Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erbesteko sustraiak

Erbesteko sustraiak

amat 2006/11/05 13:31

“Mihiluze” programa ETBn ikusten ari nintzela, horra non lehian ziharduen bikoteari pista bi baino ez zitzaizkion geratzen pertsonaia ezkutua asmatzeko: Zuri-gorriz jantzita jokatu zuen eta Gernikako arbolapean zinegin. Nor da? “Ez dute jakingo --esan nuen nere kolkorako--, gazteegiak dira-ta”. Baina horra non erantzuten duten: “Agirre lehendakaria”. Beinke¡

Zaharrok harrokeriaz salatu izaten dugu gazteriaren informaziorik eza baina gutxitan galdetzen diogu geure buruari, ostera, zer egin ote dugun geuk gazteek hainbat gauza jakin dezaten. Hain zuzen, zaharrok bete ez dugun hutsunea estaltzeko asmotan burutu dute Aitziber Lekuona eta Iñaki Garrido historialari gazteek “Arbolaren erbesteko sustraiak” (IVAP. Oñati, 2006) liburua.

“Memoria historikoaren urte” honetan 70 urte betetzen dira Agirreren lehendakaritzapeko Eusko Jaurlaritza sortu zela, eta egileek, trantzisizioan izan zen “isiltasun-paktoa” salatu ostean, “galtzaileei ere hitza emateko” momentua dela uste dute eta “iritsi dela gertatutakoa aldarrikatzeko unea”. Baita hainbat galdera egin ere: Zer da 1936ko Jaurlaritzaz dakiguna? Zein testuingurutan sortu zen? Zeintzuek osatu zuten eta zein alderditakoak ziren? Zein izan zen burutu zuten lana? Eta, zentzu honetan, estreinako biltzen dute “Euzkadiko lehenengo Jaurlaritzako burukideen bizitzak”.

Aitziber Lekuonak eta Iñaki Garridok 68 urteko pasartea laburtzen dute, 1931ko euskal estatutuaren promesatik hasi eta 1979an Leizaolak Garaikoetxeari Parisko egoitzaren giltzak eta dokumentuak eman zizkion arte. Tartean, gerra zibila, lehen Jaurlaritza, sinboloen ofizialtasuna, Euzko Gudarostearen sorrera, Turtziozko manifestua, erbesteko Jaurlaritzaren politikagintza eta funtzio soziala, zerbitzu sekretuak etab.

Adituek ez dute, behar bada, ikerketa berriegirik aurkituko, baina euskal irakurle interesatuak nekez topatu ahal izango du 225 orrialdeko liburuxka bakar batean horrenbeste informazio, datu eta agiri bilketarik.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: