Enpresa-erantzukizuna eta merkatu iraunkorrak
Asteazkenetik ostiralera bitartean bost kontinenteetako mila inguru enpresa New Yorken bilduak dira, duela hamar urte luze Davosko (Suitza) Munduko Ekonomia Foroak (World Economic Forum) proposatu zuen Nazio Batuen eta enpresa pribatuen arteko “Mundu Ituna” zertan den aztertzeko. Inondik ere enpresek dirua irabazteko duten zilegitasuna zalantzan jarri gabe, itun harek merkatu iraunkorren aldeko apostua egin zuen, gizarte-helburuak landu beharraz, balore eta hastapen etikoak suspertzeaz, eta tokian tokiko inguruaren arduraz eta enpresa-erantzukizunaz.
Laburbilduz, itunaren filosofia hiruzpalau ideia hauetan oinarritu izan da:
Bat. Kapitalismoa ez dago zalantzan baina beti ere eztabaidagarri da zein eratako kapitalismo-mota.
Bi. Ez dago merkatuak mundialtzen ari direna ukatzerik, baina ezta mundialtzearen onurak ahalik eta gehien barreiatu eta gizarte-premiei erantzuteko praktikak indarrean jarri beharra ere.
Hiru. Iraunkortasuna ez da ingurumenari soilik dagokion egitasmoa. Horrez gainera, behar-beharrezko da merkatu iraunkorrak ere sustatzea, irabazpide errazen azpitik eta espekulazio latzen gainetik.
Lau. Zilegi bezain premiazkoak zaizkie enpresei mozkinak, baina baita giza-eskubideak, lan-baldintzak zein ingurumen-arauak betetzea eta iruzurrari muzin egitea ere.
Baloredun merkatu iraunkorrak indarrean jartzea ez da, jakina, egun batetik bestera lortu ahal izango, baina batere negozio-asmorik eta salmenta helbururik gabe mila enpresa hiru urtetik behin (2007an Genevan eta 2004an Sao Paulon) bildu izanak badu gero aparteko garrantzirik, komunikabideetan lar aipatu ez arren.
Eta, mila horien artean, enpresaburu bat euskalduna izatea ez da inondik ere gau erdiko ahuntzaren eztula. Are gehiago kontuan izanik euskaldunok, munduan, 10.000 biztanletatik bat baino ez garena.
Eta, gainera, eibartarra.
Aner Garmendia, Gasteizko EGA Master enpresaren zuzendari nagusia