Artxiboa Martxoa 2009
Gabonetako kontu bat
“Un conte de Noël” da, segurutik, egunotako karteldegian dagoen filmerik konplexuena. Baita, behar bada, zinikoena ere. Eta garratzenetakoa. Vuillard familia frantsesaren Gabonetako bilera kontatzen zaigu. Ez dago, itxuraz behintzat, trajedia nabarmenik, ez dago hilketarik, ez dago lar zorigaitzik. Baina bada gatazkarik, traiziorik, gorrotorik, zauri psikikorik… malura, arrangura eta samindurarik.
Un conte de Noël (Arnaud Desplechin. Roubaix, 1960) deritzan istorioaren iturria senitarteko hezur-muinetako gaixoa da baina gaia ez da ikusentzulea izutzeko bestekoa. Vuillard-tarrek makinatxo bat arazo dute, baina euretariko bat bera ere ez da zinezalea larritzeko bezainbatekoa. Elkarri kristorenak esan arren, nonbait elkar maite duten senideak dira, euren modura, hori bai. Familia ilustratua izaki, dialogoak kultoak eta zorrotzak bezain iraintsuak dira, beti ere isekaz jantziak, inoren bizkar gertatzen diren amesgaiztoak bailiren.
Junon amandrea (Catherine Deneuve) hotza eta urruna benetan, Henri semea (Mathieu Almaric) alproja hutsa, Elizabeth alaba (Anne Cosigny) depresioak jota eta Paul biloba (Emile Berling), berriz, neurotiko samarra. Apartekoa gero beste alaba, Silvia (Chiara Mastroiani), eta Simon (Laurent Capelluto) lehengusuaren harremana, eta elkar maite izanaren berri jakiten duten pasartea.
Filme luzea (152 minutu), nahiz eta –azpidatzi eta guzti-- hegaztadaren letxe pasatu. Filme frantsesa, frantses-frantsesa, hirurogeigarren hamarkadako zine-klubetan ikusi ohi genituenen gogoangarri. Zazpigarren Arte peto-petoa, zine-aretoan ikustekoa baino ez, nik neuk behintzat ez baitut uste amaren semerik dagoenik honelako pelikularen bat telebista aurrean osorik ikusteko gauza denik.
Baina merezi du.


Abortuaren indarkeria-punttua
Abortua dela-eta, ez dut nik esango ezein kasutan abortatu behar ez denik eta ez nator bat umea galtzearen kontra ezezik, espermatozoideen eskubideen defentsa ere egiten dutenekin. Beti onartuko dut legeak dioena, beronen mugen barruan amak erabaki lezakeena, eta badakit legeak abortua ahalbideratu arren, ezein emakume ez dagoela abortatzeko derrigortua. Baina, aldi berean, uste dut errazegi ixten ditugula begiak umea galtzearen aurrean.
Espainian, 14 astetik 22ra bitarteko epeak arautu nahi dira haurra egotzi ahal izateko. Ez dakit asko edo gutxi diren. Baina badakit Suedian 18 astebete direna, eta Erresuma Batuan zein Holandan 24.
Eztabaida honetan ni ez nau lege espainiarrak arduratzen, abortuaren kontzeptuak berak baino, hamalau astebeteko fetuak burua, aurpegia, eskuak eta hankak bai baititu. Eta ez Vatikanoak salatzen duelako, ekografiak erakusten duelako baizik.
Badakit hainbati ez zaiola gustatzen fetuaren fisiologiaz hitzegitea. Baina trafiko-istripuen kontrako sentsibilizazio-kanpainetan tetraplejikoak erakusten bazaizkigu, sexu-bortizkeriaren kontrakoetan emakume ubelduak, eta eutanasiakoetan euren burua akatzen duten gaixoak, zergatik ez zaizkigu egotzitako umekiak komunikabideetan erakusten? Gizakumeok honen arrazionalak bihurtu baldin bagara, zergatik gara fetuak ikuskatzearen beldur… batez ere oraindik egiazko haur ez badira?
Dena dela, benetan uste al duzue abortuak indarkeria-puntturik ez duenik? Ba… nik ez dut horren argi.
Goiz kronika. Euskadi Irratia. 2009ko martxoaren 24an.
Gorka Agirre, erbestearen seme
Sasoiko lore, garaiko fruitu, zirkunstantzien kimu eta erbestearen seme, Gorka Agirre bart hil da Bilbon, 60 urte bete berri dituen aste berean. Agirre lehendakariaren iloba, Anberesen jaio zen 1949an eta Ekonomiaz lizentziatu Lovainako Unibertsitatean. Euskaraz, flandrieraz, frantsesez eta espanieraz mintzo zen txiki-txikitandik eta europar egitasmoan buru-belarri sinesten zuen abertzalea izan zen. Baita euskal abertzale guztien arteko egitasmo bateratuaren aldarrikatzaile ere.
Politikagintza klandestinoaren ezaugarri peto-peto guztiak antzematen zitzaizkion nabarmen asko: militantzia, leialtasuna, konpromisua, onestasuna, ausardia isila, diskrezioa, zuhurtasuna, informazio-egarria, patxada, erritmo geldoa, sekuentzia luzea, itxaropen sakona, arolkeriarik eza, etab. Eta, aldi berean, mesfidantza-punttua, komunikabideekiko fidakaiztasuna eta, oro har, badaezpada, beti ere tentuzko jarrera. Irakurle amorratua eta eruditoa. Zioena baino dezente gehiago zekien.
Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarraren partaide 1988tik 2008ra bitartean, Kanpo Harremanen arduradun gisa, politika klandestinoa eta erakundetuaren arteko zubigintza kontatu gabe joan zaigu, amets zuen bakea ikusteke.
Hago goian, Gorka.
Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak
Frantzisko Apalategik donostiarrak han-hemenka bildutako edozenbat gertaeraren hautua eskaintzen du Aita Zavalak ia mila orrialdetan. Eibarko eta eibartarren aipamenik ere ez da falta --guztira hirupalau baino ez diren arren--, ezta Debabarrengo beste zenbait herritakorik ere. Apalategi gauza izan zen kontatzaileek erabilitako hizkuntza gordetzeko baina ez, ordea, lekuan lekuko euskalkiei eusteko. Ondorioz, nonahiko direlarik ere jatorriz esatariak --nafarrak, giputzak zein bizkaitarrak alegia-- guztiok mintzo dira donostiarraren era eta moldeetan.
Memoriak galdutako zenbait xehetasunen bila ari naizela, esku artean darabilt Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak deritzan sorta, non Frantzisko Apalategi Igarzabal jesuita donostiarrak (1867-1948) bere garaiko aitonen ahotik jasotako zertzeladak sailkatzen diren. Apalategik utzitako paper-mordoen artean ba omen dira bost koaderno berezi Gipuzkoako Diputazioaren liburutegian gordeak eta Antonio Zavalak hartatik egindako laburbilketa da Auspoak argitaratu duena, Foru Erakundearen laguntzapean.
Aita Zavalari jaramonik egingo badiogu berdin-berdin zitzaion Apalategiri aitona karlistekin ala liberalekin ibilia izatea. Gerra aietan alde batetik edo bestetik burrukatua bazan, arek kontatzen zuana idatzi egiten zuan. Garai artan magnetofonorik etzegoanez, leenengo bearbada, aitona izketan ari zala, zerbait idatziko zuan orri batean, gero zeatzago kuaderno oietan paperatuko zuanaren oroigarri. Lan sakona gero, etxera joandakoan, egingo zuan. Emaleak edo kontatzailleak erabilitako izkuntzan idatzi ere. Euskalduna bazan, euskeraz; eta erdalduna bazan, erderaz.
Ia mila orrialdetan Apalategik han-hemenka bildutako edozenbat gertaera, kontaera eta pasadizoren hautua eskaintzen du Zavalak. Eibarko eta eibartarren aipamenik ere ez da falta --guztira hirupalau baino ez diren arren--, ezta Debabarrengo beste zenbait herritakorik ere. Aita Zavalak esan bezala Apalategi gauza izan zen kontatzaileek erabilitako hizkuntza gordetzeko baina ez, ordea, lekuan lekuko euskalkiei eusteko. Ondorioz, nonahiko direlarik ere jatorriz esatariak --nafarrak, giputzak zein bizkaitarrak alegia-- guztiok mintzo dira donostiarraren beraren era eta moldeetan.
Hain zuzen ere, Apalategik darabilen euskarak frogatzen digu, besteak beste, duela egun urte ez zela horren handia Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat hitzen arteko aldea edota, beste modu batez esanda, bazirela giputz-euskaran gaur egun bizkaitar peto-petotzat jotzen ditugun moldeak. Esaterako, atzen (azken), matrailla (masaila), atondu (antolatu), aguro (azkar), zarata/deiadar (oihu), lasterka (korrika), orma (pareta), mesede (fabore), okotza (kokotsa) etab. Aldi berean bizkaitar-kutsua darie sartu zeikiela eta utzi legike aditzei. Eta beste horrenbeste ankean (hankan) eta beian (behean) erei ere.
Daitekeena euskara batuaren aitzakiaz gipuzkoartzat saltzen diguten guztia horren giputza ez izatea. Jatorriz bizkaieraz berba egiten dugunok sarri uste izaten dugu geu garela euskara batuan hitzegiteko orduan gehien saiatu beharrekoak baina, segurutik, giputzek ere euren ahalegintxoak egin behar izango dituzte.
Kirmen Uriberen kontu arruntak
“Esan zeure-zeureak diren kontuak, esan, horrek du benetan garrantzia. Ez lotsatu. Gainontzeko guztia arrunta da, egunkarietan ageri dena“(Elias Canetti). Estrictu sensu ez dut uste arrunta izatea denik, hain zuzen, egunkarietan agertzeko meriturik handiena, baina bat nator Kirmen Uribek bere eleberrian islatu nahi duen egunerokotasunaren garrantziaz.
Benetan liluragarriak dira gero Kirmen Uriberen kontuak. Hitzez hitz, lerroz lerroz, aztertu eta zein kontakizun arruntak, xumeak, bakunak, hutsaren hurrengokoak diren. Eta, hala ere, ezin asmatu zergatik, zein beteak, jantziak, sendoak eta indartsuak.
Gustura irakurtzen dihardut, bai, Bilbao-New York-Bilbao nobela (?). Errealitatearekiko hurbiltasun hori nere gusturako apropos burutua bailitzan idatzia dago, eta 1936ko negua epel samarra izan ote zen edota itsas-barruko olatu garauak etxetzarrak bezain galantak diren… nere haurtzaroko gomutak dakarzkit gogora, Ondarroako osabak (gure aita zenaren titi-anaiak) Eibarrera etortzen zen bakoitzean kontatzen zizkigun berberak... olio-ozpinetan gordetako langostinoak boteilatik banan-banan, maitekiro, ateratzen zituen bitartean.
Zeharo bakana, bestalde, Nerea ezagutu zueneko pasartea. Liburu osoa justifikatzeko bezainbateko lerrokada paregabea gero.
Irakurzaletasuna susperrarazten duten liburuetakoa. Don Manuelen eskolakoa, nonbait. Mesanotxean gorde beharrekoa. Bai, merezi du.

Petrolio amaigabea
Begoñak berrogei urte daramatza petrolio-sektorean eta laster erretiratzekotan dago. Orain dela hogeiren bat urte aurreratu zioten ez zuela bertan jubilatzerik izango, petrolioa dezente lehenago ahituko zelakoan. Baina, honez gero, bera lehenago etxeratuko da petrolioa burutu baino. Hain zuzen, zenbait adituk dioenez, oraindik ere barrena beste berrogei urterako erreserbak geratzen omen dira… egungo teknologiaz.
Direnak direla erreserbak, bada esaten duenik, ordea, petrolioa ez dela sekula santan amaituko. Edo, Yamani jekeak duela edozenbat urte argi asko adierazi bezala: Harri Aroa ez zen amaitu harriak bukatu zirelako eta petrolio-aroa ez da amaituko petrolioa bukatuko delako.
Bai, azken belaunaldi biak kontrakoa esaten aritu izan diren arren, petrolioak betikoz iraungo du. Gizakiak ez dio petrolioa erabiltzeari utziko petrolioa agortuko delako, beste hainbat energia-mota berriagoak, garbiagoak, aproposagoak eta, baita merkeagoak ere, aurkituko direlako baizik. Harriekin gertatu zen legez.
Argia, 2009ko martxoaren 15ean.

Argazkia
Azken euskal legealdiaren argazkirik adierazgarrienetakoa, segurutik, Ibarretxek, Azkarragak eta Madrazok osatzen zuten Kontseilu Politikoarena izan zen. Neri ez zitzaidan sekula argazki hura gustatu. Beti uste izan nuen Eusko Jaurlaritzaren nahiz hitzetik hortzera aipatu ohi zen euskal gizartearen ildo zentral hartako alderdi nagusiaren ordezkaria falta zela bertan.
Politikan sarri esaten da mugitzen dena ez dela argazkian agertuko. Gero, urteetara, argazkiek alkauetearenak egin ohi dute, nor egon zen eta nor ez begi bistan salatuz.
Nik umetan ikusi nuen lehen argazki politikoa Yaltako biltzarrarena (1945) izan zen, Bigarren Mundu Gerraren osteko estrategia elkarrekin erabaki zuten Churchill, Roosevelt eta Stalin lekuko.
Franco hil ostean alderdi demokratikoek elkarrekin atera zuten erretraturik ezagunena izan zen Moncloako hitzarmenarena (1977), non Juan Ajuriagerra jeltzalea diskrezio handiz erdi ezkutuan agertzen den.
Azken hamarkada honetako irudirik nabarmenenetakoa, berriz, Azoreetakoa (2003), Blair, Bush eta Aznar buruzagiek Irak-eko gerrari ekitea erabaki zutenekoa.
Eta azken euskal legealdiaren adierazgarrienetakoa, segurutik, Ibarretxek, Azkarragak eta Madrazok osatzen zuten Kontseilu Politikoarena. Neri ez zitzaidan sekula argazki hura gustatu. Beti uste izan nuen Eusko Jaurlaritzaren nahiz hitzetik hortzera aipatu ohi zen euskal gizartearen ildo zentral hartako alderdi nagusiaren ordezkaria falta zela bertan.
Baina, horra non EAJri ondo etorri zaion argazki hartan ez agertzea, azken hausteskundeen emaitzen arabera behintzat Eusko Alderdi Jeltzalea bera baita bere burua salbatu duen bakarra.
Zein ote, ordea, hurrengo euskal ildo zentralaren argazkia?
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko martxoaren 10ean.
Yalta, 1945
Moncloa, 1977
Azoreak, 2003
2007
Eibarreses al frente del mercado de las galaxias
Tras recibir el premio Toribio Echevarria 2008 a la Internacionalización en el acto organizado al efecto en el Salón Coliseo, el Director General de Ega Master, Aner Garmendia, se acercó al micrófono y recordó que el lugar le traía un recuerdo inolvidable de la infancia, no en vano fue en el propio Coliseo donde vio cine por primera vez. Exactamente la película “La guerra de las galaxias”.
Iñaki Garmendia llevaba ya una veintena de años en el campo ferretero de la herramienta de mano cuando, hacia 1990, en plena crisis, inmerso en un sector maduro poco proclive a la innovación y acuciado por la cada vez mayor competencia de los mercados internacionales, experimentó en su propio pellejo el viejo eslogan de renovar o morir.
Fue entonces cuando, a punto de cumplir los cincuenta años de edad, se planteó dos nuevos parámetros de actuación impensables hasta entonces. Por un lado, aplicar en la fabricación de la sencilla herramienta de mano (llave inglesa, llave de tubo, alicates, destornilladores etc.) el método de la integración horizontal ya largamente experimentado con éxito en sectores más evolucionados como la automoción y la aeronáutica. Y, por otro, abandonar la falsa seguridad del mercado más cercano, abrirse al mundo y apostar decididamente por la internacionalización.
El llamado método de integración horizontal suena a algo muy complejo pero es tan sencillo como la vida misma. En el fondo no es nada más elemental que asumir con humildad que uno no puede ser el mejor en todo, que uno no puede hacer de todo, pero sí que pude elegir a los mejores en cada caso y compartir con ellos el proceso de producción en su conjunto. Es decir, seleccionar a los mejores, posibilitar que cada uno de ellos pueda hacer aquello que mejor sabe hacer, y conseguir, por añadidura, una mayor especialidad, flexibilidad, agilidad y, consecuentemente, competitividad.
Apostar por la internacionalización significa renunciar a la exclusividad del mercado nacional, desde el convencimiento de que la excesiva dependencia del mercado doméstico conlleva a la larga el riesgo de acomodarse ante la rutina que siempre ofrece una demanda invariable en términos geográficos, culturales, lingüísticos, arancelarios e incluso monetarios. La opción estratégica de la internacionalización constituye una herramienta fundamental para la mejora continua de la organización y para la diversificación de los riesgos. Es decir, como se demuestra en tiempos de crisis, el gran valor añadido de la internacionalización no estriba en vender en muchos países, sino en la improbable posibilidad de que la crisis se extienda a todos ellos.
Hoy, casi veinte años más tarde, la empresa Ega Master de Vitoria está preparada para el mercado de todas las galaxias hoy conocidas. El 80% de su producción se dirige a los mercados exteriores y sus herramientas se distribuyen en más de 140 países de los cinco continentes. Ega Master es el único fabricante del mundo preparado para suministrar de manera personalizada, es decir, con su propia marca, los más de 10.000 productos que fabrica sin un coste adicional para el cliente. Posee más de 100 patentes registradas y destina el 7% de sus ventas a Investigación y Desarrollo.
La experiencia de la empresa familiar de los Garmendia –Iñaki padre y dos hijos, Aner e Iñaki-- demuestra que la internacionalización no es patrimonio de las grandes multinacionales y que, con investigación e inversión, también los sectores maduros y los productos sencillos son susceptibles de innovación.
El mercado no ha cerrado los ojos ante el esfuerzo de Ega Master. Por un lado, es una empresa que ha alcanzado récords de ventas en 2008 y un escaparate de premios y galardones que reconocen públicamente su meritoria labor: Q de Plata por segunda vez, Premio Novia Salcedo a la Excelencia en la Integración Profesional de los Jóvenes, Premio a la Excelencia Empresarial en Competitividad, Premio Toribio Echevarria a la Internacionalización, etc. Además, su llave alavesa o basque wrench fue elegida para ser expuesta en la exposición de diseño del Círculo de Bellas Artes, de Madrid, junto con la cuchara del cocinero Ferrán Adriá, los zapatos Camper Preu o el Plan de Accesibilidad de Metro Bilbao. Toda una joya.
EIBAR herriaren arima. Revista popular. III Época - año 56 - núm. 88

Aner Garmendia, Director General de Ega Master, S.A.
Kanpoko etsaien ilusioen pizgarri
Raul Castro Kubako presidenteak lehen ministroaren pareko funtzioa bete izan duen Carlos Lage kargutik kendu eta, beronen ordez, José Amado Ricardo Guerra militarra jarri du. Lage, 57 urteko osagilea, Kubako ekonomiaz arduratu izan da azken urteotan eta Guerra jeneralak, berriz, 74 urte ditu eta 1956ko belaunaldi historikoaren lekuko da.
Auskalo bietarik nor den onena. Carlos Lage ez da gero iadanik batere gaztea, baina ia umemokoa Guerraren aldean. Fidelek berak esan duenez, kanpoko etsaien artean ilusioak sortzeko bezainbateko anbizioak erakutsi omen ditu Lagek. Duintasun gutxi, beraz. Guerra jeneralak, ostera, bizitza guztia darama uniformez jantzita, beti ere duintasun handiz, dirudienez.
Orain dela zortziren bat urte bertatik bertara ezagutu nuen nik Carlos Lage, eta Kubako zein Euskadiko ekonomiaz elkarrekin hitzegiteko aukera izan. Guerra jenerala, ostera, aproposago ikusten dut Habanako Iraultza Museoaren bedel.
Baina ni ez nago honez gero matxinadatarako eta nere aurrezkien dirutzain aukeratzekotan nahiago Lage, Guerra baino. Baita segurutik kubatarrek ere, norbaitek galdetuko balie jakina.
Ortega, Lage, Chavez eta Morales
"Slumdog millionaire" filmearen une majikoa
Mutikotan lau zine-emanaldi izaten ziren igandetan. Bazkalosteko 3tan, arratsaldeko 5,15etan, iluntzeko 7,30etan eta gaueko 10etan. Bazkalostean umeok bildu izaten ginen, arratsaldean gazte jendea, iluntzean senar-emazteak eta afalostean, berriz, bikote ezkongabeak. Umeentzako filmea, “infantilla”, aurrena izaten zen eta ondoko hiruretan, ostera, helduentzako pelikula berbera. Orduko irizpideen arabera “Slumdog millionaire” ikusteko hiruetako saiora joan beharko genuke.
Zortzi oscar irabazi ditu Dany Boyleren amodio-historia honek eta aurretik ere lau Urrezko Globo eta beste bospasei sari bereganatu izan dituenez gero, ezin esan gero batere merezi ez duenik. Baina, behar bada, aldez aurretiko publizitaterik gabe bazkalosteko “infantillean” ikusiez gero, ez dut uste ospe handirik jorratuko lukeenik.
Filmeak Bombai (Mumbai) hiriaren azken urteotako garapenarekin batera hazi den Jamal Malik (Dev Patel) hemezortzi urteko umezurtzaren historia kontatzen digu. Maite duen Latika (Freida Pinto) neskatila aurkitu gurarik telebista-lehiaketan parte hartzen du eta, ustekabean, galdera guztiak asmatzen ditu eta 20 milioi rupia (37.000 euro inguru) irabazi. Ez gero mutiko jakintsua delako (ozta-ozta daki irakurtzen), egiten zaizkion galdera guztiek berak bizi izandako hainbat pasadizorekin zer ikusi estua dutelako baizik. Hain zuzen ere, bere bizitzaren pasarte horien kontakizuna besterik ez da filmea.
Gustua gustua, ene iritziz filmeak puntu majiko battoa du, inon jasoa edo aipatua ikusi ez dudana. Alegia, lehiaketa-aurkezleak egiten dion iruzurra eta gazteak emandako erantzuna. Eta, hobeto esan, erantzunik eza.
Ah. Inor alferrik joan ez dadin. Zenbait iragarkiren arabera besterik iruditu arren, Slumdog millionaire ez da musikala.


Kate Winslet, lilura galduaren artista
“Revolutionary Road” eta “The Reader”, zein baino baino zein filme ikusgarriak biak. Bietan artista galanta gero Kate Winslet britainiarra. Eta bietan, hain zuzen ere, bere burua hiltzen amaitzen du. Ez dago nonbait eginkizun eztitsutarako “Titanic” (1997) historia erromantikoan ezagutu genuen Rose neskatila gajoa.
Geroztik arras andratu zaigu Kate Winslet. Hazi, emakumetu, nagusitu, gaitu, indartu, nortasunez jabetu. Eta hainbat astebete gutxitan, lehen-lehen mailako zazpi sari lortu, alegia: Urrezko Globo bi, BAFTA beste bi, aktore sindikatuarenak ere bi eta, azkenik, Oscarra. Hona non sekulako aktoresarik ontxoenen zerrendan sartu zaigun buru belarri.
Revolutionary Road filmean, 1950 hamarkadako Estatu Batuetako emakumeen nahi eta ezinak kontatzen zaizkigu. Gizarte-konbentzioak, itxura-betetzeak, auzokoen inbidiak, inguruaren bai-baina krudelak eta senarraren heldutasunik ezak birrintzen dute aterabide eske isilpeko txilioka ari den emazte gaztearen askapen-lilura.
The Reader filmean, berriz, II. Mundu Gerraren osteko Alemanian, legea versus morala eztabaidak, belaunaldien arteko sesioak, bakerik egin ezinak, errudunen bat aurkitu beharrak, lagunen konpromisorik ezak eta bakardade-izuak suntsitzen dute arrazoirik gabe luzaroegi espetxean dirauen emakume helduaren itxaropen-lilura.
Batean zein bestean, Kate Winslet indartsua, sinesgarria, benetakoa. Artista galanta. Lilura galduaren artista.

