Ni naiz Euskaltel
Hainbatek pentsatuko du normala ote den marka komertzial baten alde honen sutsu agertzea baina benetan uste dut CMTk (Comisión Mercado Telecomunicaciones) Euskaltelen kontra hartutako erabakia ez dela onargarria. Ez da zentzuzkoa bezeroak Euskaltelenak direla esan ostean, bezerook (468.000) banan banan errekuperatu beharra eskatzea. Auskalo legezkoa den, baina ez da justua.
Euskaltelen bezeroen artean inork ez du zalantzarik bere telefono-kontratua Euskaltelekin egindakoa denik. Onerako edo txarrerako, aukera pertsonala da. Euskaltelen bezeroak Euskaltelenak gara, guk geuk sinatu genuelako kontratua Euskaltelekin. Inork ez gintuen behartu, gure erabakia izan zen.
Eta balantzea positiboa da. Multinazionalak jaun diren merkatuan, Euskaltelek frogatu du inguruarekin identifikatzeko gauza den enpresak aurrera egin dezakeela txikia izan arren. Ez dago beste inon antzerako kasurik (Retenak gainbehera egin du Nafarroan). Euskaltelek jantzi gaitu laranjaz eta Euskaltelek ialgi du gure emozioa Europako plazara.
Baina ez da euskalduna emozioz bakarrik bizi. Euskaltelek 3.500 lanpostu eragin ditu, artez eta zeharrez. Bere lehiakortasunari esker, euskal merkatuko telefono-eskaintzak dira espainiar estatuko tarifarik merkeenak eta zerbitzurik onenak. Eta gure hiriburuak dira, Europan, banda zabalik gehien dutenak.
Seguru Euskaltelek ez duela dena ondo egin. Baina egia ere bada, gure kexuak, adar jotzeak eta hobetu nahiak Euskaltelek jaso dituela, ez Amenak, ez Orangek (France Telecom) eta ez sursun cordak. Beraz, ez gara orain hasiko hainbeste kostatutako euskal plataforma lortu ostean, atzeko atetik sartu nahi zaigun France Telecom multinazionalari alfonbra gorria jartzen.
Eta emozio gutxi eta duda asko duenari, mezu xinplea: denok dakigu Euskaltelen arlorik eskasena sarea izan dela. Ba kobertura urriko sare hori izango da, hain zuzen, Orangek erabiliko duena eta, aurrerantzean, Euskaltel operatzaile independientea izango da.