Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lehengo lepotik Txiberta: 1977-2006

Lehengo lepotik Txiberta: 1977-2006

amat 2006/11/26 20:42

Franco 1975an hil, Juan Carlos erregek hurrengo urtean Adolfo Suarezi trantsizioa egiteko enkargua eman eta 1977ko ekainean izan ziren lehen hauteskundeak, 40 urteko gau ilunean hautsitako joko demokratikoari berriro helduz.

Udaberri hartan, Txibertan (Angelu-Baiona) elkartu ziren diktaduraren kontra aritutako talde abertzaleak, egoera berriari aurre egiteko estrategia bateratua burutu nahirik edo. Hantxe bildu ziren sekulako sigla-zopa osatzen zuten ANV, EHAS, EIA, EKA, ESB, ESEI, ETA-M, ETA-PM, LAIA eta PNV indarrak.

Besteak beste, jarrera kontrajarri bi nabarmendu ziren. Batetik, arma eta guzti bertaratu zen ETArena eta, bestetik, jeltzaleena. ETAk aldarrikatu zuen hauteskundeetan ez parte hartzea, amnistia osoa eta askatasun demokratiko guztiak lortzen ez ziren artean. PNVk, ostera, hauteskundeetan baldintzarik gabe parte hartzea proposatu zuen politikagintzari ekiteko ordua zelakoan.

Ez zen akordiorik izan, bileretan gertatuaren berri hemeroteketan dago (“Punto y Hora”, “Enbata” eta “Euzkadi” aldizkarietan) eta oraindik ere erabateko gaurkotasuna du bere jarrera azaltzeko PNVk emandako bost arrazoietako azkenak: “Que la democracia debe empezar por los partidos mismos, por lo tanto, el P.N.V. no puede admitir ninguna coacción del tipo que fuese, mucho menos una coacción de tipo militar”.

Geroztik 29 urte joan dira eta bakoitzak egingo du egin beharreko balantzea. Batetik, armetan jarraitzearen bilakaera eta, bestetik, politikagintzaren garapena. Baina, jakineko eztabaida horren gainetik, badago bizi dugun bake-prozesu honetan berebiziko gaurkotasuna duen kontu zaharra: ETAren demokraziarik eza eta alderdien erabakiak armaz baldintzatu nahia.

Hogeita hamar urte geroago, kontua ez da orduko ANV, EHAS, EIA, EKA, ESB, ESEI, LAIA edo PNVren oinordekoek zer nahi ote duten gaur egun; kontua da ETAk jarraitzen duela uste izaten bera nor dela alderdien politikagintza armaz kontrolatzeko eta Batasunari burujabetza politikoa ukatzeko.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: