Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2009 Abuztua

Artxiboa Abuztua 2009

Maroto-Valer aitzindari CO2 ixurien kudeaketaz

Espainiako Gobernuak lege-aurreproiektua aurkeztu berri du lurrazpiko karbono dioxidoa (C02) atzemate- eta biltze-jarduera arautzeko. Ez pentsa gero gobernu espainiarra nora ezean ari denik, Europako Batasunak 2014 urterako jarri dituen baldintzak bete beharrean baizik. Eta honetaz gehien dakiena Mercedes Maroto-Valer irakasle gasteiztarra da.

Mercedes Maroto-Valer (Gasteiz, 1973) Kimika eta Ingurumen Eskolaren zuzendaria da, Nottingham-eko Unibertsitatearen Centre for Innovation in Carbon Capture and Storage (CICCS) erakundearen baitan. Karbonoaren kudeaketaz bereziki aditua, 180 artikulu inguru idatzi ditu, hainbat sari jaso eta zenbait erakunde eta argitaletxeren aholkulari da.

Irakasle gasteiztar honen ustez, klima-aldaketari aurre egitekotan edozenbat arlo lantzeari ekin beharko zaio aldi berean, alegia: energiak berriztagarriak suspertu, energia-efizientzia areagotu, mix energetikoa birplanteatu etab. etab. Baina, eginahalak egin arren, gaur egungo energia-iturriaren %80 erregai fosilak (petrolioa, gasa eta ikatza) izaki eta beharreko jauzia bat-batean egingo ez denez gero, erabat derrigorrezkoa izango omen da energia fosilek eragiten dituzten C02 ixuriak jaso, bildu eta gordetzea.

Guzti honek ikerkuntza handia eta teknologia berria behar izango ditu hurrengo urteetan eta, horra non, gure gasteiztarra den aitzindarienetakoa mundu zabalean.

Amatiño 2009/08/31

Detxepare, Leizarraga eta Axularren hutsunea

Etorkizuna eta prospektiba tarteko, gaur egungo gizarte zientzietan --inguruko hizkuntza nagusietan bederen-- behin eta berriz errepikatzen den ideia “certeza/certidumbre/certitude/certainty” delako hitz-andanari datxekona da. Euskaraz, “ziurtasuna/segurtasuna” bikoteaz aipatu ohi duguna, alegia. Baina, ideia berbera ote? Ez al da motz samar geratzen?

Adjetibotan, gaztelaniaz oso arrunta da cierto hitza; ez horren ohikoa frantsesez, certain, eta ezer gutxi erabilia, berriz, ingelesez. Gaztelaniaz horren arrunta den cierto adjetiboaren parekoak sûr/sure/ziur zein vrai/true/egia  sailak dira erabilienak, nahiz eta, iparraldeko euskaraz behintzat, gertu hitza izan baden.

Adberbiotan ere, ciertamente/certainement//certainty sailak ez du, hegoaldeko euskaraz behintzat, parekorik baina bai, ordea iparraldekoan: gertuz eta gertuki.

Luis Mitxelenak dioen bezala (Fonética Histórica Vasca. Donostia, 1961), “Aparte de la forma adverbial gert(h)uz ‘ciertamente’ en Dechepare, gerthu significa exactamente ‘cierto, seguro’ en Leiçarraga: gauza segurua eta guerthua ‘es cosa cierta y segura”.

Izan ere, gerthuz (guerthus) Patxi Altunak bildu zuen Etxepareren Hiztegian (Bilbao, 1979) eta baita Aita Villasantek ere, Axularrenean (Oñati, 1973): Segurki eta gerthuki .

Geroztik gertu, gertuz eta gertuki moldeak  Azkue (Bilbao, 1905), Lhande (Paris, 1926), Mujika (Bilbao, 1965), Elhuyar (Usurbil, 1993) eta Labayruren (Bilbao, 2003) hiztegietan agertzen dira segurtasun-zentzu honetan eta, oro har, beste zenbait eskola-hiztegitan eta sinonimo-liburutan ere. Kontua da, ordea, nik ez dudala --ziurraren pareko-- sekula berbetan entzun eta, dakidanez, ezta irakurri ere.

Koldo Mitxelenak (Donostia, 1961) dioenez jatorria latinezko certus omen da. Joan Corominasek (Madrid, 1980), berriz, certum dio. Edozein modutan latinetik zuzen-zuzenean eta, nonbait, iparraldean arrakasta gehiago izan du hegoaldean baino, Detxepare, Leizarraga eta Axularren eskutik.

Gaur egun euskaldunik gehienen artean gertu hitzak prest eta hurbil esan nahi du eta gertatu aditzak, berriz, jazo, Azkue-Corominas bikoteak gaztelania zaharrean sumatzen  duten acertarse ideiaren ildotik.

Dena den, hasierara itzuliz, prospektibak erabili izaten duen certidumbre/certitude/certainty sortak gertuera edo gertutasuna beharko luke euskaraz. Baina, “beharko lukeenaz” ezer gutxi egingo dugu. Honez gero ez gara gure klasiko zaharrei hutsunerik leporatzen hasiko. Dagoentxoaz konpondu behar.

 Gertakizunen gertuera eta gertaera

Amatiño 2009/08/29

Kristoren argazkia eta makinarik ez

Aspaldiko partez, behin jarri aurrez aurre kantetan Juan Carlos Perez eta Jose Garate "Foisis", eta nik makinarik ez. Behin agertu elkarrekin bata bakerotan eta bestea pinguinoz, eta nik makinarik ez. Inoiz ikasiko al dugu argazki-makinak ez direla etxean alferrik gordetzeko?

Gaur Donostiako Victoria Eugenian aurkeztu den Itoiz Suite delakoak ez du aurreko larunbateko estreinaldian  Bilbon izan zuen Jesus Mari Lazkanoren diseinu eta irudi landurik izan baina, bergararraren beraren esanetan, audioa Abandoibarrakoa baino hobea izan omen da.

Edozein modutan, jendartean sumatu den zirrara audioa baino haratago heldu da. 1980eko hamarkadan gaztetxo samarrak zirenentzat sekulako arnasberritzea eta ordurako --Saturrarango Venecia diskotekatik bueltan-- guraso helduxeak ginenontzat, ostera, nolabaiteko nostalgia-punttua. Besteak beste, eta gustua gustu,  ederra Marilyn, biribila (birritan) Lau teilatu eta bikaina, bene-benetan, Marea gora.

Baina txundigarria, berriz, Juan Carlos Perez eta Jose Garate "Foisis" bikoteak elkarrekin eskainitakoa, arpa eta flautaren laguntzaz, Bilboko Orkestra Sinfoniko oso-osoa telonerotzat zutela. Bizpahiru minutu horiek aitzakia ezin hobea izan dira, besterik gabe, gaur iluntzean Donostiaratu beharra arrazoitzeko.

Juan Carlos bakerotan eta Foisis kontzertista jantzia, alkandora zuria fraka beltz gainetik zeriola, "aspaldixan"  (mutrikuarrak berak erabilitako hitza)  ikusi ahal izan dugun irudirik esanguratsuenetakoa,  benetalarienetakoa eta hunkigarrienetakoa izan da. Historiari, kemenari eta hainbat urte luzetako esperientziari batere zorrik gabe, merezimendu handiz,  dagozkienetakoa. Eta, gainera, ez zaie nonbait kontserbatorioan kantatzen ahaztu.

Jaioko dira bai, segurutik, berriak, baina ez gero berdinak.

 Itoiz (1974-1988). Argia argazkia

itoiz por ti.

Juan Carlos eta Foisis, Victoria Eugenian. Noticias de Gipuzkoa argazkia

Maria Jose Canoren kritika

  

Amatiño 2009/08/25

Judith Jauregi eta Kirmen Uribe, elkarrekin baina ez nahasiak

Segurutik Chillida Lekuko Zabalaga baserria ez da munduko auditoriumik ederrena, ezta Judith Jauregi pianojolerik onena edota Kirmen Uribe poetarik finena ere; baina, tira, seguru gero badela munduan leku eta programa traketsagorik abuztu arratsaldean ordu t’erdi atsegin pasatzeko.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren programa-barruan Judith Jauregi pianojolea eta Kirmen Uribe idazlea elkarren eskutik aritu dira gaur, Chillida Leku Museoan, batez ere  1930 hamarkadaren inguruko musikaren zein literaturaren zenbait lan hautatu eskainiz. Donostiarrak Aita Donostia, Isaac Albeniz, Bela Bartok eta Enrique Granados konposatzaileenak jo ditu; ondarrutarrak, berriz, Lizardi, Orixe, Unamuno, Tsvietaeva, Hughes eta Hugh Auden poeten olerkiak irakurri. Baita, bidenabar, Baroja eta Lorca aipatu ere.

Ez naiz inondik ere aditua baina, esango nuke esan, Jauregik  erabat asmatu duela bertara bildu diren entzuleen gustu eta mailarekin.  Holakoetan zailenetakoa izan ohi da nola norberaren trebetasuna azaldu errazkerian erortzeke baina jendea aspertu gabe. Judithek taxuz eta zentzuz jakin izan du orekari eusten. Bikainik azpimarratzekotan, Bartoken Suite Op. 14  delakoa.

Kirmen Uribek frogatu digu, berriz, tipo atsegina dela, kontalari ona, ez irakurlerik onena eta aurkezle eskasa. Gustatu zait egindako aukera, hainbati ez zaio askorik gustatu hamahiru urteko semeari eskainitakoa gaztelaniaz irakurtzea eta, behar bada, arinegi  –injenuitate handiz— egin ditu Errepublikari buruzko lar aipamen ezkor.

Ikus-entzule asko  –ni tarteko-- bertaratu da musika eta poesia elkarrekin eskainiko zirelakoan. Pianojoleak eta poetak, ostera, txalo-zaparradaren osteko azken oparian baino ez dituzte euren gaitasunak aldi berean elkarrekin gurutzatu.

Ikusentzuleen artean, besteak beste, Odón Elorza Donostiako alkatea, Jose Mari Muñoa Eusko Ikaskuntzaren lehendakaria eta Xabier Mendiguren gurea.

Jauregi-Uribe por ti.

Amatiño 2009/08/23

Ez dok hamabost

Edozein iritzi, ekintza, jarrera edo jokabideren aurrean izan daitezke iritzi kontrajarriak. Kontrajarriak diot, elkarren kontrakoak, elkarren antipodetan daudekeen irizpideak alegia. Baina zenbaitetan, ordea, iritzirik ezberdinenak ez dira kontrajarrienak izaten, alderatzerik ere ez duten bestelako planoetan ari direnak baino. Oteiza eskultorea eta Plazaola estetika-katedratikoaren arteko anekdota, adibidez.

Juan Plazaola (Donostia, 1919), jesulagun zentzudun eta arte-adituaren erudizioa ez dago inondik ere zalantzan. Erlijio-arteaz munduko jakitunik handienetakoa, besteak beste Deustuko Unibertsitatearen Estetika Katedradun eta Jesulagundiaren Loiola Probintziaren nagusi (1979-1985).

Plazaolak ez zuen nonbait ulertzen zer zela-eta Oteizak jarri zituen hamalau apostolu   Arantzazuko santutegiaren atari-gainean, inork ukatubako tradizioak aipatzen dituen hamabiak jarri beharrean.

Eta, ulertu beharraren beharrez, Oteizari berari galdetu omen zion: Zer dela-eta jarri dituzu hamalau apostolu?

Eta Oteizak serio asko erantzun: Gehiago ez zitzaizkidalako sartzen.

 Arantzazu por ti.

Amatiño 2009/08/22

Urumea flumena

Huesca hiritik Barbastrora bidean horra, eskuin aldean, seinalea: "Río Flumen*". Hau da, euskaraz, Ibaia ibaia, flumen ur-korrontea baita latinez. Eta ia oharkabean gogoratu naiz nonbait irakurria dudala "Río Urumea" ere antzerako errepikamena dela, Ibaia ibaia alegia, ur-umea ideia berbera delakoan edo. Baina, ondorioz, ekuazio matematikoa zera litzateke: Flumen ibaia = Urumea ibaia baldin bada… Flumen = Urumea ote?

 

Nolabait hasteko, ez dut uste irudimen handirik behar denik flumen-etik  fulumen-erako  urratsa jorratzeko.   Luis Mitxelenak esan bezala:

      "En préstamos, los grupos oclusiva más líquida (generalmente r) han sido muchas veces evitados intercalando  una vocal anaptíctica entre ambas consonantes. Su timbre es generalmente el de la vocal que seguía al grupo consonántico" (Fonética Histórica Vasca, 158 orr. Donostia, 1961).

Esaterako, ferekatu, forogatu, sekeretu, apiril, gurutze, ingelesa, erregela etab. Beraz, teoriaz behintzat, fulumen moldeak fonetikaren legea betetzen du. Beste kontu bat litzateke, inoiz praktikan gertatu ote den. Eta bai, gertatu gertatu izan da.

Abuztua ez da inondik ere garairik onena bat-batean aztarren bila hasteko, baina googlek hainbat zantzu ematen digu. Denak Euskal Herritik kanpo, Aragoitik Algeriara bitartean. Aipamenik hurbilena, Colección de documentos inéditos del Archivo de la Corona de Aragón agirian. Landuena edo,  duela bi urte izandako III Seminari de Metodologia en toponimia i normalització lingüística (Palma, 2007) mintegian non, besteak beste, Guillem Roselló Bordoy Historia akademikoak zera esan zuen: "També és frecuent el manteniment de topònims llatins sense modificacions perceptibles: fulumen (en aquest cas amb reduplicació arabollatina: uadifulumen [ibaia-ibaia] (La documentació medieval cristiana i la toponímia d’època islàmica, 33 orr.). Eta urrunena, berriz, oraindik orain Algeriako toponimian gordetzen den salsum fulumen (gatz-erreka) delakoa, gaur egun  Oued el Maah arabieraz.

Bestetik, fulumen-etik fulume-rako pausuak ez du azalpen handirik behar. Beste horrenbeste gertatu da edozenbat kasutan. Gogoan hartu besterik ez dago: necem-neke, pacem-bake, legem-lege, regem-errege eta, adibide gisa, are hurbilago funem-hune-une. Aldi berean, erabat ezaguna da l-r bilakaera, ili/iri, kilika/kirika/, bili/biri eta Alava/Araba, esaterako.  Eta, oro har, flumen-en kasu berdintsu samarra aipatzekotan, horra berun. Alegia: plumbum, plumb, plum, pelun, belun eta, azkenik, berun.

Amaitzeko, hasierako f horren galerak ere ez du zailtasun handirik azaltzen, are gehiago kontuan izanik XII. mendean hatxez idatzia agertzen dela, García Ramírez erregek Iruñeko elizari eman zizkion Gipuzkoa inguruko lur-ondasunen zerrendan. Ikusi, esaterako, Donostiako Forua:

     "...Dono et concedo totum quod in Iheldo Bizchaya habeo, cum tota sua pertinentia que mihi pertinet vel invenire potuerint, et Hurumea similiter cum tota sua pertinentia, et Alça et Soroeta cum suis pertinentiis, et totos meos cubilares quos in Ariaz invenire potuerint et Gorostica Zaharra cum tota sua pertinentia, et Saveria Olatze et Zamilola cum omnibus suis pertinentiis, et quicquid in Arelarre de meo invenire potuerint."

Larramendiren iritzia

Auskalo orain arte esandako guztiak zentzurik ote duen ala ez. Abuztuko iturri urrietan askorik aurkitu ez dudan arren seguru gero hor nonbait izango dela aurreko azterketarik, nahiz eta googlen kokatu ez. Inork aldez aurretikako zantzurik baldin badu azaldu besterik ez du.

Dena den, ez dut uste Aita Manuel Larramendiren iritziak (Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín. Tomo segundo, 258. orr. San Sebastián, 1745) sinesgarritasun gehiago eskaini dezakeenik:

     "RIO, viene del Bafcuence errioa, que fignifica lo mifmo, y que es contraccion de erribedoa, y quiere  dezir el que corre, y va tierra abaxo, errioa, ibaya. Lat. Fluvius, flumen, amnis".

Oronbea

Larramendirenak baino zentzu gehiago du adiskide batek proposatutako Oronbea.  Atzekoz aurrera eginez, fonetikaren lege guztien arabera Urumea-k Oronbea "behar" omen zuen izan iturrian. Koldo Mitxelenak hitzez hitz dioenez (Fonética Histórica Vasca, 358 orrialdean. Donostia, 1961):

     "En los nombres ibéricos incluidos en inscripciones de época romana o en textos clásicos se observa una reducción nb [mb] > m, en relación con los textos en escritura indígena (…)"

   Eta, adibidetzat:

      "Hay un ejemplo concluyente que demuestra que sin duda en época anterior se había cumplido el cambio -mb- > -m-. Se trata del aquit. Sembe-, bien atestiguado en antropónimos, que se continúa en el vasc. Seme ‘hijo’, que es forma única con –m- bien establecida en todos los dialectos."

Baina badira beste hainbat adibide ere, dezente gazteagoak, -mb- > -m- hori azaltzeko. Adibidez, komeni (convenir), komentu (convento), imutu (embudo) eta imintzione (invención).

Hala eta guztiz ere, fonetikak frogatzen duena ukatzen du geografiak, Oronbe mendigaina Lizartzan baitago, eta Urumea ibaia, berriz, Goizuetan barrena...

 * Río Flumen

 

Amatiño 2009/08/18

Guayabera

Segurutik blog honen irakurleak, gaztea eta europarra denez gero, ez du guayaberarik armairuan izango. Nik bai, ordea, eta ez, noski, zaharra eta amerikarra naizelako, adiskide mexikarrak ditudalako baino. Betidanik gustatu izan zait guayabera, gazte-gaztetandik, bai behintzat nere aita zenak Mexikon, Kuban eta Filipinetan zituen lagunak Eibar nahiz Bergara aldera guayabera soinean zutela urtean behin etortzen ziren garaietatik. Berrogeita hamar urte bai, barrena.

Nere txikitako oroitzapenetan,  guayabera erbesteko euskal munduari atxikia agertzen zait. Atzerriratuak, pilotariak, indianoak… lantzean behin kanpotik etorri eta euskara zaharrean abentura berriak kontatzen zituztenen alkandora arraro eta zabalotea.

Nik luzaro uste izan nuen guayabera gizonezko pottolo eta tripontziek apropos jantzi ohi zuten alkandora zela. Ez, jakina, derrigorrez hala behar zutelako, itxurabako zipote galant haiek gerrikorik onartzen ez zutelako baino eta, beti ere, fraka gainetikako alkandora-mota harek hainbat gehiegikeria estaltzeko balio bide zuelako.

Hogei urtetik aurrera, berriz, pilota-partiduetara joaten hasi ginenean –asteazkenetan Eibarren eta ostegunetan Bergaran— konturatu ginen pilotalekuetako artekari guztiek erabili ohi zutela, besteak beste freskoa izateaz gainera trabesak gordetzeko lau poltsiko handi zituztelako. Benetan joko-artekarientzat propio burututako diseinua ematen zuen.

Guayaberatente Guayabera erromantikoa da, ala barrokoa ote?

Hego Ameriketako gerrillaren informazioarekin batera jakin genuen, ostera, indianoen eta pilotazaleen alkandora ez ezik, zeharo jantzi arrunta zela Karibe eta Ertain Ameriketako itsasbazterretako hiriburuetan ere, Veracruz, Acapulco, Habanan zein Panama Hirian. Nolabait kultura kreolaren adierazgarrietakoa zela eta, mahuka luzea eramanez gero, protokolorik gorenaren eskakizunak betetzen zituela.

Gizarte-maila, ideologia-aukera eta funtzio-mota guztietarako jantzi unibertsala, hala ezkontzeko nola gitarra jotzeko, pankarta eramateko zein gobernu-ordezkaritzarako. Aldez aurretik kategoriarik ezartzen ez duen jantzia, nahiz Filipinetan trafikatzaile izan, Kuban iraultzaile, Mexikon dandy edota Panaman CIAren espioi.

Guayabera erromantiko samarra da (edo barrokoa ote?) gaur egungo gustu minimalistentzat baina ezin gero esan freskoa eta erosoa ez denik. Zenbait gaztek besterik uste izan arren, guayabera guztiz arropa logikoa eta eskergarria da hogeita bost gradutik aurrera. Hamar gradutik behera kotoiz edo fibra sintekikoez janztea baino askoz ere logikoa, hain zuzen ere.

 

Amatiño 2009/08/16

Ordenadagailu eta guztiko ile-apaindegia

Lehen, ile-apaindegira joaten ginean, galdetu ohi ziguten: “zelan nahi duzu?” Eta erantzun egokia asmatu ezinean jardun izaten genuen, benetan zail samarra baita era horretako abstrakzioari erantzun zehatzik eman ahal izatea. Orain, berriz, erantzuna askoz ere samurragoa da, galdera ere askoz ere zehatzagoa da-eta: “egunkaria, aldizkaria ala ordenagailua?”

Aspalditxo sartu ziren ordenagailuak ile-apaindegietan. Merkatuan edozenbat software berezi daude salgai, ile-apaindegien barne-kudeaketa errazteko, hitzorduak emateko, bezero-fitxak eramateko zein, 3D programak tarteko, bezerooi hainbat diseinu-proposamen zehatz eskaintzeko eta baita euren buruan zelan geratuko den aldez aurretik erakusteko ere. Belarri batetik bestera bizarra mozteko makina pasatzearekin konformatzen garenok ez dugu horrelakorik behar izaten baina hona non, ustekabean, zenbait ile-apaindegitan hasiak diren ordenagailu-zerbitzua eskaintzen noiz txanda helduko zain egon behar duten bezeroentzat.

Bai, nik dakidanez behintzat, Donostian bada gutxienik ile-pandegi bat –batez ere emakumezkoentzakoa izan arren gizonezkoei ere ilea moztu izaten diena—, bezeroa bertan sartu bezain laster, eseri orduko galdetzen duena: Zer duzu nahiago, egunkaria, aldizkaria ala ordenagailua? Eta ez pentsa gero, wifi eta guztiko ordenagailu eramangarria gainera.

Nolatan edo zer dela-eta hartu duten erabaki hori galdetuz gero, erantzunak serio samarra ematen du: Inkesta egin genuen gure bezeroen artean,  zer sumatzen ote zuten faltan ile-apaindegira etortzen zirenetan eta, itxaro genituen erantzun arruntez gainera –ura, kafea, kirol-prentsa, prentsa arrosaren aukera gehiago etab.— behin eta berriz agertu zitzaigun inondik ere itxaro ez genuena: ordenagailu-eskakizuna.

Inkestak ez omen dira egin behar jaramonik ez egiteko, eta Donostiako ile-apaindegi honek ziztu bizian erosi zuen ordenagailu sorta eta zintzo asko bezeroei eskaini. Zoritxarrez, horren zintzo ez direnak bezeroak dira nonbait, honez gero ordenagailu bat desagertu baita: Badakizu, emakumeek poltsa handiak erabiltzen dituzte-eta…

Hurrengo asmakizunak ordenagailuak ile-apaindegitik atera ez daitezen berme-sistema izan beharko du. Auskalo GPSa ezarri beharko zaien, atetik irtetzerakoan entzuteko txilina ala motozikleta-giltzarrapoa baina, garbi dago gero, negozioak nekez iraun dezakeela ile-mozketa edo apainketaren ordainez bezeroek ordenagailu “eramangarria” besapean hartu eta eramaterik baldin badute.

Bide batez, zein litzateke sistemarik seguruena eta merkeena lapurrak uxatzeko?

Amatiño 2009/08/14

La ladrona de libros

Nonbait irakurri dut “La ladrona de libros” (Markus Zusak, 2005) eleberriak baduela zer ikusirik, nolabaiteko antzik, “Pijama marradunaz jantzitako mutikoa” (John Boyne, 2006) nobelarekin. Antzik… antzik… bai, adin beretsuko neska-mutikoak, II. Mundu Gerra, Alemania, naziak, juduak… Halere, ez dakit bada parekotasun horiek, onenean ere, ez ote diren zirkunztantzialegiak. Ez behintzat batere literarioak. Dena den, aukeran, nik nahiago australiarrarena irlandarrarena baino.

Ez naiz ni bostehun orrialdetik gorako fikzioa irakurtzeari ekitearen zale baina, zeharo bestelakoa zela-eta, hondartzan ere zerbait egin behar eta, horra ustekabean nere burua inoren gustuko  nobela irakurtzen, denbora alferrik galtzen ote nengoen susmo nabarmenaz. Baina, tira, ezin esan gero bere punttua ez duenik, ezin esan behintzat aspertu naizenik, ezin esan amaitu izanaz damutu naizenik.

Ñabardura bereziren bat azpimarretzekotan, hona bi: lehen eta behingoz ezohiko kontalaria, ez baita batere arrunta kontatzailea heriotza bera izatea. Eta kontatzaile emea, gainera, sekula ez dut-eta pentsatu heriotza femeninoa izan zitekeenik, gaztelaniaz bederen. Eta, bigarren, historia alemanen ikuspegitik kontatu izana ere ez da batere ohikoa, are gutxiago III. Reicharen zoramena bertatik bertara jasan zuten hiritar xeheen ikuspegitik.

Heriotzaren ironiak ez du inoiz presarik bai baitaki gizaki guztiok berandu baino lehen fitxatuko duguna. Hiritarrek ondo asko dakite nork agintzen duen --baita zerk pozten eta zerk haserretzen duen agintaritza ere--, eta senitarteko giroa han-hemenka sakabanatzen da, aberriaren izenean gerran hil (gazteak), premia gorritan etxean geratu (zaharrak) eta  nora ezean kaleratzen (neska-mutikoak) direnen artean. Denak begi bistan, bakoitzaren barne-iritziak eta soto ilunean gordeta dagoen judua ezik.

Kontalariaren eta protagonisten ikuspegia ezohikoa bada, zer esanik ez kontakizuna azaltzeko, adierazteko eta ulertarazteko egileak darabiltzan moldeak: intertestualitatea, telegrama gisako aurkezpentxoak, ohar solteak, eskuzko tipografiak, marrazkiak etab.

Hainbat aipamen eta kritikatan irakurri dut egileak hitzen indarra nahi izan duela nobela honetan aldarrikatu. Ez dut uste. Nobelan zehar hitzen garrantzia behin eta berriz aipatzen den arren, ez dira hitzak, berbak, aldarri, literatura bera baizik. Ez dut uste gauza berbera denik.  

Eleberri atsegina, entretenigarria eta interesgarria izateaz gainera, eskolako irakurgai bihurtzeko argudio guztiak biltzen ditu. Ez litzateke gero batere harrigarri izango zenbait urte gutxi barru testu-azterketarako material klasikotzat erabiltzea.

 La ladrona de libros

Amatiño 2009/08/13

Ilbarritzetik Usurbilera joandako organo erromantikoaren eresia

Bagenekien Gipuzkoa dena, munduan, biztanleko jatetxe onik gehien duen lurraldea. Ez genekien, ordea, Gipuzkoa bera dena, munduan, organo erromantiko onik gehien duena.

Musika Hamabostaldiak berezitasun hau goraipatu nahi izan du eta, aurtengoan, aparteko organo-zikloa antolatu Donostian, Usurbilen eta Azkoitian. Baita Jose Manuel Azkue organojole ospetsu zenari omenaldia eskaini ere Artzain Onaren katedralean.

Guztietarik organo erromantikorik berezienetakoa Usurbilgoa omen da, XIX. mendean  Albert de l´Espée baroiak Ilbarritzeko (Bidart) gazteluan jartzeko  enkargatu zuena. Gure Baroia ez zen gero euli-kaka. Sei gaztelu, jauregi edo etxetzar zituen Frantzian eta seiretan jarriarazi zuen organo galant bana. Jakina dirutsua zena baina ez, horratik, alprojegia, organoa jotzen ere bai baitzekien. Eta dezente ondo nonbait, jazza bailitzan bat-bateko inprobisaziotan artista samarra zen-eta

Baina gatozen berriro Euskal Herrira. Baroiak Ilbarritzeko gaztelua eraberritzeari ekin arren, azkenean saldu egin zituen euskal ondareak. Lehen Mundu Gerran Ilbarritz ospitaletzat erabilia izan zen, ondoren euskal atzerriratuen babesleku eta, geroxeago, gudaloste naziaren gotorleku. Gaur egun, Ilbarritzeko golf kluba da.

Kontua da, ordea, zorioneko organoa Usurbilgo parrokiak erosi zuela –usurbildarren dirulaguntzaz— 1920an eta, geroztik, han dagoela maitte-maitte gordeta.

Urteak joan eta urteak etorri, oraingoan eraberritu egin dute, buru belarri txukundu, zor zitzaizkionak ezarri eta hantxe dago isilik misilik, etenbako ilunabarrean, organo-joleren batek noiz eskua sartuko zain.

Igandean, Esteban Elizondo maisuak gogotik heldu zion eta, eliza entzulez beteta, Gorriti, Beobide, Otaño, Mokoroa, Urtega eta Guridiren eresiak eskaini zizkigun.

Baditugu lehen-lehen mailako organoak, baditugu lehen-lehen mailako organo-joleak eta baditugu, guk jakin ez arren, lehen-lehen mailako organo-musikagileak ere.

 Usurbilgo organoa

Amatiño 2009/08/11

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
bularretakoen propaganda Iñaki Murua, 2010/03/17
PNB juan, 2010/03/15
Patxirenak Amatiño, 2010/03/07
KomuniKAKAzioa? ptx | irratia.com, 2010/03/07
Interesgarria oso Juan Luis Fernández Gutiérrez, 2010/02/22