Hirurogeita bost
Olaetanean aritzeagatik Pavlovo deitzen zidaten lagunen artean bazen bat beti kexu zena, XXI. mendea iritsi ordurako aguretuko zelako. XXI. mendea sekulakoa izango omen zen modernitatez, teknologiaz, denetariko aurrerapenez, eta bera, aldiz, garai berriek erakarriko zituzten aldaketez baliatzeko baino dezente zaharrago. Geroztik berrogeita hamar urte joan dira eta elkar ikusten dugun bakoitzean adarra jotze aldera galdetu izaten diot: “Ze, behingoz aguretu al haiz?” Baina ez dit orain arte inoiz baiezkorik erantzun.
Adinak ez nau sekula askorik ukitu. Ez onerako eta ez txarrerako, 1985eko irailean berrogei urte kunplitu nituenean edo izan ezik. Berrogeiko krisialdia, nonbait. ETBren zuzendaritza modu txarrenean utzi behar izan nuen, INEMn apuntatu eta neska-mutikoak baino ez ziren hiru seme-alabez ordurarte baino gehiago arduratu. Erabateko danbatekoa izan zen. Egun batetik bestera telefonoa mututu zen, ikustezina bihurtu nintzen eta izurriteak jota bezain alboratua sentitu nuen neure burua. Bezperan denok nahi ninduten, biharamuneko kalegorrian, berriz, isilunea, basamortua, hutsaren hurrengoa. Oraindik ere gogoan ditut une hartan ze moduz nengoen galdetzeko deitu zidaten bi adiskideak eta propio bere laguntza eskaini zidan hirugarrena. Hiru baino ez. Hirurak bizi dira.
Orduandik beste hogeita bost urte joan dira. Hirurogeita bost urte bete ditudala eta, Europa osoak eztabaida latzean diharduen honetan, ezer berezirik egin behar ote dudan galdezka deitu dut gizarte-segurantzara. Ezetz erantzun didate, jubilatzea erabakitzen dudanean berriro deitzeko. Bapo, ba... deituko dizuet. Baina ez bihar, ez etzi eta, behar bada, ezta etzidamu ere. Jubilatu? Zer egiteko?
Derrigorrez jubilatu nahi nautenak Untzagako Kerizpe elkartekoak dira. Telefonoz deitu didate beste barik esateko hemendik aurrera ez naizela bazkide arrunta izango, ohorezkoa baizik; ez dudala aurrerantzean hilerokorik ordaindu behar izango baina nere akzioa semeren edo suhinen baten mesedetan utzi beharko dudala. Nonbait, nere ohorearen truke, bazkide gazte eta kontsumitzaileak nahi dituzte. Ez didate, ordea, alabarik aipatu.
Aittittak 65 urte egin dituen honetan, Jon Aranberri jaio da bart. Zerbait eskatzekotan, bere ezkontza-egunean “zorionak Jon“ esan ahal izatea eskatuko nuke. Ordurako pentsioena konponbidean egongo omen da.
Lau kilotik gorako morroskoa
zorionak, ba! Eta ez behin, birrittan baizik! Eta ongietorri Jon txikixari!