Monzon vs Ajuriagerra
Iñaki Anasagasti Venezuelako abertzaletasunean hazi zen eta 20 urte baino ez zituen Euskadira etorri eta pil-pilean zegoen giroaz jabetzeari ekin zionean. Orduko lekuko da 1973an Telesforo Monzoni egin zion elkarrizketa eta orain Llámame Telesforo (Txalaparta, 2006) liburuan argitara eman berri duena.
Barne-eztabaida handiak sortarazi zizkion erbesteko Anasagasti gazteari hemen aurkitutako egoera nahasiak. Kontu izan, ETAk Carrero Blanco espainiar presidentea hil (1973) eta Monzon jelkideak talde armatua nazio-abangoardiatzat jotzen zuen artean, beste jelkide batek, Juan Ajuriagerrak, atzerriko Jaurlaritzaz, Leizaola lehendakariaz, euskal gizartea erakundetu beharraz eta 1936ko estatutua berreskuratu nahiaz hitzegin ziola. Sekulako zartakoa gero atzerriko abertzaleen batasunean hezitako gaztearentzat.
Monzon Eusko Jaurlaritzaren lehen Barne Sailburua izan zen 1936ko gerra hasi zenean, eta gerra berberak irauten zuelakoan hil zen 1981an. Bitartean, jelkide izateari utzi eta etismoaz (bere hitza) liluratu zen. Monzonen ustez, Santa Cruz apaiza, Euzko Gudarostea eta ETA ildo berekoak ziren.
Monzonek Anasagastiri 1973ean erantzun zionez, EAJ XVIII mendeko urrezko txanponen pareko zen, berez balio handia izan arren zirkulaziorako balio ez zuena. Monzonek abertzaleen batasuna aldarrikatu zuen baina ez zuen sekula uste izan bere Donibane Lohizuneko jauregia iraultza-zerga ordaintzeko leihatila bihurtzeak batasun hura eragotzi zezakeenik.
Ajuriagerra ingeniariak uste zuen, berriz, Monzon poeta eta hitz-jario handiko antzezlea zela, noizbait heldu beharreko askatasunak demokrazia erakarriko zuela eta, berriro ere, betiko balore politikoak herritarren hitza, alderdien arteko jokoa, euskal erakundeak, Europa nagusituko zirela beste edozein gizartetan bezala.
Panorama dezente aldatu da 30 urte geroago baina, behar bada, iraun badiraute oraindik ere Ajuriagerrak eta Monzonek.