Houston: Arazoa dugu
Gaur, azaroak 14, urte bi joan dira Batasunak Anoetako agiria jakinerazi zuenetik. Badakizue, indarkeria utzi, bide demokratikoei ekin eta gatazka kaleetatik ateratzeko ordua zela, negoziazio politikoa alderdien artekoa baino ezin dela izan eta, beti ere, ezinbestekoa dela hitzartu beharrekoak nazio-sentsibilitate ezberdindunen artean sinatzea.
Urte bi geroago, indarrean jarraitzen omen du Anoetako agiri harek eta, bakegintza eta normalizazio politikoa eztabaidatzeko orduan behintzat, Anoetako agiriari buruzko jarrerek bereizten dituzte gaur egun dauden posizio nagusi biak. Batetik, Anoetako agiria ontzat ematen dutenak eta, bestetik, Anoetako agiria betetzeko gertu ez daudenak.
Anoetako agiriaren alde daude alderdi politiko guzti-guztiak, PP izan ezik. Eta Anoetako agiriaren kontra, berriz, PP eta... ETA.
Horretara, Houston: arazoa dugu. Bai, arazo larria dugu. Kontua ez baita negoziaziotan ari diren alderdiek ez dutela Anoetako agiririk onartzen. Kontua da, ETA dela Batasunaren proposamena bete nahi ez duena.
Segurutik honez gero presoek hurreago egon beharko lukete eta Batasunak legeztatze bidean. Segurutik kale-borrokak, Iñaki De Juanaren gose-grebak, Lehendakaria bera auzitan sartzeak eta zenbait juezen jokamolde faxistek ez dute batere laguntzen. Baina laino beltz guztien azpitik eta sasi ziztrin guztien gainetik, funtsezko arazoa zera da: ETAren politika egin nahia, politikagintza armen indarraz baldintzatu nahia eta, bai-bai esan arren, egunak joan eta egunak etorri, Anoetako agiria kunplitu nahi eza.
Ulertu nahi duenak ulertu dezala.