Kirmen Uriberen kontu arruntak
Benetan liluragarriak dira gero Kirmen Uriberen kontuak. Hitzez hitz, lerroz lerroz, aztertu eta zein kontakizun arruntak, xumeak, bakunak, hutsaren hurrengokoak diren. Eta, hala ere, ezin asmatu zergatik, zein beteak, jantziak, sendoak eta indartsuak.
Gustura irakurtzen dihardut, bai, Bilbao-New York-Bilbao nobela (?). Errealitatearekiko hurbiltasun hori nere gusturako apropos burutua bailitzan idatzia dago, eta 1936ko negua epel samarra izan ote zen edota itsas-barruko olatu garauak etxetzarrak bezain galantak diren… nere haurtzaroko gomutak dakarzkit gogora, Ondarroako osabak (gure aita zenaren titi-anaiak) Eibarrera etortzen zen bakoitzean kontatzen zizkigun berberak... olio-ozpinetan gordetako langostinoak boteilatik banan-banan, maitekiro, ateratzen zituen bitartean.
Zeharo bakana, bestalde, Nerea ezagutu zueneko pasartea. Liburu osoa justifikatzeko bezainbateko lerrokada paregabea gero.
Irakurzaletasuna susperrarazten duten liburuetakoa. Don Manuelen eskolakoa, nonbait. Mesanotxean gorde beharrekoa. Bai, merezi du.