We want... bai ote?
BABELI GORAZARRE. Bizikidetzarako hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra izenburupeko saiakeraren 430 orrialdeetan bada gero zer hautatu baina, aukeran, lauzpabost ideia iruditzen zaizkit euskal merkatuan azpimarragarri (segurutik Babel o barbarie erdal bertsioaren irakurleari besterik lekioke egokiago)
Bat. Hizkuntza politika ezer baino lehen politika da. Alegia, substantiboa politika da.
Bi. Euskarak aurrera egingo badu, zer gerta ere, bakea, demokrazia, bizikidetza eta gizarte-kohesioa behar izango ditu.
Hiru. Etorkizuna eleanitza da. Euskarari behar adina tokia emango bazaio ere, elebakartasunari uko egiteko garaia da.
Lau. Bitoriano Gandiagak (euskaraz jakin arren euskaraz mintzatzen ez denak ez digu uzten euskaraz egiten) zein Joxanton Artzek (hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik) aspalditxo aditzera eman zutenez, erabili ahal (can) izatetik erabili nahi (want) izatera jauzi egiteko ordua da.
Bost. Etxeparek “euskara ialgi hadi plazara” esan zuen XVI. mendean. Behar bada, orain bizi izango balitz, zera esango luke: “euskara hator etxera”.