Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zinemaldian txartel, Eibarren “charttel”

Zinemaldian txartel, Eibarren “charttel”

Amatiño 2010/09/25 16:05
“Teoría de la conspiración: En realidad, los seres avistados con txartelas al cuello no tendrían nada que ver con el Festival. Seguiremos informado” (LA PARADOJA DEL ACREDITADO. Mikel G. Gurpegui. El Diario Vasco, 2010.09.23).

Ez dakit zenbateraino arrunta den txartel hitza, gaztelaniaz, Donostiako erdal giroan. Zinemaldiaren kroniketan Mikel Gurpegi adiskideak erabili izanak erakusten digu baietz, Donostiako giro glamurtsuan aski ezaguna dela, ez duela inork ulertu dezan azalpenik behar.

Izatez, M. Gema Torres Garoña ikertzaileak txartel hitza bildu zuen bere “Interferencias léxicas vasco-románicas en el castellano de San Sebastián” (Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urkijo”. ASJU, XXVII-2, 1993) delako hiztegitxoan  eta, hain zuzen ere, adibide gisa, Donostiako egunkari berberetik jasotako titularra aipatu: “Cuando a D. Iñaxio le pedían la txartela para entrar “ (DV: 1988.10.27).

Donostian ezezik, Eibarren ere guztiz arrunta da txartel  hitza, euskaraz zein erdaraz, nahiz eta nik  gaztetan uste izan –elizaren urtean behingo pazko-betekizunak kasu-- garbizalekeriari zeriona baino ez zela. Gero jakin nuen, ordea, txartela ez dela inondik ere hitz berria, Azkueren (Bilbao, 1906) nahiz Lhanderen (Paris, 1926) hiztegietan agertzen denez gero eta baita Larramendirenean (Donostia, 1745) ere.

Baina, behar bada, aurkikuntzarik nabarmenena, Gotzon Iparragirre historialariak egiten du (Debarroko oasi liberala. Bilbo, 2008), Eibarko udalkideen hautaketaren 1769ko akta biltzerakoan honako testu honen berri jasotzen duenean, Larramendiren (1690-1766) garai berean hain zuzen ere: … haviendo pasado a esta dicha sala en ella y sobre la mesa del Aiunttamientos se hallava una jarra de plata y en ella puso dicho sr. Alcalde los suios y por consiguientte los demas, y haviendolos rebuelto en el y derribado al suelo alternatibe los lebanto un tierno muchacho y dezian asi: Señores Alcaldes. El primer charttel decia…”. Gurean gaztelaniaz aspalditxodanik erabili izan den euskal hitza, beraz.

Zinemaldia

 Latina

Joan Coromines filolologoari (Diccionario Crítico Etimológico Castellano e Hispánico. Madrid, 1980) jaramonik egingo badiogu, gaztelaniazko cartel moldea jatorrizko cartapapel hitzaren laburpena edo omen da. Eta carta, berriz, latineko charta-tik eratorria. Hain zuzen ere, frantsesez charte da, nahiz eta italieraz, katalanez edo okzitanoz carta izan. Beraz, euskarazko txartela hibrido samarra da nonbait. Hau da, gaztelaniazko cartel moldearen kalkoa, bai, baina latinezko charta-ren (gure) oguzkerari eutsi izan diona.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: