Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"Ventos de saudade", Fado portugesak Soraluzetik

Asier Sarasua 2010/05/15 18:05
Oraindik ere barru-barruan daukat sartuta atzo gauean Soraluzeko zineman sentitutako zirrara. "Ventos de saudade" laukoteak fadoen gazi-gozoekin jantzi zuen bariku gaua. Edeeerra izan zen!

Atzo gauean Soraluzen izan ginen. "Ventos de saudade" taldearen kontzertua zegoen eta haraxe joan ginen, fadoen Saudadeaz eta Arianneren ahots ederraz gozatzera.

Soraluzeko lau lagunek osatzen dute taldea: Jon Basaurik (gitarra), Domentx Uzinek (gitarra portugaldarra), Ane Ugaldek (flauta) eta Arianne Unamunok (ahotsa). Nolatan hasi ote ziren lau plaentxiar fadotan? Auskalo, kasualitatez-edo, baina pozten naiz.

Ez dute kontzertu larregirik ematen, tantaka banatzen dute euren goxotasuna. Eta inguruko guztiak zain geunden. Noizko hurrengo kontzertua? Soraluzeko zinema gainezka zegoen atzokoan; adin guztietako jendea, nagusi eta gazte.

Fadoak izugarri gustatzen zaizkit. Gaztetatik. Beharbada, 16 urterekin Lisboara egindako bidaiarengatik; edo portugaldarrak gustuko ditudalako; edo Portugalen 4-5 aldiz izan naizelako eta herri atsegin bezain abegitsua delako... Fadoak hain dira tristeak, hain alaiak, hain barnera sartzen zaizkizunak...

Eta Arianneren ahotsa baldin badago tartean, zer esanik ez. Ai ama! Zer ondo abesten duen plaentxiarrak. Goxo, sakon, sarkor eta erregistro izugarri zabalean. Oraindik ere oilasko ipurdia gainetik kendu ezinda gaudela!

Arantzabali galdetu beharko diogu ea noiz antolatzen duen hurrengoa Espaloian. Zain nago.

Argazkiak.org | Ventos de saudade © cc-by-sa: asarasua

 

 

"Eibar atzo eta gaur" argazki-bilduma

Asier Sarasua 2010/05/13 19:55
GureGipuzkoa.net webgunekuak sekulako lana eitten dihardue. Argazkixak jasotzen, katalogatzen,... eta sareratzen. Azken egunotan, eta Eibarren egingo dan ekitaldi bat dala-eta, Eibarko irudi zahar eta barrixak erakutsi deskuez, baitta nahastauta be.

Gipuzkoako Aldundixak bultzatutako proiektua da: Guregipuzkoa.net. Gipuzkoako argazkixak batzen dittu, bai bilduma publikuak eta bai pribatuak. Publikuen artian, Eibarko bilduma haundi bi: Indalecio Ojanguren eta Juan San Martin. Eta dana CC-BY-SA lizentziapian banatzen dabe.

Eibarko bildumak aprobetxatuta, "jolasian" jardun dabe azken egunotan. Lehenengo, argazki zaharrak hartu eta gaur egungo panoramikak ataratzen (leku eta perspektiba bardiñakin). Hamentxe Plaza Barrixa, esate baterako.

Plaza Barrixa (lehen eta oin)

Eta gero, bixak nahastau dittue, esate baterako, 1933ko hauteskundietako argazki historikua gaur egungo eskola berian ipini dabe:

Alderaketa eibartarrak. Hauteskundeak.

GureGipuzkoa.net | Alderaketa eibartarrak. Hauteskundeak. © CC BY-SA

Lan ederra GureGipuzkoako Xabier Eskisabelek egin dabena. Eta dana lizentzia libre eta Creative Commons kontzeptuen abantailengaittik.

Zer esango dabe Eibarko ordezkari batzuek? Ai ama! Enteratzen badira! Vade retro Satanas!

Gauaren sakonean (Haruki Murakami, Erein 2009)

Asier Sarasua 2010/05/12 21:05
Jatorrizkoa, "Afuta Daku", 2004. Itzulpena, Ibon Uribarri Zenekorta. 248 orrialde.

"Gauaren sakonean", horixe da azken egunotan mesanotxean izan dudan liburua. Orain dela aste batzuk aholkua eskatu nuen nire inguruan. Literatura japoniarra irakurtzeko gogoa neukan eta nondik hasi nintekeen? Eta Jatsu lankideak Haruki Murakami idazlearen liburua utzi zidan. Erein argitaletxeak euskaratuta irakurri dut (hementxe fitxa).

Eleberriak gau bakar batean gertatutakoa kontatzen du, 6 ordu pasatxotakoa. Mari izeneko gaztea noraezean dabil, etxetik ihesi, eta haren ingurukoak kontatuko dizkigu Murakamik: taberna batean ezagutuko duen mutil baten ibilerak, Love Hotel batean gertatutako erasoa,... eta bitartean Mariren ahizparen istorioa ere ezagutuko dugu: orain dela 2 hiletik lo dago Eri, bere etxeko ohean lo, bizitzeko nahikoa indarrik gabe.

Kontakizunak eta deskripzioak asko gustatu zaizkit; berezia da horretan Murakami. Elkarrizketak ez horrenbeste (eta elkarrizketa asko dago liburu honetan); artifizial samarrak iruditu zaizkit sarri, edo azalekoegiak. Hala ere, gustatu zait. Ez nau asebete, baina Murakamiren beste liburu bat irakurtzeko gogoa piztu dit. Ea hurrengoa.

 

Sai beltza berriz Pirinioetan

Asier Sarasua 2010/05/10 08:55
100 urte baino gehiago igaro dira Sai beltza (Aegypius monachus) Pirinioetatik desagertu zena. Azken urteotako ahalegin eta saiakeren ondorioz, aurten saikume bat jaio da Katalunian. Sai beltza berriro Pirinioetan.

Apirilaren 25ekoa da albiste pozgarria: sai beltza (Aegypius monachus) Pirinioetara itzuli da. Boumort-eko Naturgunean jaio zen saikumea.

Kataluniako Generalitateak saia berreskuratzeko plangintza abiarazi zuen 2007. urtean, beste leku batzuetan jaiotako saiak Kataluniara eramanez. 16 bikote askatu zituzten hiru eskualdetan (Pallars Jussà, Pallars Sobirà eta Alt Urgell) eta 6 bikote osatu dira dagoeneko. Horien arteko bat izan da kumea izan duena: Perla (7 urte) eta Portell (4 urte) izan dira gurasoak. Kasualitatea: 2010. urtea sai beltzaren urtea izendatu zuen Espainiako Ornitologia Elkarteak (SEO).

Une honetan, beraz, Katalunia da 4 sai espezieak dituen Europako herrialde bakarra: sai arrea, sai beltza, sai zuria eta ugatza. Euskal Herrian, aldiz, beste 3 espezieak ditugu baina ez sai beltzik (tarteka aleren bat hegan ikus daitekeen arren, ez da bertan bizi eta ez du Euskal Herrian kumatzen).

Sai beltzak oso garai ilunak bizi izan zituen orain dela 30-40 urte inguru eta desagertzeko zorian izan zen (200 bikote baino gutxiago). Harrezkero espeziea berreskuratzeko egindako lanen ondorioz askoz egoera hobea dauka gaur egun, 2000 bikotetik gora bizi baitira Iberiar penintsulan. Kataluniako populazioa egonkortzen bada, urrats handia izango da espeziea berreskuratzeko asmoetan; gainera, Europako beste populazioekin zubi-lana egiteko aukera emango dio espezieari.

Kume berriaren irudiak ere jarri dituzte sarean. Ez zoragarriak, baina bai pozgarriak. Gurasoetako bat kumea zaintzen, habian (sai beltzak zuhaitzetan egiten ditu habiak eta ez harkaitzetan, sai arreak bezala).

 

Lehenago ere hitz egin izan dugu sai, arrano eta putreen izenen inguruan blog honetan.

 

Eibarko euskalgintza eta kulturgintza udaletxean

Asier Sarasua 2010/05/05 20:55
Joan zen astelehenean ekitaldia izan genuen Eibarko udaletxean. Gaia: udalak urtero ematen dituen diru-laguntzak. Diru-laguntzen legea aldatu dela aprobetxatuta (eta horrelako ekitaldiak bistosoak direla, bide batez), ekitaldia antolatu zuen Udalak. Aurten dirua jasoko dugun Eibarko kultur eta euskara elkarte guztiak bildu ginen udaletxeko areto nagusian eta lankidetza-hitzarmenak izenpetu genituen hantxe bertan, bata bestearen ostean.

Diru-laguntzen hitzarmenaEkitaldian 25 elkarte bildu ginen eta 30 hitzarmen izenpetu ziren guztira (batzuek 2-3 hitzarmen). Diario Vascok jaso zuen moduan, hantxe zeuden las fuerzas vivas de Eibar. Esango nuke batzuk falta zirela, batez ere gazteenak (Matrallako, Ustekabe, Gaztetxea, jaietan dabiltzanak...), baina gehientsuenak-edo hantxe geunden.

Hauxe da aurtengo diru-laguntzen zerrenda eta bakoitzak jasoko duen kopurua:

Cielito Musika Banda 76.943
UKE / Uni Kultura Elkartea 71.760
...eta kitto Euskara Elkartea 51.931
AEK 25.893
Club Deportivo Eibar 23.650
Usartza Txistulari Banda 21.092
Amañako jaiak Artetxa Elkartea 8.100
Pedro Celaya Elkartea 7.000
Urkitarrak 6.600
Sostoa Abesbatza 6.165
Casa Galicia 5.800
Agina Elkartea 4.470
Badihardugu 4.263
San Cristobal - La Rampa 4.100
Asociación Artística Eibar 2.950
Casa Cantabria 2.800
Abontzako Jai Batzordea 2.400
Deba Beheko Bertsolari eskola 2.200
Santa Kurutzeko Jai Batzordea 2.200
Behetarrak 2.100
Asociación Amigos de Moto Lambretta Eibar 1.500
Revista Eibar 1.500
Asociación Filatélica Arrate 1.250
Plano Corto 1.000
Goruntz Abesbatza 750

 

Aurten 338.000 euro banatuko ditu udalak guztira, iaz baino %26 gutxiago. Krisia.

Miguel de los Toyos alkateak aipatutako 3 ohar ere azpimarratu nahiko nituzke, erabat ados nagoelako:

  1. udalak ematen dituen 340.000 euro horiek inbertsioa dira, azken batean elkarteok gure herriko ekonomiara itzultzen ditugun sosak direlako (gehienbat herriko denda eta lanetan gastatzen ditugulako diruok). 
  2. elkarteen lanari esker, gainera, aberastasuna sortzen da herrian bertan. Diru-iturri ere bagara, beraz.
  3. eta elkarte kulturalen laguntzarik gabe, ezinezkoa litzateke Eibarko egitarau kulturala antolatu eta garatzea.

Eta beste hiru kontu, amaitzeko:

  1. argazkian 25 lagun; 5 andrazko eta 20 gizonezko. Oraingoan ere gizonezkoen kulpa ote?
  2. gazterik bat ere ez. Tira, Mikel Larreategi, Deporreko presidentea (29 urte; gazte?). Eibarren asoziazionismoak eta mugimendu kulturalak beti izan du indar handia. 10 urte barru?
  3. Eibarko Udalak urtero banatzen ditu diru-laguntzak Eibarko elkarteen artean. Orain arte, ez zen ekitaldirik egiten. Bakoitzak bere proposamena udaletxera eraman, udalak bere erantzuna eman, eta kitto. Aurten, baina, desberdina izan da. Hasteko, legea aldatu da eta diru-laguntzak eskatzeko (eta esleitzeko) modua aldatu egin da. Egokitu, bateratu, zuzendu... Uste dut onerako izan dela. Eta aldaketa hori aprobetxatuta, ekitaldia ere antolatu zuen udalak. Ekitaldi xume eta azkarra izan zen; elkar ezagutzeko ere balio izan zigun eta gure lana erakusteko ere balioko du, nolabait. Horretara, esango nuke Udalak asmatu duela eredu berriarekin.

 

"Nori egin euskaraz"

Asier Sarasua 2010/05/02 13:21
Pirritx eta Porrotxek musikia ipini detse Ainhoa Agirreazaldegik idatzittako bertso batzueri. Danon artian kantauko dogu?

Ainhoa Agirreazaldegik 2008xan idatzittako bertsuak; Pirritxek eta Porrotxek euren azkenengo ikuskizunian ("Irrien lagunak" 2009) sartu dabe. Euskerian erabileria bultzatzeko manual devotionezcoa.

Sasoi luze batian Artzeren esaldi hau erabili dogu ahoz aho: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik".

Hamendik aurrera beste hau be abestu biharko genduke:


NORI EGIN EUSKARAZ

Ezezagun bat baldin baduzu
mintzakide buruz buru
egin zaiozu euskaraz eta...
beharbada jakingo du!

Atzerritar bat tokatuz gero
hurbildu euskaraz behintzat
zeren bestela ulertuko du
euskara ez dela beretzat!

Euskaraz mantso ari den norbait
aurrez aurre badaukazu
hitz egiozu euskaraz mantso,
opari bat egiozu!

Norbaitek esan badizu “euskaraz
ez dakit hitz egiten nik”
ohartu zaitez, ez dizu esan
entenditzen ez duenik!

Nahiz asko maite, nahiz oso geure
sentitzen dugun euskara
inork agindu gabe erdaraz
sarritan geu hasten gara!

Ez zazu egin hainbeste duda
zeurea euskaraz esan
edukazio gehiegizkoak
euskara galdu ez dezan!

 

 

Lau urteko umien gelan hizlari

Asier Sarasua 2010/04/30 10:23
Atzo Ikastolan egon nintzan, Manexen gelan. Aste honetan txorixen inguruko ikasgaixa dauke eta andereñok eskatu zestan berba batzuk esatera joateko. Ederto pasau neban.

Arratsaldeko 3etan heldu nintzan Sansaburura eta hantxe nittuan danak zain. 80 ume. Lau urte ingurukoak. Hori urduritasuna! Eurena eta, gehixenbat, neria! Nahiko ohittuta nago hitzaldi eta aurkezpenetara, baina zer kontatzen jakue 4 urteko umemokueri? Ume bakar bati, tira, horretan badakat esperientzia, baina 80 umeri? Eta zelan dominau salbaje-aldra hori? :-)

Oso esperientzia politta izan zan eta ederto pasau genduan. Nik bai, behintzat. Eta uste dot eurak be gustora egon zirala. Argazki batzuk ikusi genduzen, txori-kantu batzuk entzun, bideoren bat ikusi (pinguinuak eta kolibrixak), lumak eta arrautzak be aztertu genduzen... Eta euren anekdotak eta ipuinak entzun, zelan ez: "nik etxian txori bat dakat", "ba nik bi perikito, baina hil egin dira", "eta nik behin ikusi neban arrano bat", "eta nik bi arrano eta superhaundixak"...

Amaieran, erregalua be jaso neban: marrazki haundi bat, Manexen ikaskide guztiak egindakua, txoriz beteta eta esaldi honekin: "Eskerrik asko Asier, txoriak maite dituzulako". Ai, zelako emoziñua! :-)

Manexen gelan

 

EITB, "El conquis" eta euskara

Asier Sarasua 2010/04/25 23:08
ETB2-ko programarik ezagunetakoa da, "El conquistador del fin del mundo" reality-a. Gutxienez bost edo sei urtez eman dute programa (aurten ere bada) eta dozenaka lagun igaro dira bertatik, Euskal Herri osokoak. Denbora guzti honetan, baina, ez dugu euskarazko hitzik entzun. Ez dago partehartzaile euskaldunik? Euskarazko elkarrizketak moztu egiten dituzte? Edo euskaraz ez egiteko eskatzen diete?

El conquistador del fin del mundo, ETB2 kateko programarik ezagunenetakoa. Euskal Herritik joandako 15-20 lagun inguru Patagoniara bidaltzen dituzte eta euren artean lehiatu behar dute, superbibienterik onena zein den erabakitzeko.

Ez dut ez urtero eta ez astero ikusten, baina bai tarteka, eta beti izan du zalantza berbera: programa horretan ez dago euskaldunik?

Saioan dozenaka lagun izan dira, asko eta asko euskaldunak. Hori nabarmena da. Urola-Kostako, Lea-Artibaiko, Debagoieneko... parte-hartzaileak izan dira Patagonian. Lehenengo begiratuan euskaldunak direla igartzen den jendea.

Hala ere, sekula ez dute euren artean euskaraz egin. Sekula-sekula. Ezta behin ere ez. Eta hori ez da batere arrunta Euskal Herrian. Patagonia alde horretan, kortesiazko hitzetaz aparte (Zorionak!, Agur!, Aurrera!), ez da euskarazko hitz erditxo bat ere entzuten. Baina sekula-sekula, aizuek!

Benetan ez da euskaraz hitz egin Patagoniako programan? Euskarazko zatiak moztu egiten dituzte? Parte-hartzaileei euskaraz ez egiteko eskatzen zaie?

Izan ere, Euskal Herri erdaldundu honetan ere, monolinguismo hori erabat harrigarria egiten zait! Ala argigarria esan beharko genuke?

Txakarrak

Asier Sarasua 2010/04/20 23:27
"Txakarrik ez!" esaten zuen nire aittitta zenak. Txakarrak. Dirua alegia; "los cuartos". Sekula ez diot beste inori entzun, gaur Xabier Eskisabeli entzun diodan arte.

>> Txakarrak · dirua, los cuartos.

txakarrakLehenago ere zenbait hiztegitan bilatu izan dut "txakarrak" hori eta ez dut inon aurkitu. Jatorria ere ez neukan garbi. Gaur goizean Bilbon izan naiz, Leioan antolatutako jardunaldi batzuetan. Eta hantxe entzun dut berriro hitza, Guregipuzkoa.net webguneko Xabier Eskisabelen ahotan. "Zakarrak" bota du berak, eskuin eskuko bi atzamar elkarren kontra igurtziz.

Eibarren, ostera, "txakarrak" esaten da, taldeko beste zenbait hitz moduan (zintzilik > txintxilik; zintzarri > txintxarri; zaldun > txaldun; zakil > txakilletan; eta abar).

Iñaki Segurola azpeitiarrari beste aipamen hau ere aurkitu diot Interneten, erabat argigarria:

"Zikina ez ezik, zakarra ere bada dirua; hala esaten diogu gure bailaran diruari ezizenez: zakarra; diruak, kakak, heriotzak, eromenak edo larru-gauzek hizkuntza guztietan izan ohi dituzten eufemismoen sailekoa da - zakarrik ba al daukak? -, maiz aski zuzenean aipatzen ez diren gauzen klasekoa baita dirua, nahiz-eta eufemismo jantziagoak ere badakien bereganatzen: "inbertsioa", "hazkundea" eta horiek diru zikina edertzen dute".

 

 

Euskal abizenak zenbakitan eta lurraldeka INEren webgunean

Asier Sarasua 2010/04/15 21:50
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) baliabide interesgarria dauka bere webgunean: Espainiako abizenen datu-base bat dauka eta lurraldez lurraldeko datuak ematen dizkizu (Iparraldekorik ez, jakina). Esate baterako: zenbat "Sarasua" gara? eta non bizi gara?

Hauxe da Espainiako INE (Instituto Nacional de Estadística) erakundearen webguneak ematen duen zerbitzua: Distribución territorial de apellidos. Abizen bakoitzak dituen herritarren kopurua ematen du, lurraldez lurralde banatuta.

Esate baterako, 770 Sarasua bizi gara Espainian. Bigarren abizena Sarasua dutenak beste 631 dira. Gehien-gehienak Gipuzkoan eta Bizkaian bizi gara, baina Espainia aldean ere badira ehundaka batzuk. Munduan zehar besteren batzuk ere izango dira, noski. 2008ko datuak dira eta bakarrik Espainiakoak, baina bada zeozer.

Nire beste abizen batzuk zenbatzen ere ibili naiz. Arruntenak (Toledo 16.991, Arana 7.103, Mendizabal 3.759, Aranberri 1.450, Aginaga 1.250, Gisasola, 1.048), zein urrienak (Iribekanpos 53, Mallabiabarrena 47, Iñarrairaegi 34, Elkoroberezibar 20).

Tira, ez da beste munduko erreminta, baina kuriosoa da, denborapasarako egokia. Zeintzuk diren euskal abizenik arruntenak, zeintzuk arraroenak, zeintzuk Nafarroako tipikoenak, zeintzuk giputzak...

Jolasa: ea nork aurkitzen duen abizen euskaldun arruntena (eta ez du balio Garciak: 1.477.204). Eta urriena?

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz