Puritito.com
Aspaldi desagertu ziran perratzaille eta errementari gehixenak Eibartik, baina gaur egun be gelditzen dira gitxi batzuk. Esate baterako, "Erdi", nere koñatua.
Aitta eta aittitta errementari izan ziran Guadalajaran, eta Erdik bide bardiñari ekin detsa Eibarren, nahiz eta birziklauta.
Orain dala aste batzuk dendia zabaldu zeban Bista Eder kalian, eta azken egunotan webgunia be kaleratu dau, polit-politta.
Ez dozue ezagutzen? Hementxe:
Puritito.com
Oso gauza polittak eitten dittu, neurrira eta zure gustora: komunak, eskillarak, eskulturak, lanparak.
Aupa Erdi!
Puritito.Erdi
Bista eder, 8
20600 EIBAR (Gipuzkoa)
943 208 984 / 656 794 625
Eibarko ikasleak, ikastetxeka
Azken egunotan irakorri dittut Eibarko ikastetxietako datuak, ikastetxe bakoitxian zenbat ikasle dagozen, lehen hezkuntzakuak zein bigarren hezkuntzakuak.
Harrittu egin naiz. Ikastoliak daukaz ikasle gehixen, eta haurreskolan be, beste iñun baiño gehixago. Uste dot azken urtiotan La Salle eta San Andres izan dirala nagusi.
Hementxe datuok:
J.A. Mogel ikastola: 480 ikasle
211 haurreskolan eta 269 lehen hezkuntzan.
La Salle Isasi: 479 ikasle
198 haurreskolan eta 281 lehen hezkuntzan.
San Andres: 420 ikasle
180 haurreskolan eta 240 lehen hezkuntzan.
Aldatze: 219 ikasle
90 haurreskolan eta 129 lehen hezkuntzan.
Urkizu: 199 ikasle
82 haurreskolan eta 117 lehen hezkuntzan.
Amaña: 130 ikasle
50 haurreskolan eta 80 lehen hezkuntzan.
Urki: 95 ikasle
Ikastolako ikasliak hiru zentrutan dagoz banatuta: 89 Federico Mayon, 122 Sansaburun eta 269 Iturburun.
Datuak: DV
Juan San Martin beka zabalik
Atzotik aurrera, eta urrixan 13ra arte, zabalik dago Juan San Martin bekan izena emoteko epia.
Gaia: toponimia eta linguistika.
Diru kopurua: 9.000 euro
Lanan egiteko epia: 12 hilabete
Eibarko udalak eta UEUk bultzatuta, urtero-urtero antolatzen da Eibarren Juan San Martin bekia. Eibartar euskaltzalia omentzeko eta berak landutako gaixak lantzeko, urtero bi ikerketa-gai izaten dira. Aurreko urtietan, beste batzuen artian, botanikia, euskeria, artia eta literaturia izan dira ikerketa-gai. Aurtenguan, toponimia eta linguistikia izango dira.
Derrigorrezkua da diplomatua izatia eta EGA titulua izatia. Lana amaitzeko urtebeteko epia eukiko dau irabazliak. Lana orijinala izan bihar da, eta euskeraz aurkeztu biharko da.
Informaziño guztia eta oiñarrixak, UEUren webgunian.
Arrateko bizilagun berriak
Aurtengo udan sekula baino gutxiago irakurri dut, baina atera dut asti pixkat mesanotxean dudan liburu-pila kilometrikoa zeozer arintzeko. Irakurri ditudan liburuen artean, Iban Zalduaren "Itzalak" dago (gomendagarria, bide batez esan dezadan).
Itzalak horretan bada "Bizilagunak" izeneko ipuin polit bat. 1950ean hasi eta 2059. urteko udan amaitzen den ipuin horretan, Zalduak gaur egun bizi-bizi dagoen gai latz bat jorratzen du, bere betiko umore puntuaz: inmigrazioa. Inmigrazioa, eta nola gu oso gutarrak garen, eta besteak oso bestelako, baina ahaztu egiten dugula lehengo besteak ere gu garela. Tira, hobeto ulertu nahi duenak irakurri dezala ipuina.
Ba, abuztu erdikaldean Isasi kaleko taberna berria ireki zutenean, ipuin horrekin gogoratu nintzen. Eibarko taberna-izenik eibartarrena zeukan lehen, Arrate, baina azken urteotan (urte askoan), pulpiñoa ematen zuten. Ugazabak erretiratu egin dira, eta orain bizilagun berriak ditu Arrateak; baita izen berria ere: Doner Kebab. Zalduaren ipuinaren azkenengo aldaketa ez dakit ikusiko dudan, baina gutxi falta da.
Bitartean, ez dezagun pentsa tabernari horiek erromes-bidea egiten dabiltzanik; bizilagun ditugu. Bai, bizi-lagun, hitz konposatua.
Azken oharra
Hanburgesak, Akondiak eta papar berdeak jateaz higuinduta dagoenak, bertan dauka aukera onena. Kebab gozoak, bene-benetan.
Prince Doner Kebab
Isasi kalea, 13. Eibar
943 208 373
Arrajolan etxiak egiteko asmua
Eibartarrak zerrendan ixa egunero agertzen dan gaixetako bat da, azpiegitura publikuena eta horren inguruan gertatzen diran kontuena: plan generalak, erakundien interesak, herritarron partehartzia, eta abar.
Tira. Eibarko Plan Generala, ez-dakit-zenbat urteko atzerapenaz, baina badirudi azkenian onartu dala. Azkenengo hilabetiotan, behin eta berriz agertzen jaku egunkarixetan, Eibarren egin bihar diran lan guztien barri. Azkena hauxe: Eibarko udalak baimena emon dabela Arrajolan etxiak egiteko.
Plan Generala eztabaidatzeko sasoian, orain dala 4-5 urte inguru, Eibarko naturzale talde batek erabagi horren kontra egin genduan. Arrajola Untzagatik 3 minutura dago, Eibar erdi-erdixan, eta gure herrixak daukan parke ugarittasuna ikusitta (hau da, 0 parke), udaletxian azaldu genduan Arrajola izan leikiala eibartarrondako urteera "naturala". Ez zan gatxa izango Untzagatik bertatik Arrajolarako bidia hobetzia, azpiegitura batzuk sortzia, itturri bat, banko batzuk... Arrajolakua ez ezik, beste 3-4 toki apropos be aittatzen genduzen parkiak egiteko.
Udaletxian erantzuna izan zan, parkiak oso garestixak dirala. Kitto.
Arrajolan 2 aukera zekazen udalak:
- Eibartar guztiondako naturgune moduan laga, horretarako inbertsiño bat egiñaz.
- Arrajolan 6-8 etxe txiki egiteko baimena emon, dirua jasuaz.
Erabagixa garbi zekan udalak.
Eibarren ezin da foballian jolastu...
Atzo ikusi neban Untzagan kartel barrixa: Debekatuta dago futbolean jolastea. Esaldixa irakorri eta nere aitxitxakin gogoratzia, dana bat. ETBko esatari guztiekin hasarre zeguan beti, Athletixak jolastu eitten zebalako euren ustez. "Jolastu? Jokatu izango dok, ala? Umiak dittuk jolasian ibiltzeko?"
Ba horixe. Badakit asko zabaldu dala jolastu=jokatu parekatze hori, eta galdutako gerria dana, baina halan da be, intifada honetan jarraittuko dot: Foballian jokatu eitten da, eta ez jolastu.
Fernando Muniozgureni omenaldixa
Uste dot Fernandokin biharrian jardun dozuen guztiok jakingo dozuela zer dan eskumako irudixa. Holaxen gogoratzen dot beti Fernandon agendia: ideaz jositta, eta papertxo horiz gaiñezka; rotuladore baltzaz eta bere letra txikixaz betetako ehundaka post-it hori. Batari deittu biharra, bestiari esan, hirugarrenari galdetu, laugarrena konbenzidu...
Fernando ez zan geldirik egotekua, ezagun da. Beti zekan proiektu barriren bat prest. Baiña hori ez da zailena. Proiektuak aurrera etaratzeko bihar dan indarra, pazientzia eta gaittasuna be bazekazen.
Badihardugu euskera elkartia be holaxen sortu zeban. Gaur egun elkarte hori badaukagu, neurri haundi-haundi baten berari eskerrak izan zan. Berak alkartu ginttuan hainbat herrittako lagunak, ideia, izakera, ikasketa eta asmo desberdiñeko lagunak. Eta alkartu ez eze, biharrian be ipini ginttuan danok; horretan maixu zan-eta, dudarik ez.
Beste batzuk zailtasunak eta trabak ikusten dittuen tokixan, Fernandok helmugia besterik ez zeban ikusten. Pasauko zan trabian gaiñetik, edo bestela azpittik, edo izan leike aldamenetik, baina helduko zan helmugara. Ez oso modu formalian, biharbada, baina helduko zan. Eta horixe eskertu izan detsat beti nik.
Fernandon papel horitxuetan hainbat berba "fetitxe" be ikusten dittut: sinergia, euskara afektiboa, elementu biderkatzailliak, "laissez faire"... Eta eragille. Fernando bai zala eragillia. Azken 15-20 urtiotan gure inguruan gertau diran gauza asko, zelan ez, desbardiñak izango ziran Fernandorik barik, eta seguru nago, datozen 15-20 urtiotan danon artian gauzatuko doguzen proiektuetan be, hantxe egongo da dala Fernando bultzaka, bizkarrian igarriko dogula beran akulua.
Fernando askotan hasarretzen zan nerekin ez netsalako hika berba eitten. "Eidak hika gizoná! Nik erantzutzen netsan, nere aittittak esaten zestala nausixeri zuka ein bihar jakuela. Beran hippy zer horri ez zetsan grazia larregirik eitten, baina barre eitten zeban. Hi Fernandó! Lasai egoari, jarraittuko juagu biharrian!
----------------
*Juan zan zapatuan, hilak 15, omenaldi politta egin jakon Fernandori Txantxazelaixan. Berak eskatu zeban moduan, goxua, apala, eta ahal zan neurrixan alaia. Berba batzuk esateko eskatu zesten, eta gitxi gorabehera, goiko hori da esandakua.
Fernando Muniozguren Urkiola
Lehenagotik be ezagutzen neban Fernando, beti be ...eta kitto euskera elkartian inguruan jira-bueltaka, baina gehixenbat 1996. urte inguruan hasi nitzan berakin hartu-emon estuagua eukitzen. 10 urte igaro dira, eta sasoi horretan gure inguruan gertau diran gauza asko ez ziran bardiñak izango Fernandorik izan ez balitza.
Sasoi haretan Eibarko Euskera Mintegixa sortu nahixan zebillen udaletxian, Eibarko euskeria jaso eta aztertuko zeban lantaldia. Hantxe batu zittuan Serafin Basauri, Imanol Laspiur, Juanan Argoitia, Antxon Narbaiza eta beste hainbat. Harrezkero, zenbat eta zenbat liburu kaleratu dira Eibarko euskerian inguruan?
Pixkat beranduago, Badihardugu Euskera Elkartia sortu genduan, Deba Ibar osoko euskaltzaliak batuko zittuan topagunia. Herri bateko eta besteko euskaltzaliak elkar ezagutu, eta danon artian euskalkixan alde indar haundixagua eitteko sortutako elkartia. Ez zan lan samurra. Herri asko, jende asko, interes desbardin asko... hori guztiori buztartzia ez zan biharleku erreza. Eta Fernando izan zan lan hori egin zebana. Nere ustez hori zan berak zekan ezaugarrixetako bat: batetik eta bestetik ezagutzen zittuan lagunak alkartzeko eta auzolanian ipintzeko gaittasuna.
Elkartiaren oinarri filosofikuak zehaztu zittuan, hasierako pauso ahulak sendotu zittuan, interes bardiñak euki arren alkar ezagutzen ez genduan lagun taldia bateratu zeban, eta ideia horren inguruan biharrian ipini ginttuan. Fernando ez zan geldirik egotekua. Beti zekan ideia barriren bat buruan, baina filosofua izan arren, ez zan filosofokerixetan gelditzen: ekimenak pentsau ez eze, gauzatu be eitten zittuan. Ez hori bakarrik: beste edozeiñen ideiak entzutzeko prest zeuan, eta edozein gazteren ekimena bultzatzeko eta animatzeko aparta zan.
Datozen urtiotan gure inguruan danon artian egingo doguzen ekimen askoren atzian, hantxe egongo da Fernando.
Fernandoren omenez kaleratutako ...eta kitto! ale berezirako berba batzuk eskatu zestezen Badiharduguko kide moduan. Leku edo denbora kontuak zirala eta, azkenian ez da kaleratu. Agertu dadila, behintzat, hamen, Fernandori egin gura detsagun omenaldi txiki hau.
Matrakak eta Txaplatak
Eibartarrak zerrendan hasittako hari baten inguruan, berba bi agertu jakuz. Txaplata eta Matraka.
Badira berba batzuk, generorik izan ez arren, gizonezkuekin edo andrazkuekin bakarrik erabiltzen diranak.
Horren artian sartuko neukez goiko bixak. Toribio be begiratu dot eta berak be antzerakua diño:
TXAPLATA andra edo neska barritsua, jarixo haundikua, batzuetan astun samarra
"se aplica a hembras" (TE, 687), "adjetivo que se aplica a hembras" (TE, 653).
MATRAKA
Toribiok sexu bereizketarik ez dau eitten (Se dice de la persona repetidora e insistente), baina adibidian:
Sekulako matrakia dozu alabia*.
Neretzat matrakia ez da bakarrik "insistente". Hori txaplatia be bada. Matraka berbiak esangura bi dakaz. "Matrakia" neska txiki bihurrixa be bada, beti inguruan geldittu ezinda dabillena. Elhuyarrek be gauza bera diño: matraka: revoltosa
Enor (garatxoa)
» ENOR garatxoa, verruga. • Larruazaleko goragune edo eskrezentzia, tamainaz aldakorra eta gehienetan birus batek sortua. Eskuan eta hatzetan agertzen dira gehienbat eta, gutxiagotan, aurpegian edo buruko larruazalean.
Neretzat berba arrunt-arrunta izan da beti enor hori. Nere amak enor bat daka zaman, eta nik beste bat eskumako eskuan. Enorra, sorgiñak sudur puntan eukitzen daben garatxo hori.
Baina kontxo! Atzo Hiztegi Batuakin jolasian, eta hauxe topau neban:
enor iz. Bizk. g.er. garatxoa
.
Gutxi erabilia. Eta Elhuyarren bilatu, eta hori bez. Ez dakar.
Ez nekixan hain eremu txikiko berbia zanik. Jakin bai, Debagoienan (Bergaran eta abar), karetxa eta antzerako berbak erabiltzen dittuela, baina uste neban enor be arrunta zala beste eskualde batzuetan.
Itxuria danez, ez.
Eibarko Hiztegi Etnografikuan jaso genduan, eta Toribiok be badakar, jakiña::
» ENOR (Iz.)
verruga.
Osagilliak kendu zetsan arpegittik enor haundi bat.
Esak. Enorrak kentzeko asmotan erabiltzen zan lelua: "Enorra bat, enorra bi, enorrak daukaz hamabi". Para quitarse las berrugas de un lugar a otro más discreto, había una cantinela mágica, de la cual no recuerdo más que estos dos versos, que se decían con un dedo puesto sobre la excrecencia. (TE).