Mandubitik Murumendira (864 m.), Goierriko begiralekura
Beasain gainean dago Murumendi, iparraldean, Beizama eta Itsasondoko mugan. Ipar-hego norabidean dago mendi-lerroa, Oria arroa eta Urola arroa banatuz.
Ez da mendi altuegia (864 m.) baina, bere kokalekua dela-eta, aparteko bistak daude tontorretik. Panoramika ikusgarri hori aprobetxatuta, birraitona Estanis Iturriozek orientazio-mahai bat egin zuen orain dela 20 urte inguru. Huraxe ikustera joan ginen atzo.
Mandubitik ekin genion (Ordiziatik edo Beasaindik ere igo daiteke, zuzenean). Ordu t'erdiko igoera, erraza, seme-alabekin lasai egitekoa. Joan-etorria 2:30 ordu, 9 km eskas.
Mandubitik irten eta 15-20 minutura San Gregorio ermita dago. Iturria dauka ostean.
Handik, gora-behera gutxirekin, Txoritegi mendixka inguratzen joango gara. Sarri asko pinu artean, baina hala ere paseada atsegina da.
Azken gora-ta-behera eginda, parean agertuko zaigu Murumendi, soil, belargorri.
Aparteko bista dago gainetik. Itsasotik hasi eta Pirinioetaraino, Nafarroako eta Arabako hainbat mendi ikusteko aukerarekin (eta Gipuzkoa-Bizkaiko ia guztiak). Orientatzeko, hantxe birraitonaren mahaia.
Eguraldi ederra, mendikada polita,... eta itzuleran baba-jana Mandubiko bentan. Ondo ere ondo jaten da Mandubin. Gomendagarria, zeharo.