Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lasaitu ederra!

Lasaitu ederra!

Amatiño 2010/09/21 00:05
Oraingoan jakin dut, Atxagari esker, arazoa ez dela euskararena, ez euskal idazleena, ezta euskal literaturarena ere. Arazoa nirea dela. Tira, eskerrak gero nire --eta nilakoen-- arazoa baino ez den. Beti ere lasaigarri baita jakitea euskara, euskal idazleak eta euskal literatura ni gabe ere biziko direna. Erantzukizun bat gutxiago, beraz.

“En verano, suelo mirar qué es lo que leerán nuestros políticos y da igual que sean abertzales o no, de un palo o de otro, ninguno cita un libro en euskera” –Bernardo Atxagak esana, Noticias taldeko egunkarietan egindako elkarrizketan.

Atxagaren argudioa ez da erabat berria. Lehendanik ere entzun izan dut horren antzekorik. Duela hiruzpalau urte, Bilboko Bidebarrietako hitzaldi batetik ateratzen ari nintzela, erdipurdiko euskal idazle bat hurreratu zitzaidan eta lotsa handirik gabe bota: “Zure jefea ez dut era honetako hitzaldietan inoiz ikusi”.

Oso oker ez banago Aitor Mazo aktoreak ere beste honelako zerbait salatu zuen orain dela zenbait urte Donostiako egunkariren batek egin zion elkarrizketan, gutxi gora behera: “Nunca he visto a un político sentado entre el público de una obra de teatro”.

Ez dut nik bat bera ere zalantzan jarriko. Ziurrenik Aitor Mazok arrazoi osoa du, Bernardo Atxagak duen moduan eta niri aurrez aurre kontuak eskatu zizkidan idazleak zuen bezalaxe. Hala ere…

Hala ere, nik neuk ere esango nuke ez dudala sekula santa euskal idazlerik edo aktorerik ikusi ez nire ezein jeferen ezelango hitzalditan, ez han-hemenka ekonomiaz, ikerkuntzaz, historiaz edo politikaz antolatu ohi diren hainbatean. Ezta ezein idazleri edo aktoreri  inoiz entzun ere, udako irakurgaietan edo ohe ondoko liburuen artean ingurumenaz, teknologiaz, energiaz edo paleontologiaz batere alerik dutenik. Eta?

Noticias taldeko egunkariek egindako elkarrizketa berean Ander Egiluz Beramendi kazetariak galdetzen dio Bernardo Atxagari: “¿Cómo ve la literatura euskaldun?" Eta asteasuarrak erantzun: “Responderé intencionadamente: quienes escriben en la revista Erlea lo hacen muy bien. Pero no sé cual es la situación general. Y no lo digo para que la gente descanse de mi opinión, sino para que la gente compre Erlea. A mí me importa un bledo cómo se sienta la gente respecto del euskera, eso es su problema”.

Bapo. Ni Erlea aldizkariaren erosle eta irakurle naiz. Eta benetan uste dut produktu ona dela. Horretara, susmagarria ez naizelakoan, zilegi bekit esatea ez dudala nire eguneroko senide, adiskide eta lankideen artean inor ezagutzen –jeferen bat edo beste izan ezik, hain zuzen ere--  Erlea zertaz denik ere esan lezakeenik. Hala ere, “arazoa eurena baino ez baldin bada”, gaitzerdi, ez gaitezen gero batere arduratu, are gutxiago aztoratu, zer esanik ez berotu.

Ez dakit nik inor mindu gabe nola esan baina niri, esaterako, ez zait  fikzioa lar gustatzen; askoz ere gustukoago ditut saiakera, azterketa, historia edo zabalkundea. Eta ez dut uste horregatik lotsatu behar dudanik. Euskal literaturaren alorrean benetan kostatu egiten zait fikzio entretenigarririk aurkitzea eta, fikziorik ezean, ba…

Hala ere, oraingoan jakin dut, Atxagari esker, hori nire arazoa besterik ez dela. Ez dela ez euskararen, ez euskal idazleen eta ez euskal literaturaren arazoa. Tira, eskerrak gero nire --eta nilakoen-- arazoa baino ez den. Beti ere baregarri baita jakitea euskara, euskal idazleak eta euskal literatura ni gabe ere biziko direna. Erantzukizun bat gutxiago, beraz. Puff... lasaitu ederra!

 abeja-en-ojo

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: