-u + -a > -uba amaierak Eibarren
Eibarren, inguru guztian moduan, berba bati mugatzailea gehitzerakoan, hitza aldatu egiten da: etxe+a > etxia; ogi+a > ogixa; asto+a > astua; eta abar. U amaieradun berbak, baina, ez dira aldatzen deklinabide-kasuak hartzerakoan. Adibidez: dirua, eskua, mirua, katua... Beste inguru batzuetako piñuba, diruba, buruba eta xaguba oso arrotzak dira gaur egungo eibartarrendako.
Baina horrela izan da beti? Ez, ez dirudi. J. A. Mogel idazle eibartarrak XIX. mende hasieran idatzitako testuetan badira u+a>uba tankerako hiatoak (barberuba, buruba, escuba, miruba, erretilluba...). 1754ko Eibarko udal ordenantzetan ere agertzen da, lehen aldiz gure inguru honetan (atrebiduba, onrrauba, graduban, Conzejubaren, errejimenttubac...), eta Bergarako udal artxiboko XIX. mendeko agirietan ere behin baino gehiagotan ageri da lauba (laua, lautada) aldaera.
Gaur egungo hizkeran, baina, ez dago inongo aztarrenik. Ezta 1887an jaiotako Toribio Etxebarria idazlearen lanetan ere, gainontzeko aldaerak ondo adierazten dituen arren. Pixka bat lehenagokoa den Francisco Arrate Agiñagako apaizaren sermoietan ere ez dago horren aztarrenik.
Gaur egun nahiko hedadura txikia duen bilakaera da (Gipuzkoa iparraldea, Sakana eta Lapurdiko zenbait hizkera) eta, gainera, badirudi hainbat eskualdetan atzeraka doala. Ziurrenik, gure herria bilakaera horren muga-mugan egongo zen, eta azken 150 urteotan erabat desagertu da gure ingurutik. Jakin badakigu, Lea-Artibain oso azkar desagertu omen zela, 50 urte eskasean, XIX. mende hondarrean (The Basque dialect of Lekeitio, Hualde et al., 1994). Eibarren ere, sasoi horretan gertatuko zen aldaketa, seguru asko.
Hala ere, uste duguna baino hurrago daukagu -uba amaieraren eremua. Azken batean, Urola-kostako zenbait baserri-auzotan arrunta da, Zestoako Aizarna auzoko baserritar hedadetuen artean, eta Zarauzko Urtetan, Aia osoan, Orioko auzo batzuetan, eta abar.
Saiak, Arranoak eta Putreak
Azken urteotan izugarri zabaldu eta hedatu da sai hitza. Ikastolei eta hedabideei esker, Euskal Herriko txoko gehienetan ezagutzen dugu gaur egun saia zer den, buitrea.
Jatorriz, gure inguruan nahiko eremu murritzeko hitza da saia, edo hobeto esanda, saixe. Leintz bailara (Arrasate, Aretxabeleta, Aramaio...), eta Durangaldeko herri batzuetan erabiltzen da gehienbat. Hortik kanpo, Bizkaian (eta Eibar inguruko hizkeretan), Arranoa esaten zaie buitreei; baita Nafarroako zenbait eskualdetan ere. Eta Gipuzkoan putre hitza da nagusi. Ez dakit Iparraldean nola esaten duten; beharbada saia ere erabiliko dute.
Baina Leintz inguru horretatik kanpo ere, erabiltzen dugu gehienok sai hori, hitz-elkartuetan izan arren. Lea-artibai inguruan, saidxerri esaten diote abendu edo zapelatzari; Urola-kostan (eta inguruko beste zenbait herritan), berriz, saizuri deitzen diote mirotzari (Circus cyaneus).
Hitz horiekin jira-bueltaka nenbilela, pentsatu dut: "eta zapelatz"? Azken batean, ez da izango "sai+belatz" edo antzeko zerbait? Lehenengo begiratuan, behintzat, badirudi sai hitza egon daitekeela tartean. Arrano hitzean arrai (Eibar inguruan, rapaz) egon daitekeen bezela (arrai hitz horren eratorriak dira, besteak beste, Deba ibarrean takian-potian erabiltzen diren arraipardo, arranbeltz, arrangorri, eta abar).
Mallabiko euskerie
Badihardugu euskera elkartiaren albistegixari esker jakin dot, laster-laster kaleratuko dala Mallabiko euskerie liburua.
Pello Mugarza mallabiarra izan da egillia, eta urtietako lana egin dau. Ez bat eta ez bi, hainbat urte pasau dittu Mallabiko hiztunak elkarrizketatzen, mallabiarren ahozko jarduna batzen, jasotako guztia jorratzen... eta sekulako lana kaleratu dau.
Liburuan Mallabiko euskeria aztertu dau Pellok: fonetikia, morfologixia, sintaxisa, hiztegixa... baina ez hori bakarrik. Hainbat transkribapen eta argazki be badakarz lanak.
Mallabiko euskeria hobeto ezagutzeko, liburuakin batera DVD bat be kaleratuko da. Ikusentzunezko horretan, Pellok urtietan zihar egindako grabaziñuak entzun ahal izango dittugu, eta horrekin batera, Badiharduguko kide dan Itziar Alberdik egindako bideo-grabaziñuak, Deba ibarreko ahotsak proiektu barruan gauzatu diranak.
Liburuan aurkezpena maietzan 26xan izango da, arratsaldeko 19.00etan.
Liburua Mallabiko udalak argitaratu dau, eta Orraittio euskera elkartia eta Badihardugu euskera elkartia izan dira laguntzaille.
Zestoako euskara
Aste Santu honetan, ia-ia nahiezta, Zestoako zenbait argitalpenen berri jaso dut. Lehenengoa "Zestoarren erretolika" izan zen. KM liburutegian nengoela aurkitu nuen, kasualitatez, eta etxera ekarri. Zestoarrei jasotako hitzekin betetako hiztegia da. Landua, aberatsa, betea... Sekulako lana.
Zestoarren erretolika
Agurtzane Azpeitia
Zestoako udala, 2003.
Azken urteotan Zarautz eta Getaria inguruko euskara jasotzen eta aztertzen ari garenez, primerako baliabidea izango da guretzat. Eibartarrontzat ere interesgarria, azken batean, Eibarrek Urolaldearekin ere hartu-eman estua daukalako.
Aukeran, sarrera luzexeagoa eskertuko nuke (proiektuaren eta zestoarren euskararen inguruko informazio gehiago), eta bibliografia apur bat ere bai; baina lan ona da, bai. Gomendagarria. Non aurkitu? Horixe gatxena. Antzerako lan gehienak ezagutzen ditudala esango nuke (herri hizkerak, transkribapenak eta lexikoa biltzen dituzten lanak...), baina hau ezezaguna zitzaidan. Liburudendetan ere ez dago. Interneten oso erreferentzia gutxi. Horrelako lanei askotan gertatzen zaiena: sekulako lana egin, urteak pasa hizlariak elkarrizketatzen, azterketak egiten... eta hedapena falta!
Agurtzaneren eta zestoarren lanaren atzetik internetera jo, eta beste lan bi agertu zaizkit, hau eta hau. Badirudi "Zestoako hizkera" izeneko bildumaren baten zati direla (eta goiko lanaren ondorio-edo).
Horien bila ere hasiko naiz. Ea aurkitzen ditudan.
Lan guztien atzean, Agurtzane Azpeitia filologo arroarra, eta Nora Palmitano euskara teknikaria, horrelako lanetan urteetako ibilbidea daukana. Besteren batzuk ere izango dira tartean. Zorionak eta eskerrik asko denoi.
EtxeRAIÑO, EtxeRAIÑOK eta EtxeRAIÑOKAN
Azken egunotan gai horren inguruan jardun dogu Badihardugu euskara elkartearen posta-zerrendan. Aintzane Agirrebeña Soraluzeko grabaziño batzuk transkribitzen hasi da, eta aittatu zeban Soraluzen nahiko arruntak dirala "etxeRAIÑOKAN" moduko formak.
Hasiera baten, neri behintzat, ez jatan hain arrarua egin, baiña inguruan galdetu eta gero, ba bai, egixa esan, Euskal Herriko txoko larregittan ez da erabiliko forma hori. Erabiltzekotan, Soraluzen, edo hurrian.
Batian eta bestian galdetuta, ondorixo hau atera genduan. Hiru egoera daukaguz:
- ELGOIBAR-DEBA-UROLA ingurukua: -K amaierako kasu marketan (dirurik, etxetik, zuregatik), -AN amaieria gehitzeko joeria dago (etxetiKAN, diruriKAN, zuregatiKAN...). Baiña -raiño aldaeria bakarrik dagonez (eta ez -raiñoK), ez dago K amaierarik eta ez da sortzen -raiñoKAN moduko analogixarik.
- EIBAR-ERMUA: gure herrixan -raiñoK aldaeria daukagu, baina ez dogunez -AN gehitzen, ez dogu -raiñoKAN erabiltzen.
- SORALUZE: -raiñoK aldaeria erabiltzen da, eta -AN atzizkixa gehitzeko joeria dagonez, ba, ondorioz: -raiñoKAN.
Eibarren zein Soraluzen, etxeraiño moduko forma estandarrak be erabiltzen dira.
Eskerrik asko, Maka, Ane, eta Egoitz, inguruko herrixetako barri emotiarren.
Saratsuegi - Sautsi
Eibar hegoaldean bada auzo bat, Saratsuegi-Sautsi izenekoa. Orain gutxira arte, baserri pare bat eta futbol-zelai kaskar bat besterik ez zeuden bertan, baina orain etxeak egiten dihardute. Guztira 106 familiarentzako tokia, tartean nirea.
Azkenaldian sarri agertzen da komunikabideetan gure auzoa, eta gehienetan Sautxi idatzita ikusten dut. Berdin udaletxetik edo Korreosetik datozen agirietan.
Izen horren inguruan zenbait ohar egin nahi ditut:
- jatorrizko izena Saratsuegi da (lehenengo aldiz 1779ko agirietan jasoa). Sarats-lekua, sahastia.
- forma horren eratorria da Sautsi.
- izenak izan duen bilakabidea: saratsuegi - saratsuei - saatsui - satsui - sautsi. XX. mendera arte, Saatsui estiloko formak ziren nagusi Eibarren, eta azken hamarkadetan nagusitu da Sautsi/Sautzi forma ahoz.
- Idatziz, beraz, horrela idatzi behar dugu: Sautsi, eta ez Sautxi
- Ahoskatzeko orduan, betiere hiru silabatan banatuta, Sa-ú-tsi, eta ez azken aldian entzuten ari garen Sáu-tsi.
Zuen komunikabideari eta udalari eskatu nahi diet, beraz, forma zuzena erabil dezatela, Sautsi, eta ez Sautxi edo Sauchi.
Oharra: eskutitz hau udaletxera eta Eibarko komunikabideetara bialdu dut.
Egualdi berdia
Ainhoa ni baino lehenago jaiki da, eta esnatu naizenian esan desta: "oso egualdi txarra dago, sekulako haixia, eta zeruak kolore rarua daka, Urko gaiñian berde-berde zeguan".
Koño! Arando basarriko Faustino Larrañagakin gogoratu naiz. 1904an jaixo zan, aurten 106 urte beteko dittu, eta holaxen esan zestan oin dala urte batzuk: "egualdi berdia, lehen zaharrak holan esaten juen, egualdi berdia, txarra, oso txarra, itsasotik sartzen dana".
Euskeria asko aldatu da 100 urtian, berbak galdu eta hiztegixa murriztu, baina gure aittajaunendako egokixak ziran referentzia batzuk, behintzat, oindiok be balekuak dira, zorionez.
Agiña-balleko 106 urteko basarrittar elebekarra, eta euskeria ikastolan ikasittako kalekumia, bixak batu dittu gaurko trumoi berdiak.
Eguraldi berde / egualdi berdia
berde tiempo crudo y desapacible. Egualdi gogorra, oso txarra, hotz eta euritsua.
Birziklapenaren timoa
Erakundeak beti dabiltza kontu bera errepikatzen; herritarroi errepikatzen, jakina: birziklatu egin behar da, birziklatu, bai, gure ontzi, kristal eta paperak beste zakarrontzi batzuetara bota, natura zaindu.
Konforme. Demagun. Herritar kontzientziatua naiz, biologia ere ikasi nuen, eta ekologista amorratua naiz. Baina, ai ene! Eibarren bizi naiz. Zer egin? Bi aukera: entzungor egin eta ez birziklatu, edo bestela, lanean jai eskatu, eta egun erdi pasatu kontonedore (huts) baten bila.
Eibarko zaborren erantzule, Debabarreneko mankomunitatea ei da, eta galdera batzuk egin nahi dizkiot:
- Zelan leike, Sautsi moduko auzo berri baten, esate baterako, oraindik ere birziklatzeko kontenedorerik ez izatea?
- Zelan leike, iaz bertan Urkizuko parkean lurperatu dituzten kontenedoreen artean, 8 kontenedore normal jartzea, eta birziklatzeko bakarra?
- Zelan leike, Ardantzan lurperatu dituzten kontenedoreen artean, plastikoa birziklatzeko kontenedorerik ez egotea?
- Zergatik daude gero eta kontenedore gutxiago Eibarren? (erdikaldean, behintzat).
- Zergatik aurkitzen ditugu askotan kontenedoreak bete-beteta? Zergatik hartu behar dugu guk lana, eta eurak jai?
- Zergatik da odisea bat Eibarren birziklatzea?
Benetan uste dut birziklapenarena timo bat dela. Erakundeek, euren eskuak zuritzeko, hitzez barra-barra darabilten terminoa, baina benetan ezer gutxi egiten dutela horren alde. Herritarroi, behintzat, ez digute erraztasun handirik ematen.
Herritarrok ura, argindarra, eta energia aurreztu behar ditugu, eta zaborrak bereizi. Eibarren argindar gehien xahutzen duen etxea udaletxea izango da, edozein ordu dela ere, argi guztiak isiotuta dituztelako beti; eta kalefazioa topera. Ur gehien alperrik galtzen duena, ostera, Gipuzkoako Ur Zerbitzua, euren ubideetan dituzten jarioetan joaten delako gure herriko ur guztiaren ehuneko handi bat. Administrazioan gastatzen duten paper guztiarekin Amazonas osoa "birziklatuko" genuke, eta susmoa daukat (susmoa besterik ez, baina beti izan dudana) pilen ontzietan sartzen ditugun pilen gehienak ez direla sekula santan birziklatzen.
Birziklapenarena, Eibarren behintzat, timo bat da.
Urkuzuko kontenedoreak: birziklatzeko gutxi, eta gehienetan beteta.
Puts, putsa
Azkenaldixan jo-ta-sua nabil, putsa hartu, eta foballian etenbarik. Eta lehengunian berba hau etorri jatan burura:
Eibarko Hiztegi Etnografikotik
puts balón de pichigoma. Gerra aurretik umiak foballian eitteko erabiltzen zittuen gomazko baloi txatxarrak. Gaur egun be, gomazko baloi eta pelota ezebezak.
Ei Txo!
Joan zan astian Luistxok mezu hau idatzi zeban "Eibartarrak" posta-zerrendara:
"Eibarren eta... norainoko inguruan da ezaguna formula hau? Mutriku-Ondarroan, "txo" esaten da. Eta haren kidekoa izango da txotxo hau..."
Mutikueri deitzeko "txo" edo "txotxó" forma hori asko erabiltzen da gure inguruan. Bizkaieraren eremuan, behintzat, nahikua zabalduta dagola esango neuke, Kostaldian gehixenbat. "Bizkaiko Arrantzaleen Hiztegia"n be holaxen dago, Eneko Barrutiak Bizkaiko herri arrantzale guztietan jasota (Bermiotik Mutrikuraino).
Barrukaldian be, gure inguruan behintzat, erabiltzen da. Eibar-Bergara-Elgeta inguruan, Lea-Artibain, Durangaldian... Leire eta Garikoitzen bittartez jakin izan dot Gernikaldian be indarra daukala, eta Uribekostan be ezaguna dala.
Gure inguruan, "txo" biharrian, "txotxó" erabiltzen da gehixago. Toribiok Etxebarriak be "txotxo" bakarrik dakar beran hiztegixan ("Txo aluori!" esakeria be badakar "imitando a los de Ondarroa").
Badirudi barrurago ez dala heldu, edo indar gitxiagokin, behintzat (Arratiara, Arrasate-Aramaixora...).
Eta Gipuzkoara? Ezin esan. Nik neuk ez dot Zarautz inguruan entzun.
Jatorrixan inguruan, uste dot nunbaitten entzun edo irakorri dotela (edo biharbada asmau eingo neban), zerikusiren bat dakala hitanorako erabiltzen dan "toka" (mutilena) eta "noka" (neskena) berbekin. "To" eta "txo" jatorri berekuak litzakez.