Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Liburudendara birritan joan beharra

Liburudendara birritan joan beharra

Amatiño 2010/09/30 00:05
Behar bada ni txorimalo samarra naiz, baina komunikabideetan aurkeztearekin batera dendatara iristen ez diren liburuei nik boikota egin izaten diet. Nik ez dut aurkeztu berri den liburua erosteko denda berberera birritan joan beharrik.

Politikariei leporatu izaten zaie amaitu gabeko lanak aurkeztu nahi izana. Kritika hau kazetari eta idazle munduaren bitartekotzaz egin ohi zaie gehienbat. Hala ere, zozoak beleari ipurbeltz.

Nik ez dut inoren etxe barruko daturik zehatz-mehatz ezagutzen baina, inork galdetuko balit, esango nuke esan oso ohikoa dela euskal argitaletxeen artean, liburu berrien jendaurreko aurkezpena egitea aleak moldiztegitik atera eta liburudendaz liburudenda zabaldu aurretik. Hau da, aurkeztu eta komunikabideetan jakitera ematen denetik liburuak kaleratu arte, edozenbat egun pasatu izaten direla.

Eskarmentuz dakit hau sarri gertatzen dela, ez dakit ostera zergatik. Ez dakit liburu-aurkezpen egunerako ale bakar batzuk baino amaitzen ez dituztelako ote den, edo argitaletxeen komunikatzaileek eta banatzaileek erritmo ezberdinak dituzten, baina bion artean osatzen duten kudeaketa ez da, ene iritziz, inondik ere ona. Hainbatek erantzungo dit ez dagoela honen zazpikia izan beharrik; gauzak lasaixeago hartu behar direla; zabalkundeak denbora behar duela; astebete beranduago erosteak ez dakarrela kalterik… Eta arrazoi izan dezake…

Baina, hain zuzen ere, emandako arrazoi guztiak zentzuzkoak direnez gero, zilegi bekit galdetzea ze presa dagoen argitalpen osoa bota aurretik ale apur batzuk komunikabideei azaltzeko, edota zabalkundea  amaitu baino lehenago aurkezpena harrapataka egiteko. Alegia, honen zazpikia izan beharrik ez dagoenez gero, gauzak lasaixeago hartzea komenigarri bada eta astebete beranduago saltzeak kalterik ez badakar, zergatik ez aurkezpena astebete geroago egin?

Behar bada ni txorimalo samarra naiz, baina komunikabideetan aurkeztearekin  batera dendatara iristen ez diren liburuei nik boikota egin izaten diet. Nik ez dut aurkeztu berri den liburua erosteko denda berberera birritan joan beharrik.

                           

 

Oier A.
Oier A. dio:
2010/09/30 11:15

Nik ez nuke esango boikot aktiboa egiten diedanik, baina horrelakoak pasatzen zaizkidan kasu gehienetan lehenengo ahaleginak kale egin ondoren ez da bigarrenik izaten, eta ahaztuta edo berotasuna galduta, ba ez dut erosten. Beraz, saltzaileak jakingo du zertan ari den... Eta bai, zentzubakoa eta amorragarria da.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/10/02 18:55

Gaur, Donostian, ondo hornitutako liburudenda horietako batean, "Ia denaren historia labur bat" (A Short History of Nearly Everything - Bill Bryson) delakoa ikusi dut, Elhuyar Fundazioak 2009an argitara emana. Kontua da, ordea, nik uda aurretik erosi nuela, liburudenda berberean, "Una breve historia de casi todo" alea, 2010eko maiatzeko edizioa.

Ez dut gaur arte jakin euskarazko argitalpenik zegoenik ere. Beraz, ni bekatari. Baina, ni bakarrik?

Mikel Liz.
Mikel Liz. dio:
2010/09/30 16:55

Zuekin bat nator, hala ere, aspaldian Internet bidez erosten ditut neuk liburuak. Liburudenda polit batetik gertu biziko banintz, ba joango nintzateke... Eibarren egonda...

Amatiño
Amatiño dio:
2010/10/01 00:17

Ni Deban bizi naiz (Urteberritik, gainera, bertan erroldatua), eta ez diot bertako liburudendari titulu guztiak eukitzea eskatzen. Ezina litzateke. Gaur ere bertan egon naiz liburu bat eskatzen (Leire Narbaizaren zerrendatik hautatua), esan didate astearterako ekarriko didatela eta neretzat aski da.

Hala ere, nik libururik gehienak Bilbon zein Donostian erosi izaten ditut, ondo hornitutako liburudendetan, nere ustez publizitatutako euskal nobedadeak izan beharko lituzketenetan. Eta libururen bat edo beste falta izanak ez nau amorratzen, beste honek baino: dendariak ordenagailuan begiratzeak eta... "ez, hori ez dugu zerrendan... aurkeztu berria al da..? Orduan laster helduko da... ale bat gordetzea nahi al duzu?"

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: