Arrateko bizilagun berriak
Aurtengo udan sekula baino gutxiago irakurri dut, baina atera dut asti pixkat mesanotxean dudan liburu-pila kilometrikoa zeozer arintzeko. Irakurri ditudan liburuen artean, Iban Zalduaren "Itzalak" dago (gomendagarria, bide batez esan dezadan).
Itzalak horretan bada "Bizilagunak" izeneko ipuin polit bat. 1950ean hasi eta 2059. urteko udan amaitzen den ipuin horretan, Zalduak gaur egun bizi-bizi dagoen gai latz bat jorratzen du, bere betiko umore puntuaz: inmigrazioa. Inmigrazioa, eta nola gu oso gutarrak garen, eta besteak oso bestelako, baina ahaztu egiten dugula lehengo besteak ere gu garela. Tira, hobeto ulertu nahi duenak irakurri dezala ipuina.
Ba, abuztu erdikaldean Isasi kaleko taberna berria ireki zutenean, ipuin horrekin gogoratu nintzen. Eibarko taberna-izenik eibartarrena zeukan lehen, Arrate, baina azken urteotan (urte askoan), pulpiñoa ematen zuten. Ugazabak erretiratu egin dira, eta orain bizilagun berriak ditu Arrateak; baita izen berria ere: Doner Kebab. Zalduaren ipuinaren azkenengo aldaketa ez dakit ikusiko dudan, baina gutxi falta da.
Bitartean, ez dezagun pentsa tabernari horiek erromes-bidea egiten dabiltzanik; bizilagun ditugu. Bai, bizi-lagun, hitz konposatua.
Azken oharra
Hanburgesak, Akondiak eta papar berdeak jateaz higuinduta dagoenak, bertan dauka aukera onena. Kebab gozoak, bene-benetan.
Prince Doner Kebab
Isasi kalea, 13. Eibar
943 208 373
Oso onak, han prestatzen dituzten Doner Kebabak!
Nik thai jatetxea nahi nuke Eibarren, beti frogatzeko gogoz!