Kristoren argazkia eta makinarik ez
Gaur Donostiako Victoria Eugenian aurkeztu den Itoiz Suite delakoak ez du aurreko larunbateko estreinaldian Bilbon izan zuen Jesus Mari Lazkanoren diseinu eta irudi landurik izan baina, bergararraren beraren esanetan, audioa Abandoibarrakoa baino hobea izan omen da.
Edozein modutan, jendartean sumatu den zirrara audioa baino haratago heldu da. 1980eko hamarkadan gaztetxo samarrak zirenentzat sekulako arnasberritzea eta ordurako --Saturrarango Venecia diskotekatik bueltan-- guraso helduxeak ginenontzat, ostera, nolabaiteko nostalgia-punttua. Besteak beste, eta gustua gustu, ederra Marilyn, biribila (birritan) Lau teilatu eta bikaina, bene-benetan, Marea gora.
Baina txundigarria, berriz, Juan Carlos Perez eta Jose Garate "Foisis" bikoteak elkarrekin eskainitakoa, arpa eta flautaren laguntzaz, Bilboko Orkestra Sinfoniko oso-osoa telonerotzat zutela. Bizpahiru minutu horiek aitzakia ezin hobea izan dira, besterik gabe, gaur iluntzean Donostiaratu beharra arrazoitzeko.
Juan Carlos bakerotan eta Foisis kontzertista jantzia, alkandora zuria fraka beltz gainetik zeriola, "aspaldixan" (mutrikuarrak berak erabilitako hitza) ikusi ahal izan dugun irudirik esanguratsuenetakoa, benetalarienetakoa eta hunkigarrienetakoa izan da. Historiari, kemenari eta hainbat urte luzetako esperientziari batere zorrik gabe, merezimendu handiz, dagozkienetakoa. Eta, gainera, ez zaie nonbait kontserbatorioan kantatzen ahaztu.
Jaioko dira bai, segurutik, berriak, baina ez gero berdinak.
Itoiz (1974-1988). Argia argazkia
Juan Carlos eta Foisis, Victoria Eugenian. Noticias de Gipuzkoa argazkia
Nik zuzenean sekula ikusi barik orduko Itoiz. Hala ere, tabernan jaioa naizela esaten didate familiakoek eta han bazen Itoizen jarraitzailerik. Itoiz ume umetatik entzuten nuen tabernako bozgoragailuetatik. Musika zaleagotuago nintzenean etorri ziren Juan Carlos Perezen bakarkako lanak. Ederrak. Zuzenean ere makina bat bider ikusi dut Perez eta azkena Espaloian bertan kontzertu mundiala egiten.
Vitoria Eugeniakoa eta halatsu. Niretzako "Lau Teilatu" da gutxien borobilduta ikusten dudan kanta eta orkestratua entzungai dagoen denbora gutxian horrenbeste entzun izanak ere izango du eragina. Pieza ederra "Marea Gora" eta "Goizeko deiadar". Hori bai, seguruenik dudan ohitura musikalagatik-edo, benetan gozatzekoa kantatu zuten bakarra. Kontzertu neurtua, baina nik eskertuko nuke beste kanta bakar bat kitarra eskuetan hartuta.