Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Energia-kontsumoa 2050 urtean

Energia-kontsumoa 2050 urtean

Amatiño 2010/06/26 00:01
Energiaren esparruko eztabaidaren baitan bi tentaldi nagusitu ohi dira. Bata, utopikoa edo, gozoago esanez, borondatetsua. Bestea praktikoa edo etsigarria. Baina, zein nahi delarik energia-iturria, garrantzitsuenetakoa kontsumoa murriztea da.

 Jarrera utopikoaren arabera, iraunkortasuna energia berriztagarrien hildotik etorriko dela aldarrikatzeaz gainera, beharrezko aldaketak berehalakoan jarri beharko omen lirateke indarrean. Jarrera etsigarriaren ustez, ordea, aldaketak, onenean ere, dezente astiro etorriko dira, mendebaldeko herrialdeetako ekonomiaren geldialdiak garapena erakarriko duen arren, indartzear dauden zenbait herrialde handiren (Brasil, Errusia, India eta Txina) hazkuntzak nekez ahalbideratuko baitu aldaketa nabarmenik.

           Kontsumoa murriztu beharra

Izan ere, 2008an Energiaren Nazioarteko Agentziak 2030erako iragarri zituen datuen arabera, energia-kontsumoaren argazkia ezer gutxi aldatzen zen. Egia da, bai, berriztagarrien ekoizpena ikaragarri gehituko dela ordurako kopuru absolutuetan, baina kontsumo osoa %45 gehituko litzatekeenez gero, energia fosilen ekoizpena ere nabarmen haziko litzateke eta, ondorioz, energia-banaketaren “gazta” ia berdintsu agertuko (ikus, marrazkian, 2006ko datuak eta alderatu 2030eko bi aukerekin, kontsumoa handia zein txikiagoa izan).

Energiaren Nazioarteko Agentziak haratago joan nahi izan du, ordea, eta 2050erako beste proiekzio pare bat egin, orain indarrean dauden politikei jarraituz gero (goiko zirkuluak) ala hartu daitezkeen erabakien arabera (behekoak), eta aldaketa batere nabarmenak izango ez liratekeen arren 2030 urterako, dezente handiak lirateke, ostera, hogei urte geroago.

Bada, gainera, erabat azpimarratu beharreko xehetasuna, 2050eko datuak alderatuz gero. Ikatz-kontsumoaren murrizketa nabarmena izan arren (%37 ala %15 izan), are nabarmenago da kontsumoa osoaren murrizketa, orain indarrean dauden politikei jarraituz gero 2050an kontsumo orokorra 23.441 Mtep izango litzatekeen artean, hartu daitezkeen erabakien arabera 17.386 Mtep izango litzateke-eta. Hau da, ia %26 murritzagoa.

Gero eta argiago dago energia-iturriak aldatzea bezain garrantzitsua dela kontsumoa murriztea. Eta murrizten ahalegindu behar hau denon eskutan dago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: