Planto egiteko aukera galdu
Ni ez ninduen ordea Johannesburgoko teknologiarik ezak harritu, Mexikoko jokalarien etsipenak eta erreakzio faltak baizik. Eta ez naiz kirol-erreakzioaz ari, protesta-erreakzioaz baino. Nik ordenakotzat dut neure burua baino ez dut uste estadioaren monitorean golaren zilegitasunik eza horren garbi bertatik bertara ikusterik eduki izan banu Mexikoko jokalariek bezain geldo eta otsein geratuko nintzatekeenik.
Ondo dago, bai, beste zenbait kiroletan (saskibaloian, hockeyan, beisbolean, rugbyan, tenisean edo Formula 1an, esaterako) honez gero erabiltzen den teknologia aldarrikatzea, baina auskalo ez ote litzaigukeen zilegi mexikarrei ere amorru apurtxo bat gehiago eskatzerik.
Seguruenik ez du batere zentzurik 32 kameradun telebista-sistemaren baliabideei muzin egitea, eta izugarria da gero mundu guztiko milioika ikusentzuleren aurrean horrelako erridikulurik egitea, baina nago ez ote zuten mexikarrek sekulako aukera galdu mundu guztiaren aurrean ere euren interesak defenditzeko.
Izan ere, zer gertatu ote zitekeen jokalari guztiek –erreferiarekin alferrik eztabaidatu beharrean— zelai erdian eseri izan balira eta, besoak luzatuz, atzamarrez monitorea erakutsi izan baliote? Zer gertatu ote zitekeen isilik-misilik planto egin izan balute? Estadioko monitore-irudiak tarteko, ez dut uste arbitroa partida mozten ausartuko zenik. Mundu guztiko telebista-irudiak lekuko, nekez gero FIFAk Mexiko zigortu ahal izango.
Gerrak (eta grebak) ahalik eta gutxien egin behar dira. Eta, egitekotan, zer irabazi dagoenean batez ere.