Gabonetako kontu bat
Un conte de Noël (Arnaud Desplechin. Roubaix, 1960) deritzan istorioaren iturria senitarteko hezur-muinetako gaixoa da baina gaia ez da ikusentzulea izutzeko bestekoa. Vuillard-tarrek makinatxo bat arazo dute, baina euretariko bat bera ere ez da zinezalea larritzeko bezainbatekoa. Elkarri kristorenak esan arren, nonbait elkar maite duten senideak dira, euren modura, hori bai. Familia ilustratua izaki, dialogoak kultoak eta zorrotzak bezain iraintsuak dira, beti ere isekaz jantziak, inoren bizkar gertatzen diren amesgaiztoak bailiren.
Junon amandrea (Catherine Deneuve) hotza eta urruna benetan, Henri semea (Mathieu Almaric) alproja hutsa, Elizabeth alaba (Anne Cosigny) depresioak jota eta Paul biloba (Emile Berling), berriz, neurotiko samarra. Apartekoa gero beste alaba, Silvia (Chiara Mastroiani), eta Simon (Laurent Capelluto) lehengusuaren harremana, eta elkar maite izanaren berri jakiten duten pasartea.
Filme luzea (152 minutu), nahiz eta –azpidatzi eta guzti-- hegaztadaren letxe pasatu. Filme frantsesa, frantses-frantsesa, hirurogeigarren hamarkadako zine-klubetan ikusi ohi genituenen gogoangarri. Zazpigarren Arte peto-petoa, zine-aretoan ikustekoa baino ez, nik neuk behintzat ez baitut uste amaren semerik dagoenik honelako pelikularen bat telebista aurrean osorik ikusteko gauza denik.
Baina merezi du.