Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ikatzaren etorkizun beltza

Ikatzaren etorkizun beltza

Amatiño 2010/09/27 00:05
Komunikabideetan etenik gabe jakiten ari gara ikatz-meategietako langileen egoera latzaren berri. Zenbaitetan lan-gatazka arrunta ematen duen arren, funtsean energia-sistemak bizi duen hil ala biziko erronken ondorioa baino ez da. Ikatzak gero eta leku gutxiago du energia-kontsumoaren tartan.

Orain dela sei urte Espainiako argindarra ekoizteko erabiltzen ziren lehengaien %32 ikatza zen. Iaz, aldiz, %14 baino ez, nahiz eta azken bost urte horietan argindarraren eskabidea %6,5 gehitu.

Baina benetako egoera datu horiek aditzera ematen dutena baino larriagoa da, ikatz-kontsumo horretatik gero eta murritzagoa da-eta ikatz espainiarra (%35) eta gero eta handiagoa, aldiz, atzerrikoa (%65).

Arrazoia bikoitza da: batetik, espainiar esku-lana Hego Afrikakoa edo Indonesiakoa baino dezente garestiagoa da eta horrez gainera, bestetik, espainiar ikatz-mota nabarmen eskasagoa kalitatez. Eta hau guztia gutxi bailitzan, ikatza da gaur egun energiarik kutsakorrena.

Abian dauden egitasmoak beteko badira, Europako Batasunak ezelango laguntza publikorik ematea debekatuko du seguru asko  2014tik aurrera. Bitartean, ordea, Espainiako Gobernua gertu omen dago 1.800 milioi euro bezainbateko laguntzak emateko.

Hala ere, dirulaguntza publikoak ematearen aldeko erabaki honen aurka helegitea aurkeztuko dute Iberdrolak zein Gas Natural-Fenosak, eta gas-sektorearen jarrerarekin bat egingo du Lehiakortasunerako Batzorde Nazionalak, laguntza horiek merkatuaren oreka hankaz gora jarriko dutelakoan.

Adituen ustez, laguntza publikoak inondik ere onargarri ez direnen arren, txarrenean ulergarri omen dira energia berriztagarrien kasuan, etorkizuneko energia-motak sustatzeak beti ere zentzurik izan dezakeelakoan. Baina ez omen du, ordea,  ez buru eta ez hanka energia-motarik zaharkituenak eta kutsakorrenak diru publikoz babesteak.

Bitartean, 6.000 lagile inguru dira laguntza eske, zor zaizkienak noiz kobratuko, eta aurrera begira kolokan ikusten dituzten lanpostuak nork segurtatuko. Zenbaiten ustez, ezinbestekoa omen da ukaezinak diren giza-premiei erantzutea; baina beste zenbaiten ustez, ordea, hobe omen litzateke diru-laguntza horiek etorkizun hoberik duten langintza  eta egitasmo berritan xahutzea.
Ikatzaren etorkizun beltza

Amatiño
Amatiño dio:
2010/10/04 01:51

Zuk diozu: "Kasu honetan, adibidez, diru-laguntzak lanik gabe geratuko direnek bere burua presta dezaten eman beharko lirateke, giza kapitala handitzen, alegia; eta hori, ez litzateke, inolaz ere, dirua xahutzea izango".

Bai, baina eztabaida ez dago horretan. Eztabaida da diru-laguntza horiek eman behar ote zaizkien nahiz eta lanik gabe geratuko direnek euren burua prestatzeko asmorik (ezta askok adinik ere) ez izan eta, beraz, giza kapitala handitu ez.

Eta nik uste dut, printzipioz behintzat, baietz. Horri "xahutu" deitu behar ote zaion ez dakit.

Joxemi
Joxemi dio:
2010/10/03 18:16

Ados nago, erabat artikuluan diozunarekin, ikatza ustiatzea ezin da diruz lagundu. Ez, ordea, bukaera aldeko diru-laguntzetan dirua gastatzeari dirua xahutzea deitzearekin. Zer ulertu behar dugu? Subprime hipotekak mozorroturik saltzeko maula asmatu zuten bankuei eragindako txikizioa konpontzen diruz laguntzea dirua inbertitzea dela eta krisia sortu ez dutenei diru (kopuru) berbera ematea dirua xahutzea dela? Kasu honetan, adibidez, diru-laguntzak lanik gabe geratuko direnek bere burua presta dezaten eman beharko lirateke, giza kapitala handitzen, alegia; eta hori, ez litzateke, inolaz ere, dirua xahutzea izango.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: