Detxepare, Leizarraga eta Axularren hutsunea
Adjetibotan, gaztelaniaz oso arrunta da cierto hitza; ez horren ohikoa frantsesez, certain, eta ezer gutxi erabilia, berriz, ingelesez. Gaztelaniaz horren arrunta den cierto adjetiboaren parekoak sûr/sure/ziur zein vrai/true/egia sailak dira erabilienak, nahiz eta, iparraldeko euskaraz behintzat, gertu hitza izan baden.
Adberbiotan ere, ciertamente/certainement//certainty sailak ez du, hegoaldeko euskaraz behintzat, parekorik baina bai, ordea iparraldekoan: gertuz eta gertuki.
Luis Mitxelenak dioen bezala (Fonética Histórica Vasca. Donostia, 1961), “Aparte de la forma adverbial gert(h)uz ‘ciertamente’ en Dechepare, gerthu significa exactamente ‘cierto, seguro’ en Leiçarraga: gauza segurua eta guerthua ‘es cosa cierta y segura”.
Izan ere, gerthuz (guerthus) Patxi Altunak bildu zuen Etxepareren Hiztegian (Bilbao, 1979) eta baita Aita Villasantek ere, Axularrenean (Oñati, 1973): Segurki eta gerthuki .
Geroztik gertu, gertuz eta gertuki moldeak Azkue (Bilbao, 1905), Lhande (Paris, 1926), Mujika (Bilbao, 1965), Elhuyar (Usurbil, 1993) eta Labayruren (Bilbao, 2003) hiztegietan agertzen dira segurtasun-zentzu honetan eta, oro har, beste zenbait eskola-hiztegitan eta sinonimo-liburutan ere. Kontua da, ordea, nik ez dudala --ziurraren pareko-- sekula berbetan entzun eta, dakidanez, ezta irakurri ere.
Koldo Mitxelenak (Donostia, 1961) dioenez jatorria latinezko certus omen da. Joan Corominasek (Madrid, 1980), berriz, certum dio. Edozein modutan latinetik zuzen-zuzenean eta, nonbait, iparraldean arrakasta gehiago izan du hegoaldean baino, Detxepare, Leizarraga eta Axularren eskutik.
Gaur egun euskaldunik gehienen artean gertu hitzak prest eta hurbil esan nahi du eta gertatu aditzak, berriz, jazo, Azkue-Corominas bikoteak gaztelania zaharrean sumatzen duten acertarse ideiaren ildotik.
Dena den, hasierara itzuliz, prospektibak erabili izaten duen certidumbre/certitude/certainty sortak gertuera edo gertutasuna beharko luke euskaraz. Baina, “beharko lukeenaz” ezer gutxi egingo dugu. Honez gero ez gara gure klasiko zaharrei hutsunerik leporatzen hasiko. Dagoentxoaz konpondu behar.