Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / 1974-1986 Euskarazko informazioaren berebiziko aldaketa

1974-1986 Euskarazko informazioaren berebiziko aldaketa

amat 2006/11/22 16:30

Euskal komunikabideei buruzko astea estreinako eratu zenean, Eibarren, 1974 urtean, antzerkia, bertsolaritza, zinema, irratia eta aldizkaritza izan ziren aztergai. Ez ordea telebista edo egunkaritza, orain gezurra dirudien arren. Baina ez, jakina, orduko euskal etxeetan telebistarik edo egunkaririk sartzen ez zelako, euskaraz ere izan zitezkeenik inor gutxik uste zezakeelako baino. Geroztik, euskarazko informazioa ez izatetik izatera pasatu zen hamar-hamabi urteren jira-biran. Berebiziko aldaketa gero.

Euskararik gabeko informazioa

Euskaltzaindia lau foru diputazioek sortu zuten arren 1919an, ofizialtasuna Juan Carlos Erregeren dekretuak eman zion 1976ko otsailaren 26an. Ofizialtasun pozgarri haren prentsaurrekoa Durangoko San Blas hotelean antolatu zuen Euskaltzaindiak eta aurkezpen guztia gaztelania hutsez izan zen... azken minuturarte.

Bertara bildu ginen kazetarion artean segurutik Joxe Ramon Beloki (“Herri Irratia”) eta biok (“Zeruko Argia”) baino ez ginen euskaldunak. Euskaltzainen aurkezpena zein ondoko kazetarien arteko galderantzunak erdaraz entzun ostean, tripako minez eta beldurrez kaka jaten ausartu nintzen galdezka: “Euskaltzaindiaren aurkezpena denez gero... euskaraz galdetzerik ba al dago?” Eta zenbait kazetarik probokaziotzat hartu arren, euskaltzainek lehen egun ofizialetik beretik frogatu ahal izan zuten euskaraz ere bazekitela. Geroztik gauzak dezente aldatu dira euskal informaziogintzan.

Izan ere, 1970eko hamarkadararte edo, benetan urria zen gero euskarazko informazioa. Aldizkariak izan baziren, bai, baina garai hartan ezein gutxik eskaintzen zuen informaziorik euskaraz. Batetik euskal kazetaririk (lanbide frankista samarra omen) ez zelako eta, bestetik, orduko euskal aldizkariak idazleen, olerkarien eta pentsalarien iritzi-artikulu bilduma baino zirelako gehienbat.

Euskarak informaziorako balio ez bide zuen garaia zen. Fernando Múgica erreportari nafar ospetsuak unibertsitarien arteko mintegian garbi asko eta patxada handiz adierazi zuen bezala: “El euskera no es lengua de comunicación”. Arrazoi zuen, jakina, berak ez baitzekien (eta oraindik ere ez daki) euskaraz eta, beraz, ezin ba euskaraz komunikatu.

Izan ere, euskara beti izan da zaila eta, orduan, are zailago. Gauza jakina baita euskarak ez duela, erdal ikuspegitik bederen, ez artikulurik, ez preposiziorik, ez... aditzik. Nola ez duela aditzik? Ez, ez, ezta aditzik ere. Horixe zen behintzat garai hartan zenbait erdal kazetariren artean nik neuk izandako polemika...

Horregatik, Donostiako “Hoja de Lunes”eko zuzendariak deitu zidanean ea euskaraz zerbait idatziko ote nion galdetuz, aldez aurretik zehaztu zuen: “Sr. Aranberri, me lo envía en vascuence y castellano, así lo publicamos a doble columna para que el lector pueda saber de qué va”.

Komunikabiderik ez denean, dena da komunikabide

Oker-oker ez banago, 1974 urtea edo zen euskal komunikabideei buruzko astea estreinako eratu genuenean Eibarko Arrate Kultura Elkartean. Kartela Daniel Txopitea artistak pintatu zigun oleoz eta sosak Lankide Aurrekiko Luis Iriondok eman zizkigun. Bost egunetan zehar beste hainbat komunikabide aztertu genituen: antzerkia, bertsolaritza, zinema, irratia eta aldizkaritza. Zenbaitek barre egingo du orain, baina orduko egoeraren adierazgarri baino ez zen. Ulertu nahi duenak uler dezala. Komunikabiderik ez denean, dena da komunikabide.

Ordurako bi urte neramatzan nik Zenbat Gara informazio-saila astero-astero “Zeruko Argia” aldizkarian argitaratzen. Sail harek 1972tik 1975era bitartean iraun zuen eta garai hartako euskalgintzaren informazio-ajenda, ispilu eta isla izan zen. Urte haiek aztertu nahi duenak nekez utzi ahal izango du sail hura irakurtzeke.

Hamar urte geroago seme-alaben ikastola-liburuetan nere burua ikusi arte sekula ez nintzen gero jabetu Zenbat Gara sail haren garrantziaz euskal kazetaritza berriaren hastapenetan.

Nere merituak hiru baino ez ziren izan, zein baino zein ahulagoak: Batetik, batere literatura-senik ez izatea eta garai hartako autorerik (apaizak, fraileak, intelektualak, unibertsitariak, idazle konprometituak...) gehienak ez bezala, “balio gutxiko” informazio arruntaz baino ez arduratzea; bestetik, jakitun ez nintzenez, ezer nenkienik frogatu beharrik eza eta, euskara batuaz jantzi arren, nere herriko ahozko molde artezaz baliatu izana; eta, hirugarrenik, familia oneko semea izanik, herriz herri ibili eta informazioa jasoteko autoa, umorea eta dirua. Paradoxa bada ere, azken urteotako garairik iraultzaileenaren kronista ofiziala aberaskumea zen.

Auskalo gero poesiarik egin ote daitekeen batere gasturik gabe. Baina ez da hori, ordea, kazetaritzaren kasua.

Kazetaririk gabeko Kazetaritza Urtea

Duela 30 urte hiruzpalau lagun baino ez ginen euskarazko kazetari-lanetan aritu ohi ginenak (idazten jarri aurretik kalera ateratzen ginenak alegia) eta, Miren Jone Azurtza edo izan ezik, bat bera ere ez zen lizentziatua. Tipo guztiz arraro eta marjinalak ginen. Ez ziguten inondik dei egiten, ez gintuzten aintzakotzat hartzen, ezta euskaraz galdetzerik ere onartzen eta, egia esan, nori galdetu askorik ere ez zegoen.

Zenbait egoera politiko eta lege-arazorengatik 1976a Euskal Kazetaritzaren Urtea izendatu zuen arren kazetaritzatik bizi ez zen zenbaitek, euskal kazetaritzaren lanbidea, gizarte-segurtasuna eta hilaren azkenengo soldata ez ziren 1977 urterarte etorri.

Gogoan dut 1975ean Udako Euskal Unibertsitatetik deitu nindutela, kazetaritza-generora egokitzeko euskarak omen zituen estilo eta molde-eskasiak zertan ote ziren azaldu nitzan. Nere iritziz, euskal kazetaritzak zituen egiazko eskasia bakarrak lanbide, merkatu, enpresa eta ekonomiazkoak baino ez zirela erantzun nien eta ez zuten gehiago deitu. Ez dut sekula jakin zergatik, nere ikuspegia ez zelako beraiek uste bezain interesgarria edo ez zelako zenbaitek nahi besteko literarioa. Edozein modutan, bi urte geroago agertu ziren lehen enpresa, lan-kontratu eta soldatak eta, egia esan, ez ziren arazo guztiak ere konpondu.

Panorama dezente asko aldatu zen 1977tik aurrera, “Deia” eta “Egin” egunkariek burutu zituzten euskal kazetari taldeekin eta, berebiziko iraultza, 1982 aurrera gertatu zen Euskal Irrati Telebistak euskal komunikabideen sektorean suspertu zuen aldaketarekin batera. Izan ere, 1984an EiTBk komunikazio-arloan zituen langileak Etxeparerengandik 1982ra bitarteko lau mende luzeetan zehar euskal kazetaritzan lan egin izan zuten guztiak baino gehiago ziren.

Euskal Telebistaren leienda goxoa

Euskal gizarte-komunikabideen benetako iraultza 1983an gertatu zen ETBren sorrerarekin batera. Hau da, 1974n Eibarren eratu zen euskal komunikabideei buruzko lehen aste hartan telebistarik zenik ere aipatu ez arren (eta bai, ordea, bertsolaritza eta antzerkia komunikabidetzat jo), bederatzi urte besterik ez geroago euskal etxeetara iritsi zen euskarazko telebista. Euskarazkoa edo... elebiduna behinik behin.

Telebista elebiduna, bai, ez euskara hutsezkoa. Zenbaitek nolabaiteko leienda goxoa nahiago izan arren, ETB ez zen 1982an zehar prestatu soil-soilik euskaraz izateko, elebiduna izateko baizik. Hainbatek uste du ETB euskaraz baino ez zela sortu eta, gero, erabaki politiko maltzurren bati otu zitzaiola traizioa egin eta gaztelaniaz egiteari ekitea. Baina hau guztia funtsik gabeko asmakizuna da.

Sorrera-legeak dioenez, bi helburu handiz jaio zen ETB. Hiritarren arteko informazioa eta eskuhartze politikoa erraztu, batetik, eta euskal hizkuntza, hezkuntza eta kultura sustatu, bestetik. Eta, oker nahiz zuzen, 1982an inork ez zuen zalantzan jartzen lehen xedeak gaztelaniaz behar zuenik izan eta bigarrenak, aldiz, euskaraz. Esan gabe doa 1982 urtea zela, ez 2006a. Eta ez dagoela 1982ko giroa 2006ko egoeraz, esperientziaz eta baliabideez neurtzerik.

Hain zuzen ere, sortzear zegoen telebistaren baliabide teknikoak eta aurrekontuak finkatzeko 1982ko urrian Hanburgon egin genuen programa-aurreikuspenean, ETBren lehen “parrilla” elebiduna zen: eguneroko albistegiak, gaztelaniaz; kanpoko produkzioa (filmeak batez ere), euskaraz bikoiztuak, gaztelaniazko azpidatziekin; eta bertako barne-produkzioa (haur-programazioa, magazinak, asteroko erreportaiak etab.) aukeran, euskaraz zein gaztelaniaz. Honela lortu nahi zen, batez beste, %60 euskaraz izatea eta %40 gaztelaniaz.

Irizpide elebidun honen lekuko izan zen, hain zuzen ere, 1982ko abenduaren 31ko gau erditik aurrera egin zen lau orduko lehen programa, zeinetatik, urtarrilaren 2ko egunkarietan zehatz asko jaso zenez, 79 minutu euskaraz izan ziren eta 75 gaztelaniaz. Baita hizkuntza-irizpideak zertan ziren azaldu ere: “Hay que señalar que los criterios lingüísticos en la ETB se contienen en tres puntos básicos: en primer lugar, todas las producciones extranjeras serán dobladas al euskera y tendrán subtítulos en castellano; en segundo, los informativos se emitirán en bilingüe; por último, las producciones propias se realizarán en la lengua que el propio contenido exija en función de su misma realidad “ (Deia, 1983ko urtarrilak 3).

Programazio-eredu honek indarrean jarraitu zuen 1983ko urtarrilaren amaierararte, ETBren egitasmoak hasiera beretik gogoan izan zuen ildotik, Hanburgoko trebaketa-ikastarora joan zen lehen kazetari-taldea osatu genuen zazpi lagunetatik ez baitziren alferrik bi erdaldun hutsak eta beste bi sekula euskaraz lanik egin gabeko kazetari euskaldunak. Are gehiago, urtarrilean zehar Gaur Egun albistegiaren zero zenbakirik gehienak gaztelaniaz egin ziren eta euskaraz egiteko agindua urtarrilaren azken astean jakinerazi zigun Eusko Jaurlaritzak, lehen informazio-emanaldia emititu baino hiruzpalau egun lehenago.

Eta ETB bitan banatu zen

Azken orduko erabaki honen atzekaldean nagusitutako filosofia programazio elebidunaren kontrakoa izan zen. Hau da, Kultura Sailak urtarrilaren hirugarren astean erabaki zuen ordurarte indarrean zeuden esperientzia elebidunek (“Herri Irratia”, “Deia”, “Egin” etab.) garapen urria eta motza zutela, ez zirela luzerako batere eredu onak. Hau da, euskarak beti murritz, kamuts, eskas eta bigarren mailako albisteak ematen amaitu zezakeela gaztelaniarekin parekatu eta elkarren lehian jarriez gero. Hau da, eskaintza elebiduna, gizarteari begira teoriaz bidegarriena izan arren, praktikan euskararen kaltetan izango zela. Alegia: mailarik dezenteenean sekula ez euskaldunak kontentatzeko bezainbat eta, mailarik zuhurrenean ere, erdaldunek kexurik gabe irentsi lezaketena baino gehiago.

Honela, Kultura Sailaren eskariz Eusko Jaurlaritzak azken unean hartutako erabakiaz, 1983ko otsailaren 1ean egindako lehen Gaur Egun albistegia euskara hutsez aireratu zen, bertan ari ginen kazetariok etorkizunaren berri askorik ez genekien arren, nere orduko adierazpenak lekuko: “Por el momento los informativos serán íntegramente en euskera, aunque no tenemos aún decidido cómo será más adelante, el tanto por ciento de castellano que habrá, el de euskera etc.” (Luis A. Aranberri. Deia, 1983ko otsailak 2). Beraz, oraindik ere portzentaiak genituen buruan eta, gainera, aprobak egiten ari ginelakoan: “Jakina denez, apirila arte, informatibo hau aprobetan eskeiniko du Euskal Telebistak, eta euskaraz, oraingoz behintzat” (Deia, 1983ko otsailak 2).

Seguru geunden, ordea, noizbait gaztelaniazko albistegiak ere egingo genituela, besteak beste inork ez zigulako kontrakorik esan eta, gainera, lau hilabete lehenagotik asmo horretan kontratatutako erdal kazetarien laguntzaz ari ginelako Gaur Egun egiten. Nik neuk orduan egindako adierazpenen arabera: “Queremos tener un equipo que esté preparado en todo momento para informar en euskera y castellano, porque entendemos que este es un país bilingüe” (Luis A. Aranberri. Deia, 1983ko otsailak 3).

Orduko estrategiazko planaren arabera, 1983ari “Esperientzia Urtea” deitu genion eta 1984ari, berriz, “Garapen Urtea”. Lehen urte guztian zehar programazioa iluntzekoa izan zen, 19:00etatik 22:00etara baino ez hasiera hartan, eta euskara hutsean. Bigarren urtean, berriz, eguerdiko programazioari ekin zitzaion, arratsaldeko 13:00etatik 15:00etara, 1983ko abenduaren 19an estreinako hasia zen Teleberriren inguruan.

Oinarrizko sistema teknikoa 1986tik aurrera bikoiztu ahal izan zen neurrian, iluntzeko euskal programazio zabaldu zen eguerdira ere, ETB1 sortuz, eta eguerdiko erdal programazioa luzatu zen gauez ere, ETB2ri hasiera emanez.

etiketak: Txostenak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: