Kate Winslet, lilura galduaren artista
Geroztik arras andratu zaigu Kate Winslet. Hazi, emakumetu, nagusitu, gaitu, indartu, nortasunez jabetu. Eta hainbat astebete gutxitan, lehen-lehen mailako zazpi sari lortu, alegia: Urrezko Globo bi, BAFTA beste bi, aktore sindikatuarenak ere bi eta, azkenik, Oscarra. Hona non sekulako aktoresarik ontxoenen zerrendan sartu zaigun buru belarri.
Revolutionary Road filmean, 1950 hamarkadako Estatu Batuetako emakumeen nahi eta ezinak kontatzen zaizkigu. Gizarte-konbentzioak, itxura-betetzeak, auzokoen inbidiak, inguruaren bai-baina krudelak eta senarraren heldutasunik ezak birrintzen dute aterabide eske isilpeko txilioka ari den emazte gaztearen askapen-lilura.
The Reader filmean, berriz, II. Mundu Gerraren osteko Alemanian, legea versus morala eztabaidak, belaunaldien arteko sesioak, bakerik egin ezinak, errudunen bat aurkitu beharrak, lagunen konpromisorik ezak eta bakardade-izuak suntsitzen dute arrazoirik gabe luzaroegi espetxean dirauen emakume helduaren itxaropen-lilura.
Batean zein bestean, Kate Winslet indartsua, sinesgarria, benetakoa. Artista galanta. Lilura galduaren artista.