hegan, dotore (eta zelako zaila den itsasoan zerua "zuzen" ateratzea argazkietan ;)).

Gabai edo atuntxori handia (Puffinus gravis), izurde artean hegan

Gabai edo atuntxori handia (Puffinus gravis)

Eta horrela, eguna disfrutatuta, ekin genion etxeranzko bideari. Itsasotik ederra ikusten zen kostaldea, lainopean. Gaviota plataformak ere paisaian integratuago ematen zuen.

Bermeo eta "La Gaviota" plataforma (Bizkaia)

Esandakoa: esperientzia polita eta errepikatzekoa. Izan ere, beldur pixkat ere baneukan. Umeekin joan nahi nuen, eta errespetu apur bat ematen zidan: mareatu, aspertu, beldurtu,... edo etxera esku hutsik itzultzea (ezin delako ziurtatu zetazeorik ikusiko duzunik). Baina oso gustura itzuli ginen.

Zetazeoak ikusteko ukera zabala dago, normalean ekainean hasi eta urrira bitartean, kostaldeko hainbat herritan. Ziurrenik, ezagun eta beteranoena Santurtzitik irteten den Verballenas da; Urdaibaiko Torre Madariagak ere sarri antolatzen ditu irteerak; Lekeitioko TxipliTxaplak ere bai; eta natur talde batzuek ere bai (Arkamurkak, esate baterako, edo Lurgaia Fundazioak, adibide parea ipintzearren). Guk SEOren hau aukeratu genuen, parean egokitu zitzaigulako, eta haurrekin joateko egokiena suertatu zitzaigulako, baina ikusi duzuen moduan, aukera zabala dago. Alderdi txarrena: garesti samarrak direla. 20-45 euro bitartean, aukeraren arabera.

Aurtengo denboraldia (ia-ia) amaitu da, baina datorrenerako, animatu!

.........

Oharra: tele barik joan nintzen, 55mm-ko objetibo zapal batekin. Argazki hobeak beste bi blogari hauek ateratakoak, egun eta toki berean: bat, bi, eta hiru (hegaztiak).

Eguneraketa: antolatzaileen kronika.

etiketak: irteerak, fauna, natura, bermeo
Amatiño
Amatiño dio:
2015/10/22 19:47
Neu be, beti joateko eta... Umerik gazteenak zenbat urte?
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2015/10/26 08:27
Gure taldian 10-12 bittartekuan eruan genduzen. Pixkat txikixaguak be juan leikez, nik uste (8-10 urte). Umian arabera. Arazo bakarra mariua da.

Dana dala, zure inguruan ezagutuko dozu txalupatxoren bat dakan inor. Ba, lehenengo hortxe eingo neukian probia. Eta ez badira mariatzen, lasai-lasai juan ahal izango dira itsasuan barrena. Merezi dau.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz