Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Sorbeltza (Apus apus), euskal izenak

Sorbeltza (Apus apus), euskal izenak

Asier Sarasua 2006/06/05 21:30

Sorbeltzaren euskal izenakIazko mezu batean aipatu nuen gai hau. Eibarren abijoia deitzen diogu gaztelaniazko vencejori (Apus apus), gaur egungo euskaraz sorbeltz deitzen dioten horri. Txori ezaguna izanda, ia-ia herri bakoitzean izen ezberdina dauka.

Orain urtebete esandakoak labur geratu, eta beste zenbait izen eta datu ere gehituko ditut eguneraketa honetan, gehienak ehiztari eta baserritarrei ahoz jasotakoak. Nafarroa eta Iparraldeko datu gutxi daukat oraindik; ea datorren urterako... Izen batzuen erabilera-eremua gutxi gorabeherakoa da, eta baliteke albo-herrietan ere erabiltzea.

 

Apus apus herririk herri

 

  • Txirri, txirritxori (eta aldaerak): gehienbat Bizkaia sartaldeko hainbat ingurutan, Mungian-Uriben bereziki, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere, antzeko izenak erabiltzen dira, esate baterako: Sakanan txirriño, Legutianon txirri, Zumarraga-Urretxun txirrintxori, edo Elorrion txirribirri.
  • Txirriskillo / Kirriskillo: Lea-Artibai ia osoan horrela deitzen diote (edo aldaerak: Zirriskillo, Karraskillo, Txirritxaldo...). Seguru asko Busturialdeko herri batzuetan ere bai (Muxikan eta Ereño-Nabarniz inguruan bai, behintzat).
  • Ermitarixo, Imintarixo: Durangaldean (Durango, Iurreta, Garai, Berriz...).
  • Erlai: Leintz aldean, Aramaio, Otxandio eta Ubidea (elai) barne; Diman ere elai. Salbuespena Leintz Gatzaga eta Marin (Eskoriatzako auzoa) dira.
  • Artxilloi: Gatzaga eta Marin (Eskoriatza).
  • Ka(n)pantxoi: Oñatin.
  • Beltxijoi, beltxiju: (baita Pentzajo eta aldaerak). Bergara-Antzuolan, eta Markina-Aulesti inguruan.
  • Abijoi: Eibar inguruan (Mallabia, Ermua, eta Soraluze barne).
  • Txio: Elgetarrak, betiko moduan, berezi xamarrak dira. Enara azpizuriari egabera deitzen badiote, eta egaberari azpizuri... hortik aurrera, dena libre :-).
  • Kataki: Elgoibar-Azkoitia inguruan, eta Mutrikun. Ziurrenik Mendaron eta Deban ere bai, baina datu hori ez daukat.
  • Txenada beltz (txinara beltz, enara beltz...): Azpeitia eta inguruan (Beizama, Errezil, Aizarnazabal, Aizarna, Urrestila, Matxinbenta...).
  • Arrandera/Arrantxori: Zumaia inguruan; baita Zerain inguruan ere.
  • Zirringillo, txirringillo: Zarautz-Getaria-Aia inguruan eta Goierrin. Azken batean, hasieran aipatutako txirri izenaren aldaera bat dirudi (edo alderantziz).
  • Mitxigu, mitxiku: Tolosaldeko hainbat herritan, alboko Aia barne.
  • Irra, irriyo: Donostialdean, Oiartzunen, eta abar.
  • Sorbeltza. Hernani inguruan eta Baztan-Xareta aldean.
Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2006/06/07 18:29

Azkuek (G-zumay) markarekin zekarrek. Txori batendako hainbeste izen desberdin egonda, bat aukeratzera jo eta inork gutxik erabiltzen duena aukeratu eta markarik gabe gainera, danak pozik lagatzeko-edo, hori duk egin dutena nonbait, batek jakin! Edozein modutan, ez diat uste, hitz horri sarrera emoteko neke handirik hartuko zutenik. Jakin ere, Euskaltzaindian txori kontuan hik beste dakienik ba ote zagok inor? Nik ezetz uste. Halako kasuetan dakienari galdetzea izaten duk seguruena baina...

Serafin

Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2006/06/08 17:59

Oso ondo Asier. Euskaltzaindian lexiko arluan diharduenak ba ete jakixek honen barri?! Ezetzian nagok eta komeni dok jakiñian jartzia.

Serafin

asier
asier dio:
2006/06/08 12:57

Euskaltzaindiak ez dau egin ahalegin berezirik txori eta animalixa izenak normalizatzeko. Zuzen-zuzenian UZEIk 1984an kaleratutako "Landare eta animalien izenak" liburua hartu dabe (eta kasu gitxi batzuetan, euskalkixetan oso zabalduta dagozen beste izen batzuk gehittu, esate baterako txindor, Bizkaian txantxangorria).

Kontua da, UZEIko lan hori eitteko be, txorixen kasuan, behinipein, 20 urte lehenago Aranzadi Zientzia elkartiak egindako zerrenda bat hartu zebela. Eta Aranzadik 1960 inguruan egindako lana be, neurri baten hainbat urte lehenago egindako beste lan batzuetan oiñarrittu zan.

Hau da, ez da sekula txori-izenen kontua ondo aztertu, eta 1910 inguruan ez-dakit-zer hiztegi edo artikulutan agertutako izenak gaur egunera heldu dira, zerrenda batetik bestera kopixatuta, iñungo garbiketa kritikorik barik, eta benetan herririk herri bilketarik egin barik.

Holan, gaur egun euskera estandarrian zabaldu diran txori izenen artian, holako kasu ugari dakaguz:

  • okerrak: esate baterako, aliota (Gavia sp.), iñun esaten ez dan izena, eta benetan arrain bati dagokixona. Gavia sp. txorixa sakillua edo gabarrosua da euskal kostalde guztian
  • poetikuak: esate baterako, ekaitz-txori (Hydrobates pelagicus), hiztegi batzuetan topauko dogun izena, beste hizkera batzuetako izenaren kalkua, baina arrantzaliak esaten ez dabena (euskeraz millabarrika, matxiplaka...)
  • oso-oso eremu murritzekuak: esate baterako, sorbeltz (Apus apus) edo gailupa (Pyrrhula pyrrhula).

Garbi dago txori-izenen inguruko azterketa kritiko sakon bat egin behar dala, bestela okerreko izenak zabalduko dittugu, iñungo zentzu barik.

Iñaki
Iñaki dio:
2013/08/29 23:08
Kaixo Asier.
Ea honek "sorbeltza" hitzaren misterioa argitzen laguntzen duen. Hernanin egin ditugun elkarrizketa ezberdinen arabera "sorbeltza" edo "sorbeltxa" moduan ezagutzen dute bertakoek Apus apus espeziea. 60-90 urte arteko hainbat ehiztarik bota digute izen bera eta ez da beste izenik atera. Guztiek adierazi dute gainera baserrian bertan ikasitako hitza dela eta ziurta dezaket ez direla euskara batuan hegaztiak duen izen arruntarekin nahastu. Telesforo de Aranzadiren artikulu batean ere Zumaian "sorbeltza" eta "errenchoriyua" bildu direla adierazten da.
Ez dakit argitzeko balioko duen baina tira, hemen nire aportazio txikia.

Ayo
asier
asier dio:
2013/10/07 21:27
Eskerrik asko informazioarengatik, Iñaki! Kauen la letxe, oraintxe ikusi dut udan utzi zenuela aipamena! Sistemak mezu bat bidaltzen zidan lehen erantzuna jasotzean, baina badirudi azkenaldian ez dabilela! Tira, ba hori, eskerrik asko eta laster arte :-)
Iñaki
Iñaki dio:
2014/10/07 14:07
Kaixo Asier,

Ziurrenik bildua izango duzu baina Hondarribian "kirrikilla" deitzen diote Apus apusi. Irungo izenik ez duzue edukiko ezta? Eskolako lan baterako bila gabiltza eta ez dugu erantzungo digun inor aurkitu oraindik!

Ondo izan!
asier
asier dio:
2014/10/08 15:23
aupa Iñaki,
bai, hondarribiko hori jasota neukan. "Kirrikilla" jaso nien nik pare bat hiztuni, eta "kirrilloa" dauka jasota Telesforo Aranzadik. Goiko zerrenda hori eguneratu beharra daukat. 2006an idatzitakoa da! ;-)

Irunen, ostera, ez daukat lekukotasunik. Hori bai, inguruko herrietan "irrigo" (Pasaia, Lezo) eta "(tx)irriyo" (Oiartzun, Errenteria) dauzkat jasota.

Ea Irungoa aurkitzen duzuen!
Iñaki
Iñaki dio:
2014/10/19 19:49
Kaixo Asier,

Aurkitu dugu Irungo izena: "grilloa" edo "grillua" du izena. Lau lekukok eman digute izen bera.

Eta galdera bat dut zuretzako: Hondarribian "kirrikilla" esan didan pertsona berak "txirri-txori" ere deitzen diola esan dit. Hori ez al da Bizkaia aldean erabiltzen gehiago?

Beno, ea zerrenda eguneratua ateratzera animatzen zaren!

Ayo
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2014/10/21 20:43
Eskerrik asko Iñaki! Apuntatu dut Irungo "grillo" hori. Berez, esango nuke "kirrillo/girrillo" izango dela forma osoa. Konturatu naiz Azkuek ere jasota zuela "grillo" (baina herririk zehaztu barik).

Txirri-txori horri dagokionez, esango nuke nahiko hedadura zabalekoa dela. Han eta hemen, eskualde askotxotan azaltzen da, gehienetan beste izen batzuekin batera (ez izen bakar bezala). Goian aipatzen dira herri eta eskualdeko batzuk, adibidez. Eta "txirri" erroko beste hitz batzuk (txirriskillo, zirringillo...) ere Euskal Herri osoan aurki daitezke. Sorbeltzaren kantua nolakoa den ezagututa, esango nuke izenik "logikoena" dela "txirri" hori. Errenteria-Oiartzunen ere "txirriyo" da. Eta Nafarroa-Araban ere nahiko hedatuta dago, euskaraz ez ezik, baita gaztelaniaz ere (chirri, chirrin). Dena dela, Hondarribia-Irun inguruan ez neukan jasota. Apuntatu dut! Eskerrik asko!

Ea ba, zerrenda eguneratzen dudan datozen egunotan!
Mila esker.

Iñaki
Iñaki dio:
2014/10/22 22:25
Gogoz itxarongo dugu Asier! Mila esker zuri!
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2015/01/20 22:01
Beste bat: "txorrongilloa" esaten omen zaio Altzagaraten.
asier
asier dio:
2016/05/08 20:50
MartinZubik Lekeitiotik, euren herrixan "kirrizkarrua" esaten detsela. Hori be apuntau bihar ba! ;)
Azaitz
Azaitz dio:
2016/07/20 13:53
Nere aita Lasturkoa (Itziar) da eta berak "txinara" deitzen dio Apus apusi. "Txirri" erroari dagokionez, hau hobesteak arazoak sor ditzake izan ere txirri eta txirritxo ofizialki "Calidris eta Charadrius" generoko hainbat espezie izendatzeko erabiltzen dira. Kontuan eduki baita ere "txirriskila" Serinus serinusaren izen ofiziala ere badela... Txorien izendegia eta leku desberdinak nahas-mahas galanta!!!! Interesgarria baina izenen bilketa hori egitea!!! Ondo izan!!
Sorbeltz
Sorbeltz dio:
2018/07/20 17:35
Txori ezberdinez hari zarela uste dut...
Abijoia = Avión (delichon urbicum)
asier
asier dio:
2018/07/21 17:44
aupa "Sorbeltz", bai, badakit izen horren inguruan batzuetan zalantzak izaten direla. Nik neuk ere, txori-izenak jasotzen hasi nintzenean horrela jaso nituen (abijoia= delichon urbicum), eta Eibarko hegaztien liburuan ere horrela idatzi nuen, oker; baina hainbat pentsona nagusiren lekukotasunak jaso ostean, nahiko garbi daukat abijoiak sorbeltzak direla, zalantzarik gabe. Horrela erabiltzen dute Eibarko (eta inguruko herrietako) nagusienek. Hala ere, egia da, enarak (Hirundo rustica), azpizuriak (Delichon urbicum) eta sorbeltzak (Apus apus) oso antzekoak direla pertsona ez oso adituentzat, eta askotan nahastu egiten dituztela. Nahaste hori beste hizkuntza batzuetan ere gertatzen da, eta Espainian ere, eskualdearen arabera, berdin deitzen zaio avión Delichon-i zein Apus-i. Bestalde, avión > abijoi eraldaketa ez dakit horren garbia den. Pentzajo, peltzajoi, beltxikoi eta antzeko formak ere ohiko dira Eibar inguruko herrietan. Tira, ba, horixe. Zalantzak egon daitezkeela, baina Eibar-Ermua-Soraluzeko baserritar eta ehiztari zaharren artean, behintzat, abijoiak sorbeltzak dira, Apus apus, alegia. Eskerrik asko zure ekarpenarengati!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz