Noiz ospatzen dogu Gaztañerre eguna?
Behin zemendira hurreratzen hasten garanian, eibartarrok Gaztañerre egunian pentsatzen hasten gara, tradiziño haundiko lagunarteko jaixa. Aspaldi-aspaldiko kontua da Gaztaiñerre eguna ospatzia Eibarren, Soraluzen eta Ermuan. Lagunarteko afari-meriendia eginda ospatzen da. Plater nagusixa marraskilluak izaten dira (hamentxe gure errezetia), askotan berakatz-zopia be bai. Eta postria gaztaiña erriak, jakiña.
Eta urtero matraka berbera: noiz da aurten Gaztañerre? Izan be, ez daka egun zihatzik.
Eta orduan hasten gara bateko eta besteko teorixak entzutzen. Batzuentzat azaroko 2. astelehena da (sarri halaxe izaten da); beste batzuentzat Domusantu osteko 2. astelehena; hurrenguantzat, Domusantu ondorengo astelehena; beste batzuentzat 3. astelehena...
Baina ez: Gaztañerre eguna da, Animen Eguna igaro (azaroak 2) eta bigarren astelehena. Aurtenguan, azaroko 3. astelehena, azaruak 16.
Bai, egixa da urtero dakagula eztabaida berbera (Eibartarrak zerrendan sarri urten dau, baitta aurten be), baina gure "autoridadiak" nahiko ondo lotuta laga zeskuen kontua.
Toribiok garbi dakar bere hiztegixan: "Segundo lunes (después del día de Animas) del mes de noviembre" (TE, 391). San Martinek be ez daka zalantzarik, eta bardiña diño Gogoz liburuan (beherago pasarte luze bat): Iritziak iritzi, Arimen egunetik bigarren astelenean ospatzen da.
Geuk be holaxen jaso genduan Eibarko nagusixen artian Eibarko hiztegi etnografikorako (222.orrialdian): Animen egun osteko 2. astelehenean ospatzen da. Gaztaiña erriak eta marraskilluak afaltzen dira. Eta Mikel Larrañagak be gauza bera diño bere blogian.
Hartara, aurtenguan, azaruan 16xan alkartuko gara etxeko sukalde eta soziedadietan, familixan edo lagunartian gaztañerre ospatzera. Eta zalantzaren bat dakanak, ospatu deixala azaroko astelehen guztietan.
..........................
"Gogoz" (76-77 orrialdeak), Juan San Martin, 1978
Industriagintzak aurrera doazen neurrian galduaz doaz nekazaritzako ohiturak; baina, hala ere, badira gauza batzuk industria hirietan ere irautzen dutenak, eta hoietako bat dugu Gaztainerre eguna. Egun hau, Ermua, Eibar eta Plaentzian Arimen egunetik bigarren astelenean ospatzen da.
Urtetxoak dira Gaztaiñerre egun jatorrari buruzko zalantzak eta eztabaidak ezagutu nituela. Batzuen ustez Domunun Santu egunetik bigarren astelena behar zuen izan eta beste batzuen ustez arimen egunetik urrengo astelena, eta baita ere baziren Arimen egunetik hirugarren astelena zala ustea zutenak ere. Jan-edan zaleentzat hain da egun ona, baziren astelen bietan behar zela esaten zutenetarik ere, eta Guruzeta korresponsalarentzat, duda hoiek kontuan harturik, azaroko astelen guzietan ospatu behar zen.
Iritziak iritzi, Arimen egunetik bigarren astelenean ospatzen da.
Egun honetan, aintzina familiak etxean ospatzen zuten, inoiz familia bat baino gehiago bilduaz; baina aspaldiko urteetan lagunarteko afari-meriendak izaten dira. Afari-merienda hoiek herriko tabernetan edo inguruko hauzoetako bentetan egiten dira. Afari hau goizago xamar hasten da eta lehenbiziko eta plato nagusitzat marrazkilloak saltsan, txorizo erria (batzuetan bakaillaua kazuelan edo potajia ere izaten da, baina oso gutxitan), baina azkenez gaztaiña erreak. Eta hemendik datorkio izena. Afari-merienda alaia, afalondoko mahi inguru luzez, ipuiak, kantak, zirikadak... eta dantza. Urte batzuetan Astelena frontoian ere antolatu zen dantza, baina erori zen. Gehienetan lagun artean ospatzen den jaia da, eta oraintsura arte gizonezkoak soilik ospatzen zuten.
Idatzi eta ondo dokumentau dozun Blogeko artikulu honen ondotik zalantzarako tarte gutxiago dago, eskerrik asko Asier!