Artxiboa Iraila 2010
Liburudendara birritan joan beharra
Behar bada ni txorimalo samarra naiz, baina komunikabideetan aurkeztearekin batera dendatara iristen ez diren liburuei nik boikota egin izaten diet. Nik ez dut aurkeztu berri den liburua erosteko denda berberera birritan joan beharrik.
Politikariei leporatu izaten zaie amaitu gabeko lanak aurkeztu nahi izana. Kritika hau kazetari eta idazle munduaren bitartekotzaz egin ohi zaie gehienbat. Hala ere, zozoak beleari ipurbeltz.
Nik ez dut inoren etxe barruko daturik zehatz-mehatz ezagutzen baina, inork galdetuko balit, esango nuke esan oso ohikoa dela euskal argitaletxeen artean, liburu berrien jendaurreko aurkezpena egitea aleak moldiztegitik atera eta liburudendaz liburudenda zabaldu aurretik. Hau da, aurkeztu eta komunikabideetan jakitera ematen denetik liburuak kaleratu arte, edozenbat egun pasatu izaten direla.
Eskarmentuz dakit hau sarri gertatzen dela, ez dakit ostera zergatik. Ez dakit liburu-aurkezpen egunerako ale bakar batzuk baino amaitzen ez dituztelako ote den, edo argitaletxeen komunikatzaileek eta banatzaileek erritmo ezberdinak dituzten, baina bion artean osatzen duten kudeaketa ez da, ene iritziz, inondik ere ona. Hainbatek erantzungo dit ez dagoela honen zazpikia izan beharrik; gauzak lasaixeago hartu behar direla; zabalkundeak denbora behar duela; astebete beranduago erosteak ez dakarrela kalterik… Eta arrazoi izan dezake…
Baina, hain zuzen ere, emandako arrazoi guztiak zentzuzkoak direnez gero, zilegi bekit galdetzea ze presa dagoen argitalpen osoa bota aurretik ale apur batzuk komunikabideei azaltzeko, edota zabalkundea amaitu baino lehenago aurkezpena harrapataka egiteko. Alegia, honen zazpikia izan beharrik ez dagoenez gero, gauzak lasaixeago hartzea komenigarri bada eta astebete beranduago saltzeak kalterik ez badakar, zergatik ez aurkezpena astebete geroago egin?
Behar bada ni txorimalo samarra naiz, baina komunikabideetan aurkeztearekin batera dendatara iristen ez diren liburuei nik boikota egin izaten diet. Nik ez dut aurkeztu berri den liburua erosteko denda berberera birritan joan beharrik.

Kapitain pilotu
Gaur hutsaren hurrengoa falta izan zait azafatari deitu eta botatzeko: “Aizu, esaiozu hor aurreko kabinan agintean dagoen kapitan pilotu harroputz horri, kaiku hutsa dela”. Baina zahartzen ari naiz. Nere bilobengan pentsatzen hasi eta… aittitta, honezkero hobe duzu istilutan ez sartzea. Baina gero, Loiura heldu bezain laster, damutu egin naiz.
Gaur, ordua baino zenbait minutu beranduago atera da hegaldia Barajasko aireportutik. Ez dut uste hegazkin barruan eserita geunden bidaietarik inor ohi baino urduriago zegoenik, baina pilotuak berandutzearen arrazoia azaldu beharrean sumatu du bere burua eta, profesional hotzaren ironia finaz, esan digu:
“Ya no sólo no funcionan los controladores, sino que tampoco funciona el personal de tierra. Estamos en disposición de salir, pero falta que nos retiren el finger. En estos momentos estamos a la espera de que encuentren a un funcionario para que nos quite la escalera”.
Beraz, ea ondo ulertu dudan:
- Gauza jakina denez, kontrolatzaileek ez dute euren lana behar moduan egiten.
- Kontrolatzaileena gutxi balitzan, orain aireportuko langileek ere ez dute euren lana betetzen.
- Pilotuon esku balego, orduan besterik litzateke, baina eskailera kentzeko ere gauza ez den jende xume eta ganorabako horri esker, Iberia enpresa superronaren hegazkin eder honek ez du orduan ateratzerik.
- Esan beharrik ere ez, jakina, eskailera kendu behar duen gizagaixoa funtzionarioa besterik ez dela. Horretarako edonork balio du. Baina auskalo non ote dagoen.
- Hala ere, ez gero kezkatu, esku onetan zaudete. Gu ez gara ez kontrolatzaile petralak, ez aireportuko langile eskasak, ez funtzionario alferrak. Gu pilotuak gara eta hemen gaude, beti prest!

Ikatzaren etorkizun beltza
Komunikabideetan etenik gabe jakiten ari gara ikatz-meategietako langileen egoera latzaren berri. Zenbaitetan lan-gatazka arrunta ematen duen arren, funtsean energia-sistemak bizi duen hil ala biziko erronken ondorioa baino ez da. Ikatzak gero eta leku gutxiago du energia-kontsumoaren tartan.
Orain dela sei urte Espainiako argindarra ekoizteko erabiltzen ziren lehengaien %32 ikatza zen. Iaz, aldiz, %14 baino ez, nahiz eta azken bost urte horietan argindarraren eskabidea %6,5 gehitu.
Baina benetako egoera datu horiek aditzera ematen dutena baino larriagoa da, ikatz-kontsumo horretatik gero eta murritzagoa da-eta ikatz espainiarra (%35) eta gero eta handiagoa, aldiz, atzerrikoa (%65).
Arrazoia bikoitza da: batetik, espainiar esku-lana Hego Afrikakoa edo Indonesiakoa baino dezente garestiagoa da eta horrez gainera, bestetik, espainiar ikatz-mota nabarmen eskasagoa kalitatez. Eta hau guztia gutxi bailitzan, ikatza da gaur egun energiarik kutsakorrena.
Abian dauden egitasmoak beteko badira, Europako Batasunak ezelango laguntza publikorik ematea debekatuko du seguru asko 2014tik aurrera. Bitartean, ordea, Espainiako Gobernua gertu omen dago 1.800 milioi euro bezainbateko laguntzak emateko.
Hala ere, dirulaguntza publikoak ematearen aldeko erabaki honen aurka helegitea aurkeztuko dute Iberdrolak zein Gas Natural-Fenosak, eta gas-sektorearen jarrerarekin bat egingo du Lehiakortasunerako Batzorde Nazionalak, laguntza horiek merkatuaren oreka hankaz gora jarriko dutelakoan.
Adituen ustez, laguntza publikoak inondik ere onargarri ez direnen arren, txarrenean ulergarri omen dira energia berriztagarrien kasuan, etorkizuneko energia-motak sustatzeak beti ere zentzurik izan dezakeelakoan. Baina ez omen du, ordea, ez buru eta ez hanka energia-motarik zaharkituenak eta kutsakorrenak diru publikoz babesteak.
Bitartean, 6.000 lagile inguru dira laguntza eske, zor zaizkienak noiz kobratuko, eta aurrera begira kolokan ikusten dituzten lanpostuak nork segurtatuko. Zenbaiten ustez, ezinbestekoa omen da ukaezinak diren giza-premiei erantzutea; baina beste zenbaiten ustez, ordea, hobe omen litzateke diru-laguntza horiek etorkizun hoberik duten langintza eta egitasmo berritan xahutzea.
Zinemaldian txartel, Eibarren “charttel”
“Teoría de la conspiración: En realidad, los seres avistados con txartelas al cuello no tendrían nada que ver con el Festival. Seguiremos informado” (LA PARADOJA DEL ACREDITADO. Mikel G. Gurpegui. El Diario Vasco, 2010.09.23).
Ez dakit zenbateraino arrunta den txartel hitza, gaztelaniaz, Donostiako erdal giroan. Zinemaldiaren kroniketan Mikel Gurpegi adiskideak erabili izanak erakusten digu baietz, Donostiako giro glamurtsuan aski ezaguna dela, ez duela inork ulertu dezan azalpenik behar.
Izatez, M. Gema Torres Garoña ikertzaileak txartel hitza bildu zuen bere “Interferencias léxicas vasco-románicas en el castellano de San Sebastián” (Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urkijo”. ASJU, XXVII-2, 1993) delako hiztegitxoan eta, hain zuzen ere, adibide gisa, Donostiako egunkari berberetik jasotako titularra aipatu: “Cuando a D. Iñaxio le pedían la txartela para entrar “ (DV: 1988.10.27).
Donostian ezezik, Eibarren ere guztiz arrunta da txartel hitza, euskaraz zein erdaraz, nahiz eta nik gaztetan uste izan –elizaren urtean behingo pazko-betekizunak kasu-- garbizalekeriari zeriona baino ez zela. Gero jakin nuen, ordea, txartela ez dela inondik ere hitz berria, Azkueren (Bilbao, 1906) nahiz Lhanderen (Paris, 1926) hiztegietan agertzen denez gero eta baita Larramendirenean (Donostia, 1745) ere.
Baina, behar bada, aurkikuntzarik nabarmenena, Gotzon Iparragirre historialariak egiten du (Debarroko oasi liberala. Bilbo, 2008), Eibarko udalkideen hautaketaren 1769ko akta biltzerakoan honako testu honen berri jasotzen duenean, Larramendiren (1690-1766) garai berean hain zuzen ere: … haviendo pasado a esta dicha sala en ella y sobre la mesa del Aiunttamientos se hallava una jarra de plata y en ella puso dicho sr. Alcalde los suios y por consiguientte los demas, y haviendolos rebuelto en el y derribado al suelo alternatibe los lebanto un tierno muchacho y dezian asi: Señores Alcaldes. El primer charttel decia…”. Gurean gaztelaniaz aspalditxodanik erabili izan den euskal hitza, beraz.
Latina
Joan Coromines filolologoari (Diccionario Crítico Etimológico Castellano e Hispánico. Madrid, 1980) jaramonik egingo badiogu, gaztelaniazko cartel moldea jatorrizko cartapapel hitzaren laburpena edo omen da. Eta carta, berriz, latineko charta-tik eratorria. Hain zuzen ere, frantsesez charte da, nahiz eta italieraz, katalanez edo okzitanoz carta izan. Beraz, euskarazko txartela hibrido samarra da nonbait. Hau da, gaztelaniazko cartel moldearen kalkoa, bai, baina latinezko charta-ren (gure) oguzkerari eutsi izan diona.
Aita zenaren argazkia
Norberaren aita zenaren argazkia bat-batean topatzeak nolabaiteko zirrara sortu behar du nahitaez. Honelako zerbait gertatu zaio segurutik gure Josu Mendicuteri, Simon Bolibarren museoaren inaugurazioa zela eta, orain 27 urte ateratako argazkian ustekabean aurkitzerakoan.
Aurreko uztailaren 21an blog honetan gogoratu bezala, Simon Bolibar Museoa Garaikoetxea lehendakariak inauguratu zuen 1983ko uztailaren 24an. Sortetxean irekitako erakusketa lehenik eta Ziortzako Monasterioan egindako azken eraberritze-lan sakonak eta indusketak gero.
Gogoratzen genuenez gero, jende ikaragarri pila bildu zen egun hartan, bai Bolibarko plaza-barrenean eta baita, aldapan gora, Kolegiatan ere. Eta bildu ere bildu genuen egun hartan Iñaki Anasagastik ateratako argazkia non, ezkerretik eskuinera Nestor Basterretxea eskultorea, Martin Ibarbia ETBren Programa zuzendaria eta ni neu Informazio zuzendaria elkarrekin agertzen ginen, Ziortzako elizatarian. Hau da:
Baina horra non, ustekabean, inor gutxi ohartu arren, aipatu beharreko laugarrenik ere bazen. Hain zuzen ere, ezkerreko harmailetan besoak uztarturik kamera begira dagoen betaurrekoduna Jesus Mari Mendicute da, gure Josuren aita zena, ezkondu baino urtebete lehenago. Orduan 23 urte zituen eta 46, berriz, 2006an hil zenean. Hona:
Jesus Mari Mendicute, Josuren aita zena
San Maurizio
Gaur, irailak 22, Autorik gabeko Nazioarteko Eguna da. Nere gaztaroan San Maurizio eguna besterik ez zen, “tintoreroen“ eguna hain zuzen ere, gure etxean beti ere gogoan hartzen zen eguna. Garai haietan auto gutxi zegoen eta, zaharberritu beharraren beharrez, tindatu beharreko arropa asko. Negozio duina eta onuragarria zen. Gauzak dezente aldatu dira geroztik. Gaur lar auto dago eta batere tindategirik ez. Egungo "tintoreria" apurrek izena dute baina ez izanik, ez baitute ezer tindatzen.
Autorik gabeko Nazioarteko Egunaren ideia 1974an sortu omen zen Europako zenbait gobernuren eraginez, ondoko iraupenik izan ez arren. Egologistek hurrengo hamarkadan berpiztu zuten ekimena baina ez zuen 1990ko hamarkadararte gizarte-eraginik izan. Hiri-barneko trafikoa murriztu beharra, autoen kutsadura eta garraio publikoaren sustapena ia-ia bart gaueko kontuak dira gure inguru honetan.
Euskal hiriburuen artean Bilbo da handiena eta, behar bada, baita garraio-azpiegitura publikorik zabalena duena ere, behar bada bera delako euskal metropoli bakarra. Izan ere, Bilboko Metroaren erabiltzailerik gehienak ez dira bilbotarrak, inguruko herrietako biztanleak baizik.
Autorik gabeko Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko Udalak jakinerazi du 690.000 euro xahutu eta 260 bizikleta berri erosi dituela hiritarrek han-hemenka maileguz erabili ditzaten. 30.000 hiritar omen daude dagoeneko harpidetuak eta iazkoan 120 eskabide egin zituzten eguneko.
Asko? Gutxi? Auskalo… 120 hiritar autobus bitan sartzen dira. Bizikletarik gabe, jakina!
Lasaitu ederra!
Oraingoan jakin dut, Atxagari esker, arazoa ez dela euskararena, ez euskal idazleena, ezta euskal literaturarena ere. Arazoa nerea dela. Tira, eskerrak gero nere --eta nilakoen-- arazoa baino ez den. Beti ere lasaigarri baita jakitea euskara, euskal idazleak eta euskal literatura ni gabe ere biziko direna. Erantzukizun bat gutxiago, beraz.
“En verano, suelo mirar qué es lo que leerán nuestros políticos y da igual que sean abertzales o no, de un palo o de otro, ninguno cita un libro en euskera” –Bernardo Atxagak esana, Noticias taldeko egunkarietan egindako elkarrizketan.
Atxagaren argudioa ez da erabat berria. Lehendanik ere entzun izan dut horren antzekorik. Duela hiruzpalau urte, Bilboko Bidebarrietako hitzaldi batetik ateratzen ari nintzela, erdipurdiko euskal idazle bat hurreratu zitzaidan eta lotsa handirik gabe bota: “Zure jefea ez dut era honetako hitzaldietan inoiz ikusi”.
Oso oker ez banago Aitor Mazo aktoreak ere beste honelako zerbait salatu zuen orain dela zenbait urte Donostiako egunkariren batek egin zion elkarrizketan, gutxi gora behera: “Nunca he visto a un político sentado entre el público de una obra de teatro”.
Ez dut nik bat bera ere zalantzan jarriko. Ziurrenik Aitor Mazok arrazoi osoa du, Bernardo Atxagak duen moduan eta neri aurrez aurre kontuak eskatu zizkidan idazleak zuen bezalaxe. Hala ere…
Hala ere, nik neuk ere esango nuke ez dudala sekula santa euskal idazlerik edo aktorerik ikusi ez nere ezein jeferen ezelango hitzalditan, ez han-hemenka ekonomiaz, ikerkuntzaz, historiaz edo politikaz antolatu ohi diren hainbatetan. Ezta ezein idazleri edo aktoreri inoiz entzun ere, udako irakurgaietan edo ohe ondoko liburuen artean ingurumenaz, teknologiaz, energiaz edo paleontologiaz batere alerik dutenik. Eta?
Noticias taldeko egunkariek egindako elkarrizketa berean Ander Egiluz Beramendi kazetariak galdetzen dio Bernardo Atxagari: “¿Cómo ve la literatura euskaldun?" Eta asteasuarrak erantzun: “Responderé intencionadamente: quienes escriben en la revista Erlea lo hacen muy bien. Pero no sé cual es la situación general. Y no lo digo para que la gente descanse de mi opinión, sino para que la gente compre Erlea. A mí me importa un bledo cómo se sienta la gente respecto del euskera, eso es su problema”.
Bapo. Ni Erlea aldizkariaren erosle eta irakurle naiz. Eta benetan uste dut produktu ona dela. Horretara, susmagarria ez naizelakoan, zilegi bekit esatea ez dudala nere eguneroko senide, adiskide eta lankideen artean askorik ezagutzen –jeferen bat edo beste izan ezik, hain zuzen ere-- Erlea zertaz denik ere esan lezakeenik. Hala ere, “arazoa eurena baino ez baldin bada”, gaitzerdi, ez gaitezen gero batere arduratu, are gutxiago aztoratu, zer esanik ez berotu.
Ez dakit nik inor mindu gabe nola esan baina neri, esaterako, ez zait fikzioa lar gustatzen; askoz ere gustukoago ditut saiakera, azterketa, historia edo zabalkundea. Eta ez dut uste horregatik lotsatu behar dudanik. Euskal literaturaren alorrean benetan kostatu egiten zait fikzio entretenigarririk aurkitzea eta, fikziorik ezean, ba…
Hala ere, oraingoan jakin dut, Atxagari esker, hori nere arazoa besterik ez dela. Ez dela ez euskararen, ez euskal idazleen eta ez euskal literaturaren arazoa. Tira, eskerrak gero nere --eta nilakoen-- arazoa baino ez den. Beti ere baregarri baita jakitea euskara, euskal idazleak eta euskal literatura ni gabe ere biziko direna. Erantzukizun bat gutxiago, beraz. Puff... lasaitu ederra!
El mapa de Gipuzkoa de 1957
En 1944, la imprenta Gráficas Laborde y Labayen de Tolosa publicó la “Carta Ilustrada de la Muy Noble y Muy Leal provincia de Guipúzcoa”, según diseño personal y copyright del pintor y artígrafo Gregorio Hombrados Oñativia (Zarautz, 1902 – Tolosa, 1978). Una segunda edición notablemente corregida y aumentada vio la luz en 1957.
Gregorio Hombrados Oñativia responde a la generación de pintores, dibujantes, caricaturistas, ilustradores y publicistas que se prodigaron a finales del siglo XIX y primer tercio del XX, dentro del Renacimiento Vasco (Euskal Pizkundea) que llegó con la propagación del nacionalismo vasco de Sabino Arana. Hombrados Oñativia apenas tenía 16 ó 17 años cuando se crearon la Sociedad de Estudios Vascos – Eusko Ikaskuntza y la Academia de la Lengua Vasca - Euskaltzaindia; vio como surgían todo tipo de concursos, certámenes y manifestaciones artísticas y culturales; conoció sin duda las primeras propuestas para unificar el euskera, y asistió a los cambios políticos que parecían avecinarse. Toda una generación entusiasta que vería truncadas sus expectativas con el estallido de la guerra en 1936 y la larga dictadura que le sucedió durante cuarenta largos años.
Cursó estudios de pintura tanto en Bayona como en Paris y muy pronto se dedicó a los temas de corte historicista con títulos tan significativos como Zumalacárregui en la batalla de Descarga, Francisco de Ibarra funda Nuevo Durango, Las Juntas de Guernica de 1631, Aparición de la Virgen de Aránzazu a Rodrigo de Balzategui, Iparraguirre canta el Gernikako Arbola y otros tanto del mismo sesgo. Sus lienzos de temática religiosa siguen ocupando hoy grandes murales de muchas iglesias guipuzcoanas y entre sus obras más reconocidas destaca el Descubrimiento de América, en la Biblioteca Municipal del antiguo ayuntamiento de San Sebastián.
No sólo se dedicó a la pintura, sino que cultivó la historia del arte, la crítica artística y la reseña periodística en numerosos medios, principalmente en “El Diario Vasco”. Quienes ya teníamos de edad de seguir la prensa en la década de los sesenta y setenta sin duda nos acordamos de sus colaboraciones. Fue un infatigable investigador de la producción artística vasca y murió antes de poder editar su magna obra, Diccionario monumental del arte-artistas de Euzkadi.
Más aún, los paradójicos avatares de la vida y de la guerra hicieron que la llamada Fábrica de Timbre e Imprenta Nacional se ubicara en Tolosa hasta que, en marzo de 1939, los “nacionales” (es decir, los alzados o sublevados contra la República) tomaron Madrid. Esta circunstancia de inesperada vecindad hizo que Hombrados realizara diseños o bocetos para sellos postales y timbres oficiales, entre los que cabe citar a imágenes de militares como los generales Franco y Mola, pintores como Velázquez, Goya y Murillo, expedicionarios como Elcano, Colón, Irala, Legazpi, Pizarro y Hernán Cortés, y escritores de la talla de Cervantes.
El mapa de 1957
Por último, la variopinta y prolífica creatividad de Hombrados Oñativia le llevó a diseñar el famoso mapa que lleva su nombre y marcó toda una época por su originalidad e identificación personal. Una carta que se presentaba a sí misma como “curiosa y gráfica descripción de cuanto de interesante y pintoresco encierra la provincia”.
No es fácil que un mapa pueda ahora levantar pasiones, pero hace sesenta o setenta años, en tiempos en los que la más sencilla ilustración en color era poco menos que un lujo y el comic un género incipiente sin apenas presencia en el mercado, el mapa de Gipuzkoa diseñado por Hombrados Oñativia destilaba frescura, modernidad, cercanía, sentido de pertenencia y compromiso con el entorno, valores que hoy se consideran elementales pero que entonces sugerían emociones varias e, incluso, supuestas implicaciones políticas.
Dibujado de puño y letra por el propio Hombrados, eran fundamentalmente dos los valores añadidos de aquel mapa de Gipuzkoa. Por un lado, la incorporación de detalles característicos del lugar, tal es el caso, por ejemplo, de pistola, escopeta y bicicleta en Eibar, el pórtico gótico de Olaso en Elgoibar, la fábrica de cañones de Placencia de las Armas o el balneario de Alzola. Y, por otro, la multiplicidad de referencias lugareñas, como son, sin salir de Eibar, cumbres, caseríos y topónimos como Eguarbitza, Akondia, Abanzabalegi o Gorosta-erreka.
Desconozco si queda algún ejemplar original de 1944 (hay una referencia al respecto en la biblioteca de KM Kulturunea). El de la fotografía corresponde a la edición de 1957.
Hirurogeita bost
Arrate Eguna igandez izan zen 1963an. Biharamunean, irailaren 9an, astelehenez, lanean hasi nintzen estreinako. Hamazpi urte besterik ez nituen, hurrengo astean noiz hamazortzi kunplituko irrikaz zain. Hamazortzi ez ziren gero artalak. Zenbait hilabete geroago ekin nion Zeruko Argian idazteari, Eibarko berriemailearenak egiten. Garai hartan non-nahi nintzen gazteena. Orain, ostera, non-nahi naiz zaharrenetakoa, lanean bai behintzat. Inguru honetan ere… hor nonbait.
Olaetanean aritzeagatik Pavlovo deitzen zidaten lagunen artean bazen bat beti kexu zena, XXI. mendea iritsi ordurako aguretuko zelako. XXI. mendea sekulakoa izango omen zen modernitatez, teknologiaz, denetariko aurrerapenez, eta bera, aldiz, garai berriek erakarriko zituzten aldaketez baliatzeko baino dezente zaharrago. Geroztik berrogeita hamar urte joan dira eta elkar ikusten dugun bakoitzean adarra jotze aldera galdetu izaten diot: “Ze, behingoz aguretu al haiz?” Baina ez dit orain arte inoiz baiezkorik erantzun.
Adinak ez nau sekula askorik ukitu. Ez onerako eta ez txarrerako, 1985eko irailean berrogei urte kunplitu nituenean edo izan ezik. Berrogeiko krisialdia, nonbait. ETBren zuzendaritza modu txarrenean utzi behar izan nuen, INEMn apuntatu eta neska-mutikoak baino ez ziren hiru seme-alabez ordurarte baino gehiago arduratu. Erabateko danbatekoa izan zen. Egun batetik bestera telefonoa mututu zen, ikustezina bihurtu nintzen eta izurriteak jota bezain alboratua sentitu nuen neure burua. Bezperan denok nahi ninduten, biharamuneko kalegorrian, berriz, isilunea, basamortua, hutsaren hurrengoa. Oraindik ere gogoan ditut une hartan ze moduz nengoen galdetzeko deitu zidaten bi adiskideak eta propio bere laguntza eskaini zidan hirugarrena. Hiru baino ez. Hirurak bizi dira.
Orduandik beste hogeita bost urte joan dira. Hirurogeita bost urte bete ditudala eta, Europa osoak eztabaida latzean diharduen honetan, ezer berezirik egin behar ote dudan galdezka deitu dut gizarte-segurantzara. Ezetz erantzun didate, jubilatzea erabakitzen dudanean berriro deitzeko. Bapo, ba... deituko dizuet. Baina ez bihar, ez etzi eta, behar bada, ezta etzidamu ere. Jubilatu? Zer egiteko?
Derrigorrez jubilatu nahi nautenak Untzagako Kerizpe elkartekoak dira. Telefonoz deitu didate beste barik esateko hemendik aurrera ez naizela bazkide arrunta izango, ohorezkoa baizik; ez dudala aurrerantzean hilerokorik ordaindu behar izango baina nere akzioa semeren edo suhinen baten mesedetan utzi beharko dudala. Nonbait, nere ohorearen truke, bazkide gazte eta kontsumitzaileak nahi dituzte. Ez didate, ordea, alabarik aipatu.
Aittittak 65 urte egin dituen honetan, Jon Aranberri jaio da bart. Zerbait eskatzekotan, bere ezkontza-egunean “zorionak Jon“ esan ahal izatea eskatuko nuke. Ordurako pentsioena konponbidean egongo omen da.
Lau kilotik gorako morroskoa
Agur Maritxu
Arrate Egunean hil zen, Buenos Airesen, Maritxu Aranberri Villabella. 98 urte zituen eta 70 baino gehiago zeramatzan Argentina bertan. Euskaraz zein gaztelaniaz hitzegiten jarraitzen zuen sekula Eibartik atera izan ez balitz bezala. Nolabait esateko, hizkuntza batean zein bestean, gaur egungo eibartarrak baino eibartarrago.
Nik baino ia 34 urte gehiago izan arren (azaroan 99 egingo zituen), lehengusina propioa nuen Maritxu. Gu bion aitonak, Domingo Aranberri "Bitor Txiki" (1843-1931) armagin elgoibartarrak, 18 seme-alaba izan zituen eta Maritxuren aita --Gregorio, nere aita besoetakoa— semerik zaharrenetakoa izan zen artean, nere aita –Luis--, berriz, denetarik gazteena, hamazortzigarrena alegia. Horra zergatik Maritxuk eta biok bi belaunaldi ezberdinetakoak ematen genuen.
Gogoan dudanez seme-alabok 1960ko hamarkadan etorri ziren, estreinako, amets zuten Euskadira. Gaztetxoa nintzen arren susmoa dut ez zitzaiela hemen aurkitu zuten giroa lar gustatu. Edo ez zela behintzat Koldo eta Maritxu gurasoei beti entzun izan zien bezain gozoa, gogotsua eta euskalduna. Hain zuzen, nahiz eta besterik itxaro, euskaraz beraiek baino dezente gutxiago zekiten lehengusu-lehengusina eibartarrak ezagutzeko aukera etsigarria izan zuten: “Es que… ya sabéis… con Franco…”. – “¿Franco? Pero si nosotros hemos tenido que aprender con Perón!”.
Nahiz-eta ama eta seme-alabak hegoaldera etorri, Luis Ormaetxea aitak ez zuen garai hartan sartzerik izan eta Hendaian geratu behar izan zuen. Nere aita zenak berarekin eraman ninduen mugaz beste aldera eta hantxe ezagutu nituen bai komandantea bera eta baita Toribio Etxebarria ere.
Azkenengo bider 1992an izan genuen Maritxu Eibarren baina nik 2003ko azaroan agurtzeko aukera izan nuen. Sao Pauloraino joan behar izan nuen lan-kontuengatik eta aukera hurbil hartaz baliatu nintzen Maritxuri bisita egiteko. Ordurako 92 urte izan arren sasoiko zegoen, jarduntsu, pozarren, gauzak txukun samar egin izan dituenaren lasaitasunaz. Bertan jaiotako hiru belaunaldien amandria euskalduna zen eta bere altzo-inguruan biltzen zituen elkarren arteko ardatzik sendoenak eta behinenak. Hamahiru biloba zituen eta bederatzi birbiloba.
Begoña alabarik gazteenak telefonoz esan didanez, hil zen egunerarte ez zuen konorterik galdu. Azkenengo unerarte argi, alai, lasai, buruaren jabe, Eibarko ipi-apa guztiak bertan jarraituko balu bezala aipatuz, kontatuz eta gozatuz.
Agur Maritxu, eta zorionak neska. 98 urteren bueltan Arrate Egunian hiltzen asmatzen dauan eibartarra ez don gero edozein.
Maritxu Aranberri, Argentinan jaiotako bilobekin








