Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Abortuaren indarkeria-punttua

Abortuaren indarkeria-punttua

Amatiño 2009/03/24 00:10
Abortua dela-eta, ez dut nik esango ezein kasutan abortatu behar ez denik eta ez nator bat umea galtzearen kontra ezezik, espermatozoideen eskubideen defentsa ere egiten dutenekin. Beti onartuko dut legeak dioena, beronen mugen barruan amak erabaki lezakeena, eta badakit legeak abortua ahalbideratu arren, ezein emakume ez dagoela abortatzeko derrigortua. Baina, aldi berean, uste dut errazegi ixten ditugula begiak umea galtzearen aurrean.

Espainian, 14 astetik 22ra bitarteko epeak arautu nahi dira haurra egotzi ahal izateko. Ez dakit asko edo gutxi diren. Baina badakit Suedian 18 astebete direna, eta Erresuma Batuan zein Holandan 24.

Eztabaida honetan ni ez nau lege espainiarrak arduratzen,  abortuaren kontzeptuak berak baino, hamalau astebeteko fetuak burua, aurpegia, eskuak eta hankak bai baititu. Eta ez Vatikanoak salatzen duelako, ekografiak erakusten duelako baizik.

Badakit hainbati ez zaiola gustatzen fetuaren fisiologiaz hitzegitea. Baina trafiko-istripuen kontrako sentsibilizazio-kanpainetan tetraplejikoak erakusten bazaizkigu,  sexu-bortizkeriaren kontrakoetan emakume ubelduak, eta eutanasiakoetan euren burua akatzen duten gaixoak, zergatik ez zaizkigu egotzitako umekiak komunikabideetan erakusten? Gizakumeok honen arrazionalak bihurtu baldin bagara, zergatik gara fetuak ikuskatzearen beldur… batez ere oraindik egiazko haur ez badira?

Dena dela, benetan uste al duzue abortuak indarkeria-puntturik ez duenik? Ba… nik ez dut horren argi.

Goiz kronika. Euskadi Irratia. 2009ko martxoaren 24an.

 Bilakaera

Josu
Josu dio:
2009/03/30 03:46

Indarkeria-punttuarekin ados egonda ere, oker ez banabil, Lege espainiarrak abortua debekatzen du fetuak amaren gorputzetik at bizitzeko aukera duenean. Bizi-aukera hori amaren gorputzarekiko dependentzia duen asteetan du amak aborto-eskubidea. Beraz, lojika hori jarraituta, zientziak aurrera egin ahala abortu-eskubiderako denbora gero eta laburragoa izango da. Uste dut gai honen inguruko eztabaidan benetan interesa duen puntua dela.

Amatiño
Amatiño dio:
2009/03/30 18:37

Izatez, holako zerbait gertatzen ari da honez gero. Lege holandarra guztiz eskuzabala omen da 24 astebeteren barruan abortatzeko orduan, baina ama homizidatzat salatzeko gauza, ordea, hogeitalaugarrenetik aurrera abortatzen baldin badu. Muga, hain zuzen ere, zuk aipatu fetuaren bizi-aukera da. Erresuma Batuan ere antzerako izanik, hasi omen dira 24 astebeteko epea murriztu nahian edo, fetuaren bizi-aukera hori aurreratzen ari delakoan. Baina, orduan, erantzuteke geratzen zaizkigun galderak hainbat dirateke: 1. Bizi-aukerarik gabeko fetuak (22-23 astebetekoak) ez al du bizi-eskubiderik? 2- Beste edozein animaliak ez bezala, zer bizi-aukera du sei hilabeteko haurrak bere kaxa utziez gero? 3- Eta zein litzateke hainbat agure-atso zaharren bizi-aukera? Eta zenbait elbarriturena? Eta Alzheimerrak jota daudenena?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: