Judith Jauregi eta Kirmen Uribe, elkarrekin baina ez nahasiak
Donostiako Musika Hamabostaldiaren programa-barruan Judith Jauregi pianojolea eta Kirmen Uribe idazlea elkarren eskutik aritu dira gaur, Chillida Leku Museoan, batez ere 1930 hamarkadaren inguruko musikaren zein literaturaren zenbait lan hautatu eskainiz. Donostiarrak Aita Donostia, Isaac Albeniz, Bela Bartok eta Enrique Granados konposatzaileenak jo ditu; ondarrutarrak, berriz, Lizardi, Orixe, Unamuno, Tsvietaeva, Hughes eta Hugh Auden poeten olerkiak irakurri. Baita, bidenabar, Baroja eta Lorca aipatu ere.
Ez naiz inondik ere aditua baina, esango nuke esan, Jauregik erabat asmatu duela bertara bildu diren entzuleen gustu eta mailarekin. Holakoetan zailenetakoa izan ohi da nola norberaren trebetasuna azaldu errazkerian erortzeke baina jendea aspertu gabe. Judithek taxuz eta zentzuz jakin izan du orekari eusten. Bikainik azpimarratzekotan, Bartoken Suite Op. 14 delakoa.
Kirmen Uribek frogatu digu, berriz, tipo atsegina dela, kontalari ona, ez irakurlerik onena eta aurkezle eskasa. Gustatu zait egindako aukera, hainbati ez zaio askorik gustatu hamahiru urteko semeari eskainitakoa gaztelaniaz irakurtzea eta, behar bada, arinegi –injenuitate handiz— egin ditu Errepublikari buruzko lar aipamen ezkor.
Ikus-entzule asko –ni tarteko-- bertaratu da musika eta poesia elkarrekin eskainiko zirelakoan. Pianojoleak eta poetak, ostera, txalo-zaparradaren osteko azken oparian baino ez dituzte euren gaitasunak aldi berean elkarrekin gurutzatu.
Ikusentzuleen artean, besteak beste, Odón Elorza Donostiako alkatea, Jose Mari Muñoa Eusko Ikaskuntzaren lehendakaria eta Xabier Mendiguren gurea.