La ladrona de libros
Ez naiz ni bostehun orrialdetik gorako fikzioa irakurtzeari ekitearen zale baina, zeharo bestelakoa zela-eta, hondartzan ere zerbait egin behar eta, horra ustekabean nere burua inoren gustuko nobela irakurtzen, denbora alferrik galtzen ote nengoen susmo nabarmenaz. Baina, tira, ezin esan gero bere punttua ez duenik, ezin esan behintzat aspertu naizenik, ezin esan amaitu izanaz damutu naizenik.
Ñabardura bereziren bat azpimarretzekotan, hona bi: lehen eta behingoz ezohiko kontalaria, ez baita batere arrunta kontatzailea heriotza bera izatea. Eta kontatzaile emea, gainera, sekula ez dut-eta pentsatu heriotza femeninoa izan zitekeenik, gaztelaniaz bederen. Eta, bigarren, historia alemanen ikuspegitik kontatu izana ere ez da batere ohikoa, are gutxiago III. Reicharen zoramena bertatik bertara jasan zuten hiritar xeheen ikuspegitik.
Heriotzaren ironiak ez du inoiz presarik bai baitaki gizaki guztiok berandu baino lehen fitxatuko duguna. Hiritarrek ondo asko dakite nork agintzen duen --baita zerk pozten eta zerk haserretzen duen agintaritza ere--, eta senitarteko giroa han-hemenka sakabanatzen da, aberriaren izenean gerran hil (gazteak), premia gorritan etxean geratu (zaharrak) eta nora ezean kaleratzen (neska-mutikoak) direnen artean. Denak begi bistan, bakoitzaren barne-iritziak eta soto ilunean gordeta dagoen judua ezik.
Kontalariaren eta protagonisten ikuspegia ezohikoa bada, zer esanik ez kontakizuna azaltzeko, adierazteko eta ulertarazteko egileak darabiltzan moldeak: intertestualitatea, telegrama gisako aurkezpentxoak, ohar solteak, eskuzko tipografiak, marrazkiak etab.
Hainbat aipamen eta kritikatan irakurri dut egileak hitzen indarra nahi izan duela nobela honetan aldarrikatu. Ez dut uste. Nobelan zehar hitzen garrantzia behin eta berriz aipatzen den arren, ez dira hitzak, berbak, aldarri, literatura bera baizik. Ez dut uste gauza berbera denik.
Eleberri atsegina, entretenigarria eta interesgarria izateaz gainera, eskolako irakurgai bihurtzeko argudio guztiak biltzen ditu. Ez litzateke gero batere harrigarri izango zenbait urte gutxi barru testu-azterketarako material klasikotzat erabiltzea.