Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ez da erritmo-kontua

Ez da erritmo-kontua

Amatiño 2010/06/30 23:30
Harako ezker abertzaleak erabaki omen du indar-bidea uxatu eta aurrerantzean hildo demokratikotik abiatzea. Horretarako denbora behar omen du eta dagozkion erritmoak errespetatu diezaizkiogun eskatzen digu. Ulergarri litzateke eskabidea, lur hartze horretan Batasunaren mundua euskal gizartea baino hiruzpalau hilabete beranduago balebil, baina badirudi atzerapena dezente handiagoa dela.

Duela 36 urte, 1974an, ETA(m)k euskal gizartearen salbatzailetzat izendatu zuen bere burua, hiru urte geroago ez zuen Txibertako bileran alderdi abertzaleen erronka demokratikorik onartu, euskal hiritarrik gehienen aurka burruka armatuaren aldeko apostua egin zuen, geroztikako tren guztiak galdu eta, oraintsuago, Lizarrako zein Loiolako zubigintzak hautsi. 

Auskalo zer azaldu behar ote dien orain bere jarraitzaileei egoeraz jabetu daitezen, baina ez behintzat gainontzekoengana etorri historia berridatzi nahirik. Ez da hiruzpalau hilabeteko erritmo atzeratua, hiruzpalau hamarkadako zoramenaren porrota baizik.

Ez da erritmo-kontua, ideologia-kontua baino. Ez da aski esatea burruka armatuak ez duela “orain” balio. Onartu ere onartu behar da ez dela inondik ere zilegi armaz lortu nahi izatea hauteskundez hauteskunde galtzaile ateratzen den aldarri politikoa. Giza-eskubideak gizakien eskubideak dira, ez lurraldeenak.

 

Amatiño
Amatiño dio:
2010/07/02 01:33

Zeure buruari galdetzen omen diozu ea ze biderik dagoen "EHko nahiak lortzeko". Ahaleginduko natzaizu erantzuten baina, aurrenik, galdera zertan den zehatz uler dezadan... zeintzu dira gogoan dituzun "EHko nahi" horiek?

Ipuru
Ipuru dio:
2010/07/01 20:26

Oso ondo. Erabat ados! Moralki justifika ezina ETAren indrkeria. Estratejia bezela garaituta daude. Bai ezta?

Baina orain Kataluniako Estatutaren bidea eta epaia ikusita, neure buruari galdetzen diot ea ze biderik dago EHko nahiak lortzeko. Eta ea Espainiako "tolerante modernoek" onartuko zuten gaur egun dugun "Vascongadas Franco-constitucionales" aparte beste estatus politiko baten bat.

Zuk zer uste? Toleranteek onartuko dute beraien ez den proiektu politiko bat gauzatzea?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: