Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mussolinik zapuztu zuen emaztea

Mussolinik zapuztu zuen emaztea

Amatiño 2010/06/20 16:43
Maitasuna, eskuzabaltasuna, sexu-erakarpena, kemena, zorakeria, megalomania, gorrotoa, bakardadea, bihozgabekeria, bortizkeria, saldukeria, etsipena, ezintasuna… Denetariko sentimenduak eta zirrarak sortarazten ditu “Vincere” film gogorrak. Ikustea merezi duten horietakoa.

Sight & Sound  zine-aldizkari ospetsuari jaramonik egingo badiogu Vincere (Marco Bellochio, 2009) da, Yo soy el amor (Luca Guadagnino, 2009) filmarekin batera, zine italiar berriaren adierazgarrienetakoa. Ez dakit filmok kategoria berean sartu ote daitezkeen baina ez behintzat zuzendariok hildo berri berean, Guadagninok 39 urte dituen artean Bellochiok 71 baititu honez gero. Dena den, aipatu film biak euskal karteldegian daude egunotan, zein baino zein ikusgarriagoak. Lehena, Milango goi-burgesiaren kritika; bigarrena, aldiz, indarrean dauden botereena, politika, eliza nahiz justiziarik eza izan.

Azken berrogeita bost urteotan hogeitaka film egin dituen arren, ez da gurean Marco Bellochio ezagunegia. Euskal aretoetan ikusi ahal izandako apurren artean gogoangarri orain hurrengoko Buenos días noche, blog honetan bertan duela ia bost urte aipatutakoa. Buongiorno, notte hartan Brigada Gorriak talde terroristak Aldo Moro Kristau Demokraziaren buruzagia 1978an bahitu eta erail zutenekoa bildu zuen oneski Bellochiok eta Vincere delako honetan, berriz, Benito Mussolinik  zapuztu omen zituen emaztearen zein semearen berri ematen du maisuki.

                                                    

                                                       Benito Albino semea eta Ida Dalser emaztea

                                       

Marco Bellochioren betidaniko konpromisu politikoa jakinekoa da, atxikimendu komunista 2006 arte eta sozialismoari itsatsia geroztik. Ageriko jarrera horretatik, Bellochiok gai gatazkatsuei ekiten daki eta egoera korapilotsuak ulertarazten. Benetan gatazkatsuak bezain korapilotsuak izan baitziren, ezer izatekotan, XX mendeko lehen hamarkadak, Mussolini buruzagi sozialistak Lehen Mundu Gerraren aldeko apostua egin zuenetik (1914), partisanoek Mussolini Duce faxista afusilatu zuten arte (1945).

Vincere filman zehar zuzendari beteranoak denetariko emozioak pantailan islatzen asmatzen du: maitasuna, eskuzabaltasuna, sexu-erakarpena, adorea, kemena, zorakeria, megalomania, gorrotoa, bakardadea, ankerkeria, bihozgabekeria, bortizkeria, saldukeria, etsipena, ezintasuna…

Era berean, sekulako abilezia erakusten du Bellochiok Mussolini gaztea (Filippo Timi) eta Mussolini diktadorea (artxibo irudiak) elkarren osagarri azaltzen, mundiala Giovanna Mezzogiorno aktoresa Ida Dalser emazte zapuztuarenak egiten, zirraragarriak zoroetxeko hainbat sekuentzia eta plano, ausartak bezain esanguratsuak behin eta berrizko  irudi kontrajarriak eta, beti ere, demasekoa gero musikaren indarra, opera-kutsu nabarmena lagun.                

                                                

                                           Benito Mussolini eta Ida Dalser, ezkontza-sekuentzian

Filma ederra, garratza, gogorra, krudela, salatzailea, iradokitzailea… amaieran Ida Dalserrek berak kamerari luzatzen dion begirada zorrotza bezain iradokitzailea.  

                                               

                                                              Franco eta Mussolini, elkarrekin

Addenda: Italiarren izakera dena delarik, Mussolini zein Berlusconi ereduak tarteko, bada Espainian Italiari iseka erraz samar egiteko tentaldia. Ahaztu egin ohi da, ordea, Mussolini tiroz hil zela 1945an eta Franco ohean, aldiz, hogeita hamar urte geroago. Eta ikusteke dugu zer gertatuko ote litzatekeen hemengo diktadoreari hangoari leporatutako emazte zapuzturik ezarriko balitzaio. Edota ohe gainean, biluzik, txortan egiten azaldu baino ez... nahiz eta "legezkoarekin" izan.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: