Artxiboa Azaroa 2006
Aldizkaria eta gehiago
Jakin aldizkariak berrogeita hamar urte bete ditu aurten. Hamaika nituen nik, y grekoz idatzitako Yakinen lehen alea nere etxera sartu zenean. Ez dut sekula asmatu zelan demontre heldu ote zen gurera Arantzazuko frantziskotarren filosofia eta teologia aldizkari hura baina, hori bai, euskaraz zen eta, garai hartan, nere aita zenak euskarazko liburu, disko eta aldizkari guztiak erosi izaten zituen.
Ez gero uste larregiko gastua zenik. Urtean zehar dozena bi liburu, pare bat aldizkari eta hiruzpalau gabon-kanta, Eguberritan. Ez gehiago.
Berrogeita hamar urte geroago, Durangoko Azokak Jakin aldizkaria sarituko du gau ilunean argia izan zelako. Bai, gau iluna benetan. Pentsa dezagun, une batez, euskal erakunde, eskola, prentsa, irrati eta telebistarik gabeko gizarteaz. Imajinatu dezagun euskal politiko, idazle, kazetari, kantari eta bertsolari bako plaza.
Segurutik lortutako guztia ez da nahi eta behar bestekoa, baina, Joan Mari Torrealdaik esan bezala, boteila erdi betea ospatzeko garaia da; Jakinen kriseilu-lana zoriontzekoa; baita klandestinitate-urte haietan euskal produkzioaren sostengu izan ziren harpidedunen militantzia eskertzekoa ere.
Hain zuzen, aldizkari-sorta zaharra arakatzen, orain berrogeita bost urteko ale-barruan, harpidetza egiteko tarjeta postala aurkitu dut. Bere burua saltzeko, Jakinek zera esaten zuen lelo gisa: Jakin, aldizkaria ta gehiago da. Joño, ez al genuen ba uste esamolde hori Bartzelona futbol taldeak edo asmatutakoa zela? Ez ba¡ Horra non, marketing-kontutan ere, Jakin aurrelari izan zen eta dezente urte lehenago gainera.
Lehengo lepotik Txiberta: 1977-2006
Franco 1975an hil, Juan Carlos erregek hurrengo urtean Adolfo Suarezi trantsizioa egiteko enkargua eman eta 1977ko ekainean izan ziren lehen hauteskundeak, 40 urteko gau ilunean hautsitako joko demokratikoari berriro helduz.
Udaberri hartan, Txibertan (Angelu-Baiona) elkartu ziren diktaduraren kontra aritutako talde abertzaleak, egoera berriari aurre egiteko estrategia bateratua burutu nahirik edo. Hantxe bildu ziren sekulako sigla-zopa osatzen zuten ANV, EHAS, EIA, EKA, ESB, ESEI, ETA-M, ETA-PM, LAIA eta PNV indarrak.
Besteak beste, jarrera kontrajarri bi nabarmendu ziren. Batetik, arma eta guzti bertaratu zen ETArena eta, bestetik, jeltzaleena. ETAk aldarrikatu zuen hauteskundeetan ez parte hartzea, amnistia osoa eta askatasun demokratiko guztiak lortzen ez ziren artean. PNVk, ostera, hauteskundeetan baldintzarik gabe parte hartzea proposatu zuen politikagintzari ekiteko ordua zelakoan.
Ez zen akordiorik izan, bileretan gertatuaren berri hemeroteketan dago (Punto y Hora, Enbata eta Euzkadi aldizkarietan) eta oraindik ere erabateko gaurkotasuna du bere jarrera azaltzeko PNVk emandako bost arrazoietako azkenak: Que la democracia debe empezar por los partidos mismos, por lo tanto, el P.N.V. no puede admitir ninguna coacción del tipo que fuese, mucho menos una coacción de tipo militar.
Geroztik 29 urte joan dira eta bakoitzak egingo du egin beharreko balantzea. Batetik, armetan jarraitzearen bilakaera eta, bestetik, politikagintzaren garapena. Baina, jakineko eztabaida horren gainetik, badago bizi dugun bake-prozesu honetan berebiziko gaurkotasuna duen kontu zaharra: ETAren demokraziarik eza eta alderdien erabakiak armaz baldintzatu nahia.
Hogeita hamar urte geroago, kontua ez da orduko ANV, EHAS, EIA, EKA, ESB, ESEI, LAIA edo PNVren oinordekoek zer nahi ote duten gaur egun; kontua da ETAk jarraitzen duela uste izaten bera nor dela alderdien politikagintza armaz kontrolatzeko eta Batasunari burujabetza politikoa ukatzeko.
Telebistaren programazio eskaintzaren bilakaera 1990eko hamarkadan
McLuhan-ek esana da "The medium is the message", eta honek zerikusi askorik du programazioarekin. Izan ere, nekez uler eta azter daiteke telebista-programazioa baldin aldez aurretik teknika eta legeriaren eragina kontutan hartzen ez badugu. 50 urte luze joan dira gaur egun mendebaldeko gizartean indarrean dagoen telebista-eredua Estatu Batuetan barreiatu zenetik hona. Europan, aldiz, telebista pribatuak, komertzialak alegia, hamar urte besterik ez du. Eta prozedura guzti honetan filosofiak eta politikak ez ezik teknikak ere izugarrizko eragina izan du eta, datozkigun datuen arabera, are eragin handiagoa izango du ondoko urteetan. Sekulako iraultzaren ataritan gaude eta orain dugun telebista-motak zer ikusirik gehiago du Balduino eta Fabiolaren ezkontzaren berri eman zigun telebista hasiberri harekin, bost-hamar urte barru izango dugunarekin baino. Izan eta izango diren telebista-aldaketa handien atzean teknika, legeria eta merkatua agertzen zaizkigu jaun eta jabe eta, besterik iruditu arren ere, programazio-aldaketen atzekaldean ere hiru zirkunstantzia horiek ditugu eragile.
Ondoren eskaini ahal izango dudan lan honetan 1990eko hamarkadan telebista-programazioak izan duen bilakaera aztertuko dut batez ere, baina hamarkada honen nondik norakoa hobeto ulertu ahal izateko ezin besteko deritzat 1970 zein 1980ko hamarkadak kontutan hartzeari lehenik eta, gero, baita 2000. urtearen inguruko hamarkadari ere.
Laburbilduz, Estatu espainiarreko merkatuari bagagozkio, 1970eko hamarkadan TVE zen telebista bat eta bakarra, monopolioa alegia. 1983tik 1989ra bitartean sei telebista autonomiko sortu ziren, TVE bera bezain publikoak. Egiazko aldaketa, ostera, 1990etik aurrera gertatu da, telebista pribatuen sorrerarekin batera eta, laster asko gainean izango ditugun kable, satelite eta "pay-per-view" antzeko sistema berriek hankaz gora jarriko dute orain arteko merkatu-oreka.
- -MERKATUAREN EGOERA 199O URTERARTE
1983ko urtarrilaren 1ean ETB sortu zen arte, TVEk (bi kateak) biltzen zuen, ezinbestean, audientziaren %100. Datu hau kontutan hartzea guztiz garrantzitsua da, baina ez azterlan honen helburua audientziak ikertzea delako, monopoliozko egoera batean ari den telebistak erabili ditzakeen programazio-erizpideak eta merkatu irekian lehiatu beharraren beharrez praktikan jarri beharrekoak zeharo desberdinak direlako baizik.
Sarritan entzun izaten dugu gaur egun "ez dagoela ezer telebistan". Ez dakit nik egia ala gezurra den, baina, horrelakorik diotenei jaramonik egiten baldin badiegu pentsatu beharko dugu orain dela hainbat urtetako telebistan, aurreko garaietako telebistan alegia, bazela zerbait baino gehiago. Hau da, oraingo aukerak ez bide du lehengoaren parekorik eskaintzen.
Hala ere, nahiko arrazoi objetibo badago pentsatzeko oraingo programazioa, orohar, orain dela hogei urtekoa baino hobea dela, nahiz eta jendeari entzunez gero besterik iruditu. Programa bakarra zegoenean ez zegoen besterik eta beraz, harekin konformatu beharra, ona nahiz txarra izan. Orain berriz, inoiz baino aukera gehiago dagoenean ikusentzulea inoiz baino kexuago.
Guzti honekin adierazi nahi dudana honako hau besterik ez da: monopolio-egoeran oso erraza dela programatzea eta, gainera, "ondo" programatzea. Hitz batez, inori ez zaio orain entzuten TVEren monopolio garaiko programazioa txarra zenik. Are gehiago, zenbait nostalgikori entzunez gero, badirudi "hobea" zela antzerkia ere prime-timean programatzen bait zen. Gaur egun, beharbada ez lituzke antzerki haiek inork ikusiko, baina hori beste kontu bat da.
Telebista autonomikoen agerpenak ez zuen alde honetatik panorama askorik aldatu. Telebista berri haiek, TVE bera bezalaxe, publiko izaten jaio ziren, bitarteko gutxiz, eta nolabait esateko, telebista-genero alternatiboak baino gehiago, tokian tokiko hizkuntza eta informatiboen hurbiltasun geografiko eta politikoa erakarri zituzten.
TVEaren programazioa ezer gutxi aldatu zen autonomikoak agertu ondoren. Telebista kate berriak ez ziren jaio Estatu espainiarreko kobertura osoa egiteko eta TVEk ez zituen konpetentzia seriotzat hartu. Horrez gainera, baliapide teknikoek ez zieten telebista berriei askorik lagundu TVEa berak bait zuen sarearen monopolioa, teilatu gaineko antenak ezer gutxi mugitu ziren eta etxeetako telebistagailu zaharrek non sakatu botoi askorik ere ez zuten.
Eskal Autonomi Elkartean, 1989ko datuak aipatuko baditugu, ETB %14ak ikusten zuen eta gainerako guztiek, %86ak alegia, TVE.
1990eko bigarren hiruhilabetean berriz, pribatuak agertu bezain laister, audientzi-datuak honelatsu ziren (24 orduko sharea): TVEk %79,7%, ETBk %14.9 eta pribatuek %5.3.
- -1991ean TELEBISTA PRIBATUEN AGERPENA, EUREN ERAGINA MERKATUAN ETA LEHEN ALDIZ AURDIENTZIA-NEURKETA SINESGARRIA
Laurogeiko hamarkadan zegoen telebista-eskaintzaren oreka bertan behera gelditu zen azken urteotan Estatu espainiarrean jazo ziren bi gertaerak zirela eta. - 1990eko apirilean audientzia-neurketa sinesgarria ezarri zen Euskal Herrian. - 1991eko abenduan, telebista pribatuak euskal lurralde osoan ikusi ahal izan ziren nahiz eta Madrilen zenbait hilabete lehenago hasi. - 1992tik aurrera, euskal telebistaren merkatuan ezer ez da berdin 1989. urtearekin konparatuz gero.
Audientziaren eragina
Gaur egun, programazio eskaintzaren oinarrietako bat audientzia dela uka ezina da; edozein telebistak bere programazioa eratzerakoan kontutan hartzen duena alegia. Bere ezagutzak programek arrakasta duten edo ez jakiteko baino gehiago balio du. Audientzia-datuak eskaintzen duten informazioarekin honako gauzak egin daitezke: estrategiak ezarri, lehentasunak ipini, arriskuak neurtu, gastuak banatu, produktuari behar hainbateko etekina ateratzen ahalegindu eta azkenik, errendimenduak hobetu.
Audientziek gauza asko adierazten dute, besteak beste, programa bat ona ala txarra den, orduketa ona duen ala ez; baina horrez gainera, programa batzuk orduketa finko edo jakinerako balio dutela eta beste batzuk beste ordutegi batean ipini behar direla jakinarazten du. Erreportai batek, esate baterako, izugarrizko arrakasta izan dezake igande arratsaldean, baina larunbat edo ostiral gauean emititzeak, berriz, programa horren desagerpena erakarriko luke.
Maila intelektuala duten programen "etsaiak" hiru izango lirateke bereziki: - Familia giroan gehiengoaren onespena jasotzeko zailtasuna dutenek. Giro horretan, programa generalistak ikusteko joera dago; eztabaida gogorrik sortuko ez duen programa mota, hain zuzen ere. - Arinkerian oinarritutako programak, kaxkarrak eta hala-nolakoak direnak ikusten ohituak daudenen interesa suspertzeko ezintasuna. -Izugarrizko arrakasta duten programa "light" horien kontra aritzeak dakarren erronka. Askotan pentsatu izan da jendeak ez dituela horrelako programak ikusten baina audientziak ikertzerakoan alderantzizkoa gertatzen dela argitzen da.
Datuei jaramonik egingo badiegu, uka ezina da jendeak ikusten ez omen dituen programak ikusten dituela eta gustora ikusiko lituzketela aldarrikatuz eskatzen dituztenak ez dituztela gero ikusten. Audientzi-datuen arabera, hipokresia kolektiboa bizi dugu. Gustatu ala ez, audientzi-datuak egunero egiten den erreferenduma da eta zifra haundiek agintzen duten sektore honetan ezin nabarmenago da hainbat autorek aipatu izan duten inozoen iraultza, argien galera, ergelen azpijana eta modernitatearen porrota. Eta hau guzti hau jakin ahal izan da orain dela bost urte arte ez zeuden audientzi-datuei esker.
Pribatuen agerpena
1991ko udaberrian gertatu zen bi telebista pribatuen agerpenak aldaketa handiak eragin zituen euskal merkatuan. Programen mamiei zegokienez, telebista publikoek ezin izan zuten pribatuen bidetik abiatu gabe jarraitu. Audientzien diktadura ezin besteko bihurtu zen eta telebista publikoek euren hainbat izaera alde batera utzi behar izan zituzten. Hau da, publikoek mortalak eta bi egin behar izan zituzten teoria eta praktikaren arteko zubigintza lortzeko: batetik, nola erantzun telebistarengandik espero den funtzioari eta, bestetik, zelan erantzun publikoak dituen gustoei.
Programak "arintzeko" tentazioak krisi-egoerarekin batera azaldu ziren eta kasu askotan aurrekontuen murrizketa oso atxakia ona izan da erdipurdiko programak behar baino sarriago egiteko eta emititzeko.
Gaur egun, programatzaileek inoiz baino hobeto dakite zer gustatzen zaion audientziaren gehiengoari eta audientziak berak inoiz baino bere gustoko programa gehiago du. Horrela ikusirik, programatzaileen eta ikusleen arteko ezkontza inoiz baino zoriontsuagoa dirudi. Baina egoera honek ezin du luzaroan iraun. Azken finean, gauza jakina omen da errutina eta irudipenik eza direla edozein ezkontzaren arriskurik handienak.
Telebista pribatuen agerpenak programazio-eskaintza gehitu zuen eta hau, ETBren onerako izan omen den arren, ez bide da gauza bera gertatu TVEren kasuan. Zer gerta ere, aldaketak aldaketa, teknika aldetik antenak egokitu behar izan ziren eta gero etorri ziren telebistagailu modernoagoek mugarik gabeko aukerabideak eskaini zituzten.
Gainera, zenbait urte lehenago telebista autonomikoak isil eta apal jaio baziren ere, telebista pribatuak habarroska plazaratu ziren edozein negoziok merkatura atera behar duen gisa berean. Eta horra non, TVE-etik telebista pribatuetarako transitoan, hainbat ikusentzulek erdi ezkutuan zeuden telebista autonomikoak "aurkitu" zituen ia ia ustekabean eta gero eta usuago nagusituz zen zapping-ari esker.
Hain zuzen ere, zapping-aren erabilpenak ekarri duen telebista ikusteko modu berriak betidaniko lehialtasun finkoak hautsi ditu eta batere morroitzarik gabeko pasamisiko kultura indarrean jarri. Prozedura guzti honetan, ETBk behera ezezik gora egin du.
Kontraprogramazioa
Kate publikoak alde batetik eta pribatuak bestetik, guztira, eskaintza izugarri handitu da baina audientzia lehengo berbera da edota, onenean ere, ez da proporzio berean gehitu. Ondorioz, merkatuan urri den audientzia hori bereganatu nahirik telebista-kateek berebiziko ahaleginak egin behar izan dituzte. Ahalegin hauek eraz eta moldez izan behar izan dute: eraz, ahalik eta programaziorik komertzialena eskainiz eta moldez, kate bakoitzak duen programazio horri ahalik eta etekinik handiena atereaz. Honela, sortu da "kontraprogramazioa" deritzan programatzeko molde berria. Zer ote den kontraprogramazioa¬? Ba, hitz batez, gainerako lehiakideek programatzen dutena kontutan hartu ostean burututako programazioa.
Oraintsu arte, telebista-kate bakoitzak bere programazio aproposa zuen, aldez aurretik erabakitako estrategia, bokazio, estilo eta diru-ahalmenen arauera. Telebista pribatuak agertu arte merkatuan zeuden telebista publikoen programazioa urtean behin aldatzen zen eta programen kontratoak uztailetik ekainera bitartekoak izan ohi ziren. Telebista pribatuek erakarri duten lehia zorrotza eta audientzi-neurketen ondotik berriz, programazio-prebisioak hiru hilabeterako besterik ez dira eta programaren batek arrakastarik ez baldin badu, bizpahiru aste baino ez du irauten.
Baina kontraprogramazioak prebisio-epeak moztu ezezik, programen egutegiaren finkotasuna ere erabat hautsi du. Kontua ez da honezkero behar besteko audientziarik ez duten programak lehenbaitlehen kentzea, baita indarrean jarraitzen duten bitartean ahalik eta egunik eta ordurik aproposenean jartzea ere. Eta, "apropos" hitzak bi zentzu ditu: bata, ikusentzule-kopururik handiena lor dezakeen egun eta ordua asmatzea eta bestea, egun eta ordu berberorretan lehia zuzenik egingo ez dion bestelako programarik beste ezein katetan ez egotea. Esate baterako, alferrik da egun eta ordu jakinean lehiaketa edo filme onen bat eskaintzea, baldin egun eta ordu berean beste kateren batek lehiaketa edo filme hoberik eskaintzen baldin badu. Programatzaile onak bere produktuei ahalik eta etekinik onena ateratzen jain behar du eta lehiarik gutxien aurki dezakeen unean programatzen jakin. Programak "amortizatzen" asmatu behar du eta ez, ordea, alferrik "erretzen".
Prozedura guzti honen ondotik, hainbat urte luzez aldagaitz izan den programazio-kontzeptua erabat aldatu da eta gero eta zailago gertatzen ari da aldez aurretikako prebisioei eutsi ahal izatea. Hasieran, egun batetik besterako programazio-aldaketa honek erabateko kritikak jaso zituen batere serioa ez omen zelakoan. Gaur egun ordea, nahiko normaltzat joten da eta zapping-aginteak dexente erraztu du normaltze hau. Izan ere, bizpahiru telebista-kate besterik ez zegoenean ikusentzuleak ia buruz zekizkien programa guztiak eta haserretu ere haserretzen zen espero ez zuena aurkitzen zuenean. Orain ostera, esku-aginteari esker, kate batetik besterako transitoa zeharo erraz egiten da, unean unekoa ikusten da (zenbait unetan hainbat programa ezberdin batera) eta ez du garai bateko garrantzirik programazioen berri ez jakiteak edota azken orduan aldaketaren bat egiteak ikusentzuleak "datorkionaren" arauerako aukera egiten baitu. Honek, egia esan, programa-astekari espezialduen porrota ekarri du baina hau beste kontu bat litzateke.
Kontraprogramazio-estrategia hau ez dagokie bakarrik programa-edukiei, baita iragarkiei ere. Erabat frogatzerik ez dagoen arren, zenbait azterlarik salatu izan duenez, T5ek A3ren iragarki-denbora berberean emititu izan ditu bere iragarkiak. Zalantzarik ez, emisio-sistema hau ezin dela aldez aurretik planifikatu, beraz, honek esan nahi du T5ren emisio-arduradunak adi adi egon beharko duela A3ren programazioa ikusten, kate honek iragarkiak noiz sartu, berak ere beste horrenbeste egin ahal izateko.
Hala ere, zer gerta ere, onartu ere onartu beharko, kontraprogramazio-estrategia honek beherantza egin duela azken urtean eta beti ere askoz ere gehiago nabarmendu dela telebista pribatuetan telebista publikoetan baino. Eta telebista publikoen artean ETB eta Kataluniako TV3 izan omen dira kontraprogramaziotan gutxien aritu diren kateak.
Ordutegi aproposa
Programazioa burutzerakoan eta edukien araberako banaketa egiterakoan, erabateko garrantzia du ordutegiak. Oinarrizko kontzeptu-mailan ia ez dago eztabaidarik: mundu guztiak ontzat ematen du prime-time delakoa dela ordutegirik aproposena, zalantzarik ez dago haurrak telebista aurrean dauden uneetan ez dela pornografiarik eskaini behar eta albistegiak ez direla "desorduetan" egin behar. Eztabaida sortzen da ordea, prime-time noiz den erabakitzerakoan, haurren orduak zeintzuk diren asmatzerakoan eta "ordua" eta "desordua"ren artean aukera egiterakoan.
Ikusentzule bakoitzak bere erizpide partikularra du beretzat onena omen den ordutegiari buruz eta bere erizpide horren arabera egin ohi ditu bere kritika eta balorazioak. Goizeko seiretan lanean hasi behar duenarentzat gaueko hamaiketako pelikula beranduegi dateke baina, lanetik bueltan gaueko hamarretan etxeratu ohi denarentzat, bederatziretako informatiboa hutsaren hurrengoa besterik ez.
Ordutegi aproposa zein den asmatu ahal izateko telebista zuzendariek hainbat inkesta egin eta datu-bilketa osotu behar izaten dute. Datu hauen arabera, programazio arduradunek jakin ahal izaten dute zein den ikusle-kopurua orduz ordu eta baita sektorerik sektore ere, hala adinaren nola sexuaren arabera, zein estatus mailaz, hizkuntzaz eta bizilekuz.
Datuek hainbat eskema hausten dute, esate baterako, hainbatek besterik uste izan arren, astelehenetik ostegunera bitartean, haur gehiago dago telebista aurrean gaueko 10etatik 10.30etara, iluntzeko 7.30etatik 8etara baino. Beraz, zein litzateke haurrentzat ordutegirik aproposena?
Beste horrenbeste gaueko ordutegiei buruz. Jende heldu asko kexatu ohi da hainbat programa beranduegi eman ohi direlako. Baina inkesten arabera, gizonezko gehiago dago telebista aurrean 12etatik 12.30etara bitartean, 8etatik 8.30etara baino; eta emakume gehiago gaueko 11etan iluntzeko 9etan baino. Aldi berean, besterik uste arren, gizonezko gehiago dago telebista ikusteko gertu goizaldeko ordu batean, eguerdiko ordu batean baino.
Esan bezala, aipaturiko datu guzti hauek astelehenetik ostegunera bitartekoak dira, baina asteburuetan ere hainbat "jakineko" eskema apurtzen dira. Esate baterako, inork gutxi sinetsi arren, teleikuslea beranduago oheratzen da igandeetan astelehenetik ostegunera bitartean baino eta, besterik badirudi ere, emakumeak gizonezkoak baino lehenago oheratzen dira. Haurrei dagokienez berriz, ume gehiago dago telebista ikusten larunbat gauerdian arratsaldeko zein iluntzeko edozein ordutan baino.
Datu hauek, gustatu ala ez, hor daude, ikusentzulegoaren ohituren lekuko dira eta edozein programazio arduradunek kontutan hartu beharrean aurkitzen du bere burua.
Amerikarren hildotik
Zer esanik ez Europako telebista-merkatuak sekulako iraultza ezagutu izan duela azken hamabi urteotan. 1983an ETB sortu zenean, ez zen Europa osoan Estatu mailako telebista-kate pribaturik. Bretainia Handian, Alemanian, Frantzian, Espainian eta bestelako estatu europarretan tokian tokiko telebista nazionalak besterik ez zeuden. Italian, hasiak ziren ordurako kate pribatuak baina eremu txikietatik ezin atera izateaz gainera, ez zuten elkarrekin programazio bateraturik egiterik. Hau da, RAI zen Italia guztia biltzen zuen telebista bakarra. Hitz gutxitan, Euskal Telebista izan zen telebista publiko estatalista haundi-maundien monopolioa hautsi zuen lehen katea baina, hala ere, hainbat urte gehiagok pasatu behar izan zuen telebista pribatuak europar merkatuan zehar barreiatu aurretik. Eta, telebista-eskaintza pribatua agertzearekin batera, telebista amerikarraren eredua hasi zen nagusitzen Europan ere.
Telebista betidanik, sortze beretik, izan da pribatua Estatu Batuetan, ez baita alferrik zinea ere industria pribatua izan hasiera beretik Ipar Ameriketan. Eta industria indartsua gainera, Wall Streeteko hondamendi ospetsuaren ondotik Roosvelt presidentearen New Deal delakoak zinea industria estrategikotzat jo zuenetik bai behintzat. Bai lehenago, eta geroztik zer esanik ez, zinea eta telebista lanbide industrialak izan dira Ameriketan, Europan bata zein bestea kultura izan diren bitartean.
Ekintza pribatuak izateak erabat baldintzapetu izan ditu zine eta telebista amerikarrak, beraien eragileek ez bait dute sekula zalantzarik izan negoziotan ari zirenik eta beti jakin izan dute ez zutela erakundeengandik batere dirurik jasoko.
Honek ez du esan nahi telebista amerikarra gaur bezain light eta live izan denik beti. 1950eko hamarkadararte, EEBBtan ere telebista nahiko serioa zen edota, gutxienez, orain baino askoz ere serioagoa. Garai hartan polemika zertan zen ikusteko, orduko filmeak ikusterik besterik ez dago. Programatzaileak prime -timeko albistegi eta mahai inguruak kentzeari ekin zioten eta, bere ordez, maritxuentzako labadora-lehiaketak jarri. Une hartantxe bertantxe, telebistaren historia aldatu egin zen, telebista eskola ezik ikuskizuna dela erabaki eta iragarki gabeko telebistarik ez zela aurrerantzean sekula santa gehiago izango frogatu.
Bueltarik gabeko iraultza hau EEBBtan gertatzen ari zen bitartean Espainian telebista agertzeke zegoen, eta berrogei urte geroago ere, oraindik ere, han hemenka hainbat ikastaro eta mintegi eratu ohi dira unibertsitate eta bestelako forumetan telebistaren funtzioa zein arraio den eztabaidatu ahal izateko.
- -1991TIK 1994RA BITARTEKO MERKATU-BANAKETA
ETBren zuzendaritzak 1994eko balantzea prentsaurrean egiterakoan aurkeztu zituen datuen arabera, azken urteotako bilakaera honela izan da:
- orduko sharea
- 1992 1993 1994
ETB 14 13,8 16,2 17,8 TVE 58,9 47,8 39,9 36,4 A3 10,3 17 23,3 26,3 T5 15 19,4 18,5 16,7 C+ 0,9 1,6 1,6 1,9
Prime time sharea
- 1992 1993 1994
ETB 18,6 19,3 20 22 TVE 57,5 45 39,6 37,1 A3 9 14,8 19,8 22,7 T5 13,5 18,3 17,5 15,2 C+ 1,4 2,4 2,6 2,7
Datu hauen arabera, zenbait ondorio begibistakoak dira: 1. ETB astiro baina etengabe igo egiten da urtez urte. 2. TVE maldan behera doa eta pribatuek irabazi duten guztia bere kaltetan izan da. 3. Pribatuei dagokienez, lehen urteetan T5 goitik aritu bazen ere, bere programazio-motak porrot egin du eta A3ren programazioak, ostera, asmatu egin du. 4. C+-en ordain-sistemak ere ondo dihardu eta bera omen da diru-irabaziak dituen telebista pribaturik bakarra.
- -1994EKO EGOERA ZERTAN DEN
Jende arruntari galdetuz gero, sarri asko ematen du telebista guztiak berdinak direla, ez dagoela euren artean batere diferentziarik eta, azken batean, guztiek antzerako programak eskaintzen dituztela.
Hala ere, telebista-kate bakoitzak eskaintzen dituen programa motak generoz aztertuz gero, hona hemen 1994eko perfila katez kate:
Albisteak Zabalkundea Barne prod.
ETB 19,5 11,9 67,9 TVE 12,2 9,1 57,2 A3 8,4 2,7 37,8 T5 8,1 6,3 42,7 TVV 12,8 7,9 53,2 TVC 14,7 11,5 58,5 TVM 18,7 8,7 15,9 TVG 15,9 6,7 56,1 CST 14,7 11,4 63,7
Datu hauek gaingiroki aztertuz gero, begi bistakoa da: 1) Albisteak, zabalkunde-programak eta barne produkzioa nagusi direla telebista publikoetan. 2) Telebista publikoen artean zenbait autonomiko TVEren aurretik ari direla. 3) Telebista autonomikoen artean ETB dela lehena albiste, zabalkunde-programa eta barne produkzioan.
Bestalde, euskaldunek eta erdaldunek balorazio desberdina dute programazioarekiko, hona hemen batak zein besteak izan dutena 1994en urtean:
Oso ona edo ona: Oo-o Oso txarra edo txarra: Ot-t Ez daki edo ez du erantzun: Ed-ee
Euskaldunak
Oo-o Ot-t Ed-ee ETB1 58 9 4 ETB2 53 7 5 TVE1 29 20 4 TVE2 43 9 5 A3 26 32 8 T5 16 50 7
Erdaldunak
Oo-o Ot-t Ed-d ETB1 19 7 51 ETB2 59 7 5 TVE1 36 17 2 TVE2 53 11 4 A3 42 21 3 T5 22 46 4
Datu hauen arabera, ETB1 da euskaldunen artean baloraziorik onena duen katea. Kontu izan, balorazioaz ari garela, ez audientziaz. Aldi berean, ETB da orohar hiritarren artean baloraziorik onena jasotzen duen telebista, ondotik, beste bi kate publikoek eta azkenik pribatuek. Erdaldunen arteko ETBri buruzko iritzi "eskasak" hainbat azalpen behar du erabat nagusi baitira batere erantzunik ez dutenak, hizkuntzaren muga tarteko jendeak ez baitaki zer esan.
- -XXI MENDEA: ETORKIZUNA
Adierazle guztiek jakinarazten dutenez izugarrizko teknologi-iraultzen ataritan gaude eta bitarteko teknologiko berriek erabat aldatuko omen dute ondoko hamar urteetan telekomunikabideen panorama orohar eta telebistarena bereziki.
Telebistaren historiaren hasieran kate bakar bat zegoen merkatu bakoitzerako eta kate horrek denetarik eskaintzen zuen, era guztitako programak alegia telebista bakar batean. Sistema hartan ikusentzuleak bere esku zeukan erabaki-ahalmen bakarra telebista piztea ala itzaltzea zen.
Ondoren, era bereko telebista gehiago sortu ziren eta telebista bakoitzak denetarik eskaintzen jarraitu zuen. Hau da, antzerako telebista gehiago eta telebista bakoitzak antzerako programa gehiago. Orain arte iraun duen sistema honetan ikusentzuleak bere esku izan duen erabaki ahalmen bakarra telebista-katez aldatzea izan da.
Hurrengo urteetako merkatuak ordea hiru teknologia berri elkarrekin lotuko ditu: satelitea, konpresio digitala eta fibra optikoa. Sateliteak mundu guztiko kateak etxeratuko dizkigu; konpresio digitalak, hogei aldiz biderkatuko digu oraingo eskaintza; eta fibra optikoak, bi zentzuko komunikazio-ahalmena eskainiko digu, hau da, orain telebistaren programazioa jasotzen dugu baina ez dugu erantzuterik, fibra optikoari esker informazioa jaso ezezik erantzun ere erantzun ahal izango dugu. Erantzun ahal izateko ahalmen honi interaktibitatea deritza.
Bistan da beraz mundu guztiko informazioa etxean jaso ahal izango dugula eta informazio hori guztiz anitza izango dela. Baina egiazko iraultza ez datza denetarik gehiago jasotzeko ahalmen horretan, erantzuteko izango dugun aukera berrian baizik, interaktibitatean alegia.
Sistema interaktiboei esker, mundua zeharo murriztuko zaigu, hainbat aukeren artean hautatu ahal izango dugu eta, batez ere, gure aukeraren islada guztiz zehatz mehatza izango da. Hau da, orain arteko telebista-ikusentzule isil eta pasiboa, ozen eta aktiboa bihurtuko da. Eta bere iritziak orain indarrean dagoen telebista merkatu oreka hautsiko du.
Gaurko fikzioa, biharko errealitatea
Orain gezurra dirudien arren, bost-hamar urte barru, fibra optikoa etxeraino ekarriko digun kablez ikusi ahal izango dugu telebista eta, aldi berean, kable horren bitartez jaso ahal izango ditugu gainerako telekomunikabide-zerbitzu guztiak.
Telebistari dagokionez soil soilik, hilero ordaindu beharreko diru-kopuruaren truke 40 inguru telebista-kate ezberdin ikusi ahal izango ditugu. Baina nolabaiteko ohiko telebista-aukeraz gainera, beste hainbat aukera ere izango dugu. Aukera horiek hain berriak dira eze, izenak inglesez baino ez direla oraindik: pay-per-view, near video on demand eta video on demand.
Pay-per-view
Ingelesez esangura duenez, ikusteagatik ordaindu baino ez da "pay-per-view". Telebistak hainbat programa berezi eskainiko du era kodifikatuaz ikusentzuleak ordainduz gero bere etxean ikusi ahal izango dituena. Adibidez, Athletic-Real futbol partidua zuzenean San Mamesetik. Orain bezalaxe, gero ere behar bada, hainbat partidu telebista irekian eman ahal izango dira baina honek ez du esanahi beste zenbait ematerik ez denik, ikuslegoaren eskabideari amore emanez eta ordainduz noski. Zentzu honetan horrelakorik ikusi nahi izango duen ikusentzuleak bere etxeko telebistaren aginteaz hainbat agindu eman ahal izango ditu eta nahiago duen programa ikusteagatik ordaindu.
Near video on demand
"On demand" delakoak gaztelaniazko "a la carta" edo norberaren gustoko menua esan nahi du eta "near on demand" menu mugatuari esaten zaio.
Praktikan zera da: kable telebistak aldez aurretik erabakitako programazio finkoa eskainiko du eta antzinako zine-aretoetako "sesión continua"ren antzera, hainbat pelikula behin eta berriz errepikatuko dira eta ez bakarrik hasi amaitu bezain laister, baita filme bakoitza hamabost minuturo hasi ere sekulako errazkada eta harrapaladan. Honela, ikusentzuleak nahiago duen filmea aukeratu nahi izango du egokien datorkion orduan.
Funtsean, "near video on demand" (NVOD) delakoa geroxeago etorriko den "video on demand" (VOD) deritzanaren aintzindari edo aurrepausoa da.
Video on demand
VOD sistemak ia neurririk eta mugarik gabeko menua eskainiko du. Ikusentzuleak nahiago duen programa aukeratu ezezik, berak nahi duen ordu zehatza aukeratu ahal izango du. Baita, programa geratu ere eta baita atzera eta aurrera korritu ere. Praktikan mugarik gabeko bideotekaz baliatzearen pareko izango da, hainbat diferentziaz: batetik, bideoa ez da etxean egongo hainbat kilometrotara dagoen kable-telebistan baizik; bestetik, bideoak ez dira bideodendetan erosi edo errentan hartuko, ikusi nahi den bakoitzeko kablez eskatu eta ordaindu baizik.
- -KABLEAREN AUKERABIDEAK: MULTIMEDIA
Telebistaren eskaintza anitzak ez ditu hala ere kablearen aukerak asetuko. Kableak beste hainbat aukerabide eskainiko ditu eta, behar bada, telebista izango da datorkigun multimedia mundu horretako parterik txikiena.
Kableari esker, telebistaz gainera, beste hainbat zerbitzu iritsi ahal izango zaizkigu gure etxebaitaraino: telelana, telehezkuntza, teleosasuna, telesegurtasuna, teledenda, telegunkaria, teleposta eta teleabar. Hainbat urte barru, kable bitartez komunikatu ahal izango dugu elkarrekin, kablez egin ahal izango dugu errenta aitorpena eta kablez aukeratu ahal izango ditugu Europako legebiltzarreko parlamentariak.
Funtsean, hainbat urtetan gizartea alfabetatu eta ez-alfabetatuen artean, ikasiak eta ez-ikasien artean, bereiztu izan den bezalaxe, ondoko urteetan kabledun eta kablerik gabekoen artean bereiztuko da, informatizatu eta ez-informatizatuen artean. Hitz batez, multimediadun eta multimediarik gabekoen artean.
Etorkizun hurbilean, jendea hirietatik kanpo biziko da, ez du lantokira joan behar izango lan egiteko, giza-harreman zuzenak murriztuko dira eta telepolis horretan kablea izango da gizartearen barne-lotura eta muina.
1974-1986 Euskarazko informazioaren berebiziko aldaketa
Euskal komunikabideei buruzko astea estreinako eratu zenean, Eibarren, 1974 urtean, antzerkia, bertsolaritza, zinema, irratia eta aldizkaritza izan ziren aztergai. Ez ordea telebista edo egunkaritza, orain gezurra dirudien arren. Baina ez, jakina, orduko euskal etxeetan telebistarik edo egunkaririk sartzen ez zelako, euskaraz ere izan zitezkeenik inor gutxik uste zezakeelako baino. Geroztik, eukarazko informazioa ez izatetik izatera pasatu zen hamabost urteren jira-biran. Berebiziko aldaketa gero.
Euskararik gabeko informazioa
Euskaltzaindia lau foru diputazioek sortu zuten arren 1919an, ofizialtasuna Juan Carlos Erregeren dekretuak eman zion 1976ko otsailaren 26an. Ofizialtasun pozgarri haren prentsaurrekoa Durangoko San Blas hotelean antolatu zuen Euskaltzaindiak eta aurkezpen guztia gaztelania hutsez izan zen... azken minuturarte.
Bertara bildu ginen kazetarion artean segurutik Joxe Ramon Beloki (Herri Irratia) eta biok (Zeruko Argia) baino ez ginen euskaldunak. Euskaltzainen aurkezpena zein ondoko kazetarien arteko galderantzunak erdaraz entzun ostean, tripako minez eta beldurrez kaka jaten ausartu nintzen galdezka: Euskaltzaindiaren aurkezpena denez gero... euskaraz galdetzerik ba al dago? Eta zenbait kazetarik probokaziotzat hartu arren, euskaltzainek lehen egun ofizialetik beretik frogatu ahal izan zuten euskaraz ere bazekitela. Geroztik gauzak dezente aldatu dira euskal informaziogintzan.
Izan ere, 1970eko hamarkadararte edo, benetan urria zen gero euskarazko informazioa. Aldizkariak izan baziren, bai, baina garai hartan ezein gutxik eskaintzen zuen informaziorik euskaraz. Batetik euskal kazetaririk (lanbide frankista samarra omen) ez zelako eta, bestetik, orduko euskal aldizkariak idazleen, olerkarien eta pentsalarien iritzi-artikulu bilduma baino zirelako gehienbat.
Euskarak informaziorako balio ez bide zuen garaia zen. Fernando Múgica erreportari nafar ospetsuak unibertsitarien arteko mintegian garbi asko eta patxada handiz adierazi zuen bezala: El euskera no es lengua de comunicación. Arrazoi zuen, jakina, berak ez baitzekien (eta oraindik ere ez daki) euskaraz eta, beraz, ezin ba euskaraz komunikatu.
Izan ere, euskara beti izan da zaila eta, orduan, are zailago. Gauza jakina baita euskarak ez duela, erdal ikuspegitik bederen, ez artikulurik, ez preposiziorik, ez... aditzik. Nola ez duela aditzik? Ez, ez, ezta aditzik ere. Horixe zen behintzat garai hartan zenbait erdal kazetariren artean nik neuk izandako polemika...
Horregatik, Donostiako Hoja de Luneseko zuzendariak deitu zidanean ea euskaraz zerbait idatziko ote nion galdetuz, aldez aurretik zehaztu zuen: Sr. Aranberri, me lo envía en vascuence y castellano, así lo publicamos a doble columna para que el lector pueda saber de qué va.
Komunikabiderik ez denean, dena da komunikabide
Oker-oker ez banago, 1974 urtea edo zen euskal komunikabideei buruzko astea estreinako eratu genuenean Eibarko Arrate Kultura Elkartean. Kartela Daniel Txopitea artistak pintatu zigun oleoz eta sosak Lankide Aurrekiko Luis Iriondok eman zizkigun. Bost egunetan zehar beste hainbat komunikabide aztertu genituen: antzerkia, bertsolaritza, zinema, irratia eta aldizkaritza. Zenbaitek barre egingo du orain, baina orduko egoeraren adierazgarri baino ez zen. Ulertu nahi duenak uler dezala. Komunikabiderik ez denean, dena da komunikabide.
Ordurako bi urte neramatzan nik Zenbat Gara informazio-saila astero-astero Zeruko Argia aldizkarian argitaratzen. Sail harek 1972tik 1975era bitartean iraun zuen eta garai hartako euskalgintzaren informazio-ajenda, ispilu eta isla izan zen. Urte haiek aztertu nahi duenak nekez utzi ahal izango du sail hura irakurtzeke.
Hamar urte geroago seme-alaben ikastola-liburuetan nere burua ikusi arte sekula ez nintzen gero jabetu Zenbat Gara sail haren garrantziaz euskal kazetaritza berriaren hastapenetan.
Nere merituak hiru baino ez ziren izan, zein baino zein ahulagoak: Batetik, batere literatura-senik ez izatea eta garai hartako autorerik (apaizak, fraileak, intelektualak, unibertsitariak, idazle konprometituak...) gehienak ez bezala, balio gutxiko informazio arruntaz baino ez arduratzea; bestetik, jakitun ez nintzenez, ezer nenkienik frogatu beharrik eza eta, euskara batuaz jantzi arren, nere herriko ahozko molde artezaz baliatu izana; eta, hirugarrenik, familia oneko semea izanik, herriz herri ibili eta informazioa jasoteko autoa, umorea eta dirua. Paradoxa bada ere, azken urteotako garairik iraultzaileenaren kronista ofiziala aberaskumea zen.
Auskalo gero poesiarik egin ote daitekeen batere gasturik gabe. Baina ez da hori, ordea, kazetaritzaren kasua.
Kazetaririk gabeko Kazetaritza Urtea
Duela 30 urte hiruzpalau lagun baino ez ginen euskarazko kazetari-lanetan aritu ohi ginenak (idazten jarri aurretik kalera ateratzen ginenak alegia) eta, Miren Jone Azurtza edo izan ezik, bat bera ere ez zen lizentziatua. Tipo guztiz arraro eta marjinalak ginen. Ez ziguten inondik dei egiten, ez gintuzten aintzakotzat hartzen, ezta euskaraz galdetzerik ere onartzen eta, egia esan, nori galdetu askorik ere ez zegoen.
Zenbait egoera politiko eta lege-arazorengatik 1976a Euskal Kazetaritzaren Urtea izendatu zuen arren kazetaritzatik bizi ez zen zenbaitek, euskal kazetaritzaren lanbidea, gizarte-segurtasuna eta hilaren azkenengo soldata ez ziren 1977 urterarte etorri.
Gogoan dut 1975ean Udako Euskal Unibertsitatetik deitu nindutela, kazetaritza-generora egokitzeko euskarak omen zituen estilo eta molde-eskasiak zertan ote ziren azaldu nitzan. Nere iritziz, euskal kazetaritzak zituen egiazko eskasia bakarrak lanbide, merkatu, enpresa eta ekonomiazkoak baino ez zirela erantzun nien eta ez zuten gehiago deitu. Ez dut sekula jakin zergatik, nere ikuspegia ez zelako beraiek uste bezain interesgarria edo ez zelako zenbaitek nahi besteko literarioa. Edozein modutan, bi urte geroago agertu ziren lehen enpresa, lan-kontratu eta soldatak eta, egia esan, ez ziren arazo guztiak ere konpondu.
Panorama dezente asko aldatu zen 1977tik aurrera, Deia eta Egin egunkariek burutu zituzten euskal kazetari taldeekin eta, berebiziko iraultza, 1982 aurrera gertatu zen Euskal Irrati Telebistak euskal komunikabideen sektorean suspertu zuen aldaketarekin batera. Izan ere, 1984an EiTBk komunikazio-arloan zituen langileak Etxeparerengandik 1982ra bitarteko lau mende luzeetan zehar euskal kazetaritzan lan egin izan zuten guztiak baino gehiago ziren.
Euskal Telebistaren leienda goxoa
Euskal gizarte-komunikabideen benetako iraultza 1983an gertatu zen ETBren sorrerarekin batera. Hau da, 1974n Eibarren eratu zen euskal komunikabideei buruzko lehen aste hartan telebistarik zenik ere aipatu ez arren (eta bai, ordea, bertsolaritza eta antzerkia komunikabidetzat jo), bederatzi urte besterik ez geroago euskal etxeetara iritsi zen euskarazko telebista. Euskarazkoa edo... elebiduna behinik behin.
Telebista elebiduna, bai, ez euskara hutsezkoa. Zenbaitek nolabaiteko leienda goxoa nahiago izan arren, ETB ez zen 1982an zehar prestatu soil-soilik euskaraz izateko, elebiduna izateko baizik. Hainbatek uste du ETB euskaraz baino ez zela sortu eta, gero, erabaki politiko maltzurren bati otu zitzaiola traizioa egin eta gaztelaniaz egiteari ekitea. Baina hau guztia funtsik gabeko asmakizuna da.
Sorrera-legeak dioenez, bi helburu handiz jaio zen ETB. Hiritarren arteko informazioa eta eskuhartze politikoa erraztu, batetik, eta euskal hizkuntza, hezkuntza eta kultura sustatu, bestetik. Eta, oker nahiz zuzen, 1982an inork ez zuen zalantzan jartzen lehen xedeak gaztelaniaz behar zuenik izan eta bigarrenak, aldiz, euskaraz. Esan gabe doa 1982 urtea zela, ez 2006a. Eta ez dagoela 1982ko giroa 2006ko egoeraz, esperientziaz eta baliabideez neurtzerik.
Hain zuzen ere, sortzear zegoen telebistaren baliabide teknikoak eta aurrekontuak finkatzeko 1982ko urrian Hanburgon egin genuen programa-aurreikuspenean, ETBren lehen parrilla elebiduna zen: eguneroko albistegiak, gaztelaniaz; kanpoko produkzioa (filmeak batez ere), euskaraz bikoiztuak, gaztelaniazko azpidatziekin; eta bertako barne-produkzioa (haur-programazioa, magazinak, asteroko erreportaiak etab.) aukeran, euskaraz zein gaztelaniaz. Honela lortu nahi zen, batez beste, %60 euskaraz izatea eta %40 gaztelaniaz.
Irizpide elebidun honen lekuko izan zen, hain zuzen ere, 1982ko abenduaren 31ko gau erditik aurrera egin zen lau orduko lehen programa, zeinetatik, urtarrilaren 2ko egunkarietan zehatz asko jaso zenez, 79 minutu euskaraz izan ziren eta 75 gaztelaniaz. Baita hizkuntza-irizpideak zertan ziren azaldu ere: Hay que señalar que los criterios lingüísticos en la ETB se contienen en tres puntos básicos: en primer lugar, todas las producciones extranjeras serán dobladas al euskera y tendrán subtítulos en castellano; en segundo, los informativos se emitirán en bilingüe; por último, las producciones propias se realizarán en la lengua que el propio contenido exija en función de su misma realidad (Deia, 1983ko urtarrilak 3).
Programazio-eredu honek indarrean jarraitu zuen 1983ko urtarrilaren amaierararte, ETBren egitasmoak hasiera beretik gogoan izan zuen ildotik, Hanburgoko trebaketa-ikastarora joan zen lehen kazetari-taldea osatu genuen zazpi lagunetatik ez baitziren alferrik bi erdaldun hutsak eta beste bi sekula euskaraz lanik egin gabeko kazetari euskaldunak. Are gehiago, urtarrilean zehar Gaur Egun albistegiaren zero zenbakirik gehienak gaztelaniaz egin ziren eta euskaraz egiteko agindua urtarrilaren azken astean jakinerazi zigun Eusko Jaurlaritzak, lehen informazio-emanaldia emititu baino hiruzpalau egun lehenago.
Eta ETB bitan banatu zen
Azken orduko erabaki honen atzekaldean nagusitutako filosofia programazio elebidunaren kontrakoa izan zen. Hau da, Kultura Sailak urtarrilaren hirugarren astean erabaki zuen ordurarte indarrean zeuden esperientzia elebidunek (Herri Irratia, Deia, Egin etab.) garapen urria eta motza zutela, ez zirela luzerako batere eredu onak. Hau da, euskarak beti murritz, kamuts, eskas eta bigarren mailako albisteak ematen amaitu zezakeela gaztelaniarekin parekatu eta elkarren lehian jarriez gero. Hau da, eskaintza elebiduna, gizarteari begira teoriaz bidegarriena izan arren, praktikan euskararen kaltetan izango zela. Alegia: mailarik dezenteenean sekula ez euskaldunak kontentatzeko bezainbat eta, mailarik zuhurrenean ere, erdaldunek kexurik gabe irentsi lezaketena baino gehiago.
Honela, Kultura Sailaren eskariz Eusko Jaurlaritzak azken unean hartutako erabakiaz, 1983ko otsailaren 1ean egindako lehen Gaur Egun albistegia euskara hutsez aireratu zen, bertan ari ginen kazetariok etorkizunaren berri askorik ez genekien arren, nere orduko adierazpenak lekuko: Por el momento los informativos serán íntegramente en euskera, aunque no tenemos aún decidido cómo será más adelante, el tanto por ciento de castellano que habrá, el de euskera etc. (Luis A. Aranberri. Deia, 1983ko otsailak 2). Beraz, oraindik ere portzentaiak genituen buruan eta, gainera, aprobak egiten ari ginelakoan: Jakina denez, apirila arte, informatibo hau aprobetan eskeiniko du Euskal Telebistak, eta euskaraz, oraingoz behintzat (Deia, 1983ko otsailak 2).
Seguru geunden, ordea, noizbait gaztelaniazko albistegiak ere egingo genituela, besteak beste inork ez zigulako kontrakorik esan eta, gainera, lau hilabete lehenagotik asmo horretan kontratatutako erdal kazetarien laguntzaz ari ginelako Gaur Egun egiten. Nik neuk orduan egindako adierazpenen arabera: Queremos tener un equipo que esté preparado en todo momento para informar en euskera y castellano, porque entendemos que este es un país bilingüe (Luis A. Aranberri. Deia, 1983ko otsailak 3).
Orduko estrategiazko planaren arabera, 1983ari Esperientzia Urtea deitu genion eta 1984ari, berriz, Garapen Urtea. Lehen urte guztian zehar programazioa iluntzekoa izan zen, 19:00etatik 22:00etara baino ez hasiera hartan, eta euskara hutsean. Bigarren urtean, berriz, eguerdiko programazioari ekin zitzaion, arratsaldeko 13:00etatik 15:00etara, 1983ko abenduaren 19an estreinako hasia zen Teleberriren inguruan.
Oinarrizko sistema teknikoa 1986tik aurrera bikoiztu ahal izan zen neurrian, iluntzeko euskal programazio zabaldu zen eguerdira ere, ETB1 sortuz, eta eguerdiko erdal programazioa luzatu zen gauez ere, ETB2ri hasiera emanez.
Erakargarritasuna
Berria egunkariak bere estilo liburua aurkeztu du. Bai, ondo dago bakoitza bere estiloaz jabetzea. Primeran, bai, nork bere estiloa markatzea. Eta, hain zuzen ere, Irene Arrarats arduradunak zera esan du: Euskararen normalizazioan laguntzeko dugun modurik onena erakargarri idaztea da. Bapo neska, ez zain batere-batere arrazoirik falta.
Bai, euskara normalduko bada, Berriak erakargarri idatzi beharko du, Euskadi Irratiak erakargarri hitzegin, Euskal Telebistak erakargarri azaldu, etab. etab. Zalantzarik ez gero. Baina, erakargarritasunaren balore hau euskarari bakarrik ote dagokio?
Euskaldunok denbora gehiegi daramagu erakargarri izan nahi gabe. Erakargarri izateko lotsaz edo, erakargarri izatea nolabaiteko ahulezia balitz moduan. Euskaldun ona, jatorra, benetakoa, peto-petoa izateko, traketsak, baldarrak, zakarrak, narratsak... edo astakilo samarrak izan beharko bagenu bezala.
Hona non esaten diguten, ordea, normaltzeko euskarak erakargarria izan behar duela. Tira, eta, prezio berean, zergatik ez euskal gizartea normaltzeko behingoz euskaldunok ere erakargarriak izan gaitezen ahalegindu?
Bai, euskaldun erakargarriak lanean, lagunartean, etxean, ohean... eta behin gustua hartuez gero, zergatik ez kulturgintzan, nazioarteko merkatuetan edo aldarrikapen politikoetan?
Honez gero ez du inork pentsatuko gure istiluak eta iskanbilak erakargarriak direnik ezta? Ba al dago gure artean inor gatazka erakargarritzat jotzen duenik? Gelditzen al da norbait, benetan uste duenik, euskal gizartea erakargarri izan gabe inoiz normalduko denik?
Ba... horixe.
Ni naiz Euskaltel
Hainbatek pentsatuko du normala ote den marka komertzial baten alde honen sutsu agertzea baina benetan uste dut CMTk (Comisión Mercado Telecomunicaciones) Euskaltelen kontra hartutako erabakia ez dela onargarria. Ez da zentzuzkoa bezeroak Euskaltelenak direla esan ostean, bezerook (468.000) banan banan errekuperatu beharra eskatzea. Auskalo legezkoa den, baina ez da justua.
Euskaltelen bezeroen artean inork ez du zalantzarik bere telefono-kontratua Euskaltelekin egindakoa denik. Onerako edo txarrerako, aukera pertsonala da. Euskaltelen bezeroak Euskaltelenak gara, guk geuk sinatu genuelako kontratua Euskaltelekin. Inork ez gintuen behartu, gure erabakia izan zen.
Eta balantzea positiboa da. Multinazionalak jaun diren merkatuan, Euskaltelek frogatu du inguruarekin identifikatzeko gauza den enpresak aurrera egin dezakeela txikia izan arren. Ez dago beste inon antzerako kasurik (Retenak gainbehera egin du Nafarroan). Euskaltelek jantzi gaitu laranjaz eta Euskaltelek ialgi du gure emozioa Europako plazara.
Baina ez da euskalduna emozioz bakarrik bizi. Euskaltelek 3.500 lanpostu eragin ditu, artez eta zeharrez. Bere lehiakortasunari esker, euskal merkatuko telefono-eskaintzak dira espainiar estatuko tarifarik merkeenak eta zerbitzurik onenak. Eta gure hiriburuak dira, Europan, banda zabalik gehien dutenak.
Seguru Euskaltelek ez duela dena ondo egin. Baina egia ere bada, gure kexuak, adar jotzeak eta hobetu nahiak Euskaltelek jaso dituela, ez Amenak, ez Orangek (France Telecom) eta ez sursun cordak. Beraz, ez gara orain hasiko hainbeste kostatutako euskal plataforma lortu ostean, atzeko atetik sartu nahi zaigun France Telecom multinazionalari alfonbra gorria jartzen.
Eta emozio gutxi eta duda asko duenari, mezu xinplea: denok dakigu Euskaltelen arlorik eskasena sarea izan dela. Ba kobertura urriko sare hori izango da, hain zuzen, Orangek erabiliko duena eta, aurrerantzean, Euskaltel operatzaile independientea izango da.
Eibarreses con futuro: Amables, competitivos, con valores y sentido identitario
Eduardo Zubiaurre ha sido elegido presidente de Adegi, Asociación de Empresarios de Gipuzkoa. Desde hace un año Mikel Lazpiur preside Confebask, Confederación Empresarial Vasca. Zubiaurre es de Eibar y Lazpiur, de Bergara. Ambos responden a un mismo perfil de empresario vasco típico y tópico: dirigen con éxito empresas familiares competitivas y se caracterizan por su laboriosidad y esmero en el trabajo bien hecho, apego al terruño y vocación internacional, defensa de la tradición y apuesta por la innovación. Los dos son personas con valores y sentido de pertenencia. Los dos son guipuzcoanos y, además, de la cuenca del Deba. ¿Es casualidad o... hay algo más?
La empresa vasca vive tiempos de redifinición. Pero no sólo la empresa. Somos todos los que vivimos tiempos de cambio y nos encontramos inmersos en profundas modificaciones. Las personas, las familias, las organizaciones empresariales y sindicales, los pueblos, las naciones... todos nos hallamos en un punto de no retorno a partir del cual nada será ya igual. Los avances tecnológicos y la globalización son los dos carriles sobre los que deberá circular el nuevo tren de las personas. Personas creativas, innovadoras y competitivas. Personas con valores y sentido de pertenencia.
Han pasado ya treinta años, toda una generación, desde las grandes crisis de los años setenta. Crisis de todo orden: energéticas, políticas, sociales, económicas, laborales, religiosas, culturales, identitarias, generacionales... Y la sociedad vasca se apresta a un nuevo tiempo en el que a los cambios locales históricos que parecen avecinarse hay que añadir los retos del horizonte mundial.
Como no así hace 15 ó 20 años, la sociedad vasca reconoce hoy abiertamente que el futuro de su calidad de vida está estrechamente unido al éxito de sus empresas en los mercados internacionales. Si no tuviéramos empresas generadoras de empleo y riqueza las tendríamos que crear; si no tuviéramos directivos capaces de liderar esas empresas los tendríamos que motivar; si no tuviéramos profesionales debidamente formados los tendríamos que inventar. Y si hemos llegado a donde hemos llegado es porque, de una u otra forma, siempre hemos sido capaces de hacer, arriesgar y dar el callo.
Fortalezas y debilidades
La empresa vasca tiene sus grandes fortalezas y sus profundas debilidades. Las fortalezas radican en su cercanía al entorno, la laboriosidad y formación profesional de sus hombres y mujeres, el gusto por las cosas bien hechas y la pertenencia a una sociedad de valores. Entre las deficiencias, cabe apuntar la excesiva autocomplacencia y las reticencias al cambio.
Aunque pueda sorprender, el futuro de la empresa vasca, como el futuro de los vascos y del propio pueblo vasco en su conjunto, radica en consolidar una oferta identitaria amable, en ser capaces de presentar con éxito en el mercado mundial una marca de calidad, una marca de valores. En conseguir ser seductores, flexibles, bien dispuestos, innovadores, competitivos y con personalidad propia. Es todo un reto, es una tarea colectiva tanto del ámbito empresarial como del conjunto de la sociedad vasca.
El concepto milenario de territorialidad tiende a desvanecerse. En menos tiempo de lo que podamos pensar, muchos vascos que van a segur trabajando en empresas vascas, informándose diariamente a través de EiTB, leyendo las noticias de los periódicos locales por Internet y votando en las elecciones, van a vivir en Sao Paulo o Shanghai y sus hijos va a seguir siendo vascos, y eibarreses, de forma un tanto distinta a lo que hasta ahora han podido ser. Así como la sociedad vasca vive un constante proceso de mestizaje y hay ya en nuestras calles caras y ojos de los cinco continentes, también nosotros nos vamos a repartir por el mundo.
A partir del siglo XVI, fueron los imperios los que iniciaron la globalización. En los siglos XIX y XX, el relevo lo tomaron las empresas. En el siglo XXI, la globalización la protagonizarán las personas. Nuestro gran reto consistirá en ser eibarreses y vascos --amables, innovadores, competitivos y con valores en un nuevo mundo donde todo será posible pero, desde luego, no fácil.
Houston: Arazoa dugu
Gaur, azaroak 14, urte bi joan dira Batasunak Anoetako agiria jakinerazi zuenetik. Badakizue, indarkeria utzi, bide demokratikoei ekin eta gatazka kaleetatik ateratzeko ordua zela, negoziazio politikoa alderdien artekoa baino ezin dela izan eta, beti ere, ezinbestekoa dela hitzartu beharrekoak nazio-sentsibilitate ezberdindunen artean sinatzea.
Urte bi geroago, indarrean jarraitzen omen du Anoetako agiri harek eta, bakegintza eta normalizazio politikoa eztabaidatzeko orduan behintzat, Anoetako agiriari buruzko jarrerek bereizten dituzte gaur egun dauden posizio nagusi biak. Batetik, Anoetako agiria ontzat ematen dutenak eta, bestetik, Anoetako agiria betetzeko gertu ez daudenak.
Anoetako agiriaren alde daude alderdi politiko guzti-guztiak, PP izan ezik. Eta Anoetako agiriaren kontra, berriz, PP eta... ETA.
Horretara, Houston: arazoa dugu. Bai, arazo larria dugu. Kontua ez baita negoziaziotan ari diren alderdiek ez dutela Anoetako agiririk onartzen. Kontua da, ETA dela Batasunaren proposamena bete nahi ez duena.
Segurutik honez gero presoek hurreago egon beharko lukete eta Batasunak legeztatze bidean. Segurutik kale-borrokak, Iñaki De Juanaren gose-grebak, Lehendakaria bera auzitan sartzeak eta zenbait juezen jokamolde faxistek ez dute batere laguntzen. Baina laino beltz guztien azpitik eta sasi ziztrin guztien gainetik, funtsezko arazoa zera da: ETAren politika egin nahia, politikagintza armen indarraz baldintzatu nahia eta, bai-bai esan arren, egunak joan eta egunak etorri, Anoetako agiria kunplitu nahi eza.
Ulertu nahi duenak ulertu dezala.
Monzon vs Ajuriagerra
Iñaki Anasagasti Venezuelako abertzaletasunean hazi zen eta 20 urte baino ez zituen Euskadira etorri eta pil-pilean zegoen giroaz jabetzeari ekin zionean. Orduko lekuko da 1973an Telesforo Monzoni egin zion elkarrizketa eta orain Llámame Telesforo (Txalaparta, 2006) liburuan argitara eman berri duena.
Barne-eztabaida handiak sortarazi zizkion erbesteko Anasagasti gazteari hemen aurkitutako egoera nahasiak. Kontu izan, ETAk Carrero Blanco espainiar presidentea hil (1973) eta Monzon jelkideak talde armatua nazio-abangoardiatzat jotzen zuen artean, beste jelkide batek, Juan Ajuriagerrak, atzerriko Jaurlaritzaz, Leizaola lehendakariaz, euskal gizartea erakundetu beharraz eta 1936ko estatutua berreskuratu nahiaz hitzegin ziola. Sekulako zartakoa gero atzerriko abertzaleen batasunean hezitako gaztearentzat.
Monzon Eusko Jaurlaritzaren lehen Barne Sailburua izan zen 1936ko gerra hasi zenean, eta gerra berberak irauten zuelakoan hil zen 1981an. Bitartean, jelkide izateari utzi eta etismoaz (bere hitza) liluratu zen. Monzonen ustez, Santa Cruz apaiza, Euzko Gudarostea eta ETA ildo berekoak ziren.
Monzonek Anasagastiri 1973ean erantzun zionez, EAJ XVIII mendeko urrezko txanponen pareko zen, berez balio handia izan arren zirkulaziorako balio ez zuena. Monzonek abertzaleen batasuna aldarrikatu zuen baina ez zuen sekula uste izan bere Donibane Lohizuneko jauregia iraultza-zerga ordaintzeko leihatila bihurtzeak batasun hura eragotzi zezakeenik.
Ajuriagerra ingeniariak uste zuen, berriz, Monzon poeta eta hitz-jario handiko antzezlea zela, noizbait heldu beharreko askatasunak demokrazia erakarriko zuela eta, berriro ere, betiko balore politikoak herritarren hitza, alderdien arteko jokoa, euskal erakundeak, Europa nagusituko zirela beste edozein gizartetan bezala.
Panorama dezente aldatu da 30 urte geroago baina, behar bada, iraun badiraute oraindik ere Ajuriagerrak eta Monzonek.
Gudari Eguna
Aurreko igandean Gudari Eguna ospatu zela esaten baldin badut entzuleren batek galdetuko dio bere buruari... baina Gudari Eguna ez al zen ba orain dela hilabete inguru izan?
Bai, egia da. Kuriosoa gero gure Herri hau, non bi Gudari Egun ospatzeko gauza garen eta hiruzpalau astebeteko tarte urriaz gainera.
Ez naiz ni bi Gudari Egunon arteko ñabardurak azaltzen hasiko eta, zer esanik ez, egun bateko edo besteko gudari batzuen eta besteen aldeak azpimarratzen. Uste dut, gainera, nik esan beharrik gabe ere, edozein entzulek ulertuko duela gudari batzuk orain dela 70 urteko gerran parte hartu zutenak direla eta besteak, ostera, gerra hura ezagutu ez zutenak. Beti ere komenigarri samarra da gutxienez diferentziatxo hau kontuan hartzea, batez ere Memoria Historikoaren Urtea ospatzen dihardugun honetan.
Dena dela, egia da, bai, batzuok eta besteok abesti berbera kantatu izaten dutela euren artean elkartzen direnean, baina egia ere bada ez dutela denok abestiaren interpretazio berdina egiten.
Badakizue zein kantaz ari naizen... Nork ez du gero noizbait Eusko Gudariak kantatu edo gutxienez entzun? Ni neu belarri motzekoa naiz baina, oso oker ez banago, honelako zerbait da: Eusko Gudariak gara, Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola, bere alde emateko.
Eta letra honen espirituan dago, hain zuzen, gudari batzuen eta besteen arteko alderik nabariena. Gauza bat baita Euskadiren alde odola emateko gertu egotea eta beste bat, zeharo bestelakoa berriz, Euskadiren izenean inori odola kentzea.
Horretara, odola eman bai, ez ordea eskatu eta, are gutxiago... kendu.
Erbesteko sustraiak
Mihiluze programa ETBn ikusten ari nintzela, horra non lehian ziharduen bikoteari pista bi baino ez zitzaizkion geratzen pertsonaia ezkutua asmatzeko: Zuri-gorriz jantzita jokatu zuen eta Gernikako arbolapean zinegin. Nor da? Ez dute jakingo --esan nuen nere kolkorako--, gazteegiak dira-ta. Baina horra non erantzuten duten: Agirre lehendakaria. Beinke¡
Zaharrok harrokeriaz salatu izaten dugu gazteriaren informaziorik eza baina gutxitan galdetzen diogu geure buruari, ostera, zer egin ote dugun geuk gazteek hainbat gauza jakin dezaten. Hain zuzen, zaharrok bete ez dugun hutsunea estaltzeko asmotan burutu dute Aitziber Lekuona eta Iñaki Garrido historialari gazteek Arbolaren erbesteko sustraiak (IVAP. Oñati, 2006) liburua.
Memoria historikoaren urte honetan 70 urte betetzen dira Agirreren lehendakaritzapeko Eusko Jaurlaritza sortu zela, eta egileek, trantzisizioan izan zen isiltasun-paktoa salatu ostean, galtzaileei ere hitza emateko momentua dela uste dute eta iritsi dela gertatutakoa aldarrikatzeko unea. Baita hainbat galdera egin ere: Zer da 1936ko Jaurlaritzaz dakiguna? Zein testuingurutan sortu zen? Zeintzuek osatu zuten eta zein alderditakoak ziren? Zein izan zen burutu zuten lana? Eta, zentzu honetan, estreinako biltzen dute Euzkadiko lehenengo Jaurlaritzako burukideen bizitzak.
Aitziber Lekuonak eta Iñaki Garridok 68 urteko pasartea laburtzen dute, 1931ko euskal estatutuaren promesatik hasi eta 1979an Leizaolak Garaikoetxeari Parisko egoitzaren giltzak eta dokumentuak eman zizkion arte. Tartean, gerra zibila, lehen Jaurlaritza, sinboloen ofizialtasuna, Euzko Gudarostearen sorrera, Turtziozko manifestua, erbesteko Jaurlaritzaren politikagintza eta funtzio soziala, zerbitzu sekretuak etab.
Adituek ez dute, behar bada, ikerketa berriegirik aurkituko, baina euskal irakurle interesatuak nekez topatu ahal izango du 225 orrialdeko liburuxka bakar batean horrenbeste informazio, datu eta agiri bilketarik.