Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2010 Ekaina

Artxiboa Ekaina 2010

Ez da erritmo-kontua

Harako ezker abertzaleak erabaki omen du indar-bidea uxatu eta aurrerantzean hildo demokratikotik abiatzea. Horretarako denbora behar omen du eta dagozkion erritmoak errespetatu diezaizkiogun eskatzen digu. Ulergarri litzateke eskabidea, lur hartze horretan Batasunaren mundua euskal gizartea baino hiruzpalau hilabete beranduago balebil, baina badirudi atzerapena dezente handiagoa dela.

Duela 36 urte, 1974an, ETA(m)k euskal gizartearen salbatzailetzat izendatu zuen bere burua, hiru urte geroago ez zuen Txibertako bileran alderdi abertzaleen erronka demokratikorik onartu, euskal hiritarrik gehienen aurka burruka armatuaren aldeko apostua egin zuen, geroztikako tren guztiak galdu eta, oraintsuago, Lizarrako zein Loiolako zubigintzak hautsi. 

Auskalo zer azaldu behar ote dien orain bere jarraitzaileei egoeraz jabetu daitezen, baina ez behintzat gainontzekoengana etorri historia berridatzi nahirik. Ez da hiruzpalau hilabeteko erritmo atzeratua, hiruzpalau hamarkadako zoramenaren porrota baizik.

Ez da erritmo-kontua, ideologia-kontua baino. Ez da aski esatea burruka armatuak ez duela “orain” balio. Onartu ere onartu behar da ez dela inondik ere zilegi armaz lortu nahi izatea hauteskundez hauteskunde galtzaile ateratzen den aldarri politikoa. Giza-eskubideak gizakien eskubideak dira, ez lurraldeenak.

 

Amatiño 2010/06/30

Planto egiteko aukera galdu

Etenik gabeko jarduna da gero Munduko Futbol-Txapelketa dela-eta igande arratsaldeko bi partidetan gertatua. Alemania eta Ingalaterraren artekoan erreferiak ez zuen goltzat jo ate-barruan nabarmen sartu zen baloia eta, Argentina eta Mexikoren artekoan, aldiz, epaileek ez zuten nonbait ikusi 210 herrialdetako ehundaka milioi lagunok telebistaz ikusi ahal izan genuen jokoz kanpoko jokaldia. Harrezkero erabat suspertu da futbolean ere gutxieneko teknologia-baliabideak ezarri beharra.

Ni ez ninduen ordea Johannesburgoko teknologiarik ezak harritu, Mexikoko jokalarien etsipenak eta erreakzio faltak baizik. Eta ez naiz kirol-erreakzioaz ari, protesta-erreakzioaz baino. Nik ordenakotzat dut neure burua baino ez dut uste estadioaren monitorean golaren zilegitasunik eza horren garbi bertatik bertara ikusterik eduki izan banu Mexikoko jokalariek bezain geldo eta otsein geratuko nintzatekeenik.

                                                  

 Ondo dago, bai, beste zenbait kiroletan (saskibaloian, hockeyan, beisbolean, rugbyan, tenisean edo Formula 1an,  esaterako) honez gero erabiltzen den teknologia aldarrikatzea, baina auskalo ez ote litzaigukeen zilegi mexikarrei ere amorru apurtxo bat gehiago eskatzerik.

Seguruenik ez du batere zentzurik 32 kameradun telebista-sistemaren baliabideei muzin egitea, eta izugarria da gero mundu guztiko milioika ikusentzuleren aurrean horrelako erridikulurik egitea, baina nago ez ote zuten mexikarrek sekulako aukera galdu mundu guztiaren aurrean ere euren interesak defenditzeko.

Izan ere, zer gertatu ote zitekeen jokalari guztiek –erreferiarekin alferrik eztabaidatu beharrean— zelai erdian eseri izan balira eta, besoak luzatuz, atzamarrez monitorea erakutsi izan baliote? Zer gertatu ote zitekeen isilik-misilik planto egin izan balute? Estadioko monitore-irudiak tarteko, ez dut uste arbitroa partida mozten ausartuko zenik.  Mundu guztiko telebista-irudiak lekuko, nekez gero FIFAk Mexiko zigortu ahal izango.

Gerrak (eta grebak) ahalik eta gutxien egin behar dira. Eta, egitekotan, zer irabazi dagoenean batez ere.

 

 

Amatiño 2010/06/28

La revolución común de Toribio Echevarria y Winston Churchill

No consta que Toribio Echevarria y Winston Churchill llegaran a conocerse. Probablemente más de uno pensará que difícilmente podrían haber tenido algún punto de coincidencia. Sin embargo, en términos históricos, ambos nacieron en la Europa del último cuarto del siglo XIX y murieron en la década de 1960; ambos conocieron de una u otra forma las dos primeras guerras mundiales y ambos dos vivieron muy de cerca la implantación en Occidente de las energías fósiles en general y del petróleo en particular.

Es más, cuando Toribio y Winston nacieron, prácticamente el 90% de las fuentes de energía procedía de la madera y el carbón, y cuando ellos murieron la demanda del petróleo era ya superior al consumo conjunto de la madera y el carbón. Y, en esta revolución energética sin precedentes en la historia, ni uno ni otro se conformó con el papel de mero observador, sino que trabajaron cada uno por su lado en la consolidación del petróleo en el mercado energético de Occidente y en la imperiosa necesidad de asegurar el suministro de combustible para así garantizar la soberanía de sus respectivos gobiernos.

                            irudia

Evolución de las fuentes de energia durante el siglo XX. Suben exponencialmente petróleo y gas, bajan carbón y madera, crece la energía hidraúlica (en términos absolutos) y aparece la nuclear en el último cuarto de siglo.

La historia moderna del petróleo había comenzado justo unas décadas antes de que nacieran Toribio Echevarria y Winston Churchill. Concretamente, fue en 1859 cuando Edwin Drake perforó el primer pozo de extracción en Titusville (Pennsylvania). El personal pronto se percató de que aquél líquido viscoso y negro, que salía de la tierra y apenas servía para nada, podía ser extremadamente útil si se destilaba. Es decir, si se calentaba hasta que hirviera y se enfriaban sus distintos compuestos por separado. Uno de aquellos compuestos, llamado keroseno, se empezó a utilizar para encender las lámparas y, paradojas de la vida, resultó ser más barato y asequible (ahora diríamos “sostenible”) que el aceite de ballena.

Pero el histórico punto de inflexión lo dio Winston Churchill cuando, como Primer Almirante de la Marina Real Británica, decidió en 1911 sustituir el carbón por el petróleo en la alimentación de la Royal  Navy, auténtico bastión del Imperio Británico. Obviamente, un reconocido estratega como Churchill no tomo una decisión de ese calibre a la ligera. Previamente, como ministro para la Colonias, se había asegurado los derechos sobre los campos petrolíferos de Mesopotamia y constituido, en 1908, la Anglo Persian Oil Company, la primera compañía dirigida a la explotación del petróleo de Oriente Medio.

Toribio Echevarria no tuvo necesidad de fundar ninguna empresa energética. Su afinidad ideológica con Indalecio Prieto –y la confianza que éste tenía en el eibarrés— hicieron que Toribio llegara en la década de los treinta a dirigir los designios de la petrolera española Campsa (Compañía Arrendataria del Monopolio de Petróleos Sociedad Anónima), además de representarla en negociaciones estratégicas de gran calado. Fue por aquel tiempo cuando los Estados vislumbraron la importancia de garantizar el suministro de combustible para así asegurar la soberanía nacional,  y uno de los más importantes cometidos de Toribio Echevarria fue la negociación con el Sindicato de la Nafta de la Unión Soviética.

Toribio Echevarria y Winston Churchill fueron, cada uno con sus circunstancias, hijos de la época que les tocó vivir. En términos energéticos, probablemente no hubieran podido hacer nada de lo que hicieron si hubieran nacido un siglo antes o un siglo después. Pero les tocó de lleno la implantación inicial de la revolución histórica del petróleo. Y desde posiciones ideológicas y culturales bien distintas coincidieron, sin apenas saberlo, en coyunturas muy parecidas.

        

 EIBAR herriaren arima. Núm. 96

 

 

 

Amatiño 2010/06/28

Energia-kontsumoa 2050 urtean

Energiaren esparruko eztabaidaren baitan bi tentaldi nagusitu ohi dira. Bata, utopikoa edo, gozoago esanez, borondatetsua. Bestea praktikoa edo etsigarria. Baina, zein nahi delarik energia-iturria, garrantzitsuenetakoa kontsumoa murriztea da.

 Jarrera utopikoaren arabera, iraunkortasuna energia berriztagarrien hildotik etorriko dela aldarrikatzeaz gainera, beharrezko aldaketak berehalakoan jarri beharko omen lirateke indarrean. Jarrera etsigarriaren ustez, ordea, aldaketak, onenean ere, dezente astiro etorriko dira, mendebaldeko herrialdeetako ekonomiaren geldialdiak garapena erakarriko duen arren, indartzear dauden zenbait herrialde handiren (Brasil, Errusia, India eta Txina) hazkuntzak nekez ahalbideratuko baitu aldaketa nabarmenik.

           Kontsumoa murriztu beharra

Izan ere, 2008an Energiaren Nazioarteko Agentziak 2030erako iragarri zituen datuen arabera, energia-kontsumoaren argazkia ezer gutxi aldatzen zen. Egia da, bai, berriztagarrien ekoizpena ikaragarri gehituko dela ordurako kopuru absolutuetan, baina kontsumo osoa %45 gehituko litzatekeenez gero, energia fosilen ekoizpena ere nabarmen haziko litzateke eta, ondorioz, energia-banaketaren “gazta” ia berdintsu agertuko (ikus, marrazkian, 2006ko datuak eta alderatu 2030eko bi aukerekin, kontsumoa handia zein txikiagoa izan).

Energiaren Nazioarteko Agentziak haratago joan nahi izan du, ordea, eta 2050erako beste proiekzio pare bat egin, orain indarrean dauden politikei jarraituz gero (goiko zirkuluak) ala hartu daitezkeen erabakien arabera (behekoak), eta aldaketa batere nabarmenak izango ez liratekeen arren 2030 urterako, dezente handiak lirateke, ostera, hogei urte geroago.

Bada, gainera, erabat azpimarratu beharreko xehetasuna, 2050eko datuak alderatuz gero. Ikatz-kontsumoaren murrizketa nabarmena izan arren (%37 ala %15 izan), are nabarmenago da kontsumoa osoaren murrizketa, orain indarrean dauden politikei jarraituz gero 2050an kontsumo orokorra 23.441 Mtep izango litzatekeen artean, hartu daitezkeen erabakien arabera 17.386 Mtep izango litzateke-eta. Hau da, ia %26 murritzagoa.

Gero eta argiago dago energia-iturriak aldatzea bezain garrantzitsua dela kontsumoa murriztea. Eta murrizten ahalegindu behar hau denon eskutan dago.

Amatiño 2010/06/26

Enpresa-erantzukizuna eta merkatu iraunkorrak

Mila inguru enpresaburu bilduak dira egunotan New Yorken, enpresen inguru-erantzukizunaz jarduteko, merkatu iraunkorrak suspertzeko eta mundialtzearen onurak ahalik eta gehien banatzeko. Tartean, bat behintzat, euskalduna.

Asteazkenetik ostiralera bitartean bost kontinenteetako mila inguru enpresa New Yorken bilduak dira, duela hamar urte luze Davosko (Suitza) Munduko Ekonomia Foroak (World Economic Forum) proposatu zuen Nazio Batuen eta enpresa pribatuen arteko “Mundu Ituna” zertan den aztertzeko. Inondik ere enpresek dirua irabazteko duten zilegitasuna zalantzan jarri gabe, itun harek merkatu iraunkorren aldeko apostua egin zuen, gizarte-helburuak landu beharraz, balore eta hastapen etikoak suspertzeaz, eta tokian tokiko inguruaren arduraz eta enpresa-erantzukizunaz.

Laburbilduz, itunaren filosofia hiruzpalau ideia hauetan oinarritu izan da:

Bat. Kapitalismoa ez dago zalantzan baina beti ere eztabaidagarri da zein eratako kapitalismo-mota.

Bi. Ez dago merkatuak mundialtzen ari direna ukatzerik, baina ezta mundialtzearen onurak ahalik eta gehien barreiatu eta gizarte-premiei erantzuteko praktikak indarrean jarri beharra ere.

Hiru. Iraunkortasuna ez da ingurumenari soilik dagokion egitasmoa. Horrez gainera, behar-beharrezko da merkatu iraunkorrak ere sustatzea, irabazpide errazen azpitik eta espekulazio latzen gainetik.

Lau. Zilegi bezain premiazkoak zaizkie enpresei mozkinak, baina baita giza-eskubideak, lan-baldintzak zein ingurumen-arauak betetzea eta iruzurrari muzin egitea ere.

Baloredun merkatu iraunkorrak indarrean jartzea ez da, jakina, egun batetik bestera lortu ahal izango,  baina batere negozio-asmorik eta salmenta helbururik gabe mila enpresa hiru urtetik behin (2007an Genevan eta 2004an Sao Paulon) bildu izanak badu gero aparteko garrantzirik, komunikabideetan lar aipatu ez arren.

Eta, mila horien artean, enpresaburu bat euskalduna izatea ez da inondik ere gau erdiko ahuntzaren eztula. Are gehiago kontuan izanik euskaldunok, munduan, 10.000 biztanletatik bat baino ez garena.

Eta, gainera, eibartarra.

                                                  Ega Master en la cumbre del Pacto de Naciones Unidas

                              Aner Garmendia, Gasteizko EGA Master enpresaren zuzendari nagusia

 

Amatiño 2010/06/24

We want... bai ote?

Munduan, orain baino dezente biztanle gutxiago ginen garaietan, 20.000 inguru hizkuntza izan omen ziren. UNESCOk dioenez, gaur egun 6.700 besterik ez dira geratzen, erdiek hamar mila hiztun baino gutxiago dituzte eta nekez berma omen daiteke hizkuntzen biziraupena ehun mila hiztunen azpitik. Egoera honetan euskarak aurrera egingo badu zer egin ote dezakegun aztertu du Patxi Baztarrikak “Babeli gorazarre” (Alberdania, 2009) saiakeran.

BABELI GORAZARRE. Bizikidetzarako hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra izenburupeko saiakeraren 430 orrialdeetan bada gero zer hautatu baina, aukeran, lauzpabost ideia iruditzen zaizkit euskal merkatuan azpimarragarri (segurutik Babel o barbarie erdal bertsioaren irakurleari besterik lekioke egokiago)

Bat. Hizkuntza politika ezer baino lehen politika da. Alegia, substantiboa politika da.

Bi. Euskarak aurrera egingo badu, zer gerta ere, bakea, demokrazia, bizikidetza eta gizarte-kohesioa  behar izango ditu.

Hiru. Etorkizuna eleanitza da. Euskarari behar adina tokia emango bazaio ere, elebakartasunari uko egiteko garaia da.

Lau. Bitoriano Gandiagak (euskaraz jakin arren euskaraz mintzatzen ez denak ez digu uzten euskaraz egiten) zein Joxanton Artzek (hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik) aspalditxo aditzera eman zutenez, erabili ahal (can) izatetik erabili nahi (want) izatera jauzi egiteko ordua da.

Bost.  Etxeparek “euskara ialgi hadi plazara” esan zuen XVI. mendean. Behar bada, orain bizi izango balitz, zera esango luke: “euskara hator etxera”. 

 

                                               Patxi Baztarrika

Amatiño 2010/06/22

Mussolinik zapuztu zuen emaztea

Maitasuna, eskuzabaltasuna, sexu-erakarpena, kemena, zorakeria, megalomania, gorrotoa, bakardadea, bihozgabekeria, bortizkeria, saldukeria, etsipena, ezintasuna… Denetariko sentimenduak eta zirrarak sortarazten ditu “Vincere” film gogorrak. Ikustea merezi duten horietakoa.

Sight & Sound  zine-aldizkari ospetsuari jaramonik egingo badiogu Vincere (Marco Bellochio, 2009) da, Yo soy el amor (Luca Guadagnino, 2009) filmarekin batera, zine italiar berriaren adierazgarrienetakoa. Ez dakit filmok kategoria berean sartu ote daitezkeen baina ez behintzat zuzendariok hildo berri berean, Guadagninok 39 urte dituen artean Bellochiok 71 baititu honez gero. Dena den, aipatu film biak euskal karteldegian daude egunotan, zein baino zein ikusgarriagoak. Lehena, Milango goi-burgesiaren kritika; bigarrena, aldiz, indarrean dauden botereena, politika, eliza nahiz justiziarik eza izan.

Azken berrogeita bost urteotan hogeitaka film egin dituen arren, ez da gurean Marco Bellochio ezagunegia. Euskal aretoetan ikusi ahal izandako apurren artean gogoangarri orain hurrengoko Buenos días noche, blog honetan bertan duela ia bost urte aipatutakoa. Buongiorno, notte hartan Brigada Gorriak talde terroristak Aldo Moro Kristau Demokraziaren buruzagia 1978an bahitu eta erail zutenekoa bildu zuen oneski Bellochiok eta Vincere delako honetan, berriz, Benito Mussolinik  zapuztu omen zituen emaztearen zein semearen berri ematen du maisuki.

                                                    

                                                       Benito Albino semea eta Ida Dalser emaztea

                                       

Marco Bellochioren betidaniko konpromisu politikoa jakinekoa da, atxikimendu komunista 2006 arte eta sozialismoari itsatsia geroztik. Ageriko jarrera horretatik, Bellochiok gai gatazkatsuei ekiten daki eta egoera korapilotsuak ulertarazten. Benetan gatazkatsuak bezain korapilotsuak izan baitziren, ezer izatekotan, XX mendeko lehen hamarkadak, Mussolini buruzagi sozialistak Lehen Mundu Gerraren aldeko apostua egin zuenetik (1914), partisanoek Mussolini Duce faxista afusilatu zuten arte (1945).

Vincere filman zehar zuzendari beteranoak denetariko emozioak pantailan islatzen asmatzen du: maitasuna, eskuzabaltasuna, sexu-erakarpena, adorea, kemena, zorakeria, megalomania, gorrotoa, bakardadea, ankerkeria, bihozgabekeria, bortizkeria, saldukeria, etsipena, ezintasuna…

Era berean, sekulako abilezia erakusten du Bellochiok Mussolini gaztea (Filippo Timi) eta Mussolini diktadorea (artxibo irudiak) elkarren osagarri azaltzen, mundiala Giovanna Mezzogiorno aktoresa Ida Dalser emazte zapuztuarenak egiten, zirraragarriak zoroetxeko hainbat sekuentzia eta plano, ausartak bezain esanguratsuak behin eta berrizko  irudi kontrajarriak eta, beti ere, demasekoa gero musikaren indarra, opera-kutsu nabarmena lagun.                

                                                

                                           Benito Mussolini eta Ida Dalser, ezkontza-sekuentzian

Filma ederra, garratza, gogorra, krudela, salatzailea, iradokitzailea… amaieran Ida Dalserrek berak kamerari luzatzen dion begirada zorrotza bezain iradokitzailea.  

                                               

                                                              Franco eta Mussolini, elkarrekin

Addenda: Italiarren izakera dena delarik, Mussolini zein Berlusconi ereduak tarteko, bada Espainian Italiari iseka erraz samar egiteko tentaldia. Ahaztu egin ohi da, ordea, Mussolini tiroz hil zela 1945an eta Franco ohean, aldiz, hogeita hamar urte geroago. Eta ikusteke dugu zer gertatuko ote litzatekeen hemengo diktadoreari hangoari leporatutako emazte zapuzturik ezarriko balitzaio. Edota ohe gainean, biluzik, txortan egiten azaldu baino ez... nahiz eta "legezkoarekin" izan.

 

Amatiño 2010/06/20

Nola idatzi euskaraz

Nik gogoan dut oso noiz hasi nintzen latinez, frantsesez eta ingelesez ikasten. Normala gero. Behar bada ez da horren normala gogoan izatea noiz hasi nintzen gaztelaniaz ikasten, hitzegiten zein idazten. Ez naiz gogoratzen, ostera, noiz hasi ote nintzen euskaraz hitzegiten, ezta idazten ere. Maisurik izan ez banu moduan. Betidanik beneki bezala. Nola ikasi euskaraz idazten? Auskalo, hainbat modu izango da segurutik. Baina, lehen eta behingoz, idazten.

Gogorazio hauetan murgildu naiz, ia oharkabean, etxeko paper zaharren artean Nemesio Etxanizen ¿Nola idatzi euskeraz? (Itxaropena Argitaldaria. Zarautz, 1950) liburuxka eskutan hartu dudanean. Izan ere, oso oker ez banago bostpasei urte izango nituen nik ale hau gurean sartu zenean baina ez dut irakasgaitzat sekula erabili izan nuenik uste.

Gaztelaniari buruzkoetan, ordea, gogoan dut ezer gutxi nekiela erdaraz, Untzagako monjen “parbularixoetan” sartu ninduten aurrenengo egunean. Negar egin nuen eta Sor Rosa Maria erdaldun agintzaile amorratua eta zeharo zatarra begitandu zitzaidan.

Bart gauean gertatu bailitzan gogoan dut gure amaren laguntza etxerako ariketak egiten, ortografia zuzentzen eta erdal aditzak ikasten. Ez dut sekula ahaztuko zelan erakutsi zidan aditzak kokapenaren arabera bururatzen, alegia: Presente de indicativo, lehena, goian, ezkerraldean. Pretérito perfecto, aldamenean, goian, eskuinaldean. Pretérito imperfecto, bigarrena, behean, ezkerraldean, etab.

Gogoan ere gogoan dut Isasiko fraileetan, hamaika urte baino ez nituela, maisuak zuzendutakoa: “¡Aram-berri, no vuelva a olvidarlo: Aram-berri Mendizábal, siempre M antes de B y acento en las palabras llanas terminadas en consonante, excepto N o S. Que no tenga que recordárselo de nuevo!”.

Gogoan dut, hala ere, Arantzazuko Andre Mariaren Egutegia egunero etxean irakurri beharra eta sukaldean propio esekitako harbelean hitz berriak idatzi izana. Gogoan dut sakabanatu hitzarekin estreinako tope egin nuenean Olazabalgo (Antzuola) amandreari esandakoa: “Amama, ezetz jakin zer esangura daben sa-ka-ba-na-tu?”. Eta amama Segunda Leteren erantzuna: “Tira ume, ez dot ba jakingo…” Joño, amama ezjakina zelakoan eta… non ikasi ote zuen?

Gogoan dut hamasei urtez Oronotzeko ikastetxera “interno” joan nintzenean euskaraz idatzi izaten geniola elkarri aitak eta biok. Eta gogoan dut, berriz, hamazazpi urte edo nituela, trena hartuta estreinako joan nintzela Donostiara bertsotara eta tutik ulertu gabe lur jota etxeratu.

Dena den, hurrengo urtean ekin nion Zeruko Argia astekarian Eibarko berri-emailearenak egiteari, eta ez dut uste Miren Jone Azurtza zein Mikel Atxaga nagusiei inoiz zuzentze-lan handirik eman nienik.

Nola idatzi euskaraz? Auskalo, hainbat modu izango da segurutik. Baina, lehen eta behingoz, idazten.

                                             Zelan idatzi euskeraz 400

                                          Nemesio Etxanizen liburuxka

        Azalean bertan aditzera ematen duenez, liburuxka hau ez da idazten ikasteko metodoa, kartak, idazkiak edo gutunak burutzeko hainbat eredu-sorta baino. Nemesio Etxanizen helburua ez zen izan idazten ez zekienari irakastea, edozein euskaldun arruntek euskaraz idazteko besteko euskara dakiela erakustea baino, idazteko erdarara jo beharrik ez dagoela alegia.

       Horretarako, gutunak idazterakoan behar izaten diren hainbat hasiera eta bukaera-molde azaltzen ditu, nori zuzentzen zaionaren arabera, laguna, bikotea, nagusia, apaiza, agintaria, urlia, sandia zein berendia izan. Baita, hildo beretik, zenbait gutun-eduki proposatu eta legozkiekeen erantzunak eskaini ere. Horrez gainera, faktura-molderik eta eskelarik ere ez da falta, ezta agurtzeko, zoriontzeko, eskertzeko, opa izateko edota dolurik adierazteko esaldirik ere.

      Amaieran, eredugarri edo, Etxepare, Axular, Larramendi, Kardaberaz, Balendin Berriotxoa, Azkue, Mateo Urrestarazu gotzaina, Lizardi eta Orixeren zenbait gutun laburbiltzen ditu antologia gisa.

       Salneurria: 8,5 laurleko. Hau da, 0,05 €

Nemesio Etxaniz

Amatiño 2010/06/18

Tolstoi eta paparazzoak

“La última estación” (The Last Station, 2009) filma ez da Lev Nikolaievitx Tolstoi idazlearen biografia, hil aurreko zenbait barne-eztabaidaren pasartea baizik. Auskalo gero egia ote den, baina Michael Hoffman zuzendariak berak aditzera eman duenez, “nabarmenena ez da Tolstoiren historia ote den ala ez, historia polita izana baizik”. Beraz, hortik aurrera edozerk balio du.

Bai, Tolstoik eta bere garaiko Errusiak ikaragarrizko oinarria eskaintzen duten arren demaseko filma egin ahal izateko, zinematara heldu zaigun ondorioa pelikula komertziala baino ez da. Ez dut uste iritzi hau mespretxutzat hartu behar denik, laudoriotzat baizik, beti ere orekari eutsiz gero behintzat. Eta, behar bada, Michael Hoffman zuzendariak orekari eusten  asmatzen du, hil aurretik Tolstoik bere ondasun material eta irizpide ideologikoen artean izan zuen barne-eztabaida latza azaltzerakoan, baina ez dut uste batere asmatzen duenik garai hartako gizarte zibilaren berri ematerakoan.

Ez naiz ni XX. mendearen hasierako errusiar kazetaritzaz batere aditua, baina Michael Hoffmanek Tolstoiren gertakarien inguruan islatzen digun “paparazzo” andana ez da inondik ere sinesgarri. Eta ez, ordurako, kazetaritza mota horren aitzindaririk ez zelako mundu anglosaxoian, erabat ezina zitekeelako baino tsarren sistema absolutistaren baitan.

Llabur-llabur gogoratu baino ez Aleksandr II.a (1818-1881) asasinatua hil zela, Aleksandr III.a (1881-1894) ez zela sekula bere gaztelutik atera norbaitek erailgo ote zuen beldur eta Nikolai II.a (1894-1917), aita eta aitona baino dezente bihozberagoa izan arren, ez zela oinordetzan hartutako inperio autokratiko eta absolutista aldatzeko gauza izan. Hirurek sustatu zuten polizia-sistema, etengabeko salbuespen-egoera, agintekeria eta zentsurapeko gizarte hartan nekez gerta zitekeen La ultima estación filmak eskaintzen digun kazetari-giro mendebaldarra.

Adibide gisa baino ez, hirurogei urtetik gorako Sofia kondesa --Tolstoiren emaztea-- balkoitik eseki eta senarra kirikatzen azaltzea, kazetariak hogeita hamar metrotik eta egun argiz magnesioko flashaz argazkia ateratzen dion bitartean, behar bada aukera-maukeran legoke Buster Keatonen pelikula barregarrietan baina absurdo samarra Tolstoiren (sasi)biopic batean. Hori ez da ez historia, ez erreala, ez hurbila, ez sinesgarria, ez ezer. Hori adar jotzea da.

Zenbaitek esango du kazetari-ikuspegi hau partziala dela eta, txarrenean ere, hutsaren hurrengoa Tolstoiren bizitzaren barrena. Baina arazoa ez dagokio kazetaritzaren historiari, Errusiaren historiari berari baino. Hau da, filmak eskaintzen duen XX. mende hasierako gizarte-irudiaren normaltasuna (are gehiago, aurreratua!) zeharo sinesgaitza baldin bada, nola arraio irudituko zaizkigu ba sinesgarri orduko mugimenduak eta pertsonaiak?

Baina, tira, pelikulak komertziala izan nahi duela esaten hasi naiz. Hortik aurrera, edozerk balio du. Are gehiago Christopher Plummer eta Helen Mirren tartean badira.

 

Tolstoi (Christopher Plummer) eta Sofia (Helen Mirren), 2009 urteko filman.

Senar-emazteak, 1909 urte inguruan

Amatiño 2010/06/16

Berrikuntza, eraz eta moldez

Argitalpenen azalpena erabat aldatu da azken urteotan, are gehiago euskarri digitalak nagusitu direnez gero. Paperak maldan behera jarraitzen du baina ez, ordea, erabat desagertu, teknologiak besterik ahalbideratu arren gizakion ohiturak ez baitira horren erraz aldatzen. Aldaketa horiek konpainien urteroko memorietara heldu dira eta, segurutik, berrikuntzarik berrienetakoa Ibermáticak egin du aurten.

Mende hau hasi arte edo, urtean behingo enpresen memoria ekonomikoak folio neurrikoak  ziren, betidaniko 21 X 30 zentimetrokoak alegia. Azken hamarkadan, ordea, nolabaiteko diseinua eraberritu nahirik, neurri  klasiko hori aldatu izan da era batez zein bestez, begitara baino ez beste itxuraren bat lortzeko asmotan, 23 X 23 zentimetroko molde karratua eta modernoagoa kasu.

Hildo beretik,  azken bizpahiru urteotan 12 X 18 neurrikoa nagusitu da konpainiarik handienen artean (Abeinsa, Abengoa, Befesa,  Petronor, Telvent eta beste hainbat, esaterako), bai testu-luzapena laburtu beharraren beharrez eta baita patrikan zein edozein esku-zorrotan eraman ahal izateko modukoa ere izan dadin. Hala ere,  merkatuko aldaketarik handienetakoa Ibermáticak aurten egindakoa dugu, aurreko astean jendaurrean aurkeztu zuena alegia. Llabur-llabur esanda, Ibermática konpainiak 36 orrialdeko (28 X 28)  komikia aurkeztu du memoria gisa.

Lehen hogeitaka orrialdeetan  komikia, bederatzigarren artea (zortzigarrena argazkia da eta zazpigarrena, zinema) den aldetik, aztertzen dute Román Gubern eta Luis Gasca adituek, Codex Mendoza  (Mexiko, 1541) delakoa sortu zenetik hona.

Komikiaren historiaren ondotik, Ibermáticak argitaratu aleak  eskaintzen du Iberman-en (Superman)  pasadizo bat, non gure super-heroi hegalari mitikoak bere ohiko konponketa miresgarri horietako bat egin ostean, Carlos kazetariak (Clark Kent )  sekulako albiste onak lortzen dituen eta egunkariaren portadan azaldu: Zer ote? Bineta bakar batean Ibermática konpainiaren memoria-laburpena:  2009ko emaitza onak, hurrengo hiru urteetarako plan estrategikoa eta akziodunen partaidetza.  Ez gehiago eta ez gutxiago.

Kontu-emaileren batek salatuko du ez ote den informazio urriegia. Eszeptikoak seguru asko esango, hori adierazteko aski zela folio eskas bat. Eta ez da falta izango, jakina, honez gero euskarri digitala aldarrikatuko duen zibernautarik. Baina euskarri digital hotza egon beti dago. Kontua da zer jendeari bertatik bertara eskuz esku eman, eskaini. Eta, berrikuntzaren izenean, Ibermáticak komikia ematea erabaki du.

Ikaragarri ideia ausarta iruditu zait. Zorionak

           Eraberrikuntza, eraz eta moldez

                                         2009ko memoriaren daturik nagusienak bineta bakarrean

 

Amatiño 2010/06/14

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
areizaga inazio arregi, 2012/05/22
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30