Guayabera
Nere txikitako oroitzapenetan, guayabera erbesteko euskal munduari atxikia agertzen zait. Atzerriratuak, pilotariak, indianoak… lantzean behin kanpotik etorri eta euskara zaharrean abentura berriak kontatzen zituztenen alkandora arraro eta zabalotea.
Nik luzaro uste izan nuen guayabera gizonezko pottolo eta tripontziek apropos jantzi ohi zuten alkandora zela. Ez, jakina, derrigorrez hala behar zutelako, itxurabako zipote galant haiek gerrikorik onartzen ez zutelako baino eta, beti ere, fraka gainetikako alkandora-mota harek hainbat gehiegikeria estaltzeko balio bide zuelako.
Hogei urtetik aurrera, berriz, pilota-partiduetara joaten hasi ginenean –asteazkenetan Eibarren eta ostegunetan Bergaran— konturatu ginen pilotalekuetako artekari guztiek erabili ohi zutela, besteak beste freskoa izateaz gainera trabesak gordetzeko lau poltsiko handi zituztelako. Benetan joko-artekarientzat propio burututako diseinua ematen zuen.
Guayabera erromantikoa da, ala barrokoa ote?
Hego Ameriketako gerrillaren informazioarekin batera jakin genuen, ostera, indianoen eta pilotazaleen alkandora ez ezik, zeharo jantzi arrunta zela Karibe eta Ertain Ameriketako itsasbazterretako hiriburuetan ere, Veracruz, Acapulco, Habanan zein Panama Hirian. Nolabait kultura kreolaren adierazgarrietakoa zela eta, mahuka luzea eramanez gero, protokolorik gorenaren eskakizunak betetzen zituela.
Gizarte-maila, ideologia-aukera eta funtzio-mota guztietarako jantzi unibertsala, hala ezkontzeko nola gitarra jotzeko, pankarta eramateko zein gobernu-ordezkaritzarako. Aldez aurretik kategoriarik ezartzen ez duen jantzia, nahiz Filipinetan trafikatzaile izan, Kuban iraultzaile, Mexikon dandy edota Panaman CIAren espioi.
Guayabera erromantiko samarra da (edo barrokoa ote?) gaur egungo gustu minimalistentzat baina ezin gero esan freskoa eta erosoa ez denik. Zenbait gaztek besterik uste izan arren, guayabera guztiz arropa logikoa eta eskergarria da hogeita bost gradutik aurrera. Hamar gradutik behera kotoiz edo fibra sintekikoez janztea baino askoz ere logikoa, hain zuzen ere.