Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Koldo Aranberri

Koldo Aranberri

Luis Aranberri Mallabiabarrena, Koldo Aranberri Margola --Domingo Aranberri armaginaren semerik gazteena--, 1908ko ekainaren 21an. jaio zen Eibarren. Zenbaitek pentsa lezake Luis jarri ziotela izena Luis Aranberri Eguino aitonaren omenez, baina arrazoi hau moderno samarra da. Garai hartan jaioteguneko santuaren izenaz bataiatu ohi zituzten haurrak. Gure aitak adarra jotze aldera esan ohi zuenez, "suerteko jaio zen" San Luis Gonzaga egunean. Gainerako anaiek --Crescencio, Gumersindo, Estanislao, Venancia...-- ez omen zuten horrenbesteko zoririk izan.

Hamaika urte eskas zituela Arantzazuko Frantziskotarren komentuan sartu zuten. Hemezortzi seme-alabetatik azkena zen eta, nonbait, norbaitek uste izan zuen Arantzazu leku aproposa izan zitekeela txikiena bideratzeko. Are gehiago kontuan izanik Luis jaio zenerako bere aita Domingok 65 urte zituela eta ama Modesta, berriz, mutikoa zelarik hil zela sukaldean erreta. Ezkerreko argazkian, Koldo Aranberri umetan, Arantzazura joan aurretik.

                                     

Hala ere, ez zuen fraide artean askorik iraun. Berak esan ohi zuen "ihes" egin zuela. Luisek hamahiru urte baino ez zituen aita hil eta umezurtz geratu zenean eta, geroztik, bere arreba Venanzia Aranberri izan zuen amatzat. Venanziaren etxean bizi izan zen ezkondu arte, andregaia ere Venanziari berari aurkeztu zion eta ezkontza egunean Venanziak egin zituen amarenak (ikus beherago, ezkontza-argazkian, bere ondoan).

Eskuineko argazkian, berriz, Arantzazutik Eibarrera itzuli ostekoa da. Sumatzen ez den arren, fotballeko jantzita dago.

Gaucho-en artean

Hogeitaka urte eskas zituela Argentinako Panpara aldegin zuen lan bila, Blas eta Estanislao anaiekin batera, besteak beste. Urrezko garaia bizi zuen orduan Argentinak. Hango aberastasunak ez omen zuen akaburik. Gure aita gehien harritu zutenetakoa Buenos Aires hiri galanta izan zen. Berak kontatu ohi zigunez: "Kapitaletik urten barik Eibartik Donostiaraiño besteko kale luziak eta espaloietako arboletan, barriz, iñork hartzen ez zittuan naranja ederrak".

                    

Buenos Airesen ateratako argazkia. Ezkerreko lehen biak, Blas Aranberri eta Estanislao Aranberri.  Eskuineko muturrean, ostera, Luis Aranberri gure aita.

Hala ere, gure aitak ez zuen Buenos Airesen lanik aurkitu, baserritar giroko Panpan baino. Esnekiak eta nekazari zein abeltzainentzako tresnak saltzen zituen biltegi batean lanegin zuen, gauchoen artean. Lanbide hura ez zen inondik ere arrotza garai hartan hemendik hara joandakoentzat. Hain zuzen ere, euskaldun asko izan ziren "lechero" lanetan aritutakoak.

  Luis, Blas eta Estanis Aranberri anaiak, Panpan.

Itxuraz denez, ordurako langile amorratua zen Luis gaztea, nagusiak Madrila etorri ziren batean Eibarreraino heldu baitziren Luis Aranberri propio agurtzeko. Argazkian, hiru anaiak, Luis, Blas eta Estanis, Panpan, 1930 urte inguruan. Bistan da ez zutela Argentinan ere txapelik falta.

Koldo Aranberri berak ere beti nahi izan zuen berriro Argentinara joan-etorria egin eta hango familia bisitatu, baina, urteak joan eta urteak etorri, azkenean gurari hori betetzeke hil zen, 2000 urtean.

      

          Ezkerrekoa argazkia 1931koa da. Eskuin muturrean, Koldo Aranberri. Eskuineko argazkian, berriz, Maritxu Aranberri

Bitartean, Gregorio anaia Buenos Airesen hil zen eta beronen alaba, Maritxu Aranberri Villabella nere lehengusina, hantxe bizi da oraindik birramamatuta. Maritxu Aranberrik --Koldo Ormaetxea gudari-komandantearen alargunak-- Argentinan daramatza hirurogei urte luze eta sekula Eibartik irten izan ez balitz bezala hitzegiten du euskaraz zein erdaraz.

Dena dela, Argentinaren ametsak ez zuen gure aita zena han geratzeko beste liluratu. "Argentina argentinarrentzat" esan eta berriro Eibarreratu zen.

                   

Lagun arteko argazkia, gerra aurrean. Erdi-erdian, txapelik gabe, Koldo Aranberri. Bere eskuinean, Koldo Bergaretxe. Aurrean eserita, ezkerrean, Ojanguren. Bere atzekaldean, tente, "Bitxito" Jauregibarria.

"Margola" tindategia

Argentinan  dendari aritu ondoren, Eibarren ere ildo beretik jarraitu zuen. Izan ere, beti jardun izan zuen burdin-mundutik kanpo eta, itxuraz behintzat, "eibartar petoak" ez ziren alorretan.

Lehenik kosmetikagintzan aritu zen eta, ondoren, 1920 urtean edo bere anaia Gumerrek (ikus eskuineko argazkia) sortutako Margola (Margo-ola) tindategiaz jabetu zen 1931-32 inguruan. Ikasi beharraren beharrez, denetik ikasi behar izan zuen: garbitzen, tindatzen zein plantxatzen. Josten ere esku ona zuen. ELA-STVen bazkide, Agrupación de Vestidos y Tocados zeritzan arloan, segurutik ez zen sektore bereko askorik izango orduko Eibar metalurgiko hartan.

      

Elgeta-kaleko tailer txikian hasi eta, berrogei urteren buruan Euskal Herriko erropa-garbiketa eta tindategirik haundiena izatera iritsi zen. Luzera, handitasuna izan zen, hain zuzen ere, enpresaren galera, 1980tik aurrerako petrolio-prezioaren, garraio-gastuen eta eskulan-kostuen gorakada tarteko, zuntz artifizialen zabalkundearekin batera.

Alboko argazkian alde batetik bestera erropa zikina biltzeko eta garbitu ostean banatzeko erosi zuen lehen motorra. Isocarro deitzen zitzaioan, nahiz eta Isetta marka italiarra ez izan, Eibarren bertan egindako Lambretta baizik. Ni neu ibilia naiz motor horretan, aitaren ezkutuan bazen ere. Hiru errobera edo gurpil zituen eta ez zen inoiz jausten, nahiz eta geldirik egon oina lurrean ipini beharrik ez, alegia. Sekulako abantaila, beraz, hanka motzak ginen mutikotxoentzat, baita karnetik barik  ibiltzen ginenontzat ere.

TINTORERIA MARGOLA Impermeabilización de trincheras

Euskal mezenas

Gerra osteko urte zailetan hainbat euskal argitalpenen mezenas izan zen. Tarteka-marteka izan ohi zuen hainbat idazleren bisita (edo bitarkoarenak egiten elizgizonak, sarri) eta isilpeko diru-kontuak erabili izaten zituzten. Inoiz ez zigun azalpenik ematen baina etxean denok sumatzen genuen aita zertan ari ote zen. Zenbaitetan, Plazido Mujikaren hiztegia kasu, dirulaguntza hori nabarmen samarra izan zen.

                                     Deabru gorri-berdea.

"Margola" tindategiak, inprimategi eta iragarkietan deabru gorri eta orlegia erabiltzeaz gainera, hainbat mila egutegi egin eta zabaltzen zituen Urteberriro bezeroen artean, eta berrehunen bat Arantzazuko Amaren Egutegia eta guzti banatzen ziren adiskiderik zein bezerorik ontxoenen artean. Aitaren aginduz, moldiztegitik jasotako egutegi komertzialei frantziskotarren "takoa" ezartzea nik neuk egiten nuen, banan-banan, grapaz eta pegaminez, 1960ko hamarkada guztian zehar.

Gabonetan, aurreko urtean argitara emandako euskarazko liburu eta disko guztiak erosten zizkigun. Guztiak, alegia, tituluari eta prezioari begiratu gabe. Baita aldizkaririk gehienetan harpidetu ere, Jakin, Kulixka Sorta, Auñamendi, Zeruko Argia, Karmel, Olerti nahiz San Antonio de Padua izan.

1961etik aurrera, Eibarko Mogel ikastolaren diru-laguntzailerik haundienetakoa izan zen.

                 

Lagun arteko argazkia, 1960 urte inguruan, Udaletxe atzekaldean. Eserita, ezkerraldetik hirugarrena, Koldo Aranberri "Margola". Gainerako guztiak ere ezagunak. Besteak beste: Koldo Bergaretxe, Jesus Arizaga "Euzki", Bernardino Odriozola, Casto Aristondo "Txomo", Etxabe, "Bitxito" Jauregibarria, "Txe" etab.

Amatiño baserriko alabarekin ezkondu

Luis Aranberri, Aurora Mendizabal eibartarrarekin ezkondu zen, "Amatiño" baserriko Ciriaco Mendizabal  bergararraren alabarik gazteenarekin. Ezkontza Arraten izan zen, 1941an. Beheko argazkian, senar-emazte berriak erdian, Ciriaco Mendizabal aita eta Venanzia Aranberri arreba aldamenean dituztela lekukotzat.

           Arrateko elizaren atarian.

Koldo Aranberri eta Aurora Mendizabal senar-emazteak 57 urte bizi ziren elkarrekin. Aurora 1998an hil zen eta Luis urtebete geroago. Urrezko ezteguak ospatu zituzten zenbait urte lehenago, 1991an hain zuzen ere.

        Argazkia, garai inguru hartakoa da.

Luis Aranberri eta Aurora Mendizabal senar-emazteek lau seme-alaba izan zituzten: Maite (Rosa María Maite, 1942), Luis (Luis Alberto, 1945), Iñaki (José Ignacio, 1947) eta Xabier (Francisco Javier Jesús, 1955).

Ezkerreko argazkian lehen hirurak, Luis, Maite eta Iñaki, Zarauzko Euskal Jaian, 1955 inguruan, artean Xabier jaiotzeke. Eskuinean, berriz, Xabier bera, Eibarko San Blas egunean, 1960an edo.

                   

Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal